|
Gizakiaren lagunik
onenari buruz, txakurrari buruz, hainbat ikerketa egin dituzte azkenaldian
eta, dirudienez, gizakia eta txakurra uste baino lehenagotik bizi dira
elkarrekin.
Gizakiak
Asiatik Ameriketara migratu zuenean, dagoeneko bazeraman txakurra berekin.
Hori da Stockholm-eko Institutu Teknikoko biologo-talde batek ondorioztatu
duena. Horretarako, otsoen eta txakur-arrazen mDNA-k (DNA mitokondrialak)
konparatu dituzte.
Hala, otsoa eta txakurra
duela 15.000 urte banatu zirela jakin dute, hau da, orduan etxekotu zela
txakurra. Gainera, Asia ekialdean dauden txakur arrazetan Europan, Asia
mendebaldean eta Amerikan baino aberastasun genetiko handiagoa aurkitu
dute. Horregatik, ikertzaileen ustez, litekeena da txakurrak Asia ekialdean
etxekotu eta hortik mundu osora zabaltzea.
Estatu
Batuetan egin duten beste ikerketa genetiko batek ere suediarren teoria
berretsi du. Ipar eta Hego Amerikako aztarnategietan aurkitutako txakur-fosilen
mDNA aztertuta, Amerikako txakur-arrazak ere Asiatik etorri zirela ondorioztatu
dute. Gainera, datak bat datoz suediarren hurbilketarekin; diotenez, txakurra
duela 12.000-14.000 urte heldu zen Amerikara.
Garai haietatik hona
gizakiaren eta txakurraren arteko lotura oso estua bilakatu dela esan
beharrik ere ez dago, eta argitaratu duten hirugarren ikerketa batek hori
egiaztatu besterik ez du egin. Londresko Zoologia Institutuan eginiko
ikerketaren arabera, txakurra da gizakiaren keinuak hobekien ezagutzen
eta interpretatzen dituen animalia. Bien arteko elkarbizitza luzearen
ondorio zuzena da hori, zalantzarik gabe.
|