 |
Ekoizleek
(alga eta landareek), fotosintesiaren bitartez oxigenoa eta materia
organikoa ekoizten dituzte uretako mantenugai ez-organikoetatik
abiatuta (nitrato, nitrito, fosfato
). Horrela, ibaiak arazten
dituzte, batez ere gizakiaren eraginez uretara iristen diren mantenugaiak
atxikitzen baitituzte. Uretan bertan ekoitzitakoaz gain, kanpotik
ere materia organikoa jasotzen dute ibaiek, batik bat ibar-basoz
inguratutako erreketan, udazkenean, orbela erortzean. Orbela da,
hain zuzen, hainbat kontsumitzaileren bazka-iturri nagusia, horien
artean ornogabeak, onddoak eta bakterioak. Horiek guztiek ibaira
iritsitako materia organikoa prozesatu egiten dute, eta, gainera,
arrainen bazka nagusia dira. Arrainez gain, ibaietan badira hainbat
ugaztun, anfibio eta hegazti ere, eta guztien artean bazka-sare
konplexua eratzen dute.
Ekosistema
horiek garrantzi handia dute jendearentzako, balio estetiko eta
erromantikoez gain, hainbat baliagai eskaintzen baitituzte: ura,
energia, garraioa, arrainak, paisaia, aisialdirako guneak, autoarazteko
gaitasuna... Baina giza populazioaren gorakadak eta teknologiaren
aurrerapenak oso gogor kaltetu dituzte ibaiak. Hondakin-ur guztiak,
hasi etxeetako kondar-uretatik eta industrietako zianuro-isurketetaraino,
zuzenean ibaira isuri izan dira; ibar-basoak deuseztatu egin ditugu,
eta ubideen morfologia kaltetu. Horrek guztiak ekosistemaren egituran
eta funtzioetan eragina duenez, ibaiak ez daude egoerarik onenean,
azken urteetan kasu askotan hobera egin duten arren.
Egoera
horri aurre egiteko beharraz oraintsu jabetu gara, garai batean
ez baitzitzaien inongo arretarik eskaintzen ingurumenarekin lotuta
zeuden arazoei. Pixkanaka, ibaien ekosistemen ikerketak, kalitatearen
jarraipenak eta saneamendu-planak garatu dira besteak beste, ekosistema
osasuntsuak berreskuratu nahian.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Ibaietako
isurketak denbora laburrean soilik neur daitezke, laster
batean eramaten baititu urak beherantz. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Hasieran,
uren kalitatea aztertzeko, ur-analisiak soilik egiten ziren. Baina
analisi horiek askotan ez dira gai uretan ehunka poluitzaile batera
detektatzeko, are gutxiago ibaietan. Izan ere, ibaietan isurketak
denbora laburrean soilik neur daitezke, laster batean eramaten baititu
urak beherantz. Isurketa gertatu eta gutxira ura berriro garbi egon
daiteke, baina ibaia jada kaltetuta dago. Horrelako isurketek sortutako
kalteak detektatzeko garatu ziren indize biotikoak. Horien bidez
komunitate biologikoak aztertzen dira, uren kalitatearen historia
ezagutzeko. Aldizka isurketaren bat gertatzen bada, izaki sentikorrenak
desagertu egiten dira, eta hori detektatuz susma dezakegu uretan
arazoren bat gertatu dela. Denborarekin, hainbat indize biotiko
garatu dira, eta ohikoenak ornogabeetan eta algetan oinarritutakoak
dira.
Baina,
zer da ibai osasuntsu bat?
Osasuna
izaki organikoak funtzio guztiak egoki betetzen ditueneko egoera
omen da. Beraz, ekosistema bat osasuntsu dagoela esan dezakegu dagozkion
funtzio guztiak egoki betetzen baditu. Noski, egoki funtzionatzeko
egitura egokiak behar dira. Esate baterako, fotosintesirik ezin
da gertatu landarerik ez badago. Beraz, osotasun ekologikoak osotasun
estrukturala eta osotasun funtzionala behar ditu, txanpon beraren
bi aldeak baitira. Ekosistemaren egitura fisikoa, komunitate biologikoek
eta beren baliagaiek osatzen dute, eta, hain zuzen, horien kantitatea
eta kalitatea aztertzen dira. Funtzionalitatea definitzeko orduan,
berriz, ekosistema mailako hainbat prozesu aztertzen dira. Bi osagai
horien kalitatea ona denean, ibaia osasuntsu dagoela esan dezakegu.
Hala
ere, ibaietan gertatzen den edozein aldaketak ez die halabeharrez
egiturari eta funtzioei batera eragiten. Adibidez, Australiako Mary
ibaian egindako esperimentu batean ikusi zen nitrogeno-kantitatea
eta uren uhertasuna emendatzeak ez zuela eraginik izan ornogabeen
komunitatean (egitura), baina aldaketak eragiten zituela arnasketan
eta ekoizpen primarioan (funtzioak). Ibaien osasuna aztertzerakoan,
bi osagaiak, egitura eta funtzioa, kontutan edukitzea eskatzen du
horrek.
Ekosistema
baten osasuna neurtu ahal izateko, beharrezkoa da egoera ezin hobe
batekin konparatzea. Horretarako, erreferentzia-sistemak erabil
daitezke, hau da, oraindik egoera naturalean dauden
ibaiak. Betiere kontuan izan behar da ibaiak oso desberdinak direla
leku batetik bestera, klimaren, geologiaren eta beste hainbat aldagairen
ondorioz, eta, beraz, ibai batek eta bere erreferentziazkoak antzeko
kondizioak izan behar dituztela. Erreferentziazko ibaietan, ezaugarri
fisiko-kimikoak, komunitate biologikoen egitura eta ekosistemaren
hainbat funtzio azter daitezke, eta ibai kaltetuak berreskuratzean
balio horiek lortzen saiatuko ginateke.
Zer
dio legeak horren inguruan?
Uren
kalitatearen inguruko politika oso sakonetik ari da aldatzen. Orain
arte, 1999ko Espainiako Uren Legearen arabera poluzioa uren konposaketa
kimikoaren narriadura gisa definitzen zen, eta poluzio-maila uretan
hainbat substantzia kimikoren kontzentrazioak neurtuz zehazten zen.
Bestalde, lortu beharreko kalitatea desberdina zen uraren erabilpenaren
arabera (ureztatzeko, edateko, arrainak kontserbatzeko...). Orain,
ordea, Europako Batasuneko Uraren Arteztarauak dio ur-masen kalitatea
neurtzeko, egoera kimikoa eta egoera ekologikoa neurtu behar direla.
Kontzeptu berri hori, egoera ekologikoa, ur-ekosistemen egituraren
eta funtzionamenduaren kalitatearen adierazpen gisa definitzen du.
Uren kalitateak kalitate fisiko-kimikoa, kalitate biologikoa eta
kalitate hidromorfologikoa (ubidearen egitura) barneratzen ditu.
Gainera, ez da erabileraren araberakoa, ur-masa guztietan bete beharrekoa
baizik.
Kalitatea
neurtu ahal izateko hainbat adierazle proposatzen ditu, eta, horien
arabera, uren egoera ekologikoa oso ona, ona, onargarria, eskasa
edo txarra izan daiteke. Horretarako, erreferentzia-puntuak aukeratu
behar dira, hau da, gizakiaren eragin urria jasan duten ibai edo
errekak, eta horietan adierazleek dituzten balioak aztertu behar
dira. Balio horien berdinak dituzten ur-masek egoera ekologiko oso
ona dutela esango da, eta balio horietatik zenbat eta gehiago urrundu,
orduan eta txarragoa izango da egoera ekologikoa.
Ikus
daitekeen bezala, Uren Arteztarauak nahiko argi uzten du ur-ekosistemen
egoera ekologikoa zeren arabera neurtu behar den. Eta, hori nahikoa
ez balitz, helburu hau ere ezartzen du: Europako Batasuneko lur
gaineko ur-masa guztien egoera ekologikoa adierazle guztiei dagokienez
ona izatea lortu behar da 2015. urterako (salbuespenak eta luzamenduak
alde batera utzita). Horrek guztiak izugarrizko ikerketa, lana,
dirutza eta borondate politikoa eskatuko ditu, eta batzuek diote
asmo handiegiko proiektua dela.
Dena
den, eta Arteztarauari hutsuneak bilatzen hasiz gero, definizioetan
eta asmoetan ur-ekosistemen funtzionamendua zein garrantzitsua den
argi uzten duen arren, kalitatea neurtzeko metodo biologikoak aipatzeko
orduan, egitura definitzen dutenak baino ez ditu proposatzen (algak,
ornogabeak, arrainak), eta ez du funtzioak aztertzeko tresnarik
aipatzen. Izan ere, oraindik ez da mundu osoko ibaien funtzionamendua
neurtzeko tresna estandarrik garatu, nahiz eta hori kalitate ekologikorako
ezinbestekoa den. Hain zuzen, gabezia horretaz jabetuta, hainbat
ikertzaile buru-belarri ari dira lanean tresna berri horiek garatzeko.
Ibaien
osasuna aztertzeko tresna berriak: funtzioen azterketa
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Izokinen
migrazioa eta, beraz, horien ugalketa ahalbidetzeko, lagungarria
da ur-saltoetan azpiegiturak ezartzea. (Argazkia: A. Elosegi). |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Azkenaldian,
puri-purian daude ibaien ekosistemen funtzioak aztertzeko tresnen
inguruko lanak, eta kongresuetako lanik puntakoenak gai horren ingurukoak
dira.
Ibaietan
hainbat funtzio azter daitezke: mantenugaien arazketa, orbelaren
atxikitzea eta erabilpena, bizidunen migrazioak, arrainen ekoizpena,
metabolismoa
Badira funtzio horiek guztiak neurtu ahal izateko
metodoak, baina ikertzaile bakoitzak bere moduan erabiltzen ditu
oraindik, eta administrazioek edo urak kudeatzeko erakundeek tresna
estandarrak behar dituzte, eta, batez ere, emaitzak interpretatzeko
erreferentziazko balioak. Ibai-mota bakoitzean, prozesu horiek eduki
beharko lituzketen balioak zehaztu behar dira, baita kaltetuta badaude
zein neurri hartu behar diren ere, eta horixe da une honetan hainbat
ikerketa-proiekturen helburua.
Euskal
Herriko Unibertsitatean, Ibaien Ekologia Laborategiak arlo horretako
bi proiektu ditu martxan: bata orbelaren erabileraren inguruan (RIVFUNCTION)
eta bestea metabolismoaren inguruan (METATOOL).
RIVFUNCTION
delakoan, Europa osoko 10 unibertsitate ari dira lanean, eutrofizazioak
(mantenugaien ugaritzeak) eta ibar-basoen degradazioak orbelaren
deskonposizioan duten eragina aztertzen. Deskonposizioa materia
organikoa degradatzeari deritzo, eta ibaiak iristen zaion materiala
erabiltzeko duen gaitasuna islatzen du. Ibaira orbela iristen denean,
ornogabeek eta mikroorganismoek (onddo eta bakterioek) hura erabili
eta deskonposatu egiten dute.
Orbela
deskonposatzeko gaitasuna, erreketako funtzio garrantzitsua izateaz
gain, hainbat estresekiko oso sentikorra da. Gaitasun hori neurtzeko,
orbelez betetako sarezko poltsak jartzen dira ibaian. Bi motatako
poltsak erabiltzen dira: bata sare larrikoa, ornogabe zein mikrobio
guztien sarrera ahalbidetzen duena, eta bestea sare xehekoa, ornogabeen
sarrera eragozten duena. Hala, poltsak denbora batera jaso, geratzen
den orbel-kantitatea neurtu, eta ornogabeek eta mikrobioek orbelaren
deskonposizioan duten eragina neur daiteke.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
EBko
lur gaineko ur-masa guztien egoera ekologikoa ona izatea
lortu behar da 2015erako. (Argazkia: A. Elosegi). |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Euskal
Herriko Unibertsitatean mantenugai ez-organiko gehiegi duten ibaien
disfuntzioa detektatu ahal izan dute, horietan mikrobioen eragina
nabarmen handitu baita. Bestalde, eukaliptoz inguratutako ibaietan
orbelaren deskonposizioa ibar-baso naturalez inguratutakoetan baino
geldoagoa dela egiaztatu dute, eta kasu horretan ornogabeak dira
erantzuleak. Proiektu horretan lortuko diren emaitzekin, ibaien
osasuna aztertzeko beste tresna bat izango dugu eskura.
METATOOL
proiektua, berriz, ibai osoaren metabolismoaren ingurukoa da. Ibaietan
metabolismoak bi atal ditu: ekoizpen primarioa eta arnasketa. Oxigenoa
egun guztian kontsumitzen da, bai ekoizleen eta bai kontsumitzaileen
arnasketa dela eta, baina egun-argiz algek materia organikoa eta
oxigenoa ekoizten dituzte. Hala, ekoizpen- eta arnasketa-tasen balantzearen
arabera, uraren oxigeno-kontzentrazioa aldatuz doa.
Ubidera
mantenugai eta argi gehiegi iristen bada, ekoizle primarioak ugaritu
egiten dira eta oxigeno-kontzentrazioa balio oso handietara iristen
da egunez. Materia organiko hori, ordea, metatu eta usteldu egiten
da, eta horrek oxigeno asko kontsumitzen duenez, gau-partean oxigeno-kontzentrazioa
nabarmen gutxitzen da. Eskasia horiek oso arriskutsuak dira ibaiko
bizidunentzat; izokinek, adibidez, 6 mg/l-tik gorako oxigeno-kontzentrazioak
behar dituzte, eta amuarrainek 4 mg/l-tik gorakoak. Horrek guztiak
kalte egin diezaioke, beraz, ibaiari.
Metabolismoa
ikertzeak, ordea, badu zailtasunik. Metodologiak oxigeno-kontzentrazioa
eta tenperatura denboran zehar neurtzea eskatzen du, eta, beraz,
automatizazioa beharrezkoa da. EAEn, Gipuzkoako eta Bizkaiko ibaietan,
oxigenoa eta tenperatura 10 minututik behin neurtzen dituzten 21
estazio hidrometeorologiko dituzte Foru Aldundiek. Azpiegitura horren
bidez lortutako datuak erabiltzeko aukera ikusirik ekin zion EHUko
Ibaien Ekologia Laborategiak metabolismoaren inguruko proiektu horri.
Oxigenoaren datuak landuz, ekoizpen primarioa eta arnasketa-tasak
kalkulatzeaz gain, algen laginketak ere egin dira, haien biomasa
eta komunitatearen konposizioa aztertzeko asmoz. Hala, metabolismoak
eta ekoizle primarioek ibaien ezaugarriekin duten erlazioa aztertu,
eta ibaien funtzionamendua denbora errealean aztertzeko tresna berri
bat sortu nahi da. Isurketa bat gertatzen den une berean ekosistemak
nola erantzuten duen neurtzeko balioko luke horrek, besteak beste.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Deskonposizioa
neurtzeko erabiltzen diren orbel-poltsak. Ibai-hondoetan
ezartzen diren sarezko poltsa hauek, orbel-masa jakin
batekin beteta. (Argazkia: A. Elosegi). |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Adibidez,
2003ko uda oso beroa eta lehorra izan denez, ekoizpen primarioa
oso altua izan da, eta alga-kantitate izugarriak garatu dira estazio
eutrofikoenetan. Ondorioz, oxigeno kontzentrazioek egunean zehar
gorabehera handiak jasan dituzte. Estazio garbienen kasuan, oxigeno,
kontzentrazioak altu mantendu dira, ibaiaren osasun onaren seinale;
halaber, badira poluzio handia dela eta oxigeno-kontzentrazio oso
txikiak dituzten estazioak ere.
Deskonposaketari
eta metabolismoari buruz ez ezik, beste hainbat funtziori buruz
mundu osoan egiten ari diren ikerketen bidez, funtzioak aztertzeko
tresna egokiak garatzea espero da. Tresna horiek administrazioen
eta ur-kudeatzaileen esku izango dira hemendik urte batzuetara,
eta ibaien osasunaren azterketa sakonagoak egin ahal izango dira.
Ea Uren Arteztarau berriaren helburuak lortzen ditugun, eta, tresna
berri hauek erabiliz, gure ondorengoek ibai osasuntsuagoak dituzten.
 |
|
Urumea
ibaian (Ereñozu, ezkerraldean), uren kalitatea oso
ona da; 2003ko udan algak oso urriak ziren, eta oxigenoa kontzentrazio
altuetan mantendu zen. Oria ibaiak, berriz, (Alegia, eskuinaldean),
mantenugai-kantitate handiak jasotzen ditu. Uda hartan algen
ekoizpena izugarria izan zen, eta oxigenoak egunez balio oso
altuak zituen arren, gauez minimoetaraino jaisten zen. (Argazkiak:
O. Izagirre eta A. elosegi).
|
|
Europako
Uren Arteztarau berrian proposatzen diren egoera ekologikoaren
adierazleak
- Adierazle
biologikoak:
- Uretako
floraren konposaketa eta ugaritasuna
- Uretako
ornogabeen konposaketa eta ugaritasuna
- Arrainen
konposaketa, ugaritasuna eta adin-banaketa
- Adierazle
biologikoetan eragina duten adierazle hidromorfologikoak:
- Erregimen
hidrologikoa
- Emariak
edo ur-fluxuaren hidrodinamika
- Lur
azpiko ur-masekiko loturak
- Ibaiaren
jarraitasuna
- Ezaugarri
morfologikoak
- Ibaiaren
sakonera eta zabalera
- Ibai-hondoko
substratuaren egitura eta konposizioa
- Ibarren
egitura
- Adierazle
biologikoetan eragina duten adierazle fisiko-kimikoak:
- Orokorrak
- Tenperatura
- Oxigenoa
- Gazitasuna
- Azidotzea
- Mantenugaiak
- Poluitzaile
espezifikoak
- Uretara
isuri diren lehentasunezko poluitzaile guztiek eragindako
poluzioa.
- Uretara
kantitate esangarrietan isuri diren substantzia
guztiek eragindako poluzioa.
|
|
Ibaien
osasunaren azterketa Euskal Herrian
Euskal Herrian, uren poluzio-arazoez
jabetuta, 70. hamarkadaren bukaeran hasi zen administrazioa
uren karakterizazioari eta ur-baliagaiei buruzko azterlanak
egiten. Dena den, ikerketa haiek poluzio-arazo jakin batzuen
aurrean garatu zirenez, ikuspegi murritza zuten. Ikuspegi
zabalagoko lehen lana EAEko ibaietako uren karakterizazio
fisiko-kimikoa izan zen, 1984an. 1985ean hasi zen ezaugarri
fisiko-kimikoez gain ezaugarri biologikoak kontuan izan zituen
lehen ikerketa zabala, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.
Ikerketa hartan makrofitoen, ibaiertzeko basoko landarediaren,
ornogabeen eta arrainen dibertsitatea, ugaritasuna eta nagusitasuna
aztertu ziren. Bestalde, ornogabeen hainbat indize biotiko
ere aplikatu ziren. 1989an ikerketa hura EAE osora zabaltzeko
asmoz, beste ikerketa bat eskatu zuen Ingurumen Sailburuordetzak,
Araban eta Gipuzkoan (Eusko Jaurlaritza, 1992).
Azken
urteetan, EAEko ibaietako 82 puntutan, analisi fisiko-kimiko,
biologiko eta morfologikoak egiten dira. Hasieran analisi
biologikoen artean ornogabe bentikoen indize biotikoak eta
arrainen zentsuak soilik egiten ziren. Orain, ordea, algak
ere aztertzen dira. Hidromorfologiari dagokionez, ibar-basoen
egitura aztertzen da. Zenbait estaziotan, gainera, 10 minututik
behin hainbat parametro fisiko-kimiko automatikoki neurtzen
dira (emaria, tenperatura, oxigeno disolbatua, pHa, amonioak
).
Gure
ibaiak Europako Uren Arteztarauak eskatzen duen kalitatetik
oso urrun daude oraindik, arazo fisiko-kimikoez eta komunitateen
arazoez gain, ibaiertzaren egitura oso kaskarra baita. Kanalizazioak
ugariak dira, ibai asko eta asko dira bi paretaren artean
mugatuta doazenak. Ibar-basoak oso urriak dira, eta daudenak
egitura aldetik txiroak dira. Horrek eragin handia du ibaien
ekosistemen osasunean.
|
BIBLIOGRAFIA
- EUROPAKO
PARLAMENTUA
Europako
Parlamentuaren eta 2000ko urriaren 3ko kontseiluaren 2000/60/CE
Ur Arteztaraua. (kontsulta-data: 2003ko urriaren 20a). 2000. <http://europa.eu.int/eurlex/pri/es/oj/dat/2000/l_327/l_32720001
222es00010072.pdf>.
- Boulton,
A.J.
An
overview of river health assessment: philosophies, practice, problems
and prognosis Freshwater Biology, 41: 469-479. 1999.
- Gessner,
M.O. & Chauvet, E.
A
case for litter breakdown to asses functional stream integrity
Ecological Applications, 12(2): 498-510. 2002.
- Uehlinger,
U., König, C. & Reichert, P.
Variability
of photosynthesis-irradiance curves and ecosystem respiration
in a small river Freshwater Biology, 44:493-507.
2002.
- Rallo,
A.
Caracterización
hidrobiológica de la red fluvial de Álava y Gipuzkoa.
Eusko Jaurlaritza, 1992.
|