|
Orain dela berrogeitamar
urte edo gehiago, nik ezagutu nituen treineruen karel arteko neurria,
oraingo treineruetan baino estuagoa zen.
Gerora, untzigileak
txalupak goi zabalagokoak egiten hasi ziren, arraunen estropu-lekua beheratu
eta (beren ustean) arraunketa errazagoa izan zedin. Eta baita lortu ere.
Arrauna,
palanka
 |
| Orio,
1930. |
Ondoren zer gertatu
da?. Arrauna luzera berdintsukoa eta bere pala ere lehengo neurritakoa
(edo estuagoa) izanik, indar egitean uretan itsatsita egon behar lukeen
arraun-pala (erresistentzi besoa txikiagotuz) irristatu egiten da arraunlariak
egiten duen indarraren zati bat, bidean galduz.
Hau horrela esanda,
nahikoa ulergaitza gertatzen da. Goazen, beraz, gaia sakontzera.
Hasiera batean eta
arrauna palanka dela kontuan izanik, bereiz ditzagun honek indar edo potentzia,
erresistentzia eta euste-puntua edo apoioa non kokaturik dituen.
Arraunak indar egiteko
lekua edo potentzia non duen galdetuko banu, denon erantzuna hau izango
litzateke: arraunaren helduleku edo tibortan.
Goazen orain euste-puntura.
Arraunak euste-puntua non du? Bada, arraunak euste-puntua, uretan du,
edo hobeto esan, palan. Arraunak euste-puntua toletan edo estropu-lekuan,
urez betetako ariketak egiten ari denean bakarrik du, bestela ez. Eta
honi buruz, ez eduki ezbai-izpirik, edo ez jarri zalantzan, nahiz eta
arraunean ibili garen guztioi (neroni barne naizela), euste-puntua toletan
dagoela iruditu.
Erresistentzia, estropuaren
bidez, arraunak toletan du. Arrauna, beraz, bigarren motako palanka da.
Zer gertatzen da arraun-pala
estutzen badut? Bada, hor izendatu dugun euste-puntu hori ez dela apoio-puntu;
puntu higikorra baizik. Eta nik egindako indarrak, txalupa aurreratzeko
izan beharrean, ihes egiten du uretan, arrauna desplazatuz. Horren ondorioz,
errendimendu delakoaren portzentaia handi bat galdu egiten da. Horregatik
inola ere egin behar ez dena, arraun-palak estutzea da, (ikus goiko errekoadroko
garapenak). Ez da egin behar inoiz entzun izan dudana; alegia, palak estutu
eta arraunkada sarriago eman...
Hau horrela esanda
palanka fisika aldetik aztertu ez dutenentzat ulergaitza denez, goazen
froga praktiko baten berri ematera.
Ni ez naiz arraun-lehiaketan
behin ere ibili, baina garai bateko anguletan eta batez ere izkira-arrantzan,
askotan ibilia naiz (txalupaz bi arraunean, noski) bazterka. Nahiz ababorretik
nahiz istriborretik, toki-ezak eraginda bazterreko zotal edo harriari
arraun-pala itsasten bazaio, gerriak bilatzen ditu, baina bai txalupa
bikain asko aurrera joan ere! Zergatik? Bada, nere arrauna bazterrean
itsatsiz mugitzen ez delako eta nik egindako indarra, bidean galdu gabe
txalupa aurreratzen ehunetik ehun ari delako.
Nik askori galdetu
izan diot: arraunak palanka gisa euste- edo apoio-puntua non du? Gehienek,
estropu-lekuan, erantzun didate. Bada, hori sinetsita
hagoen bitartean, hik ustez onerako egiten dituan aurrerapen guztiak,
oso-osorik kalterako dituk, izaten da nere erantzuna.
Nik ziurtasun osoa
dut, Europa edo Amerikan zehar dabiltzan arraunketa-teknikari horietako
bat honantz etorriko balitz, iseka-barrez lehertzen hasiko litzatekeela
hemengo jokaera ikusi hutsarekin.
Nere zuntzeko arraunek,
(esku bakarrerakoek) uretan irrist egiten zidatela konturatu nintzenetik
nuen gogoa (ez noski zuntzezkoak direlako; erresistentzi beso txikikoak
neuzkalako baizik) eta aurten arraun horiei, estropu-lekua goratu egin
diet. Horrela arraun-luzera lehenean dela eta potentzi besoa ere bai,
noski, erresistentzi besoa luzatu egin diet.
 |
| Orio,
1925. Mende hasieran gizonak txalupan askoz ere aurrego kokatzen ziren
eta beste banaketa bat zuten. |
Horrela zer aurreratu
dudan? Gehien bat, proba egite aldera luzatu diet, baina hiru zentimetro
goratuarekin, batetik bide luzeagoa garatu dut arraunkada-arku bakoitzeko
eta garrantzizkoagoa dena, pala uretan irristatzea eragotziz nabarmen
azkarragotu naiz (ikus 21. orrian garapenak).
Askori entzun izan
diet arraunlari horrek, ur-bihurri edo azabururik ateratzen al ziok
bada? esaten, eta erantzuna hau izan da: arraunak, ondo dabilela
behintzat, ez du ur-bihurririk atera behar, oso azkeneko irteeran ez bada,
zeren horrek euste-puntuaren desplazamendua dagoela esan nahi bait du
eta begira dagoenari iruzur besterik ez dio egiten; arrauna zeharka sartzen
ez den bitartean, noski. Izaten bait dira arraun-pala uretan ihesira sartzen
dutenak ere.
Gogoan dut 1973. urteko
abuztuaren hamalauean Santoñan jokatutako Espainiako txapelketarako
kanporaketa. Oriotarrek erraz gainditu zuten hurrengo eguneko azken estropadarako
proba.
Biharamunean, gure
anaia Marianorekin, hamaika terdietako mezatik irteeran topo egin
nuen eta ea zer-nolako estropada ikusi zuten galdetu nion. Erantzuna hau
izan zen: Zer esatea nahi duk. Oriotarrek arraunean egiten dutenik
ez dik ematen, baina azkar joaten dituk.
Hona hemen garbi asko:
azabururik ez, baina txalupa garbi aurrera. Begira dagoenarentzat
ulergaitza da, baina honen arrazoi ezkutua: arrauna uretan itsatsita
ibiltzea. Arraunak ez du pasa behar. Pasa behar duena txalupa da; nahi
bada arraun-pala zabalduz edo erresistentzi besoa neurtuz, baina beti-beti
palak uretan irrist egin gabe.
Planteamentu honetaz,
arraunketan ibili den edo dabilen batek baino gehiagok esango du baldintza
horrekin ez dagoela jarraitzerik. Hor ibiltzen zarete, bada, tosta higikorrean
zabiltzatenean! Ez noski, minutuan berrogei arraunkada joaz (lehertuta
geldituko bait litzateke), baina zer da hobe: arraunlarien indarrak pala
irristuz leher egin arte galdu eta gutxi aurreratu, ala bakanago jo eta
indarrak arraunketa-arku handiagoa eginez hobeto aprobetxatu?
Nik ez dakit hor arraunketa-kontuan
dabiltzanak itsuak ez ote diren. Esanez ari dira bide berean arraunketa
arinean joan edo indarrean eragin kronometroan ez zaiola indarrean egiten
den alde bera bilatzen. Ezta gutxiagorik ere! Hara hemen garbi asko, indarra
handiagotuz arraun-palak egiten duen irristada eta errendimenduaren beherakada
non ikus daitezkeen (kontura zaitezte tosta finkoko arraunketaz ari naizela;
batel nahiz treineruez).
Ni beti izan naiz
hasierako txanpa horren aurkakoa, zeren arraunketa luzean txalupa gehiago
joaten ote den iruditzen bait zait, eta garapenak hemen ere nere alde
ateratzen dira, kalkuluak eginda beste orrian ikus daitekeenez. 1970ean
adibidez, Orioko arraunlari-taldeak ez zuen txanparik jotzen eta hala
ere aurrera lehenengo arraunkadatik ateratzen ziren, nahiz eta, ikuskizun
bezala, begira zegoenarentzat hain ikusgarria izan ez.
Gu gazte ginela, estropada
aurreko larunbatez, (Donostiakoaz ari naiz, noski), plaza erdian jartzen
zen treinerua, eta denok aritzen ginen lapitz-hautsa ematen beltz-beltz
eginda. Gogoratzen naiz aldamenean artean arraunlari zela Inaxio Manterola
Txokolatek, isekaz nola esaten zigun: Lan hori ondo
egin edo apur bat okertxeago egin, hiru itsas milia egindakoan segundo
baten alderik ez duk izango, baina nik hiru edo lau estropu eramaten dizkiat
eta itsas giroa ikusita, ondoren aukeratu (lasaixeago edo estuago) jokatzeko
estropua. Honekin bakarrik gizon bakoitzak bi edo hiru segundo irabaz
zitzakek eta askotan askoz gehiago. Ea noraino iristen den jokoa.
Arrazoi handia benetan.

Ziaboga
Badago nere ustetan
erabaki gabe dagoen beste gai bat: ziabogarena. Hor aritzen dira horrela
baino bestela hobe dela eta ez dela. Behin ere egin ote dute proba sakonik
honi buruz? Nik dakidan gauza bakarra hau da: gaur egun estropada gehienak
hiru ziabogarekin direnez, hor ere arreta handiagoa hartzeak mereziko
lukeela. Ziaboga bakoitzean gal daitezkeen denborak gogoan izanik, behin-betirako
erabaki behar litzateke zer den onena. Neretzat ziaboga ona ez da 180
gradu azkarren egiten dituena; ziaboga baino lehen erreferentzi puntu
bat hartu eta bira egin ondoren berriro puntu horretara denbora gutxienean
datorrena baizik. Gehienetan treinerua barrura begira azkar jartzearen
grinaz, abiadura dena geratzen da, patroiak, zeharo zuzendu arte, arrauna
trabeska erabiliz. Ziabogarako ere, nere uste apalean, txalupak atze harroarekin
abantaila guztiak behar lituzke izan.
Lehiaketa itsasoan
denean, ziabogarako gorabehera handia nola suertatzen denean dago; olatu-bizkarrean
izan edo sakonean gertatu. Sakonean bada, beti ziaboga neketsuagoa izango
da, baina beti ere atze harroarekin hobe.

Traineruaren
grabitazio-zentrua
Azken urte hauetan
badago beste gai bat ere: toletatik tostarako tartea. Batetik tarte hau
handiagotu eta bestetik gorputza atzera etzan. Arraunketa-arkuaren erdikaria
untziarekiko elkartzut izan beharrean, zeharo desplazatua darabilte, eta
hor, fisika aldetik begiratzen badiogu, arrauna saiheska erabiliz istriborra
ababorraren aurka dabil, indarra saihetsetik eraginez (askotan arraun-pala
uretara sartzeko tolet-paretik iraganez).
Zer gertatzen da honen
ondorioz? Indar fisikoen garapenak egiten baditugu, emaitza-gezia norabide
zuzenean beharrean saihetsera begira ateratzen da, ondoriozko kalte guztiekin.
Eta arrauna estropuari lotuta dabilenez, atzera etzatean arraun hori derrigorrez
kokotzera ekarri beharrean aurkitzen da arraunlaria.
Arraunketa-munduan
dabiltzanekin eztabaidatu izan dut gai hau. Erantzuna, ondo frogatua
dutela eta horrela kronometroz neurtuta azkarragoa dela izan da.
Kronometroz neurtua
bada, ez du iruzurrik eta hala izango da. Baina fisika aldetik begiratuz
zentzurik ez duenez, nere galdera hau da: ez al da izango, arraunketarena
delako ustetan, kargak atzeraegi eduki eta hamahiru gizon etzatearen eraginez
grabitate-zentrua aurreratuz txalupak abiadura-segidarako baldintza hobea
izatea?
Nere ustetan arraunketa-arkuak,
arku honen erdikaria tolet-parean norabidearekiko elkartzut dela izan
behar du (txaluparen abiadura kontutan hartzen badugu, atzera baino hobe
aurrera zertxobait izatea, urari heltzen hasterako). Begira tosta higikorreko
arrauna nola dabilen! Noski, arku honek ahal den handiena izan behar du.
Lehenago aipatu dudan
toletetik tiborta-bitarte hori handiagotuaren ondorioz, arraunlarien toki-eza
ere gertatu zen, eta horren eraginez, tosta-tarteak ere handiagotu beharrean
aurkitu ziren. Mende hasierako argazkiren bati begirada bat ematen badiozu,
garbi asko ikus dezakezu orduan gizonak txalupan askoz ere aurrerago kokatzen
zirela. Baina tokia izateagatik tosta-tarteak handiagotuz, arraunlariak
atzerago bota beharrean aurkitu ziren, gaur egun ababor-hankekoa, istribor-hankekoaren
tosta berean esertzeraino (kontuan izan traineruez ari naizela), grabitate
zentrua atzeratuz eta, noski, uhin edo olatua hartzeko baldintzak zeharo
desorekatuz. Hona hemen (nere uste apalean) lehenago aipatu dudan gorputz-etzate
horren eraginaren arrazoia.
Gai honi jarraituz
eta gu gazte gineneko Donostiako estropadak gogoratuz, askotan ikusi izan
dugu popan olatu bat hartu eta bakoitzari hogei arraunkada baino gehiago
jotzen. Gaurko estropadetan, lau edo bosteraino inor iristen al da? Zergatik
Donostiako Kontxan kai aldeko baliza besteak baino txarrago da orain?
Duela berrogeitamar urte edo gehiago, donostiarrek bat bola
berotuta sartzen omen zuten poltsara hura ateratzearren. Baliza txarrena
aukeratzeko bezain tentelak ote ziren? Guzti hau ez al da txalupak zuzen
ibiltzearen grinaz edo kargak atzeraegi daramatzatelako toki izateagatik
izango? Zeren garai hartan Donostian lehenengo balizatik zetorren traineruak,
bi puntetatik barrura aquarium edo kai aldetik sortzen zen olatua hartuz,
behin baino gehiagotan irabazi bait zuen estropada, untzia hala prestatuta
zeukatelako.
Guzti hauek galdera
bezala geldi bitez, baina ez bedi azken urte hauetako batean Orioko estropada-batzordeko
batek neri esandakoa gerta; alegia, txalupa atze sartua, olatua hartzeko
hobeto prestatzen dela!!
Arraun-pala
estutzea
 |
| Aurelio
Artetaren obra: "Arraunlaria". |
Beste batean, hirurogeitamalaugarren
urtean uste dut zela, estropadatik estropadara Orioko txalupa okerretik
okerrera zihoala, arraun-kontuan aurre samar ibiltzen zen batek honela
esan zidan: Ezinean dabiltzala ikusirik, arraun-palak honenbesteko
bana estutuko nizkieke (behatz txikia erakutsiz). Bukatu orduko
nere isekazko erantzuna: Kontxo! Pixka horrekin halako aldea badago,
zergatik ez hamarna zentimetro estutu? Horren erantzunik ez...
Hau batean, arraun-lehiaketa
askotan parte hartutako bati kontatu nion, eta honek: Inoiz edo
behin palak estutuarekin alde ederra somatu izan diagu bada. Eta
nik erantzun: Aldea izango ez duk ba? Baina lehen baino gutxiago
joan aurrera. Erantzuna: A! horrela izango duk bai.
Ez naiz gogoratzen
noiz, baina urte batean Michelin eta Orio bata bestearekin
larri zebiltzan, oriotarrak eder-begira aurrean zirela. Hor aurre samar
ibiltzen zen batek, honela esan zidan beldurrez: Lasartearrak arraun-palak
estutu egin omen dizkitek hurrengo estropadarako. Nere erantzuna
hau izan zen: Beste ezeren beharrik ez diagu. Orain bai erraz irabaziko
diegula. Halaxe ikusi genuen hurrengo lehiaketan.
Ez dakit inoiz begira
egon zareten, baina negu aldean outriggerrak hasten direnean, lehorretik
edo aldameneko txalupatik begiratuz (goitik behera begiratuz hobe), arraun
pala sartzen den tokian nola batere mugitzen ez den ikusiko duzue, txalupak
aurrera dotore asko egiten duen bitartean.
Palak
uretan denbora gutxi
Beste kontu bat: oraingo
teoria, arrauna uretan ahal den azkarren pasatzea omen. Hau ona izan daiteke,
eta hala izango da outriggerrean, untzia arin eta liraina delako eta arraunlariak
ahalegin guztiak eginarren arraun-pala sartzen den tokian gelditzen delako.
Traineruan ere horrela egin behar luke, baina traineruak tosta higikor
horien antzera ihes egiten ez duenez, eta hor (oraingo arraun-baldintzetan
behintzat) arrauna irristatu egiten dela ikusirik, nere ustetan traineruko
arraunketak bestelakoa behar du izan.
Garai batean, Galiziakoek
egiten zuten arraunketan horrela eta hemengoek iseka egiten genien.
Arraunean horrela
eginda, ez al duzue ikusten (pala estua edo tibortatik toleterainoko tartea
handia bada, oraindik nabarmenago) arraunak uretan irrist egiten duela
eta gizonak egiten duen indarraren portzentaia handi bat hemen galtzen
dela? Hau erabat ona litzake palak irrist egingo ez balu!
Duela hogeitamar bat
urte, artean arraunak estropu-parean arraspaz igurtzi (txantel edo txaplata
ere bai) eta arraunetan marrak ...!! egin eta txirbila ateraz ibiltzen
zirenean, egun batez orduan arraunketa-batzordeko zirenei, estropu-parean
zerbait leungarria jartzea proposatu nien. Baten erantzuna (Jaungoikoaren
hurrengo zen Orion arraunketa-kontuan neri erantzun zidana) hau izan zen:
Ez al duk ikusten arraunak ihes egingo lukeela? Eta nik erantzun:
Ez, ez, arraunean dakienari ez dio arraunak ihes egiten, baina hala
eta guztiz ere zergatik ez jarri tope bat? Zergatik daramate tosta higikorrekoek
denek tope hori? Neri erantzun zidanak, zer esate ote du orain, Galiziatik
Hondarribiarainoko guztiek estropu-lekuan plastikoa jarrita dabiltzala
ikusirik?
Olatua
behar bezala hartzea
 |
| (Argazkia:
SEIE). |
Beste aldaketa bat
ere badago lehendik orainera. Garai hartan olatua (nahiz txikia izan)
nabari orduko prestatzen ziren hura hartzera. Gaur egun hori egin ezin!!
Nik askori esan diet untziak kargak atzera begira badauzka behar bezala
olatua hartuko duen patroirik ez dagoela. Olatua itxuraz hartzeko, aurretik
behar du untziak horretarako prestatua egon (atzez sartua beharrean aurrez
behera). Noski, bere neurri baten barruan, eta ez orain ikusten diren
bezala, olatua hartu eta bi edo hiru arraunkada jo baino lehen txaluparen
gila aurretik bi metro agerian dutela. Baldintza horietan alferrik egingo
ditu patroiak ahaleginak, olatuak beti-beti ihes egingo dio eta.
Zergatik izaten zuen
hankeko arraunlariak eta ababor-hankekoak bakoitzak bere tosta? Bada,
oso erraza: olatuak, istribor-hankeko arraunlariak patroiaren aginduz
berari laguntzeko toki izan zezan (zia egin edo estokean arrauna sartuz),
gainerako arraunlariei enbarazurik egin gabe. Gaur ez dago horren beharrik,
zeren txalupa zuzen etortzen bait da nere ustez (hor lehenago aipatuaren
eraginez) atze-sartua darabiltelako (ur-mordoren bat barruan ez badute
behintzat).
Nolako
arrauna?
Nik, gai hauetaz arduratu
baino lehen, bati baino gehiagori entzun izan nion palanka handiagotu
eta palanka txikiagotu esaten. Baita urte batean arraunak moztu
eta Bilbon estropada irabazi zutela ere. Proba guzti horiek automata gisa
egiten dituztelakoan nago; badaezpada jokatuz, eta arraun-pala euste-puntu
denik ulertu gabe. Orain ez dakit arraunlari bakar batek ere arraunen
desoreka berdintzeko tibortan berunik daraman. Hara hemen ere non ikus
dezakegun lehen palanka-besoak gogorrago erabiltzen zituztela, honekin
ere uretako desplazamendua eragotziz.
Gai hauekiko ikuspuntu
nagusia bakarra da: beti-beti arraun-palak uretan ondo josita egin
behar du lan, eta arraunak euste-puntua uretan duela.
Beste oker handia,
arraun bigunarena da. Asko eta asko dira oraindik ere arraunak bigundu
egin behar direla pentsatzen dutenak. Arraun biguna bada, ez al duzue
ikusten arraunlariak egiten duen indarra bidean galtzen dela, eta zenbat
eta arraunketa azkarrago, okerrago dela? Arraun biguna iruzur-bide besterik
ez da, arraun-pala estua bezalaxe (honek irristadan aparra ateratzen bait
du, begira dagoenari iruzur eginez). Zergatik dira tosta higikorreko arraunak
hain gogorrak? Gai honi buruz, azterketak guk baino hobeto ez ote dituzte
egin?
Nik hemen argitaratu
ditudan ikuspuntu guzti hauek, beren oinarria badute (nerea ez; fisikoa
baizik) eta ziurtasun osoa dut lehenengo aintzakotzat hartzen dituenak
bete-betean asmatuko duela.
|
Arraunketa-zikloak,
pala uretan irristatu gabe eta irristatuz

Hiru itsas
mila 5.555,56 metro dira. Bide hau 20 minututan egiten dugula eta
minutuan 32 arraunkada ematen ditugula kontsideratuz, arraunkada
bakoitzean:
5.555,56/(32
. 20) = 8,6806 metro egingo lituzke.
Honek arraunkada
bakoitzean, gizonaren eraginaz gehi abiaduraren eraginaz joaten
dela txalupa esan nahi du. Gizonaren eragina txikia bada, abiadura
ere proportzio berean txikiagoa izango da, noski.
Har dezagun
orain gizonaren eragina F grafikoan.
Estudio honetarako,
dei diezaiogun w arraunak garatzen duen arkuari, L
arraun-luzerari, estropu-lekutik palaren erdira bitartean hartuta,
eta A arraunkada bakoitzean txalupa aurreratzen denari.
Elementu
bakoitzari balio desberdinak eman eta aldeak atera.
Ikus dezagun
orain, G grafikoan, palaren irristadaz gertatzen den
atzerakada. Hemen ere ikus aldeak balio-aldaketen bidez.
Hasierako
txanpa-arraunketa eredutzat hartzen badugu eta arraunkadak minutuko
bikoiztu egiten direla baina aldi berean arku-garapena erdira edo
gutxigora murrizten dela kontsideratuz balioak emanez, hemen ere
matematikak ez diola gezurrik eta txalupa arraunketa-arku handiago
eta lasaiagoz, gehiago aurreratzen dela ikusten da. Horrez gain
arraun-palaren desplazamenduak ere hor arrisku handiagoa du.
|
|
Traineruko
arraunaren neurriak

Grafikoki
ere, ikus arraun-pala uretan irristatzearen ondorioz arraunkada
bakoitzean zer-nolako atzerakada gertatzen den.
Kontutan
hartu arraunketan irristatzearen ondorioz sortzen den beherakadaren
eraginez ziklo bakoitzean abiadura ere portzentaia berean txikiagoa
dela.
|
|