|
Pisu normal estatistikoa
baino % 20 edo handiagoko egoera badago izaten da obesitatea. Eta nola
jakin daiteke pertsona batentzat pisu normala zein den? Adin jakin baterako,
pisua, altuera eta gorpuzkera erlazionatzen dituzten taulak ikusiz (ik.
taulak). Dena den, obesitatean gantz gehiegi pilatzen da gorputzean, normalean
gantza gordetzen duten zelulak (adipozitoak, alegia) tamainaz edo/eta
kopuruz gehitzen direlako. (1. ir.)
Arrazoiak
Obesitatea
gorputzak gastatu edo erre ditzakeenak baino kaloria gehiago ahoratzen
dituenean agertuko da. Arrazoirik usuenak kaloriatan aberats(egi)a den
elikadura edota ariketa falta izan ohi dira, baina beste kasu batzuetan
gaixotasunak izan daitezke obesitatearen sortzaile: horixe da hipotalamoko
tumoreen edo inflamazioaren kasua, apetituaren zentruari erasaten diotelako
(2. ir.) eta gaixoa etengabe jatera behartzen dutelako. Metabolismoa transformatzen
duten barne-jarioko guruinen zenbait alteraziok ere obesitatea eragiten
du.
Zenbait probatan ikusi
denez, badirudi pertsona argalek beren janariak efikazia edo eraginkortasun
handiagoz erabiltzen dituztela, obesoek gantz moduan metatzen dituzten
bitartean. Baina, dena dela ere, behar dena baino gehiago jaten baldin
bada, obesitatea beti agertuko da.
Sintomak
Gantza pilatzen denez,
gorputz osoan bolumena handiagotu egiten da; zangoak eta besoak potolotu
dira, sabela handiagotu da eta kaderak zabaldu. Aurpegia biribildu egiten
da, larruazalak itxura berezia hartzen du (distiratsua, teinkatua edo
tirantea), eta kokotsaren azpian gantza pilatzen da (lepo lodia, ...).
Konplikazioak
Obesitatea hilkortasun-tasa
gehitzearekin lotzen da. Pertsona obesoetan hainbat gaixotasun (e.b. arteriosklerosia,
hipertentsioa, diabetea, gota edo hezueria, artrosia, edo behazun-xixkuko
gaitzak) askoz ere usuagoak dira, eta bestalde barizeak eta herniak arazo
gehiago planteatzen dituzte obesoengan, pisu normala duten pertsonengan
baino.
Pertsona obesoek,
liseriketako molestiak eduki ohi dituzte: urdaileko nekea edo astuntasuna,
haizeak, idorreria eta gibeleko kolikoak. Emakumezkoengan, obesitateak
hilekoen alterazioak ekar ditzake askotan eta antzutasuna ere bai.
 |
| 1.
irudia. Zelula grasoen (adipozitoen) bi motak. |
Tratamendua
Funtsean oso erraza
dirudi: gorputza gantz-gehiegikeria hori gastatzera behartzea (kaloria
gutxiko dieta gomendatuz eta ariketa fisiko egokiak eginez).
Dena den, merkatuan
dagoen mehartzeko jan-neurri edo dieta-mordoa ikusirik, inolako miraririk
ez dagoela pentsa daiteke. Metodorik seguruena honakoa da: ahoratzen den
janariaren kantitatea murriztea, jan-neurri orekatua eginez, bizia mantentzeko
behar diren elikagaiak beti ere gordez hala ere.
Edozein dieta erabiltzen
dela ere, lehenengo bi asteetan pisua berehala galtzen da, ura erraz galtzen
delako. Baina jarraian pisu-galera askoz ere motelagoa da; energia lortzeko
kontsumitzen ari den pilatutako gantzari baitagokio.
Askotan argaltzeko
botikak ere agintzen ditu medikuak. Garai batean anfetaminak asko erabiltzen
ziren (apetitua jaisten baitute), baina gaur egun herrialde askotan erretiratu
egin dituzte adikzioa berehala sortzen dutelako. Zoritxarrez, pilula horien
erabilerari buruz alderdi medikotik ez dago datu asko eta jendeak argaltzeko
borondaterik ez badu, eta horretan saiatzen ez bada, pilulak hartzeari
uzten dionean, pertsona horiek berriro ere pisua irabaziko dute.
|
Grasaren
kontra
Hona hemen nutrizioko
hamar manamendu edo aginduak:
- Gantzetatik
datozen kaloriak izan daitezela kaloria guztien % 3 (edo gutxiago,
inoiz ez gehiago).
- Egunean
behin baino gehiagotan jan berdura eta fruten konbinazioa, batez
ere oso barazki berdeak eta oso fruta horiak eta zitrikoak.
- Ogi integralen,
zereal eta lekaleen konbinazioak egunean zehar.
- Proteinak
neurriz kontsumitu.
- Elikadura
eta iharduera fisikoa orekatu, gorputz-pisu egokia mantendu ahal
izateko.
- Eguneko
alkohol-kontsumoa 28 ml-ren baliokidera mugatu.
- Eguneko
gatz-kontsumoa 6 gramora (edo gutxiagora) mugatu.
- Kaltzio-kopuru
egokia eta behar adina hartzen dela segurtatu.
- Bitamina
eta mineral artifizialak (botikak, alegia) ez kontsumitu; ez baitira
beharrezkoak.
- Fluoruroen
ekarpen optimoa segurtatu; hortz-haginak sortzen eta ateratzen
ari diren garaian bereziki.
|
 |
| 2.
irudia. |
- Pertsona
obesoak gaixotzat kontsideratu behar al dira?
Normalean, pertsona obesoen portzentaia handi bat ez da gaixotasunen
baten ondorioz izaten; elikadura txarraren edo bizimodu sedentarioegiaren
ondorioz baizik. Hala ere, pertsona obesoak gaixotzat ere jo daitezke,
obesitateak luzarora konplikazio-sail bat sortzen baitu, (osasuna
serioski kaltetzen duena gainera). Beraz, argi gera bedi pertsona
gizenak ez direla obeso gaixo daudelako; alderantziz baizik: obeso
direlako daude gaixo.
- Jende askok
pertsona sendoek argalek baino indar eta energia gehiago
dutela uste du...
Ez derrigor. Badira pertsona fuerteak, bere gorpuzkera
hori muskulatura gogor eta indartsu bati zor diotenak: pertsona
hauek aktiboak eta indartsuak dira.
Beste kasu batzuetan ordea, gorpuzkera gantz-pilaketak moldatzen
du, eta egoera arras bestelakoa izan ohi da. Grasa-sobera alferrikako
pisua da; edonora norberarekin eraman behar dena. Eta egoera horretan
egin beharreko esfortzuak nekea dakar berehala. Bestalde, pertsona
obesoen muskuluak atrofiatu egiten dira, eta, beraz, lanerako
indar gutxi izan ohi dute. Gantza desagertzen denean, gorputza
gainkarga horretatik libre geratzen da eta azkar berreskuratuko
du bere lehengo indarra.
- Nere
izterrak edo besoak gizenegiak iruditzen zaizkit daukadan pisurako
Grasaren gorputzeko banaketa desberdina da sexuaren arabera. Gizonezkoengan,
aurpegia, lepoa eta sabela gizentzen dira batez ere, emakumezkoengan
gantza kaderetan eta izterretan pilatzen den bitartean.
Era berean, gantz gehiago pilatzen da gutxien edo hain maiz uzkurtzen
ez diren zonetako muskuluetan. Horregatik, lanbidez eserita denbora
luzez egoten direnengan, gantza kaderetan, izterretan eta ipur-masailetan
pilatzen da emakumezkoengan eta sabelean gizonezkoengan. Grasa
hori eliminatzeko, masajeak eta gimnasia bereziak eraginkorrak
gerta daitezke.
- Nere andreak
harriak dauzka behazun-xixkuan, baina medikuak kilo batzuk galtzen
ez dituen artean ezingo duela operatu esan dio.
Ebakuntza kirurgikoen arriskua handiagotu egiten da pazientea
obesoa denean. Pertsona gizenen bihotzak gainkarga handia jasaten
du eta bere birikek ez dute behar adina oxigeno jasotzen, eta
guzti hori arriskua da, anestesiari begira. Bestetik, grasa gehiegi
edukitzeak traba egiten dio janari barruko organoetara iritsi
ahal izateko. Jostura zaildu eta operazio osteko konplikazioak
(infekzioak, herniak, etab.) ere sarriagotan agertzen dira.
- Ez al dago
horrenbeste sakrifizio egin gabe kiloak galdu eta argaltzeko modurik?
Grasa txanpona bezalakoa da; gorputzak janari-eskasia dagoenean
behar duenean erabiltzeko gordetzen duena. Behar direnak baino
kaloria gehiago hartzen diren bitartean, gorputza gantz bihurtuz
joango da, eta grasa hori desagertzeko bide bakarra kontsumiaraztea
da. Eta hori nola? Kalori ekarpena gutxituz edota ariketa bidez
kaloriak gastatuz.
Orain arte ez da aurkitu gorputza gehiegizko gantz hori kanporatzera
behartuko duen inolako substantziarik. Horregatik, obesitatearen
kontrako tratamendu guztiak dietan eta ariketan oinarritzen dira.
Flakatzeko edozein dietatan behar-beharrezkoa da kaloriatan oso
aberats diren janariak (gozoak eta gantzak) kentzea eta ogia eta
fekulak dezente murriztea. Baina jan-neurria egoki erabaki baldin
bada ez da goserik pasako, dieta kaloriatan pobre izan arren apetitua
asetzeko adina edukiko duelako. Eta hain gogokoak dituzten janariei
uko egiteak edo ariketa-pixka bat egiteak pertsona horiei eragiten
dien sakrifizioa berehala geldituko da konpentsaturik arin eta
ongi daudelako (kilo batzuk galdu bezain pronto).
- Urak eta
gatzak gizentzen al dute?
Ez.
Urak eta gatzak ez dute berez gizentzen; kaloriarik ez dutenez
ez baitute gantz-produkziorik eragiten. Hala ere, pertsona obesoengan,
eta emakumezkoengan bereziki, ura erretenitzeko joera egon ohi
da, eta, beraz, baita gatzak erretenitzeko ere (obesitateak ura
eta gatzak kanporatzea zailtzen eta eragozten duten substantzia
jakin batzuen elaborazioa areagotzen duelako). Horregatik, zenbait
erregimenetan gatza murriztu eta ura edatea galerazi egiten da,
jatorduetan.
- Zergatik
gizentzen dira lehen nahikoa maiz kirola egin ondoren, kirola
egiteari uzten diotenak?
Kirola egiten dutenek, edota iharduera fisiko handia dutenek (zenbait
lanbide gogorretan), kaloria asko gastatzen dute, eta hori dela
eta, ugari jan arren normalean ez dira gizentzen. Baina bizimodu
sedentarioagora pasatzen direnean, lehenagoko apetitua mantendu
eta lehenago bezala jaten duten arren, kaloria gutxiago gastatzen
dute eta errazago gizentzen dira. Kasu hauetan, irtenbide bakarra
aldaketa da: berriro ere ariketa egin edota aztura dietetikoz
aldatu.
- Guraso obesoengandik,
normalean seme-alaba obesoak. Obesitatea hereditarioa ote da?
Zenbait familiatan ia senide guztiak obesoak diren arren, kasurik
gehienetan arrazoia ez da herentzia izaten; elikadura desegokia
baizik, fekulatan eta gantzetan aberatsegia delako. Kasu horietan
aztura dietetiko txarrak heredatzen dira eta ez obesitatea.
- Frutak gizentzen
al du?
Jende askok frutak ez duela gizentzen uste du, baina ez da horrela.
Frutak bitaminatan eta gatz mineraletan aberats diren arren, eta
argaltzeko edozein dietatan faltatu beharko ez luketen arren,
ez da ahaztu behar azukrea dutela eta, beraz, kaloriak ere badituztela.
Eta zenbait fruta, platanoak, mahatsak, etab., erabat debekatuak
daude obesitatearen aurkako erregimenetan azukre edukin altua
dutelako.
- Jendea erraz
desmoralizatzen da dieta horiek denbora luzez mantendu behar direlako.
Obesitatearen kontrako tratamenduaren iraupena, gorputzak soberan
dauzkan grasa-kiloen araberakoa da. Soberan daudenak 5-10 kilo
direnean, hilabete-pare bat nahiko izan daiteke, baina soberako
pisua handiagoa baldin bada, hilabete gehiagotan egin beharko
da erregimena. Horregatik, arrakasta edukitzeko oso argi jakin
behar da muga non dagoen, eta bukaera arte segitu behar da.
- 250 kg pisatzen
duten pertsonak ikusi izan ditugu argazkietan. Nola da hori posible?
Gorputzak grasa pilatzeko duen ahalmena ikaragarria da. Horregatik,
ez da harritzekoa pertsona batek gastatzen dituenak baino askoz
ere kaloria gehiago ahoratzen baditu pisua ikaragarri irabaztea.
300 kilotik gora pisatzen zuten pertsonak izan dira.
- Zergatik
kostatzen zaie pertsona batzuei argaltzea besteei baino askoz
gehiago?
Giza gorputzean adipozitoak dira grasa pilatzen duten zelulak.
Normalean larruazalaren azpian egon ohi dira, ehun adiposoa osatuz.
Adipozitoak gantzez betetzen direnean pertsona gizendu egiten
da, eta adipozitoak husten direnean berriz, mehetu. Adipozitoen
kopurua, pertsona batek dituen adipozitoen kopurua, haurtzaroan
finkatzen da. Umeak asko jaten badu, bere gantz-zelulen kopurua
ugaldu egiten da, eta heldua denean zelula horiek ugalduko ez
diren arren, ezingo dira eliminatu. Eta, beraz, asko daudenez,
gorputzak grasa errazago pilatuko du. Horixe da pertsona batzuek
argaltzeko beste batzuek baino dieta zorrotzagoak eta luzeagoak
behar izatearen arrazoia.
|
|
Obesoak
inoiz egin behar ez lituzkeen akatsak
- Bere obesitateaz
etsita egotea, gizenegia egotea bere patua dela onartuz. Obesitatea
konpontzeko moduko gauza da, horretan interes-pixka bat (behar
adinakoa) jarriz gero.
- Lagunek
edo aldizkariek, inolako seriotasunik gabe, egun gutxi batzuetan
argaltzen duten dieta miragarri berriei buruz egindako
gomendioei kasu egitea. Horietako jan-neurri asko 15-20 egunerako
soilik daude pentsatuta, eta kilo batzuk galtzen diren arren,
erregimena utzi bezain pronto berriro ere kilo horiek (edo agian
gehiago) irabazten dira. Dieta horiek, gainera, gaizki orekatuak
daude askotan, eta kaltegarriak izan daitezke.
- Dietetiko
izenaren pean zenbait dendatan saltzen diren janari batzuk (gailetak,
txokolatea, ogia edo pastak) gehiegi jatea. Elikagai horiek normalak
adina kaloria eduki ohi dute askotan. Egiaztatu egin behar da
ea benetan kaloriatan eskas diren.
- Eguneko
jatorduren bat saltatzea. Horrekin lortzen dena apetitu gehiago
edukitzea da eta normalean hurrengo jatordua baino lehen zerbait
jango du (mokautxoren bat). Eta, noski, hurrengo jatorduan
gehiago jango duenez, azken emaitza kaloria gehiago ahoratzea
izan ohi da.
- Dietari
muzin egin eta arazoa gimnasia hutsez konpon daitekeela pentsatzea.
Ariketak pisua galtzen laguntzen du, baina beti ere jan-neurria
aldi berean murrizten bada.
- Obesitatea
masajeekin eta argaltzeko kremekin konpontzen dela pentsatzea.
Metodo horiek gorputzeko zati batzuk argaltzeko baino ez dute
balio, eta horietan, pilatutako grasa gehiegi ez badago.
- Obesitatea
libragarriekin, diuretikoekin edo apetitua kentzeko pastilekin
konpontzen saiatzea. Botika horiek arriskutsuak dira osasunarentzat,
eta dieta edo erregimen egoki batekin batera egiten ez badira,
ez dira eraginkorrak izaten.
|

Oharra:
Irudiak ongi ikusteko jo ezazu PDF formatura.
|