|
Poz
adina buruhauste eman dituen MIR espazio-estazio errusiarra desagertu
egingo da hilabete gutxi barru; lurrera ekarri eta itsasoan hondoratuko
dute. Est atu
Batuak, Kanada, Europa, Japonia eta baita Errusia ere Nazioarteko Espazio
Estazioaren eraikuntza-lanetan dabiltza orain burubelarri. MIRen ordezko
hobetua izango da estazio berria. Elhuyarrek bi proiektuak hurbiletik
ezagutzen dituen Léopold Eiharts Miarritzeko astronautarekin hitz
egiteko aukera izan du.
Laster
beteko dira bi urte MIRen ibili zinenetik. Zer egin duzu geroztik? Nazioarteko
Espazio Estazioaren proiektuan al zabiltza lanean?
MIR espazio-estazio
errusiarretik bueltan Frantziako Espazio Ikerketarako Zentro Nazionala
(CNES) utzi eta Europako Espazio Agentziarekin (ESA) hasi nintzen lanean.
1998ko abuztuan ESAk NASAren Johnson Zentrora (Houston-en, Texas) bidali
ninduen, ontziko ingeniari-posturako 2 urteko trebakuntza egin nezan.
Trebakuntza estatubatuarren transbordadore espazialean eta Nazioarteko
Espazio Estazioan (ISS) zentratuta dago. Formazioa 2000.eko udaberrian
bukatuko dut eta segidan bi proiektu horietan lanean ibiliko naiz, espazio-hegalaldi
baterako aukeratua izan bitartean.
Duela
gutxiko berria da "Zvezda" modulu errusiarraren jaurtitzearen
atzerapena eta dirudienez jaurtitzea ez da 2000.eko urtarrila baino lehen
izango. Martxa onean al doa Nazioarteko Estazioaren eraikuntza?
Modulu errusiarra,
Nazioarteko Espazio Estazioko bizilekua izango dena, egun jaurtitzeko
prest dago Baikonour-en, Kazakhstan-en. Egia da proiektua atzeratu egin
dela, baina azken atzerapenen erruduna estatubatuarren transbordadore
espazialak izan dituen arazo teknikoak dira. Horrelakoak askotan gertatzen
dira nazioarteko proiektuetan; partaide batzuen arazoek beste partaideengan
eragiten dute eta azkenean dena atzeratzen da.
2000.eko
martxoan iritsiko omen dira lehen hiru astronautak Nazioarteko Estaziora,
bi errusiar eta estatubatuar bat. Zeure burua ere han goian ikusten al
duzu?
Lehen esan bezala,
Nazioarteko Estazioan egingo diren proiekturen batean parte hartzea espero
dut, baina zaila da hori noiz izango den esatea; bi urte baino lehenago
ez behintzat. Beharbada estatubatuarren t ransbordadore
espazialean hegalaldi bat egingo dut Nazioarteko Estaziora joan aurretik.
Hala ere, gogotsu nabil lanean etorkizuneko bidaiei begira.
1998an
hiru asteko egonaldia egin zenuen MIR espazio-estazioan. Egonaldi hartan
biologia eta teknologiaren arloan zenbait ikerketa egin zenituen. Horiek
zehazki azaltzeak luze joko luke, baina hitz gutxitan azalduko al zeniguke
lan horiek zeintzuk izan ziren?
5 izan ziren MIR estazioan
egindako ikerketak:
Giza sistema kardiobaskularraren
azterketa: bihotz-erritmoaren, presio arterialaren eta odol-fluxuaren
neurketak egin nituen egoera desberdinetan (atsedenaldian, lotan, eguneroko
jardueretan, itxurazko grabitatepean), bizi-funtzio horiengan grabitate
ezak zuen eragina aztertu asmotan.
Neurozientziak:
esperientziaren helburua gizakiaren pertzepzioan eta mugimenduetan grabitate
ezak duen eragina aztertzea zen. Horretarako, zenbait estimulu-sentsorialen
eraginpean eta gailu desberdinen laguntzarekin, sistema informatikoan
zenbait lan egin behar nituen.
Lehen bi proiektu
horietan astronauta bera, hau da, ni bera nintzen ikerketa-gaia.
Biologia: oraingoan,
ikerketa-gaia arrabioak izan ziren. Ernari zeuden sei arrabio-eme eraman
nituen nirekin MIRera eta han, emeek errundako arrautzak lehenengo eta,
jaiotako kumeak ondoren, zaindu eta aztertu egin nituen. Arrautzak eta
kumeak ontzi berezitan jaso eta bideo-grabaketak egin nituen. Lurrera
bueltatutakoan, arrabio-amak zein kumeak laborategietara eraman ziren
haien garapena aztertzeko.
Fluidoen fisika:
esperientzia honetan puntu kritikoan (molekulak ez likido, ez solido diren
tenperatura- eta presio-egoeretan) zeuden karbono dioxidoz betetako zelulen
portaera behatu nuen; zelulen barnean gertatzen ziren fase-trantsizioak
eta bero-garraioak aztertzea zen helburua. Grabitate ezak egoera horietan
jazotzen diren fenomeno fisikoak hobeto behatzen laguntzen du. Esperientzia
ia automatikoa zen eta nire eginkizunak mantenimendu-lanak ziren batez
ere.
Teknologia:
Estazio osoan banatutako sentsore-sarearen laguntzaz, MIRek espazioan
zuen portaera dinamikoaren modelizazioa egitean zetzan azken proiektua.
Bigarren helburua
burdinazko sare-itxurako objektu arina aztertzea eta, grabitaterik gabeko
egoeran, estruktura sinpleen portaerei dagozkien eredu matematikoak baieztatzen
ziren ala ez ikustea zen. Horrelako testak ezin dira Lurrean gaudela egin.
Nahi
bezalako emaitzak lortu al zenituen ikerketa haietan?
Lehenengo lau proiektuetan
lortutako emaitzak oso onak izan ziren eta esperientzien jabe ziren laborategiek
behar zituzten datuak lortu zituzten. Teknologia-alorreko proiektua ordea
ezin izan nuen burutu, erabili beharreko aparatu batek huts egin baitzuen.
Proiektuetako
bat grabitate ezaren eraginei buruzkoa zen. Nola eragiten dio grabitate
ezak giza gorputzari?
Grabitate ezak muskuluei,
hezurrei, gorputzeko likidoei, orekari eta sistema kardiobaskularrari
eragiten die. Bidaia luzeetan (hilabete baino gehiagokoetan), egunero
ariketa fisikorik egin ezean, muskulu- eta hezur-masa galdu egiten dute
astronautek. Era berean, bihotzak potentzia txikiagoaz lan egiteko joera
du, eguneroko jarduerak murritzagoak direlako: ez dago korri egin, eskailerak
igo edo asko ibili beharrik. Gorputzeko likidoek gorantz egiten dute eta
horregatik izaten dute astronautek normalean baino aurpegi puztuagoa.
Gainera, gorputzak likido horien parte bat deuseztatzeko joera dauka eta
Lurrera itzulitakoan deshidratazio-arazoak izateko arriskua du astronautak.
Grabitate ezak orekan
ere eragiten du. Espazioko gaitza deritzona sufritzen dugu astronauta
gehienok, itsasgizonek izaten duten itsas gaitzaren antzekoa. Hegalaldiaren
lehenengo ordu edo egunetan, oreka mantentzeko arazoak izaten ditugu eta
Lurrera bueltatutakoan, bi edo hiru egun behar izaten ditugu oreka galdu
gabe ibili ahal izateko.
Astronauta
izatea txikitako ametsa zenuen. Une guztiz berezia izango zen, beraz,
MIR estazioan oina jarri zenuenekoa, ezta?
Bai, une oso bereziak
izan ziren horiek. Zirraragarria izan zen lehenengoz MIR estazioa espazioan
esekita ikusi nuen unea. Hainbeste denboran harekin amets egin ondoren,
zaila zen hura benetakoa zela sinistea. Hasieran, ikusten ari nintzena
egia ez zelako sentsazioa nuen. Aparteko zerbait bizi dudanaren sentipena
ere badaukat. Izan ere, MIR estazioa desagertu egingo da gutxi barru eta
ez dut berriro ikusiko, egunen batean beste estazio batera joaten banaiz
ere. Tristezia-puntu bat ere sortzen dit horrek.
Hala
da, bai. 13 urteko zerbitzua eskaini ondoren MIR estazioa 2000. urteko
martxoan edo apirilean botako dute behera errusiarrek. MIRekin zer gertatuko
den badakigu, baina, zer gertatzen zaie erretiroa hartzen duten satelite
guztiei? Espazioan geratzen al dira zabor gisa?
Orbita baxuko sateliteak,
hau da, Lurretik hurbilen daudenak, hilabete edo urte batzuen buruan Lurrera
erakarriak izango dira eta atmosferak sortzen duen marruskaduraren ondorioz
erre egingo dira. MIR estazioa ere orbita baxuko eraikina da, baina segurtasunagatik,
hura modu kontrolatuan lurreratuko da. Bereziki prestatutako "Progress"
espazio-ontzi batek ekarriko du MIR estazioa eta itsasora eroriko da.
Hala ere, MIR ez dago erorketan atmosferak sortuko dion marruskadura jasateko
prestatua eta, ondorioz, ozeanora iritsi aurretik gehiena suntsitu egingo
da.
Bestetik, telekomunikazio-sateliteen
antzera orbita altukoak (Lurretik 36.000 km-ra daude) diren sateliteak
ia betirako geratuko dira bertan. Orbita geoegonkorrak, dituzten ezaugarri
bereziengatik, oso preziatuak dira eta plaza-kopurua nahiko mugatua da.
Horregatik, erabilgaitz geratuko diren sateliteak orbita horietatik atera
egin behar dira, berriei lekua uzteko.
Herrialde
desberdinetako espazio-agentziek ba al dute espazioko zabor horiek kudeatzeko
planik?
Ez, zabor horiek kudeatzeko
plan zehatzik ez dago. Gaur egungo ahaleginak zaborrak sortzea mugatzera
daude bideratuak, espazioan dagoen hondakin-kopuru handia satelite berrientzat
arriskutsua baita. Esaterako, satelite berri batzuk neurri txikiko hondakinekin
egindako talken ondorioz galdu egin direla uste da. 10 cm baino handiagoak
diren hondakinak radar bidez antzeman eta zenbakitu daitezke, baina txikiagoak
satelite eta espazio-ontzientzat mehatxu handia dira.
Orbita baxuak atmosfera
berak garbitzen ditu eta neurri txikiko hondakin gehiago sortu ezean etorkizunean
seguruak izango dira. Baina orbita altuetan hondakinak denbora luzeagoz
dira arriskutsuak. Gaur egungo ahalegina, beraz, hondakin horien kopurua
murriztera bideratua dago. Esaterako, espazio-jaurtigailuek eztanda egin
ez dezaten edo, jaurtiki ondoren, berriz lurrera ekar daitezen, aruak
ezartzen ari dira.
Sateliteei dagokienez
arauak ezartzea zailagoa da, hori kostu ekonomiko gehigarria baita jada
lehia ikaragarria den alorrean. Alderdi horretan bederen konponbidea politikoa
da batik bat.
Frantziako
CNESen hasi zenuen zure astronauta-karrera, ondoren ESAn ibili zara lanean
eta Errusian ere egin dituzu egonaldiak. Orain NASAk Houston-en duen zentroan
zaude. Espazioaren ikerketan
nazioarteko elkarlanaren adibide bikaina zarela esango genuke. Nazioarteko
elkarlana osasuntsu ikusten al duzu?
Lehen
esan bezala, orain NASAko zentro batean nabil lanean, baina beti ere ESAko
astronauta bezala. Europak ez du hegalaldi-gidatuak gauzatzeko biderik
eta Estatu Batuekin edo Errusiarekin batera lan egitea beste aukerarik
ez du. Elkarlana, bai hemen eta bai MIRean egon nintzenean, nire eguneroko
errealitatea da. Etorkizunera begira nazioarteko elkarlana ezinbestekoa
izango da, ikerketa espazialak duen kostu handia eta errentagarritasun
komertzial txikia kontuan izanik.
Guretzat, elkarlana
kultura anitzeko ingurune batean bizitzeko eta lan egiteko aukera paregabea
da. Nazioarteko Estazioan estatubatuarrak, errusiarrak, kanadarrak, europarrak
eta japoniarrak ari dira elkarlanean eta beharbada herrialde gehiago izango
dira etorkizunean. Nazioarteko Estazioa herrialde horiek guztiek modu
bateratuan burutzen duten garrantzizko lehen proiektu baketsua da.
Azken
urteotan Europak gorakada handia izan du espazioaren ikerketari dagokionez.
Maila onean ikusten al duzu Europa?
Europa oso lehiakorra
da; espazio-jaurtigailuen, satelite komertzialen eta espazioko zientzien
alorrean bereziki. Espazio-hegalaldiei dagokienez ordea, epe luzerako
sen faltagatik Europa ez dago dauzkan ahalbide teknologiko eta ekonomikoen
mailan. Nire iritziz etorkizuneko erronkei begira eta, batik bat, planeten
esplorazioari eta gizakiaren bidezko espazioaren ikerkuntzari dagokionez,
ahulezia nabaria da hori. Hala ere, Europak Nazioarteko Estazioan parte
hartzea erabaki du eta hori oso positiboa da. Europak espazioaren ikerkuntzan
aurrera egitea bai ala ez erabaki politikoa da berriz ere; eta guri guztioi
dagokigu ideia hori bultzatzen laguntzea.
XXI.
mendeari begira, zeintzuk dira gizakiaren erronka nagusiak espazioaren
ikerkuntzan?
Jarduera espazialak
anitzak izanik, erronkak ere anitzak dira. Nire ustez erronka nagusiak
jaurtigailuen eta propultsio espazialaren alorrean daude. Jaurtigailuentzat
teknologia berria garatuz gero sateliteen espazioratze-kostuak murriztu
egingo lirateke eta, horrek, espazioaren ustiaketa komertziala bultzatuko
luke.
Espazio-ontzien propultsiorako
sistema iraultzaileen garapena eta, ondorioz, espazio-bidaien iraupenaren
murrizketa berriz, Eguzki Sistemako (eta harantzagoko) planeten esplorazioaren
gakoa izango dira. Egun, "hurbil" dauden planetetara iristeko
behar den denbora hilabete edo urtetan zenbatzen dugu; bihar, agian aste
edo egunetan zenbatuko dugu denbora hori. Bihar noiz izango den ez dakigu
ordea.
|