 |
Ez da denbora asko Europa otsoz josita zegoela.
Duela ehun bat urte, ia edozein basotan izaten zen otsoa, gauez
uluka eta egunez ezkutuan. Gizakiak errespetua eta mirespena sentitu
izan du beti otsoarekiko. Baina jan ere egin behar da, eta otsoak
abereak hiltzen ditu. Ez dago zalantza-izpirik: otsoa lehiakidea
da.
Urte askoan ohikoa izan da otsoak harrapatzen
zituenari saria ematea. Eta, sariaz gain, ospe handia eskuratzen
zuen ehiztariak. Horregatik erakusten zituzten harrapatutako otsoak
herrietan; piztia beldurgarria zen, eta, askotan, zakur basatiekin
batera egiten zuen ehiza. Hil egin behar zen. Eta hil egin zuten,
ia desagerrarazi arte. Iberiar Penintsulan, ale batzuek iraun zuten
bizirik, Zamora inguruko mendietan eta Galizian. Errusia aldean
ere iraun zuten. Baina, oro har, Europa osotik desagertu zen otsoa.
1970eko hamarkadan, bi faktorek indar handia
hartu zuten. Alde batetik, pentsaera ekologikoa zabaldu zen, eta,
bestetik, jendea herrietatik atera eta hirira joan zen bizitzera.
Landa-eremuak jendez hustu ziren, eta, hirietan, otsoa kontserbatu
behar dela onartzen hasi zen. Otsoa babesteko neurriak jarri ziren
martxan, eta egoera erabat aldatu zen; gizakiak eragindako presioa
gutxituta, lurralde asko kolonizatzeko aukera sortu zitzaion otsoari.
Gaur egun, 2.000 ale baino gehiago daude Penintsulan, Europako populaziorik
handiena. Baina non daude otso horiek?
Otsoaren moldatze-ahalmen handiak ahalbidetu
du populazioaren gorakada. Izan ere, espezie honek osasuntsua ez
den ekosistema batean iraun dezake; otsoa zabortegietan topatzen
duena janda ere bizi daiteke. Horregatik, hainbat adituk zalantzan
jarri dute estepan bizi direnak benetan 'naturalak' ote diren. Baina,
eztabaidak eztabaida, horrek lagundu egin dio otsoari ugaritzen:
ia edozein habitatetan bizitzera moldatzen da.
Otsoaren gaur egungo egoerak, haren moldatze-ahalmenaz
gain, beste ezaugarri bat ere nabarmendu du: uste orokorra da otsoa
berez mendian edo basoan bizi dela, baina uste hori ez da zuzena;
estepan, basoan, kostaldean, mendi baxuetan zein altuetan, toki
hotzetan, toki beroetan
ia inguru guztiak dira aproposak otsoarentzako.
Egia da gizakiaren presioarengatik mendietan
isolatuta geratu zirela populazioak, gizakiak 'hartutako' guneak
bailaretan daudelako; baina, uzten bazaio, edozein tokitan bizi
daiteke otsoa.
Gaur egun, paradoxa bat sortu da otsoaren bizilekuaren
inguruan: animalia basati gehien dituen lurraldeetan, hau da, naturalki
bizitzeko aproposenetan, ez du aurrera egiten. Eta arrazoia da toki
horietan egiten duela presio gehien gizakiak, abereak aske izateko
ere aproposak direlako lurralde horiek.
Hain zuzen ere, gutxi gorabehera maiatzetik
urrira, ohikoa da abereak mendian aske uztea. Horrela izaten dituzte
askotan behiak Aralarren, Urbasan edo Pirinioetako hainbat tokitan,
adibidez. Jakina, animaliak ez dira zaindu behar etsai naturalik
ez badute. Eta, otsoa ez bada (edo hartza), zein animaliak harrapatzen
ditu behi osasuntsuak? Beraz, toki horietan jartzen dizkie traba
gehien otsoei gizakiak.
Horren adibide garbia zezen suharra hazteko
larreena da. Zezenketetarako ganadua oso garestia da, eta, beraz,
asko zaintzen da; ondorioz, nahiz eta Iberiar Penintsulan ugaritzen
ari den, otsoak ez du arrakastarik izan Salamancatik hegoalderako
lurraldeetan, eta Extremaduran desagertzeko zorian dago.
Argi dago egoera zaila duela otsoak animalia
basatiak jateko. Edo, behintzat, animalia basati handiak jateko.
Oreinak, orkatzak basurdeak eta antzeko animaliak gizakiak otsotik
gehien babesten dituen lurraldeetan egoten dira. Baina otsoak beste
hainbat habitatetara moldatzeko ahalmen handia du, eta horrek esan
nahi du, besteak beste, janari-mota asko sar ditzakeela bere dietan.
Adibide ona da zereal-estepako otsoen populazioa.
Zer jaten dute? Estepan animalia handi basati gutxi dago; noizean
behin basurdeak aurkitzen ditu otsoak, baina ez da oreinik egoten,
ez basahuntzik, ezta mendietan dauden beste hainbat espezie ere.
Baina inguru horietan badago ganadua; ardiak, behiak eta abar. Esan
bezala, otsoaren populazioa zabaltzen ari da toki horietan, eta,
beraz, logikoa da pentsatzea estepan ganaduz elikatzen dela.
Hori baieztatzeko, otsoaren dieta aztertu zuten
iberiar zereal-estepan Juan Carlos Blanco biologoaren taldekoek;
horretarako, alde batetik, gorotzak jaso eta analizatu egin zituzten,
eta, bestetik, inguruko artzainekin hitz egin zuten. Espero bezala,
gorotzetan ganaduaren arrastoak azaltzen ziren. Untxiak, basurdeak,
eperrak eta beste espezie basati batzuk ere azaldu ziren, baina
dietaren oinarria ganadua zen. Hala ere, gehienetan, artzainek ez
zuten galdutako aleen berri ematen. Ez zen otsoaren ehizaren arrastorik
inguruetan.
Zer ari zen gertatzen? Erantzuna erraza zen:
otsoa sarraskijalea da, hau da, hildako ganadua jaten zuen gehienetan,
ez harrapatutakoa. Hori baieztatzeko, irrati-transmisoreak erabili
zituzten ikertzaileek otsoen segimendua egiteko. Otsoek, gauean
zehar, hildako ganadua bilatzen zuten, eta gehienbat hori jaten
zuten.
Estepako eta beste hainbat tokitako artzainek
ez dute arazorik izaten otsoarekin. Noski, artzakurrak erabili behar
dituzte, eta ganadua zaindu. Izan ere, adituen arabera, otsoarekin
batera bizitzeko, gauetan ganadua bildu eta artzakurrak erabili,
besterik ez da egin behar. Noizean behin behi bat edo ardi-pare
bat hilko du, baina ez da benetako arazoa izango.
Arazo handiena, beraz, artzainarentzat da: ganaduarekin
egon behar du galdu nahi ez badu. Eta toki askotan galdu egin da
ohitura hori. Toki horietan da zaila otsoarekin batera bizitzea.
Besteak beste, horregatik ez da arrakastaz sartu Araban otsoa. Artzain
arabarrak ez dira ganaduarekin egoten.
Hortik dator galdera. Bizi nahi dugu otsoarekin?
Edo nahikoa dugu otsoa zenbait tokitan, gugandik urrun, egotea?
Elkarrekin bizitzeko, ahalegin handia egin beharko genuke; besteak
beste, artzainen bizimodua egokitu. Ez dezagun ahatz espezie liluragarria
dela eta kontserbatzea merezi duela. Ez dezagun ahatz artzainaren
ogibidea dela ganadua, eta, beraz, haren interesa babestea oso garrantzitsua
dela.
|
Nola zenbatzen dira otso-populazioak?
Adituen ustez, 2.000 otso baino gehiago
daude Iberiar Penintsulan. Nola jakin dezakete hori? Ez da
erraza; otsoak zenbatu beharrean, taldeak zenbatzen dituzte.
Ez da ahaztu behar taldea otsoaren oinarrizko egitura soziala
dela. Batez beste, hamar bat otsok osatzen dute taldea. Eta,
beraz, talde bakoitzean batez beste zenbat otso dauden jakinda,
populazioa zenbatekoa den jakin daiteke. Kumeak daudenean,
taldeak ez ditu bidaia luzeak egiten. Maiatzean jaiotzen dira,
baina lehen bi hilabeteetan zuloan egoten dira; horregatik,
zenbaketak uztailean hasten dira eta irailean amaitu.
|
|
Otsoa Euskal Herrian
1988an sartu zen otsoa Araban, eta, biologoen
datuen arabera, bi urte geroago izan zuten lehen kumaldia.
Dena dela, probintziaren mendebaldean geratu dira, eta ez
dute Euskal Herria 'kolonizatu'. Nonbait, traba gehiegi topatzen
du otsoak aurrera egiteko. Arrazoiak asko izan daitezke: giza
populazioa oso handia dela hain esparru txikian, abeltzainekin
sortutako arazoak, eta abar. Hori dela eta, Euskal Herrian
otsoak izan duen bilakaera ez da Penintsulan izan duenaren
parekoa. Hala ere, Araban ez da galdu.
|
|