|
Negutegi kontzeptua
oso arrunta da gure gizartean. Nekazariek asko erabiltzen duten sistema
da eta horri esker garai batean neguko barazki zirenak udan ere aurki
ditzakegu, eta alderantziz ere bai. Negutegia eraikitzea ez da batere
zaila; horretarako lur-sail bat eguzki-izpiak igarotzen uzten dien plastiko
garden batez estaltzea besterik ez da egin behar. Eguzkitiko izpiek plastikoa
zeharkatu ondoren, estalitako lurra berotu egiten dute, baina lurrak isladatutako
beroak ezin izaten du lur-sail estalia igaro eta, beraz, plastikoz estalitako
eremua kanpokoa baino beroago egoten da.
Lurrak antzeko fenomenoa
jasaten du. Eguzkitik etorritako izpiek Lurra jotzen dute eta Lurrak isladatutako
beroak ezin du espaziora ihes egin; atmosferako zenbait gasek zeharka
ezineko hesia osatzen baitute. Hau gertatuko ez balitz, Lurraren batezbesteko
tenperatura -18 °C-koa izango litzateke. Negutegi-efektuan garrantzi
handiena duten gasak ondoko hauek dira: karbono (IV) oxidoa, metanoa,
CFC, lurrazaleko ozonoa eta nitrogeno oxidoa.
Karbono
(IV) oxidoa
 |
| Mende
honetan industri hazkundearen eraginez gas karbonikozko isurketak
asko ugaldu dira. |
Ikatzari, petrolioari
eta gas naturalari erregai fosil deritze. Gure galdara, lantegi, automobil
eta energi zentruetan erretzen ditugu beroa eta energia lortu ahal izateko.
Erregai fosil deitzearen arrazoia, lurpean milioika urtetan egon diren
landare- eta animali hondakinetatik sortu izatea da.
Erregai fosilek karbono-kantitate
handia dute beren baitan eta erretzen direnean beroarekin eta energiarekin
batera karbonoa CO2 moduan askatzen dute.
Karbonoa atmosferaratzeko
biderik arruntena erregai fosilak erretzea baldin bada ere, badago gero
eta garrantzi handiagoa hartzen ari den beste bide bat, hots, deforestazioa.
Gainera, deforestazioaren efektua bikoitza da; alde batetik basoak erretzen
direnean zuhaitz eta landareek duten karbonoa CO2 moduan
askatzen dute, eta bestetik, landareen funtzio klorofilikoaren eragina
txikiagotu egiten da. Funtzio klorofilikoaren bidez, landareek CO2
atmosferatik hartu eta oxigenoa askatzen dute.
Metanoa
Gaur egungo munduan
hiru dira metanoa sortzeko bideak; batetik animalia belarjaleen gorotzetik,
bestetik arroztietatik eta azkenik zabortegietatik.
Hiru bide hauek areagotu
egin dira azken hamarkada hauetan. Besteak beste, 1960-1980 urte-bitartean
azienda bikoiztu egin da munduan eta adibide gisa Indiako zeruan gertatzen
dena aipatuko dugu. Badakigu NASAko sateliteek munduko leku desberdinetako
zeruak arakatzen dituztela. Ateratzen dituzten argazkietan oso esanguratsua
da Indiako zeruari dagokiona; bertan, besteetan ez bezala, metano-lainoa
nabaritzen baita (kontutan hartu Indiako azienda oso ugaria dela).
Zenbait estimazioren
arabera, gaur egun atmosferan dagoen metano-kantitatea industri aroan
baino lehenago zegoenaren bikoitza da. Gainera, metanoak beroa harrapatzeko
duen ahalmena karbono (IV) oxidoarena baino hogeita hamar aldiz handiagoa
da.
Nitrogeno
oxidoa
 |
| Batzuetan
bare eta besteetan gaizto dagoen itsasoak atmosferan dagoen gas karbonikoaren
zati bat bere baitara eramaten du. Hala ere, itsasoaren birziklatzeko
gaitasuna ez da nahikoa gizakiarengatiko poluzioari aurre egiteko. |
Batez ere lehorrean
zein uretan bizi diren izakiek sortzen dute gas hau. Baina gas hau sortzeko
bide artifiziala ere badago, hala nola basoak erretzea, ibilgailuen ihes-tutuetako
gasa eta nekazariek erabilitako ongarriak.
Mende honen hasieratik
gaurdaino gas hau % 80 hazi dela estimatzen da eta beroa harrapatzeko
duen ahalmena karbono (IV) oxidoarena baino ehun eta berrogeita hamar
aldiz handiagoa da.
CFC
Mende honetararte
gure atmosferak ez du eduki gas hau. Oraindik, atmosferako zati txiki
bat besterik ez bada ere, bere eragin-ahalmena izugarria da. Ozonoa murriztu
ezezik, gas honek beroa harrapatzeko duen ahalmena karbono (IV) oxidoarena
baino hamar mila aldiz handiagoa da.
Lurrazaleko
ozonoa
Estratosferan dagoen
ozonoak izpi ultramoreetatik babesten gaituen bitartean, poluzioaren eraginez
lurrazalean sortutako ozonoak arnas arazoak sortu ezezik beroa harrapatzeko
ahalmena duen lainoa sortzen du.
Beroa harrapatzeko
duen ahalmena karbono (IV) oxidoarena baino bi mila aldiz handiagoa da
eta esan bezala airea gutxi berritzen den leku poluituetan sortzen da.
Negutegi-efektua sortzen
duen gas gehiago badago. Ikerlariek 30 bat identifikatu dituzte orain
arte, baina garrantzitsuena dudarik gabe CO2 da eta
gas hau izango da, batez ere, lan honetan aztergai.
Datuen
hotsa
 |
| Negutegi-efektuan
parte hartzen duten gasek badute isurtegi naturala; sumendien bidezkoa,
hain zuzen. |
Lurra berotzen ari
denari buruzko lehen hitzak zientzilarien ahotan jarri zirenez gero, hamar
bat urte igaro dira.
Atmosferako osagai
nagusiak nitrogenoa eta oxigenoa direla badakigu. Gainerako gasek % 0,028
besterik ez zuten osatzen orain dela bi mende. Ostera, XXI.aren atarian
gas marjinalen kontzentrazioa % 0,028tik % 0,035eraino igaro denez, kezka
sortu da. Hazkunde honetan garrantzirik handiena CO2 gasak
izan du.
Gas hau atmosferan
automatikoki neurtzen, 1958. urtean hasi ziren. Beraz, zientzilariek badute
nahikoa datu fenomenoa aztertzen hasteko. Hala ere, zenbait hurbilketa
eginez, azken bi mendeotan CO2ren kontzentrazioak izan
duen eboluzioaren berri adierazten duen ondoko taula hau osatzerik egon
da:
|
CO2
ren kontzentrazioa Bolumenean milioiko zenbat zati (ppm)
|
|
Urtea
1750
1800
1850
1900
1950
1990
|
ppm
280
285
290
300
310
354
|
1958. urtean CO2ren
kontzentrazioa 315 ppm-koa zen eta 1990ean 354 ppm-koa. Beraz, epe horretan
% 25eko hazkundea gertatu da. Batezbeste, urtero erregai fosilen errekuntzatik
atmosferara sei mila milioi karbono-tona isurtzen da eta deforestazioaren
eraginez bi mila milioi tona gehiago.
 |
| Hiri
handietan ibilgailuen ihes-tutuetatik ateratzen diren gasak nitrogeno
oxidoa eta ozonoa ditugu, hauek negutegi-efektua areagotu egiten dutelarik. |
Atmosferak 700 mila
milioi tona karbono du bere baitan eta organismo biziek eta lurrak 1.800
mila milioi tona karbono metatzen dute. Urak eta itsas hondoek 40.000
milioi tona karbono gordetzen dute eta urtero, gizakia konturatu gabe,
atmosferak eta itsasoak 90.000 milioi tona karbono trukatzen dituzte.
Hain gutxi ezagutzen
den sistema honetan ozeanoa erregulatzaile aldaezina da. Zientzilarien
ustetan ozeanoak zortzi urtero atmosferako karbono osoa berritzen du eta,
beraz, atmosferan duen kontzentrazioa erregulatu egiten du. Baina prozesu
hau prozesu geldo baten arabera burutzen da. Prozesu hau geldoegia da
giza ihardueren eragina zuzendu ahal izateko. Washingtongo unibertsitateko
ikerlari den Paul Quay-ren arabera itsasoak, urtero, giza ihardueren ondorioz
isuritako 2,1 mila milioi tona karbono harrapatzen omen du eta landarediak
mila tona karbono. Beraz, datu hauen arabera 3.000 milioi karbono-tona
gehiago dago urtero atmosferan.
Datuen
analisia
Datuen analisi eta
estrapolaziorako erremintarik onenak informatika-ereduak dira. Orain arte
eredurik onenak alemanek eta anglosaxoniarrek dituzte. Erreminta hauen
bidez atmosfera eta ozeanoak oso ongi adierazten dira eta beren arteko
elkarrekintzak ere gero eta hobeto ezagutzen dira. Hau dela eta, zenbait
estrapolazio-saiakuntza egiten ari dira eta lortutako emaitzak ondoren
adieraziko ditugu.
 |
| Basoen
erreketa balaztatzen ez bada, datorren mendean industri poluzioagatik
Lurra gehiago berotuko da. |
Saiakuntza guztietan
CO2ren kontzentrazioa bikoiztuz (hau izango baita hurrengo
mendearen bukaeran izango dugun egoera) gertatuko litzatekeena jakin nahi
da. Baldintza hauetan eredurik gehienek estimatzen dutenaren arabera,
lurraren tenperatura 1,5 °C eta 4,5 °C bitartean haziko da eta
hurrengo 40 urtean (beraz, 2030. urterarte) Lurraren tenperatura 0,7 °C-2
°C haziko dela espero da. Bestalde, eredu hauetako aurreratuenek azken
18 mila urteko egoera klimatikoak errepikatzea lortu dute. Iragarpen lokalek
fidagarritasun-maila mantentzen badute, joera klimatikoak ondokoak izango
dira: neguan goi-latitudeetan berokuntza batezbeste espero dena baino
% 50-% 100 handiagoa izango da. Udan, ostera, poloetako tenperatura-hazkundea
batezbestekoa baino txikiagoa izango da. 35° ipar eta 55° ipar
latitudeen artean dauden lurretan euri-kantitatea % 10 inguru haziko da.
|
Zonaldea
EEBB
Europako Ekialdea
EEE
Japonia
Garatu gabeko herriak
|
Isurpena
(tonak pertsonako eta urteko)
5,2
3,2
2,3
1,8
0,4
|
Baina, lurren, izotzen
eta ekosistemen portaera ez da ia deskribatzen, bai adierazpide ezagatik
eta bai fenomenoak gutxi ezagutzeagatik. Klimari eragiten dioten faktore
guztiak batera jartzen direnean, denbora-konstanteen arteko desberdintasunak
dira zailtasunik handienak dutenak. Adibidez, planktonak hazteko ordu
batzuk besterik ez ditu behar, zuhaitz batek heldutasunera heltzeko hamarkada
batzuk behar ditu eta glaziare-zati bat urtzeko edo CO2
ozeanoko hondoetan disolbatzeko milaka urte behar izaten dira. Hain datu
desberdinak ordenadore-programetan elkartzeko gaur egun dagoen ahalmen
teknikoa baino handiagoa behar da. Bestalde, lurralde desberdinetako datuak
ongi ezagutzen ez direnez estrapolazio guztiak duda-mudazkoak dira espezialistentzat.
Ondorioak
Ondoriorik larriena,
dudarik gabe, ur-mailak gora egitea da. Beroaren eraginez, alde batetik
ura dilatatu egingo da eta bestetik zenbait izotz eta glaziare urtu egingo
dira. Gauza asko esan da honen inguruan, baina Nazio Batuen eta Munduko
Meteorologi Erakundearen artean sortutako IPCC erakundeko ikerlarien arabera,
hemendik 2030. urtera bitartean uraren maila 18 cm igoko da. Halaber,
datorren mendearen bukaerarako ur-maila 65 cm haztea espero da. Kalkulu
hauek egiteko negutegi-efektua sortzen duten gasen isurketa orain baino
maila handiagokoa ez dela izango hartu da kontutan.
 |
| Lurra
berotzen bada glaziareak urtu eta ur-maila hazi egingo da. |
Aldagai kontrolaezin
bakarra baso-suteei dagokiena da. Sute-kantitateen arabera, lehen esandako
datuak zertxobait alda daitezke. Sute gutxi izanez gero, 2030. urtea bitartean
8 cm igoko litzateke ur-maila eta 2100. urterako 31 cm. Sute asko baldin
badago, aurreko bi balioak 29 cm eta 110 cm bihurtzen dira. Ikusten denez
marjinak handiak dira, baina ez dugu ahaztu behar diferentzia horren arrazoietako
bat fenomeno honetan parte hartzen duten ezaugarriak ongi ez ezagutzea
dela.
Ondorioei buruz landarediaren
aldaketa ere ez dugu ahaztu behar. Ezaguna da gas karbonikoak landareetan
duen eragina. Landareek gas karbonikoa hartu eta oxigenoa askatzen dute
fotosintesiaren eraginez. Beraz, gas karbonikoaren kontzentrazioa hazten
bada, fotosintesia ere areagotu egingo da eta askatutako oxigeno-kantitatea
gero eta handiagoa izango da. Esandakoa egia bada, landareek gas karbonikoaren
kontrolean paper garrantzitsua joka dezakete. Egun egiten ari diren ikerketetatik
ez da emaitza definitiborik atera, zeren eta fotosintesian parte hartzen
duten faktoreak ez baitira gas karbonikoa eta oxigenoa soilik. Besteak
beste, lurraren gatz-kontzentrazioa, argitasuna, ingurugiro-tenperatura
eta hezetasuna ere kontutan hartzekoak dira.
Gas karbonikotan aberatsa
den atmosferan eta denboraldi luzez (hilabete bat baino gehiagotan adibidez)
landareak landatzen direnean, egokitzapen desberdinak izaten dituzte.
Gas karbonikozko kontzentrazio handitara ohituta dauden landareek, ohituta
ez daudenek baino fotosintesi-intentsitate txikiagoa dute hosto-gainazalaren
unitateko. Hala ere, hau ez da beti gertatzen; soiaren kasuan adibidez,
gas karbonikozko kontzentrazio bikoitzera egokitzen denean fotosintesi-intentsitatea
hazi egiten baita.
|