|
Garai batean,
onenak irabazten zuen, buru hotza eta gorputz ahaltsua zuenak, alegia.
Orain ere antzekoa gertatzen da, baina punta-puntan egoteko behar diren
ezaugarri berezi horiek edukitzeaz gain, kirolariek zientziaren eta teknologiaren
laguntza dute. Hain zuzen, zientziari eta aurrerapen teknologikoei etekin
guztia ateratzen jakitean egon daiteke podiumean lehenengoa edo bigarrena
izatearen gakoa.
 |
|
Bainu-jantziak
nabarmen aldatu dira; ikusi bestela marrazo-azalaren tankerako bainu-jantzi
horiek.
|
Aldaketa urte gutxitan
gertatu da. Gezurra badirudi ere, 1980ko hamarkadan, Zola Budd emakume
hegoafrikarrak distantzia erdiko lasterketetan orduko marka guztiak ondu
zituen, eta oinutsik egiten zuen lasterka! Gaur egun, berriz, jardueraren
eta kirolarien
apeten araberako oinetakoak daramatzate. Bakoitzaren neurrira egiten dira,
eta
aire-ganberaz, aireztatze-sistemaz eta beste hamaika aurrerapenez hornituta
daude.
Arropen bilakaera
ere ikusgarria izan da. Lehengo kotoizko elastiko eta galtzamotzen ordez,
izerdia kanporatzen duten ehunez egindako arropak janzten dituzte. Diseinua
erabat aldatu da: mugimenduak errazteko eta marruskadura gutxitzeko, elastikoak
dira eta gorputzera egokitzen dira. Gainera, itxuraren aldetik, modari
zuzenean lotuta daude; batzuetan, kirolariak berak jartzen du modan janzkera
bat. Izan ere, goi-mailako atletak gizartearen izarrak dira.
Eta halaxe zaintzen
dira. Fisiologiak gorputzaren funtzionamendua aztertzen du, eta dietetikak
elikaduraren eragina osasunean. Hori guztia kirolari aplikatuta, kirolariek
inoiz baino hobeto trebatzeko eta elikatzeko aukera dute. Horri esker,
kirolarien gorputza egiten duten kirolari moldatzen da, zein gihar landu
behar duten esaten zaie, eta errendimendu handiena lortzeko zer edan eta
jan behar duten ere badakite. Gorputzean itsatsitako sentsoreen bidez,
bihotz-taupadak neurtzeaz gain, odoleko hainbat parametro ere neur daitezke;
hala, kirolari bakoitzaren gorputzak nola erantzuten duen ikus daiteke.
Are gehiago, kirolariak eskumuturrean daraman monitorean ikus ditzake
neurketa horiek.
 |
|
Materialetan,
oinetakoetan, teknikan... denean antzematen da aurrerapen teknologikoaren
eragina.
|
Astronautei zuzendutako
ikerketek ere izan dute aplikazioa kirolean. Astronautentzako prestatutako
janari eta edari bereziak ezin egokiagoak dira behar den energia guztia
toki gutxian eramateko.
Lurrean
bezala, uretan
Teknika hobetzeko
ere,
punta-puntako sistemak erabiltzen dira. Kirolarien mugimenduak iruditan
jaso eta geldotzeko aukera dago, eta gero mugimenduak findu eta zuzendu
egin daitezke. Gauza bera egiten da jaurtiketako kiroletan: gailuaren
ibilbideari jarraipena egin eta jaurtitzean egindako akatsak antzeman
daitezke.
Tresnak erabiltzen
diren kirol guztietan egon dira aldaketak. Material berriak sortu dira,
eta lehen baino tresna arinagoak, malguagoak, aerodinamikoagoak edota
iraunkorragoak egin dira. Bizikletetan, esaterako nabarmena da bilakaera.
Horri esker, txirrindulariek kilometro gehiago egiten dituzte egunean,
azkarrago joaten dira, eta hori lortzeko ez dute ahalegin handiagoa egin
beharrik.
Gainera, txirrindularien
osasunaz kezkatuta, diseinu bereziko eserlekuak garatu dituzte. Medikuek
egindako azterketen arabera, txirrindulari askok arazoak izaten dituzte
ugal-aparatuan; eserlekuaren aurkako marruskadurak hantura, sentikortasun-galera
eta sexu-arazoak sorrarazten ditu. Hori saihesteko, ugal-aparatuaren nerbioekin
eta zainekin kontaktuan dauden zatiak kendu eta eserleku berezia asmatu
dute.
Eta igerilekuetan
zerbait aldatzea zaila iruditu arren, olatuen interferentziak saihesteko
diseinatuta daude orain. Gainera, birak azkarrago eman ahal izateko, paretak
ez dira lehen bezain labainkorrak. Bainu-jantziak ere berritu dira. Ian
Thorpe-k Joko Olinpikoetan errekorra lortu zuenean, marrazoaren azalaren
itxurako bainu-jantzia zeraman; ondotik, hainbatek erabili du modelo hori,
nahiz eta jakin horregatik ez duela inolako errekorrik hausterik lortuko,
noski.
 |
|
Aire-ganbera,
egitura berezia, aireztatze-sistema... zer ez dute oraingo oinetakoek?
|
Hain zuzen ere, horixe
da aurrerapen teknologikoek egiten duten bidea: eliteko kirolarientzat
asmatu, eta laster dira edonoren eskura. Zalantzarik gabe, asteburuko
kirolzale saiatuarentzat jostailu politak dira. Eta, dena esatekotan,
garestiak ere bai batzuetan. Baina motibazioan irabazten omen da.
Baloiak
eta pilotak biribilak izaten jarraitzen dute
Futbolean baloia,
botak, arropak, zelaia, teknika.... ia dena aldatu da. Arbitroarekiko
gorroto-amodio jokoa eta iskanbilarako aukera dira bere horretan dirauten
bakarrak: hau penaltia dela, bestea falta izan dela, eta, batez ere, harako
hura jokoz kanpo zegoela gola sartu duenean... Orain, eztabaidarekin bukatzeko
modua asmatu dute Alemanian.
Une oro jokalarien
eta baloiaren kokapen zehatzak zein diren jakiteko, mikrouhinetan oinarritutako
sistema bat aurkeztu dute. Jokalari bakoitzak kreditu-txartelaren neurriko
mikrouhinen transmisore bat darama galtzerdian, zango-bizkarraren babeslean,
eta baloiak berriz, babarrun-ale baten neurriko beste transmisore bat
du barruan. Transmisore bakoitzak ehunka seinale bidaltzen ditu segundoko,
eta seinale horiek 10 antenaren bidez jasotzen dira.
Datu horiek guztiak
ordenagailu batean biltzen dira. Hartara, momentu bakoitzean jakin daiteke
non dauden bai jokalariak bai baloia, eta jokoz kanpoko jokaldia gertatu
orduko, alarma pizten da.Dena
dela, ez ote dio horrek gatza eta piperra kenduko futbolari?
 |
|
Kirolariak gizartearen
izar bihurtu dira, eta haien janzkera eta itxura modan daude.
|
Pilotan, berriz, bestelakoa
izan da teknologiaren eragina. Kirol tradizionala izan arren,
pixkana-pixkana izan dira aldaketak. Esate baterako, erremontean eta zesta-puntan
plastikozko zestak erabiltzen dira, eta eskuzko jokorako pilotak ere izan
du bilakaera. Oraingoek polipropilenozko edo latexeko bihotza dute, eta
auskalo zenbat iraungo duen artisauak eskuz egindako pilotak. Askok uste
dute pilota homologatzeko beharra dagoela, nahiz eta beste asko eta askoren
iritziz pilota-aukeraketarik gabe jokoak xarma galduko lukeen. Nolanahi
ere, EHUn polimerozko pilota garatzeko proiektu bat dute. Baten batek
esango lukeen bezala: hamaika ikusteko jaioak gara!
7k-n
argitaratua
|