|
Bena edo zainetako
gutxiegitasunak gero eta pertsona gehiagori eragiten dio. Gaur egun, esan
daiteke hiru emakumetik batek pisutsu sentitzen dituela hankak. Eta, zenbait
kasutan, hain itsusiak iruditzen zaizkigun barizeak eta ultzerak ere agertzen
dira. Nola lortu zangoak arin edukitzea? Zirkulazio onarekin. Eta, horrek
zer esan nahi du? Kirola egitea, osasuntsu jatea eta ohitura desegoki
batzuk aldatzea.
Emakumeek joera handiagoa
dute gizonezkoek baino bena edo zainetako gutxiegitasuna jasateko (haurdunaldiak,
hilekoaren inguruan gertatu ohi diren hormona-desorekak eta antisorgailuak
hartzea dira joera handiago horren arrazoi nagusiak). Eta, horren kontra,
odolaren zirkulazioa bizkortzea da soluziorik onena. Horrela, zangoak
puztea ekiditeaz gain, likido gutxiago atxikiko dugu, zelulitisaren kontra
babestu eta barizeen aurrean hesi edo traba moduko bat eratu.
Zangoak
babestu
Gehiegizko
beroa ez da batere ona odol-zirkulazioarentzat, beroak basodilatazioa
eragiten duelako. Horregatik ez da komeni eguzkitan denbora gehiegi ematea;
hobe da aldian behin hankak freskatzea. Kontuz dutxatzerakoan edo bainua
hartzerakoan uraren tenperatura beroarekin, hobe da ur beroa hotzarekin
txandatzea. Gainera, hankak argizariarekin depilatzen badituzu, aukeran
hobe argizari epela edo hotza erabiltzea.
Arropa
erosoak erabili
Aldaka eta izterretan
arropa estuak eramateak ez dio odolari libre zirkulatzen uzten. Gauza
bera gertatzen da oina estutzen duten zapatekin, takoi oso altuekin edota
zola eta oin-bular zurrunak dituzten sandaliekin ere. Oinaren zatirik
minberena oinzola da, oina lurrean jartzen dugun bakoitzean ponpa-moduan
jokatzen baitu, odola gorantz bultzatuz, eta zirkulazioari eraginez.
Dieta
osasuntsua
Soberan dauzkazun
kilo horiek ere ez diote batere laguntzen odol-zirkulazioari zure beheko
gorputz-adarretan. Gainpisuak odol-hodien lana oztopatzen du eta ez dio
odolari gorputz osoan libre korritzen uzten.
Ura, ezinbestekoa
Ura da hankak arintzeko
edaririk onena. Likidoak eta toxinak kanporatzen lagunduko dizu. Egunean
pare bat litro ur edatea gomendatzen da, odolak bizkor korritu dezan zain
eta arterietan.
Janari diuretikoak
Uraz gain, edan zuku
naturalak, eta baita giltzurrunen lana errazten duten bestelako elikagaiak
ere (patatak edo tomatea, adib.). Kontuz gatzarekin, eta ahal izanez gero
ez edan kaferik, ezta terik ere.
Zenbat eta gantz
gutxiago, hobe
Silizio asko duten
jakiek (tipula eta baratxuria, esaterako), E bitamina dutenek (oliba-olio
birjina), eta C bitaminan aberatsak direnek (zitrikoak) odol-zirkulazioa
aktibatzen dute. Ez jan haragi gorririk, enbutido eta hestebeterik, ezta
frijiturik ere. Hobeak dira arrain urdina eta entsaladak.
Zuntza idorreriaren
kontra
Idorreriak zangoetako
nekea ekartzen du, hesteek beheko gorputz-adarren goraztapenaz arduratzen
diren odol-hodien gain egiten duten presioagatik. Presio hori saihesteko,
hesteei beren lana normal egiten lagundu behar zaie, janari integralekin,
fruta eta barazki freskoekin eta lekaleekin.
Mugitu
zangoak
Kirola oso egokia
da gorputza arintzeko. Muskuluak mugitzen direnean, zainei eragin eta
odola gorputz osoan barrena hedatzea lortzen da. Astean ordu-pare bateko
ariketa nahikoa izan daiteke. Baina egunero-egunero bizpahiru kilometro
ibiltzea baino gauza hoberik ez da.
Ibili, ibili, ibili
 |
| Astean
ordu-pare bateko ariketa nahikoa izan daiteke. Baina egunero-egunero
bizpahiru kilometro ibiltzea baino gauza hoberik ez da. |
Kontua ez da gustuko
dendetako erakusleihoak ikusiz poliki-poliki paseatzea. Odol-zirkulazioa
hobetzeko, pauso bizkorrean ibili behar da, eta horretarako oinetako erosoak
behar dira. Hondartzan ibiltzeko aukera edukiz gero, ez alferrik galdu.
Itsasoko urarekin eta hondarrarekin, zangoetako tentsioa deskargatzea
lortzen da. Itsasoaren faltan, belarretan ibiltzea ere ona da, edo baita
etxeko moketaren gainean ere, baina oinutsik.
Jarri hankak goian
Hori baino gauza errazagorik,
gutxi: atseden hartzerakoan, edo baita lo egiterakoan ere, hankak maila
horizontala baino hamar bat zentimetro gorago jarriz gero, bihotzaren
maila berean geratuko dira.
Postura txarrak
saihestu
Denbora luzean zutik
egotea, edo baita eserita ere, hankak gurutzatuta, ez da batere egokia.
Saia zaitez noizean behin paseotxoak egiten. Telebista ikusterakoan ere,
oinak pixka bat altxatuta edukitzea komeni da, oin-euskarriren bat erabiliz,
adibidez.
|
Terapiarik
onena, prebentzioa
Zirkulazio-arazoak
dituzten emakumeen % 30ek azkenean barizeak edukitzen dituzte zangoetan.
Beste kasu askotan bezala, prebentzioa da biderik onena, behin barizea
sortu ondoren, tratamendu medikoa behar baita arazoa konpontzeko.
- Ariketa
fisikoa
Erresistentziako kirolak (igeriketa, bizikleta edo korrika egitea)
dira gehien gomendatzen direnak. Noski, ibiltzea ahaztu gabe.
Edo hiru bat kilometroko ibilaldia egunero, edo paseo laburragoak,
baina sarri. Etxeko eskailerak igo eta jaistea ere oso ona da.
- Herentzia
genetikoa
Barizeak, berez, ez dira hereditarioak, baina bai, ordea, horiek
jasateko joera. Adituek diotenez, barizeak dituzten andreen alabek
% 60ko probabilitatea dute barizeak izateko.
- Tratamendua
ezinbestekoa da?
Barizeek min ematen ez badute, eta arrazoi estetikoengatik ez
bada, ez dira tratatu behar. Baina mina edota beste konplikazioren
bat agertuz gero (ultzerak, adibidez), medikuaren kontrola beharrezkoa
da.
- Haurdunaldia
Familian aurrekaririk izanez gero, eta haurdun geratu aurretik
molestiarik sentitu bada, hobe medikuari esatea, neurriak hartzeko.
- Zirkulazioari
ez trabarik jarri
Ez erabili faxarik, ezta galtza edo gerriko estuegirik ere. Gaur
egun badira zango astunentzat diseinatutako galtzerdi elastiko
bereziak.
|
|