 |
Hemen dator Pixkor. Goiza etxetik kanpo pasatu
du, eta gaur ere oparia dakarkigu: sugandila bat. Atarira sartu
denean lurrean utzi du eta jolasean hasi da; ihes egiten utzi eta
gero, gainera egiten dio salto. Krudela dirudi, baina senak aginduta
dihardu, eta ehiztari bikaina da gure mitxina.
Egia esan, bizitzeko ez dauka ehizean egin beharrik;
etxean nahi adina pentsu dauka. Baina ezin dio senari eutsi, antza,
eta ohikoa izaten da sagu, txori edo sugandilaren bat ekartzea etxera.
Sen hori bere arbasotik jaso du, basakatutik, alegia; eta gertuagoko
ahaideetatik ere bai; izan ere, Pixkorren aiton-amonek ez zuten
ehiztari-sena galdu, sagu-ehiztari paregabeak izateagatik onartu
baitzituzten nekazariek etxean.
Orain arte uste izan da egiptoarrek etxekotu
zituztela katuak. Izan ere, etxeko katuen aztarnarik zaharrenak
duela lau mila urte ingurukoak ziren, eta Egipton aurkitutakoak,
hain zuzen ere. Nabarmena da herri hark miresmena ziela katuei.
Katu-itxurako jainko bat baino gehiago zuten; emankortasunaren jainkosak,
Bast edo Bastet-ek, esaterako, katu-burua zeukan; eta Bast ez zen
edozein jainkosa, Ra handiaren alaba zen. Horretaz gain, momifikatutako
katuak aurkitu izan dira tenpluetan eta katakonbatan; haiekiko errespetuaren
adierazgarri da hori, zalantzarik gabe.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Etxe-katua ehiztari trebea da,
eta denbora luzez egoten da zelatan. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Baina, antza denez, Pixkorren arbasoak lehenagotik
ziren gizakiaren etxe-giroko partaide. Bilatu berri duten aztarna
batek hala erakusten du behintzat. Aztarna hori orain arte aurkitu
den etxe-katu hezurdura zaharrena da, duela 9.500 urtekoa; gizakia
nekazari egin zen garai bertsukoa, beraz.
Zipren aurkitu dute etxe-katu horren hezurdura,
gizon gazte baten hilobi berean ehortzita. Itxura hutsagatik, basakatu
batena izan zitekeen hezurdura, baina gizonaren aldamenean lurperatu
izanak adierazten du etxekoa zuela. Gainera, katuaren hezurdurak
ez dauka bortizki hil izanaren edo sakrifikatu izanaren aztarrenik.
Antza denez, hurrengo bizitzan ere ondoan izan nahi zuen mitxina
gizon hark.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Gizakiarekin bizitzera ederki
moldatu da katua. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Etxe-katuaren aztarna zaharrena Zipren aurkitu
izanak ere zeresana eman du. Izan ere, Zipre uharte bat da, eta
lehenengo biztanleak kontinentetik, Turkia ingurutik, joan zirela
hara uste da. Duela hamar mila urte gertatu zen hori, Neolito Garaian.
Kontinentetik ekarritako garia lantzen zuten, eta berekin ekarritako
ganadua, ahuntzak, oreinak, ardiak eta txerriak, hazten zituzten.
Txakurrak ere eraman zituzten berekin, eta pentsatzekoa da katuak
ere kontinentetik ekarri zituztela. Beraz, baliteke etxe-katuak
hamar mila urte baino gehiago egon izana gizakiaren aldamenean.
Agian, gizakia nekazari egin zen unetik beretik
gerturatu zen katua herrietara. Arrazoizkoa da pentsatzea hazi-
eta uzta-biltegietara saguak bilduko zirela, eta horien atzetik
katuak. Hainbeste lan kostatako uzta ez galtzeko hain baliagarriak
izanda, nekazariek gogo onez hartuko zituzten katuak, seguru, eta
zihoazen tokira zihoazela eraman nahi izango zituzten. Hala, pixkanaka-pixkanaka,
gizakiaren aldamenean bizitzera ohitzen joan zen, basakatua otzanduz
joan zen, eta etxe-katu bihurtu.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Egiptoko Bastet jainkosak katu-itxura
zuen. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Baina etxe-katuak ez zuen basabere-sena guztiz
galdu, beharrezko baitzuen saguak ehizatzeko. Horixe zen katuaren
zeregina: sagu-ehiza. Ordainetan, gizakiak etxean hartu zuen, eta
sutondoan lo egiten utzi zion, eta etxekoen igurtziak jaso zituen.
Baina leku eta garai guztietan ez zen hain ongi
hartua izan. Gogoratu Erdi Aroan erre egiten zituztela katuak sorginen
eta aztien laguntzaile zirelakoan. Gauez ibiltzeko duten abileziak
eta ibiltzeko duten era sentsual eta erakargarriak deabruaren lagun
zirela pentsarazi zieten agintariei. Baina larrutik ordaindu zuten
katuen populazioa hainbeste urritu izana; izan ere, saguak eta arratoiak
ikaragarri ugaritu ziren, eta, haiekin gaixotasunak.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Basakatuari begiratuta ez dago
zalantzarik nondik datorren etxe-katua. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Gaur egun, ez dira ahaztu katuaren inguruko
sineskeria asko, baina, hala ere, mundu osora zabaldu da. Eta ez
sagu-ehiztari trebea delako bakarrik, duen izaera maitekorrak ere
lagundu dio. Etxe askotan, saguen beldur ez izan arren, katua oso
maitea da. Jostalaria eta laztanzalea da, eta ez du lan handirik
ematen, ederki baitaki bere burua gobernatzen.
Gure Pixkor ere halakoa da. Tarteka aldrebeskeriaren
bat egiten du; basabere-senaren eraginez edo izango da. Baina gaurtik
aurrera ez dauka aitzakiarik, hamar mila urte eta gero badu zintzo
ibiltzen ikasteko garaia. Ea bada, mitxina, laga bakean sugandila
gaixoa, eta sartu etxera.
7K-n argitaratua.
|