|
Oro har, petrolioa
duena aberatsa da. Gizartea likido beltz horren inguruan antolatuta dago,
eta oso zaila izango da hori aldatzea. Badirudi agortzen ez den bitartean
gizarteak ez duela beste energia-iturriak sustatzeko ahalegin sendorik
egingo. Industria, ordea, ahaleginduko da agortu arte petrolioa erauzten.
1970eko
hamarkadaren hasierarako, ikatzaren garrantzia oso murriztuta zegoen energiaren
esparruan. Ordurako, petrolioa eta gasa ziren erregai nagusiak: 1972an,
esate baterako, kontsumoaren % 64,4 hartzen zutela kalkulatu da. Kontsumoa,
gainera, urtez urte handitzen ari zen, eta erreserba aurkitu berriak ez
ziren urteko kontsumoa hornitzeko adinakoak. Egoerak larria zirudien.
Bukatuta zegoen Lurreko petrolio guztia?
Ez litzateke zuzena
izango gaur petrolioaren krisialdia izenez ezagutzen duguna ustezko petrolioaren
eskasiari leporatzea; politikak eta ekonomiak ere hartu zuten parte krisialdian.
Alde batetik, munduko petrolio gehiena zuten herrietan egoera politikoa
oso ezegonkorra zen. Ondorioz, petrolio gordinaren prezioak sekulako igoera
izan zuen oso epe laburrean.
1973ko urriaren 16an,
petrolio-upela hiru dolarretik bostera garestitzea erabaki zuela iragarri
zuen LPEE erakundeak. Abenduan, hamabi dolarrera igo zuten prezioa, hau
da, hiru hilabetean laukoiztu egin zen. Nahiz eta igoera mantsoagoa izan,
hurrengo urteetan joera ez zen aldatu, eta 1981eko bukaerarako 34 dolarretan
saltzen zuen upela LPEEk. Horrek guztiak, eta tartean gertatutakoek, munduaren
ekonomia baldintzatu zuten.
Krisiak krisi, iturriaren
galdera azaleratu zen: noiz agortuko da petrolioa?
Bilatu
ala hil
Galdera horri ezin
izan diote adituek erantzun, nahiz eta asko espekulatu duten. Hala eta
guztiz ere, espekulazio horiek kontuan hartzekoak dira, askotan iragarpen
zuzenak ekartzen dituztelako. Hori gertatu zen 1956an M. King Hubbert
doktoreak egindakoarekin: bere kalkuluen arabera, petrolio-ekoizpenak
1970 inguruan joko zuen goia. Eta hala izan zen.
Ikuspuntu guztietatik
ikusita, 1970 inguruko egoera larria zen. Petrolioa agortzen ari zen,
eta produktuak garestitzen; petrolio-iturri berriak bilatu beharrean zeuden
enpresak. Bilaketa sistematikoak egiten hasi ziren, eta emaitzak azkar
etorri ziren. Adibidez, Britainia Handia eta Norvegia petrolio-hobi berriak
ustiatzen hasi ziren Ipar Itsasoan.
 |
| Ezin
da zundaketarik egin lurrazala zulatu gabe. |
Baina non eta nola
bilatzen da petrolioa? Kontuan hartu behar da zenbat eta sakonagotik atera
eta zenbat eta poloetatik gertuago egon, orduan eta zailagoak direla bilaketa
eta erauzketa. Zailtasunak, noski, garestitu egiten du produktua.
Logikari
jarraituta
Hasieran esplorazioak
datu ezagunetatik abiatuta bideratu zituzten. Lehen hobiak lehorrean zeuden,
baina argi zegoen petrolio-hobi batzuk itsas hondoaren azpira hedatzen
direla; pixkanaka, petrolioa itsaspetik erauzteko teknologia garatu zuten.
Bestalde, petrolioaren
jatorria zein den jakitea ere garrantzitsua izan daiteke hobi berriak
bilatzeko. Lurrazalean mendiak eta bailarak dauden bezala, lurpean ere
topografia oso konplexua da, ia toki guztietan ezezaguna. Ez da harritzekoa
ezezaguna izatea, itsas hondoa bera nolakoa den jakiteko izugarrizko oztopo
teknikoak gainditu behar baititu gizakiak. Lurpeko topografia aztertzeko
oztopo horiek are handiagoak dira.
Lurrazalaren azpikoa
are gutxiago ezagutzen da. Petrolio asko pilatu duten arro handienak,
arabiar-irandarra adibidez, aspalditik ustiatzen dira. Baina, noski, esplorazioek
ez dituzte arro horiek bilatzen, erraz aurkitzen ez diren erreserbak baizik.
Oro har, petrolioa
eta gasa hobietan pilatzen dira lurrazalaren azpian, baina prozesua ez
da hobi guztietan berdina. Inguru geologikoaren porositateak, han dauden
formazioek eta beste faktore geologiko askok alda dezakete hobi baten
sorrera. Horrez gain, hobi bat bertan sortutako olioak osatzen du batzuetan,
baina beste batzuetan haraino 'migratutakoak'. Migrazioa egon baldin bada,
agian sorlekuan ere egongo da petrolioa pilatuta, eta, beraz, migrazioaren
bideari atzeraka jarraitzea esplorazio-metodo eraginkorra izan daiteke.
 |
| Zer
da errentagarriagoa, nekazaritza ala petrolioa erauztea? |
Baina nola jakin daiteke
putzu batetik erauzitako petrolioa bertan sortutakoa den ala ez? Adituek
hainbat seinale kimiko erabiltzen dute hori argitzeko. Azken batean, migrazioaren
prozesuak eraldaketa kimikoak eragiten ditu petrolioaren konposizioan.
Migrazioak ibilbide
bertikala duenean, gainera, kondizioak bortizki aldatzen dira, bai presioa
eta bai tenperatura ere. Kondizio horiek eraginda, molekula handiak zatitu
egiten dira. Kimikariek, zein molekula sortu den eta zein ez ikusita,
petrolio horren 'historia' eta, beharbada, ibilbidea iker dezakete. Adibidez,
oso kantitate txikietan agertzen den hidrokarburo batek, benzokarbazolak
alegia, migrazioa gertatu den ala ez adieraz dezake, kontzentrazioaren
eta molekularen konformazioaren bitartez. Aditu batzuk, zenbat kilometro
migratu duen iragartzen ere ausartzen dira horrelako parametroetatik abiatuta.
Esplorazioa
Baina hori teoria
da. Hobi ezagun bateko informaziotik abiatuta ere, praktikan, ez da erraza
hobiak bilatzea edo petrolioaren migraziobideak zein diren igartzea. Horretarako,
adituek ahal izan dituzten teknika guztiak erabili dituzte. Dena dela,
oro har, hiru teknika nagusitu dira azterketa horietan.
Lehen teknika lurrazalaren
mapa zehatza egitea da. Batzuetan, mapa horietatik lurpeko formazioak
eta egiturak estrapola daitezke, eta lurpeko topografia ezagututa, hobian
non bilatu erabaki daiteke. Azterketa horrekin batera, gas naturalaren
kontzentrazioak neurtzen dituzte askotan, atmosferako gasak petrolioaren
presentzia adieraz dezakeelako.
Dena dela, petrolio-hobi
askoren inguru geologikoa ezin da lurrazalaren topografiatik abiatuta
iragarri, eta, beraz, askotan metodo hau ez da eraginkorra izaten.
 |
 |
| Sakonera
txikiko tokietan plataforma hankadunak instalatzen dira, eta hanka
horiek oso egitura konplexuak izaten dituzte. |
Bigarren metodoaren
helburua lurpeko egitura zuzenean aztertzea da, hain zuzen ere. Horretarako,
uhin sismikoak erabiltzen dituzte petrolio-enpresek, sonarra uretan erabiltzen
den antzera. Leherketa txiki batek eragindako uhinaren isla orientazio
ezberdinetan kokatutako mikrofonoen bitartez jasotzen da. Isla horretatik
abiatuta lurpeko geologiaren mapa osa daiteke.
Azkenik, grabitate-azterketak
ere erabiltzen dituzte petrolioa bilatzeko. Grabitatea ez da ia aldatzen
lurrazalean, are gutxiago aztertzen den lurraldea ez bada oso zabala.
Horregatik, oso neurketa zehatzak egin behar izaten dituzte lurpeko materialen
dentsitatea jakin ahal izateko. Dentsitate horietatik, noski, harria,
petrolioa, gasa eta abar non dauden iragar daiteke.
Teknika horien guztien
helburua, azken batean, lurpeko formazio geologikoei igartzea da; ez da
lan erraza. Ustiatu ziren lehen hobiak egitura sinpleenetan daude, hau
da, ganga-itxurako formazioetan harrapatuta. Orain aurkitu nahi dituzten
hobi berriak, aldiz, oso egitura konplexuetan daude, eta horregatik dira
zailak aurkitzeko eta garestia erauzteko. Ipar Itsasoan, adibidez, hiru
zundaketatik bat bakarrik izaten da emankorra.
Zulatuta
Argi dago: ez dago
ziur jakiterik toki batean petroliorik dagoen ala ez lurrazala zulatu
eta bertakoa analizatu arte. Gainera, petrolioa bilatzeko ia prozesu guztiek
eskatzen dute zulatzea; esate baterako, uhin sismikoak eragiteko leherketa
zulo txiki batetik egiten da, eta gasa edo petrolioa analizatu nahi direnean
ere, lagina hartzeko zulatu egin behar izaten da. Zeresanik ez, petrolio-hobi
berri bat aurkitzen denean, putzuak egin behar dira erauzten hasteko.
Industriak diru eta
denbora asko eman du zulatze-teknikak garatzen. Edozein zundaketa edo
putzu egitean teknikariek ezin dute aldez aurretik jakin zer harri-motarekin
ari diren lanean. Nolanahi ere, zulagailuari lohiak gehitzen zaizkio,
bai labainarazteko, bai eta beharrezkoak diren hainbat substantzia gehitzeko
ere (biozidak, pHaren kontrolatzaileak, presio hidrostatikoaren orekatzaileak
eta abar).
Zulatze-prozesuak
beti eragiten du kalte ekologikoa, lehenik, zulo berriak lurpeko hainbat
substantzia askatzen dituelako, eta, bigarrenik, etengabe injektatu behar
den lohia ere ingurunean barreiatzen delako. Lohi hori bi motatakoa izan
daiteke, bere osagai nagusiaren arabera, hots, batez ere olioa edo ura
duena. Zulatze-teknikak asko aldatzen dira lohi-mota batetik bestera.
Noiz erabiltzen da
lohi-mota bat eta noiz bestea? Petrolio-konpainiek denborarekin lohi urtsuak
erabiltzeko joera hartu dute, besteak baino garbiagoak direlako, eta,
beraz, gutxiago poluitzen dutelako. Dena dela, zenbait kasutan lohi oliotsuak
beharrezkoak izaten dira; adibidez, harri gogorra zulatu behar izaten
denean, zulagailuak berak eskatzen du olioaz labainaraztea. Olio horren
osagai nagusiak, oro har, gasolioa eta hidrokarburo arinak izaten dira.
 |
| Lehorreko
zundaketetan, dagoeneko ez dira petrolio-hobi oparoak aurkitzen. |
Lohiak berak gehigarri
asko behar ditu zulatzea eraginkorra izateko. Izan ere, parte hartzen
duten substantzien zerrenda oso luzea da, eta mota guztietako molekulak
izaten ditu. Besteak beste, zulagailuari injektatzen zaion lohiak substantzia
lubrifikatzaileak izaten ditu, eta askotan horiek izaten dira ingurumenaren
ikuspuntutik gehigarririk arriskutsuenak.
Beste alde batetik,
lurpetik erauzten diren substantziak ere kontuan hartu behar dira. Zenbat
eta sakonago zulatu, orduan eta hondakin zikinagoa irteten da azalera.
Oro har, sakondu ahala, gero eta material solido gutxiago eta likido gehiago
azaleratzen da. Likido hori urtsua da, baina zulatzen den heinean, gero
eta hidrokarburo-kantitate handiagoak ditu esekita. Ateratzen den hondakin-ur
hori, isuri baino lehen araztu egin behar izaten da; horrek prozesua garestitu
egiten du, eta are gehiago itsasoko plataforma batean.
Petrolioa ateratzen
hasten denean, normalean, olioz estalitako hondar fina erauzten da. Hondar
hori ere poluitzaile-iturri nagusietako bat da. Baina beste produktu asko
erauzten dira prozesu horretan, metal astunak eta isotopo erradioaktiboak
barne. Horregatik, talde ekologistek kanpaina ugari jarri dituzte martxan
material horien isurketen aurka.
Petrolio-konpainiek
diru asko gastatu behar izaten dute hondakinak garbitu eta ura arazteko,
eta gastua askoz handiagoa da hobiak itsasoan edo poloetatik gertu daudenean.
Eta gogoratu behar da erreserba berri gehienak toki horietan daudela.
Beraz, petrolio gutxi egoteak ez ezik, hori aurkitzeko eta erauzteko behar
den teknologiak ere garestitzen du produktua.
Prezioaren
agintea
Orduan, berriz ere,
galdera bera: zenbat petrolio-upel gelditzen dira lurpean? Ez dago zehazki
esaterik. Beharbada, ez dugu inoiz jakingo. Adituen ustez, 2005etik aurrera
hasiko da ekoizpena urritzen. Kalkulu horren arabera, 2050 inguruan agortuko
dira erreserbak, gutxi gorabehera. Nolanahi ere, petrolioa garestitzen
den heinean, gizarteak beste energia-iturri batzuk ustiatzen hasi beharko
du.
 |
| Ipar
Itsasoan dauden plataformen mapa. Batzuetan gas naturala (urdinez)
eta beste batzuetan petrolioa (gorriz) erauzten dituzte. |
Petrolio-enpresek
badakite hori; horregatik, energia berriztagarrien inguruko ikerketa-sailak
jarri dituzte martxan. Dena dela, urteak beharko dira petrolio-hobi berrien
bilaketa amaitzeko, eta, bilatze horretan, ingurumena errespetatzeko itunak
aurrez aurre izaten dituzte enpresek eta gobernuek.
Horren adibidea Estatu
Batuetako gobernuak baimendu behar izan duen Artikoko esplorazioa da,
Alaskan; berez, babestutako eremua da.
Petrolioari
irteera eman nahian
Ingurumenaren ikuspuntutik,
petrolioaren erauzketak eztabaida asko sortu ditu, batez ere itsasoko
instalazioei dagokienez. 1970eko hamarkadan, itsaspeko hobien ustiaketa
sustatu zen, eta, horretarako, ehunka plataforma instalatu ziren munduan
zehar (gaur egun 635 daude mundu osoko itsasoetan). Plataforma horien
bizitza baliagarria hogei urte ingurukoa izateko instalatu ziren asko.
Epe hori pasatuta, hobi horiek ez zeuden agortuta, ezta gutxiagorik ere,
eta eztabaida sortu zen: desmuntatu egin behar ziren instalazio horiek?
Desmuntatze-lanak
asko aldatzen dira plataforma-motaren arabera. Ustiatzen duten itsas hondoa
ez bada oso sakona, plataformek hondoraino iristen diren hankak izaten
dituzte. Baina hondoa 150-200 metrora dagoen kasuetarako plataforma flotatzaileak
erabiltzen dira, ainguren bitartez finkatuta eta zementu-bloke handiekin
lotuta. Plataforma horiek desmuntatzeko garaian ez dira, hankadunekin
bezala, arazoak sortzen. Gainera, askotan plataforma osoa askatu eta hobi
batetik bestera garraia daiteke kostua merkatzeko. Batzuetan, plataformen
ordez itsasontziez baliatzen dira enpresak putzuak egiteko.
Ingurumenaren ikuspuntutik,
plataformen jarduerak eragiten duen kalte ekologikoa itsasontziek eragiten
dutena baino askoz txikiagoa izaten da. Dena dela, olioa, hondakin-ura
eta beste hainbat produktu isurtzen dituzte itsasora. Bestalde, plataformen
istripuak ez dira salbuespenak izan olio-industrian. Isurketa horiek itsas
biologian ere islatzen dira, eta hainbat espezieren populazioen gainbeherak
gertatu dira plataformen inguruan.
Korala
hanketan
Baina petrolio-plataformen
eta biologiaren arteko harremana ez da inolaz ere gai sinplea. Esate baterako,
1997an oso kasu berezia aurkitu zuten Eskoziako ozeanografo batzuek. Desmuntatzear
zeuden plataforma batzuen hanketan, Ipar Itsasoan, Lophelia pertusa
koralaren koloniak detektatu zituzten. Ur hotzeko korala da, baina Ipar
Itsasoan ez da agertzen, bertako hondoa hareazkoa delako, eta beraz, koloniek
ez dutelako euskarririk hazteko. Plataformen hankei, ordea, erraz eusten
diete.
 |
| Lophelia
pertusa korala ur hotzekoa da, eta, oro har, ez da Ipar Itsasoan
hazten; baina hango plataforma batzuen hanketan aurkitu izan dira
koloniak. |
Eztabaida arraro bat
sortu zen orduan. Ekologistek plataformak ez desmuntatzeko eskatzen zieten
petrolio-industriakoei. Azkenean, hitzarmen baten bitartez, osorik desmuntatu
beharrean, hainbat plataformaren hankak han utzi zituzten.
Zuzen jokatu zuten
kasu horretan ekologistek? Inguru horretan hazten ez den espezie bat 'ekarri'
egin zuten plataformek. Dena dela, beste irakurketa bat ere badu istorio
horrek: ustez hain sentikorra den koral-espezie batek hogei urtez hazteko
ahalmena izan du isuriak etengabe gertatzen diren gune batean.
Kasu hori itsasoko
biologiari buruzko ezjakintasunaren adierazgarria da; ez da hala?
|
Petrolioak
utzitako zuloa
Ez dago arrastorik
petrolioa erauzteak berak ingurumenean nolako eragina duen jakiteko.
Petrolioa milioika urtean egon da lurpean, eta orain gizakia etengabe
ari da ateratzen. Zer ondorio izango du horrek? Hidrosfera, biosfera,
atmosfera, ozonosfera eta litosfera aztertu ditu ekologiak.
Baina, 'oliosfera'
azter daiteke? Nolako eragina izan dezake petrolioa ez izateak?
Adibidez, erauzketa egin den tokietan aldagai geologiko lokalak
aldatu dira (presioa eta tenperatura, batez ere)? Lurrazalak hutsuneak
izateak ondoriorik izan du? Ingurune horietako konposizioaren gorabeherak
aztertzeak merezi du?
Ondoriorik
duen ala ez ezin da jakin, eta, izatekotan, neurtezina da. Petrolioa
lurrazalaren proportzio oso txikia izan arren, hainbat tokitan zegoen
kontzentratuta; izan ere, 37 olio-eremu supererraldoi ezagutzen
dira munduan, eta horietatik 26 arro arabiar-irandarrean daude.
Dena dela, kalterik eragiten ez badu ere, karbonoaren ziklo orokorrean
nolabaiteko etena da, eta bizidunek horretan hartzen dute parte.
Hidrokarburoek
jatorri fosila baldin badute, beraz, erreserbak agortzeak arazorik
ekar lezake. Helduko dio ekologiak inoiz azterketa-mota horri?
|
|