|
Sherlock Holmes-en
menturak laino trinko eta zeharkaezinik barik imajinatzea zaila gertatuko
zaizue zuetako gehienei. Laino horrek menturen misterioa areagotzeaz landa,
lantzean behin erretzen zuen opioa bezain beharrezkoa zuen Sherlock-ek
hiltzaile eta gaizkileak nortzuk ziren antzeman ahal izateko. Hiltzaile
ezkutua zen smoga ordea, eta 1952.eko abenduan bere hortz zorrotzak erakutsi
zituen.
1952.eko abenduaren
5a eta 10a bitartean egoera klimatiko berezia izan zen Londresen. Egun
horietan, Londres gaineko aire-geruza ez zen ia higitu eta toki berean
iraun zuen. Horren kausa lurzorutik gertu eratutako aire hotzeko geruza
geldikorra izan zen; tenperatura-alderanzketa hain justu. Normalean, lurzorutik
gertu dagoen airea gainekoa baino beroago egoten da, arinagoa da, eta
gorantz igotzen da konbekzioaren ondorioz. Gainekoa baino hotzagoa izateak
gorantz ez egitea dakar eta haizerik ez badago, bertan irauten du.
Anartean, hotz zegoenez,
Londresko etxeetako berokuntza-sistemak su eta gar ari ziren lanean eta
aldi berean, milaka tona ke eta poluitzaile atmosferara isurtzen ere bai.
Ke eta poluitzaileek ez zuten atmosferan diluitzeko betarik eta Londres
gaineko aire hotzeko geruza horretan kontzentratu ziren. Ondorioz, inoiz
ezagutu den smogik trinkoena eratu zen. Egun argiz, 1-5 metroraino baizik
ezin zitekeen ikusi. Abenduko bost egun horietan 4.000 lagunetik gora,
adinekoak eta umeak bereziki, hil zituen.
Gertaera
berria?
Smog hitza ingelesezko
smoke (kea) eta fog (laino) hitzen kontrakzioz osatutako
hitz berria da eta ederki azaltzen du bere esanahia. Izan ere, smoga keak
eratutako lainoa da.
 |
| 1952.
urtea. Londresko kaleak. Polizia zuziaz trafikoa gidatzen. |
Londresen ez da gertaera
berria eta jada XVII. mendeko kroniketan hiria estaltzen zuen laino zikinaz
kexu ziren. Alabaina, iraultza industrialaren ondorioz (lurrin-makinaren
ondorioz azken finean), smogaren maiztasuna eta trinkotasuna areagotu
egin ziren XIX. mendean zehar. Industria zentrutik urrunduz eta hiria
zabalduz, smogaren arazoa arindu egin zen. Alabaina, Bigarren Mundu Gerraren
ostean, egoera ekonomiko ahulak berokuntzarako kalitate txarreko ikatza
(sufrekantitate handia zuena) erabiltzea izan zuen ondorio. Horrekin
batera smoga trinkotu eta ugaldu egin zen.
Nolakoa
da smoga?
Ikatza edo ezein erregai
fosil erretzean, karbono(IV) oxidoa eta ur-lurrina lortuko genituzke teorikoki.
Dena dela, ikatzak zikinkeriak izaten ditu (sufrea edo erretzen ez diren
zatiak esaterako) edota ez da ondo erretzen (oxigeno gutxiegi dagoelako
adibidez) eta horren kausaz beste produktu batzuk ere eratzen dira erreketan.
Zikinkeriek sufreoxidoak, sufre(IV) oxidoa bereziki, eta errautsak
eratuko dituzte eta oxigenoeskasiak karbono(II) oxidoa.
Sufre(IV) oxidoak
atmosferako ur-lurrin eta tantekin erreakzionatu egiten du, errautsetako
partikulek katalizatuta neurri batean, eta azido sulfuriko moduan errautsen
partikuletan kondentsatzen da. Ondorioz, azido sulfuriko diluituzko tantak
ditugu; nolabaiteko euri azidoa, hain justu.
Ondorioak
Azido sulfurikoa oso
korrosiboa da, eskolan kimika ikasi duen edornork dakienez, eta horrexegatik
gauza eta pertsonentzat kaltegarria ere bai. Harri, metal eta oihalei
eraso egiten die, eraikin eta bestelako azpiegituren bizitza laburtuz.
Gainera, gizakiari ere eragiten dio; arnas aparatuari bereziki.
Smoga arnastean, bronkioak
narritatu egiten dira. Muki asko sortzen da eta bronkioak inflamatu egiten
dira. Bronkitisa, asma edo biriketako beste eritasunak dituztenen kasuan
arazoa areagotu eta larriagotu egiten da. Mukiek eta inflamazioek arnasa
hartzea eragozten diete. Batzuetan, mukiek arnasbideak butxatu egiten
dituzte eta, ondorioz, gaixoa hil egiten da; itota zein bihotzekoaz. Horixe
gertatu zitzaien Londresen 4.000 bat laguni 1952.ean. Gehienak, 45-64
urte bitartekoak ziren.
Heriotza-kateak, osasun-arduradunen
alarma-argia piztu zuen. Azterketa sakon eta zabala egin zen eta ondorioa
nabarmena izan zen: horrelakorik saihestu nahi bazen, hiriko airearen
kalitatea asko hobetu beharra zegoen. Poluzioaren kontrako neurri zorrotzak
hartu ziren (1956.ean onartutako Clear Air Act delakoa) eta egun
londrestarrek garai bateko laino trinko eta itolarriak ahaztu dituzte.
Berokuntzarako gas eta energia elektrikora aldatzea eta instalazio zaharrak
berriztatzea izan ziren neurririk eraginkorrenak.

|
Smog
fotokimikoa
Clean Air
Act izeneko legearen bidez, Londresko atmosferatik smogaren
arriskua uxatzea lortu zen. Hala eta guztiz ere, ez da Londres eta
beste hiri batzuetako (Mexiko Hiriko, Los Angelesko, Txileko Santiagoko...)
airea uste bezain garbi eta kaltegabea. Smoga ez da desagertu, nahiz
eta garai bateko itxura deigarria izan ez. Itxuraldatu egin da eta
bere jatorria ere beste bat da. Alabaina, lehen bezain hilgarria
izan daiteke.
Smog fotokimikoak,
gure hiritzarretako poluitzaile nagusiak, berokuntza-sistemetan
ez eta ibilgailuetan du jatorria. Automobil, kamioi eta autobusak
dira iturria. Barne-errekuntzako motoreetan erregaia (gasolina,
gasolioa...) erretzean teorikoki karbono(IV) oxidoa eta ur-lurrina
baizik ez lukete eratu behar. Baina, errekuntza-baldintzen kausaz
nitrogenooxidoak ere sortzen dira (zilindroan sartzen den
aireak %70 nitrogeno duela kontutan hartu) eta horrekin batera gaizki
erretako produktu organikoak ere bai. Nitrogeno-oxidoetako bat,
nitrogeno(IV) oxidoa, birika-narritatzaile indartsua da eta sufre(IV)
oxidoa ordezkatu egin du gure hirietako poluitzaile nagusi moduan.
Gainera, nitrogeno(IV) oxidoak ere urarekin erreakzionatzen du,
azido nitrikoa eratzen delarik.
Ez da azido
nitrikoa smog horren arriskurik handiena ordea. Ibilgailuen ihes-tutuei
darien produktu kimikoen saltsa ez da bere horretan gelditzen. Eguzkiaren
erradiazio ultramoreak saltsa horren baitan erreakzio kimikoak sortarazten
ditu eta horrela, beste konposatu kimiko batzuk sortzen dira. Horrexegatik
du smog fotokimiko izena. Bigarren mailako poluitzaileak
dira benetan arriskutsuak: konposatu organiko hegaskorrak eta ozonoa
bereziki.
Konposatu organiko
hegaskorretako asko, bentzenoa esaterako, kantzerigeno bortitzak
dira.
Ozonoak bestetik,
estratosferan eguzkiaren izpi ultramoreetatik babesten bagaitu ere,
lurrazalean oso kaltegarria da: arnasketa eragozten du, zuhaitz
eta uztak kaltetzen ditu eta material asko korroitzen du. Atenasko
Partenoia kalte ikaragarriak pairatzen ari da hiriko smog fotokimikoa
medio eta 2.000 urtez egin ez den kaltea, epe laburrean burutu dezake
smogak.
Hainbat tokitan
arazoa oso larria da. Adibidez, 1990.ean Mexiko Hirian, ozono-kontzentrazioak
310 egunetan gainditu zuen Munduko OsasunErakundeak gomendatzen
duen balio maximoa.
Arazoak benetan
irtenbide bakarra du: ibilgailu-trafikoa mugatzea.
Erne beraz!
|
|