 |
Duela
gutxi ospatu da Bartzelonan hirurogei milatik gora pertsona bildu
dituen lasterketa herrikoi edo herritar bat. Zifra honek marka guztiak
hautsi ditu horrelako kirol-probetan. Esan beharra dago, dena den,
pertsona horietako guztiek ez zutela parte hartu, eta irten zirenetatik
gehienak (edo zati handi bat, bederen) ez zirela kirolari entrenatuak.
Horrelako
jendetza erakartzeak aparteko meritua du, eta lasterketa horren
inguruan antolakuntz lanak egiten ibili direnei zorionik beroenak
emateak bidezkoa dirudi. Bestalde, oso posible da izena eman zutenetako
bat baino gehiago orain entrenamendu-programa bati jarraitzeko motibatuagoak
egotea, beste batzuentzat orain artean erabilitakoa berrikusteko
aukera izango zen bezala.
Aurretik
egindako lasterketetan ez zen aparteko konplikaziorik egon, baina
duela aste batzuk ospatutakoan 19 urteko gazte bat hil egin zen,
10 km egin ondoren, helmugara iritsi aurreko aldapa nahikoa gogorra
gainditzeko ahaleginean. Itxuraz aurretik aritua zen gazte hori,
eta azterketa medikoren bat ere pasatakoa (baina ez daukagu azterketa
horren berririk).
Bapateko
heriotza izan zen, beraz (baina ez oso arrunta); prestaketa egokirik
gabe burututako ariketa fisikoarekin lotua dagoen heriotza. Noizbehinkako
entrenamenduak, aldian behin egindako saioak edota asteburuetako
ariketak prestaketa eskasa dira zenbait lehiaketa eta esfortzuri
aurre egiteko. 11 km-ko distantzia onar daiteke kirolari entrenatu
batentzat, baina ez behar bezala prestaturik gabe daudenentzat.
Espainian maratoiko txapelduna eta aldi berean proba irabazi zuen
Mario Prat-ek dioen bezala, distantzia hori, maratoi-lasterketa
atleta entrenatuentzat adinakoa da jende arruntarentzat, eta
horregatik horrelako lasterketei maratoi popular deitzeak
oso egokia dirudi.
Esfortzuaren
maila berdintsua den bitartean egia da kirol-espezialitate baterako
egindako prestaketa fisikoa beste edozein espezialitaterako baliagarria
dela. Horrela ez balitz, posible da kirolari batek kirol batetik
potentzialki kontrako baldintzak dituen beste kirol batera pasatzean
diagnostikatu gabeko kardiopatia batetik datozen konplikazioak edukitzea.
Ariketak
eragindako bapateko heriotzaren intzidentzia (horrela deritzo ariketa
bitartean edo ondorengo 24 orduetan gertatuari) oso bajua da. Estatistikoki
ariketa bitarteko istripu hilgarria kasuala izan daiteke; orduko
heriotza kardiobaskularraren arriskua bait dago, arteria koronarioen
ezkutuko gaixotasunagatik. Arriskuaren posibilitatea gehitu egiten
da aurrejoera duten pertsonengan; hauetan deshidratazioak, gantz-azidoen
gorakadak eta katekolaminen maila plasmatikoen gorakadak koronarien
barruan tronboak eratzea errazten bait du, bihotzeko ez-egonkortasun
elektrikoa ere areagotuz.
Bapateko
heriotzaren arriskua, ariketa bitartean, bereziki altua da ariketa
fisikora ohituak ez dauden pertsonen artean eta honek aurrejoerarako
arrazoi bat suposatzen du, Seattle-n (USAn) egin berri den ikerketa
batek frogatzen duenez. Bestalde, beste ikerketa batek erakutsi
duenez, arritmia gaiztoak agertzeko arriskua txikiagoa da ariketa
fisikoak sistema kardiobaskularraren gain dituen eraginak agerian
jarri direnean (eta hori lortzeko modu bat entrenamendua da). Beraz
bapateko heriotzaren kasuetan oinarrizko kausa bat egongo litzateke
batetik (bihotzaren anomalia batek sortua, egiturazkoa zein elektrofisiologikoa
izan) eta faktore laguntzaileak bestetik, eta hauen artean sartuko
lirateke iharduera fisikorik eza eta neurriz kanpoko esfortzua.
Kirolarien
berrikuspen medikoa oso gai eztabaidatua da eta arazoa ez dago oraindik
argitua. Gaurkotasun handiko arazoa izanik, ariketa bitartean gertatuko
liratekeen istripu kardiobaskularren prebentzioan ez dago inolako
adostasunik kirol-gaitasuneko azterketa nola egin behar den, ziurtagiria
zeinek eman behar duen edota azterketa hauek duten fidagarritasun-maila
zein den erabakitzeko orduan.
Azterketa
kardiobaskularra, dena den, eshaustiboa izango da, eta zeinu edo
sintoma jakin batzuen aurrean (sinkope edo presinkopeak, bularreko
mina, ustegabeko nekea, palpitazioak, murmurio ez-ohizkoak, aurretik
inoiz erregularki kirolik egin ez izana, etab.) miaketa osatu egingo
da, teknika osagarri egokienekin. Esfortzu-proba EKGren monitorizazioarekin,
ekokardiograma, EKGren monitorizazioa Holter-en metodoaren bidez,
isotopoak, etab. dira teknika horietako batzuk.
Azterketa
zehatz bat burutu ondoren bapateko heriotzaren episodioa gertatzeko
posibilitatea oso txikia da. Dena den badira behaketa medikoari
ihes egiten dioten arrazoi arraroak. Ariketaren aurrean inolako
arriskurik ez dagoela ezin baiezta daiteke erabat. Hasierako herri-lasterketekin
edo maratoi herrikoiekin lotuz, egokiena entrenamendu-programak
berak sustatu eta bultzatzea da, medikuaren gainbegiradaz eginak
izan nahiz kirolariak bere kasa burutuak izan. Kirolariak nolabait
kontzientziatu egin behar lirateke, arazoaren garrantziaz eta arriskuaz
jabetu daitezen.
Horrelako
kanpaina eta mezuen helburua bikoitza litzateke:
- Batez
ere iharduera ludiko batean partaide sentitzen direnengan entrenamendua
bultzatzea.
- Ekintza
deportiboa, bere osotasunean, sustatzea, kirol-ihardunaldiek eduki
ditzaketen arrisku posible guztien gainetik beren alderdi positiboak
azpimarratuz.
|