|
Hormona
kirolarien gernuan detektatu ahal izango da hemendik aurrera.
Kirolariei EPOaren
(eritropoietina) hormona detektatzeko proba berria nola egingo den argitaratuko
du Nature zientzia aldizkari ospetsuak gaur. Eritropoietina odoleko zelula
gorrien sorrera eragiten duen hormona da (eritropiesia). Txirrindulariek
eta beste atleta batzuk hormona hori legez kanpo erabiltzen dute giharretako
oxigeno kantitatea handitzeko. Horrek etekin fisikoa ere handitzen du,
ahalmen aerobikoa hobetzen duelako.
Nazioarteko Batzorde
Olinpikoak kirolean substantzia hori erabiltzea duela hamar urte debekatu
zuen. 1998ko Tourrean izan zen iskanbila EPOan izan zuen jatorria. Orduan,
beste hainbat kiroletan ere ohiko dopina zela argira atera zen. Gernu
probetan detektaezina gertatzen zen substantzia, proba egokirik ez zegoelako.
Baina orain, Parisen, dopinaren kontrako Frantziako laborategi nazionaleko
zientzialariek proba berria prestatu dute. Nature zientzia aldizkariak
gaurko alean emango du horren berri.
Lehen
urratsa, molekularen egitura
Oraingoan, Frantziako
zientzialariek ezaugarri ezberdinak topatu dituzte, oso txikiak badira
ere, bi EPO moten artean. Gernuaren barruan molekulak duen egitura zehaztea
izan da lehen urratsa. EPO naturalak besteak baino talde azido gehiago
dituela aurkitu zuten eta, ondorioz, karga banaketaz bereiz eta banatu
daitezke biak. Egitura gorputzaren barruko prozesuetan alda liteke, zientzialarien
ustez.
Probaren eraginkortasuna
neurtzeko izoztutako 102 gernu lagin erabili dira, guztiak 1998ko Tourreko
parte-hartzileen odoletik hartutakoak. Hogeita zortzitan EPOren kontzentrazio
handiak zeuden. Besteak kontzentrazio detektagarriaren azpitik zeuden.
Hamalau lagin kontzentratuenak erabili ziren EPO artifizialaren aztarnak
bilatzeko, eta guztietan mota horretako egitura aurkitu zuten. Metodo
berria baliagarria da proba luzeak dituzten kiroletan.
Gainera, sei hilabetez
etengabe hartutako EPOa ere atzeman daiteke. Hala ere, zientzialariek
adierazi dute proba berria konpetiziotik kanpo erabili beharko litzatekeela.
|