|
Kaltetutako nerbio-zelulei
hazten laguntzeko mekanismo bat diseinatu dute Chicagoko (AEB) Northwestern
Unibertsitatean. Ikertzaileek uste dute mekanismo hori baliagarria izan
daitekeela zauritutako bizkarrezur-muinak konpontzeko, nerbio-zelulei
lagunduko dien aldamioa eraiki dezake eta.
Bizkarrezur-muineko
zauri gutxi osatzen dira guztiz, muina moztuta geratuz gero nerbioek ezin
baitute geratzen den tartean hazi alde biak lotzeko. Orain arte, arazo
horri aurre egiteko, nerbioen hazkuntza errazteko zubiak eraikitzen saiatu
dira ikertzaile asko, baina material solidoak erabiltzen zituzten, kolagenoa,
adibidez. Horiek aplikatzeko kirurgia inbaditzailea behar da, eta horrek
arrisku handia du muinean kalte gehiago sortzeko.
Chicagoko
ikertzaileek, arrisku hori saihesteko, likido batekin egin dute zubia.
Likidoa osatzen duten molekulek karga negatiboa dute, eta, ondorioz, elkar
aldaratzen dute. Soluzio likidoa karraskari baten kaltetutako bizkarrezur-muinean
injektatzean, fluidoak karga positiboa duten molekulak topatzen ditu,
bizidunen ehunetan dauden kaltzio- edo sodio-ioiak kasu, eta haiekin elkartzen
da berehala, gel-erako solido bihurtzeko.
Molekulak era berezian
elkartzeko diseinatu dituzte, tutu ñimiñoez osatutako masa
txiki bat eratzeko moduan. Tutu bakoitza 5 nanometro zabal eta ehunka
nanometro luze da. Tutuek egitura porotsua dute, eta nerbio-zelulak haien
inguruan eta barrena haz daitezke. Gainera, molekulei proteina-zati txiki
bana gehitu diete, nerbio-zelulek ezagut ditzaten eta haiei atxiki dakizkien.
Egitura 4-6 aste geroago desintegratzeko diseinatuta dago, horrela ez
da elementu arrotzik geratzen organismoaren barruan.
Bestalde, muina konpontzen
laguntzeko, nerbio-zelula berriak gehitzen ere saiatu dira. Saiakera batean
zelula amak erantsi zizkioten soluzioari, eta haiek neurona bihurtu eta
solidotutako zubian hazten hasi ziren.
Edozein modutan, aldamio-egitura
ondo kokatuta egonda ere, baliteke nerbioek zailtasunak izatea berriz
hazteko. Izan ere, bizkarrezur-muina zauritu eta gero, inguruko zelulak
elkartu egiten dira, eta orban dentso bat sortzen dute. Nerbioentzako
ezinezkoa denez hesi hori zeharkatzea, litekeena da beharrezkoa izatea
orban hori apur dezaketen entzimak gehitzea soluzioari.
|