|
Sarri egin izan
dio eta egiten dio gizakiak izenburuko galdera bere buruari. Alferrik
oraingoz, Lurretik kanpo ez baita bizitza aztarnarik sekula aurkitu. Eta
bila ari, ari da. Lurrean eta Lurraren orbitan dauden teleskopio
ahaltsuenek tokirik urrunenak arakatzen dituzte. Exoplanetak dira orain
helburua; hau da, Eguzki Sistematik kanpo dauden planetak. Dagoeneko 100
aurkitu dira eta, unibertsoa hain zabala izanda, askoz ere gehiago aurkituko
dira. Beste norbait ba ote dago? Oraindik goizegi da horri erantzuteko.
Eguzki
Sistematik harantzago aurkitu den azken planetaren berria udazkenarekin
batera iritsi da. Dauden datuen arabera, planeta hori, tamainaz, Jupiterren
antzekoa da. Lau urtetik behin Tau 1 Gruis izeneko izarraren inguruan
egiten du bira. Lurretik 100 argi-urtera dago eta bere izarretik ia 500.000.000
kilometrora.
Udazkeneko hego haizearekin
iritsi dira azken exoplanetari buruzko berriak, lehendik ere gai horri
buruzko interesa handia izan den arren. Izan ere, gizateriaren historian
ez dira gutxi izan unibertsoan bakarrik gauden edo ez jakin nahi izan
duten fisolofoak eta zientzialariak. 2000 urte iragan dira Epicuro filosofoa
bizi izan zenetik. Hark bere hipotesia idatzirik utzi zuen: "unibertsoan
gurea bezalako mundu ugari daude, antzeko zibilizazioekin". Milurteko
bi igaro behar izan dira lehen exoplanetak aurkitzeko; oraingoz, baina,
ez dute gurearen antz handirik.
Exoplaneten bilaketa
sistematikoa 1988. urtean hasi zen Estatu Batuetako bi unibertsitatetan,
baina aurkikuntza duela urte gutxikoa da. Lehen exoplaneta Haute-Provence-eko
behatokian, Frantzian, aurkitu zuten Michel Mayor eta Didier Queloz frantziarrek
1995. urtean. 51 Pegasi izena jarri zioten. Planeta aurkitu bazuten ere,
oraindik ezin izan da ikusi ez hura, ez beste exoplanetarik.
Hainbat datu eta neurketa kontuan hartu eta gero ondorioztatu zuten exoplaneta
egon bazegoela.
Duela
gutxi arte, zientzialariek ez dute ez teknikarik ez eta tresna egokirik
izan exoplanetak aurkitu ahal izateko. Hubble espazioko teleskopioa orbitan
jarri zutenean hasi ziren izarrak eratzen diren guneak behatzen. Behaketa
haien ondorioz, pulsarren inguruan biraka ari ziren planetak aurkitu zituztela
iragarri zuten 1990. urtean. Pulsarrak bizkor-bizkor biratzen diren izar
trinkoak dira, eta biratzean erradiazio elektromagnetikoa igortzen dute.
Izarren biratze-ardatzaren norabidea egokia bada, erradiazio hori Lurretik
ere detekta daiteke. Kasu hartan iragarpena okerra izan zen, datuak ez
zirelako behar bezala hartu. Dena den, gerora agertu dira pulsarren inguruan
biraka dabiltzan planetak.
100 exoplaneta besterik
aurkitu ez badira ere, argi dago izarretako askok planetak dituztela inguruan.
Oraindik ez dago gauza gehiegi jakiterik planeta horiei buruz, izarren
argiak ia ikusezin bihurtzen baititu. Jupiterren antzekoak dira gehienak,
baina hori, hein handi batean, bilaketa-metodoaren ondorioa izan liteke,
masa handiena duten planetak bilatzea errazagoa baita. Exoplaneten inguruan
egin diren behaketek argi samar zehazten dituzte planeta horien orbitak,
eta harrigarriena eszentrikotasun handia da.
Eguzki
Sistemako planeta gehienen eszentrikotasuna oso txikia da; hau da, beren
orbita ia bi rIbila da. Exoplaneta gehienen orbitak, aldiz, askoz ere
eliptikoagoak dira. Gaur egun dauden datuen arabera, ezin da esan ortziaren
guneren baten bestean baino exoplaneta gehiago edo gutxiago dagoela. Are
eta gehiago, aurkitu diren exoplaneten kokapen-mapa eginez gero, argi
ikusten da inongo ordenarik gabe sakabanatuta daudela espazioan, izarren
baten inguruan beti ere. Datu horiek kontuan hartuta, nekez esan liteke
zerbait exoplaneten kopuruari buruz, tresneria berriena erabili den arren
ustez exoplaneta handienak baino aurkitu ez direlako. Horrek, jakina,
ez du esan nahi planeta txikiagorik ez dagoela.
Nola
eratzen dira planeta-sistemak?
Exoplanetak aurkitzeak
datu eta bide berriak ireki ditu planeta-sistemak nola eratzen diren ikertzen
ari diren zientzialarientzat. Gai horri buruz dagoen teoriarik hedatuenak
dioenez, izar nagusia sortzen duen lainoa uzkurtu eta gero, disko protoplanetario
bat osatzen da, protoplaneten kondentsazioa eragingo duen diskoa. Protoplaneta
horiek materiala biltzen dute gutxinaka-gutxinaka, urteak igarota planetak
eratzen diren arte.
Lehen
disko protoplanetarioa 1983. urtean aurkitu zen, Beta Pictoris izarraren
inguruan eta 61,5 argi-urteko distantziara. Ordutik, Hubble espazioko
teleskopioaren lanari esker batez ere, disko gehiago identifikatu dira
izarren inguruan. Fenomenoa berri samarra denez, horrelako diskoak urri
samarrak zirela uste zen. Errealitatea, ordea, bestelakoa da; izar gazteen
inguruan biraka ari diren disko dezente aurkitu dira. Ordura arte ez ikustea
ez zen urriak izateagatik, behaketak egiteko tresneria egokia ez edukitzeagatik
baizik. Izan ere, Hubble espazio-teleskopioa da disko protoplanetarioak
aurkitzen ari den tresna nagusia. Horretarako, izarren sorgune diren tokiak
begiratzen ditu, nebulosak.
Gaur egungo teorien
arabera, izarretatik gertu ezin dira eratu planeta erraldoiak. Hala ere,
aurkitu diren planetetako askoren masa Jupiterren bestekoa da erraldoiak
dira beraz, eta teoria gehienek diotena baino askoz ere hurbilago
daude izarraretik. Kontraesan horrek azalpen bakarra izan dezake: gasez
osatutako planeta horiek izarretik askoz ere urrunago eratu ziren eta
poliki-poliki sistemaren barnealderantz -izarrerantz mugitu
dira. Kometa batzuekin, adibidez, egiaztatu ahal izan da hori.
Lehen
disko protoplanetarioa 1983an aurkitu bazen ere, Eguzki Sistematik kanpoko
lehen planeta-sistema 1998an identifikatu zen. Ordurako zientzialariek
bazekiten Upsilon Andromedae izarraren inguruan bazela planeta bat. Planeta
haren mugimenduari buruzko datuek inguruan planeta gehiago egon zitekeela
pentsarazten zuten. 1998an zientzialariek egiaztatu zuten Upsilon Andromedae
izarraren inguruan hiru planeta zeudela. Hiru planeta horietatik bi izarretik
gertu samar daude, eta hirugarrena urrutiago.
Exoplanetekin zerikusia
duten beste astro batzuk nano marroiak dira. Izarrak dira, baina, masa
txikia dutenez, ez dira barne erreakzio nuklearrak garatzeko gai; ohiko
izarrak, aldiz, bai. Orduan, zer alde dute planetek eta nano marroiek?
Oinarrian aldea eratzeko prozesuan dago. Izar nano marroiak gasezko lainoen
kondentsazioaren ondorioz sortzen dira; planetak, berriz, izarra eratu
eta gero geratzen den diskoaren ondorioz. Lehen izar nano marroia Teideko
behatokiko zientzialariek aurkitu zuten 1995ean. Jakina, ordutik izar
nano marroi gehiago aurkitu eta teleskopio infragorrien bidez ikusi ere
egin ahal izan dira, baina bestela ez dago ikusterik, planetek baino askoz
ere argitasun handiagoa dute eta. Beraz, izar nano marroiak izarren eta
planeten arteko zubiak dira, tamaina horretako astroak era daitezkeela
erakusten baitute.
Nola
detektatzen dira exoplanetak?
Izarren
barruan erreakzio nuklearrak gertatzen dira, horregatik dute berezko argia;
planetek, aldiz, ia ez dute erradiazio propiorik igortzen. Horregatik,
planetak ikusi ahal izateko, izarrean sortu eta planetetan islatzen den
argia jaso behar izaten da. Hala ere, izarrek distira handia izaten dute
eta, askotan, distira horrek inguruan biraka ari diren planetetako argien
isla estaltzen dute. Eguzkia, bistara, edozein planeta baino bilioi bat
aldiz argiagoa da. Baina argi horri berari teleskopio infragorriekin begiratzen
bazaio, milioi bat aldiz energia gutxiago bidaltzen du. Hortaz, behaketa
zuzena egin nahi bada, zentzuzkoena teleskopio infragorriak erabiltzea
da.
Dena den, oraindik
ezin izan da zuzenean exoplanetarik ikusi; horregatik, lehen saiakerak
bestelako datuetan oinarrituta egin dira. Teleskopio handiagoak eta hobeak
egiten ari direnez, espero da etorkizunean planetak zuzenean ikusi ahal
izango direla. Orduan, beste teknika batzuk erabilita, atmosferaren ezaugarri
nagusiak zeintzuk diren eta planetetako lurzoruaren osagaiak zeintzuk
diren jakin ahal izango da. Orain astrometriak, Doppler efektuan oinarritutako
sistemak, planeten igarotzea, zuzeneko behaketak, eta pulsarren periodoetako
irregulartasunak erabiltzen dira.
Exoplanetak
aurkitzeko sistemetariko bat planeta horiek izar nagusian eragiten duten
perturbazioetan oinarritzen da. Izarrek zeruan duten posizioa finko samarra
da, baina ezerabatekoa. Izarrek badute berezko mugimendua, neur daitekeen
mugimendua alegia. Newton-en grabitazio-legearen arabera, masa duen edozein
gauzak gainerako gauzekiko nolabaiteko erakarpen-indarra eragiten du.
Hori kontuan hartuta, exoplanetak izar nagusia erakartzen ahaleginduko
direla pentsatzea da bidezkoena. Beraz, izarretan oszilazio-mugimenduak
identifikatzen badira, horrek esan nahiko du inguruan zerbait baduela
biraka. Dena den, sistema hori erabiltzeko, neurketa asko eta zehatz-zehatzak
egin behar izaten dira. Doppler efektuan oinarritutako behaketak fidagarriagoak
izaten dira. Behaketa horietan ere mugimendua neurtzen da, mugimenduaren
uhinen maiztasunean gertatzen diren aldaketak. Pulsarren -neutroiez
osatutako izarrak mugimendu-aldaketen neurketekin ere beste hainbeste
egiten da.
Planeten igarotzea
zainduta ere detekta daitezke exoplanetak. Gaur egungo tresnekin eta teknikekin
ezin dira exoplanetak ikusi, besteak beste, exoplanetek oso argi gutxi
igortzen dutelako. Baina, biraka ari dela planeta izar nagusiaren aurretik
igarotzen bada, izar nagusiaren distira txikiagoa izango denez, antzeman
egingo da. Efektu hori planeta Lurraren eta izarraren artetik igarotzen
bada baino ezin da nabaritu, orbitaren makurdura 90 gradukoa denean Lurretik
begiratuta. Izarraren distiran gertatzen diren aldaketak planetak igarotzearen
ondorio badira, aldaketa horiek ziklikoak izan behar dute, planetaren
traslazio periodoaren araberakoak.
Aipatutako
behaketa ez zuzenez gain, exoplanetak aurkitzeko behaketa zuzenak ere
egiten ari dira. Bide horretatik oraindik ez da emaitzarik lortu, baina
egunen batean agertuko dira. Izan ere, gero eta teleskopio handiagoak
egiten dira, argia detektatzeko gaitasun handiagokoak. Dena den, handitasunak
mugak ditu, ispiluak handiegiak badira egiturek ez baitiote pisuari behar
bezala eutsiko eta ondorioz behaketak ez baitira zehatzak izango. Handitasunean
mugak daudenez, teleskopioen arteko elkarlan-sistemak garatzen ari dira,
baina oraindik koordinazio-arazoren bat edo beste badago.
Espazio-teleskopioen
bidea ere egiten ari da, nahiz eta oso garestia izan. Eta, azkenik, teleskopio
infragorri indartsuak egiteko aukera geratzen da. Bide horietan guztietan
aurrera egin ahala, eta aipatutako teknikak batera erabilita, exoplanetak
begiz ikusteko aukerak nabarmen ugarituko dira.
Deia-ren
D2 atalean argitaratua.
|