|
Uda-hasieran eguzkiaren
laztanak hartzeko irrikitan egoten gara. Urteroko kontua. Baina ez dugu
ahantzi behar eguzkia hartzeak arriskuak dituela.
Askorentzat,
benetan ederrak dira egun eguzkitsuak. Eguzkiak egunari aurre egiteko
indarra eta kemena ematen diete, eta batez ere uda-hasieran, eguzkiaren
laztanak hartzeko irrikitan egoten dira. Urteroko kontua bada ere, ez
da ahaztu behar larruazalaren eta eguzkiaren arteko amodio-gorrotozko
harremanean, galtzailea beti larruazala dela.
Beltzaran
egotearen ordaina
XIX. mendearen hasieran,
Johannes Ritter fisikariak, argi ikusgaiarekin batera eguzkiak erradiazio
ikusezina ere igortzen duela frogatu zuen. Erradiazio horren uhin-luzera
urdinarena eta morearena baino motzagoa zenez, ultramorea deitu zion.
Gerora ikusi zen hiru ultramore mota daudela (UVA, UVB eta UVC) eta bakoitzak
bere eragina duela. Gizakiarentzat arriskutsuenak UVC izpiak lirateke,
baina, zorionez, ezin dute atmosfera zeharkatu. UVB izpiei dagokienez,
% 0,25ak besterik ez du lortzen lurrazalera iristea, baina kalte larriak
eragiten dituzte larruazalean. Azkenik, UVA izpiak dira ugarienak, eta
horien eraginez belzten da larruazala.
Gehienentzat, larruazala
eguzki-izpien pean jartzeko arrazoi nagusia beltzarantzea da. Batzuek
bakarrik dakite, ordea, beltzarantze-prozesuan izpi ultramoreek larruazaleko
zelulak hiltzen dituztela. Horretaz gain, beste ondorio batzuk begi bistakoak
dira: odol-hodiak dilatatu egiten dira eta larruazala gorritu; erredura
handia bada, babak azaltzen dira; erre eta gero, larruazala galtzen da;
orbanak azaltzen dira...
Izatez,
larruazalak badu eguzki-izpien aurkako babes-sistema. Eraginkorrena melanogenesia
da, hau da melaninaren ekoizpena. Melanina larruazalari kolore beltzarana
ematen dion pigmentua da, eta larruazalaren kanpoko geruza zeharkatzen
duten izpi ultramoreen % 90 xurgatzeko gaitasuna du. Melaninaren ekoizpena
areagotu egiten da eguzki-printzak jasotzean, baina pertsona batetik bestera
asko aldatzen da melanina-kantitatea. Horregatik, batzuk besteak baino
beltzaranagoak dira eta, hortaz, babes handiagoa dute eguzki-erreduren
aurrean.
 |
| UVA
izpien eraginez larruazala garaia baino lehenago zahartzen da eta
zimurrak azaltzen dira, tamalez. Horregatik aditu guztiek krema egokiak
erabiltzea gomendatzen dute. |
Hala eta guztiz ere,
babes hori mugatua da, eta eguzkipean denbora gehiegi pasatuz gero, ez
da nahikoa izaten kalteak saihesteko. Gainera, eguzki-erradiazioen ondorioak
larruazalaren memorian gordetzen dira; hau da, kalteak metatu egiten dira,
eta gerora azaltzen diren gaitzak haurtzaroko erreduren ondorio ere badira.
Horrela, batez ere UVA izpien eraginez, larruazala garaia baino lehenago
zahartzen da eta zimurrak azaltzen dira; UVB izpiek, berriz, minbizia
sorraraz dezakete.
UVB izpiek zelulen
DNAren egitura aldaraz dezakete; horren ondorioz, zelulak ez dira hiltzen
garaia heltzen zaienean eta gehiegi ugaltzen dira. Azkenean minbizia azaltzen
da. Horretaz konturatu aurretik, larruazaleko minbizi-kasuak ikaragarri
ugaldu zirela antzeman zuten sendagileek, batez ere Australian eta AEBetan.
Hango biztanle askok eta askok oso larruazal zuria dute, eta duela hamarkada
batzuk modan egon zen gorputza txokolate-kolorekoa izatea. Gero ikusi
zuten urte askotan eguzkia inolako babesik gabe hartzeagatik gertatu zela
gorakada hori. Horretaz gain, ozono geruza gero eta meheagoa denez, izpiei
lurrazalerainoko bidea erraztu egin zaie. Ondorioz, kontu handiagoa izan
behar da eguzkiarekin.
Eguzkiaren
indarra tokiaren arabera
Latitudea:
zenbat eta hurbilago egon ekuatoretik, orduan eta indar gehiago du.
- Eguraldia:
hodeiek eguzkitik babesten dutela pentsatu arren, hodei altu eta arinek
izpi ultramoreen % 60-80 uzten dute pasatzen.
- Altitudea:
zenbat eta altuago egon, orduan eta arrisku handiagoa erretzeko; adibidez,
1.500 metrotan, eguzkia itsas mailan baino % 20 indartsuagoa da.
- Ura: izpi
ultramoreen % 96k ur gardena zeharkatzen dute.
- Ordua: erretzeko
arriskua handiagoa da eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan.
- Arropa:
izpi ultramoreen erdiak arropa bustia zeharkatzeko gai dira.
- Azalera:
elurrak eta hondarrak izpiak islatzen dituztenez, erretzeko arriskua
areagotu egiten da.
Larruazal
bakoitzari, berea
 |
| Eguzkia
hartzeko ohitura zabala dago gure artean. |
Ezaugarri genetikoen
eta melanina-kantitatearen arabera, eguzkiaren aurrean babes natural gehiago
edo gutxiago dugu, eta zurienetik beltzenera, sei fototipo bereizten dira.
Garrantzitsua da norberaren fototipoari erreparatzea, zenbaterainoko babesa
behar dugun jakiteko.
- I tipokoek edo
albinoek oso larruazal zuria dute, ile gorri edo horia, begi argiak
eta oriztak dituzte. Beti erretzen dira eguzkiarekin; beraz, erabateko
babesa behar dute.
- II tipokoek edo
germaniarrek larruazal zuria eta ile eta begi argiak dituzte. Erraz
erretzen dira eta 10-15eko babes-faktoreko kremak behar dituzte.
- III tipokoek edo
larruazal mistokoek larruazal zuria eta gaztaina-koloreko ilea dute.
Gutxi erretzen dira eta pixkanaka hartzen dute kolorea. 6-8ko babes-faktorea
behar dute.
- IV tipokoen edo
mediterraniarren larruazala marroi argia da eta begi ilunak dituzte.
Ez dira erraz erretzen eta, aldiz, azkar beltzarantzen dira. Horregatik,
nahikoa dute 4-6ko babes-faktorea.
- V tipokoek edo
indiarrek larruazal, begi eta ile ilunak dituzte. Ia ez dira erretzen
eta oso azkar belzten dira. 2ko babes-faktorearekin, nahikoa dute.
- VI tipokoen edo
beltzen larruazala oso iluna da eta haien begiak eta ileak beltzak dira.
Ez dira inoiz erretzen, eta ez dute babes berezirik behar.
Eguzki
goxotan
 |
| Haurrak
eguzkiaren arriskuetatik gorde behar dira. |
Eguzkitan gehiegi
egotea kaltegarria bada ere, ezin ukatu eguzkiak baduela bere alde ona.
Adibidez, larruazalean D bitaminaren sintesia eragiten du, eta horri esker
hesteetan kaltzioa eta fosforoa xurgatzen dira. Bestetik, depresioak arintzen
laguntzen du; hain zuzen, negu luzeak eta eguzki-ordu gutxi dituzten herrialdeetan
(Finlandia, Norvegia...) eguzki-ezak depresioa, narritadura, nekea, insomnioa
eta suizidiorako joera areagotzen dituela ikusi da. Horretaz gain, sistema
immunea indartzen du, odol-zirkulazioa bizkortzen du, erreuma hobetzen
du, hormona sexualen kopurua igoarazten du, eta, larruazalari dagokionez,
berriz, eragin onuragarria du psoriasian, ekzema atopikoan eta larruazalaren
beste gaixotasun batzuetan.
Nork
behar du eguzkia?
 |
| Kremak
lagungarri dira, baina ondo aukeratu behar da. |
Eguzki-gurtzaileen
sasoia amaitu da. Baina batzuk, eguzkia ikusi ere egin nahi ez duten arren,
ez diote larruazal beltzaranari uko egin nahi, eta horientzat ezin aproposagoak
dira eguzkipean jarri gabe larruazala belzten duten kremak. Krema horiek
dihidroxiazetona (DHA) izeneko molekula daramate. DHA larruazalaren kanpoko
geruzaren proteinetara lotzen da, eta airearen kontaktuarekin oxidatzean,
kolore iluna ematen dio larruazalari. Nolanahi ere, kolorea egunez egun
desagertzen doa zelula horiek galtzearekin batera. Bestalde, horrela lortutako
kolore beltzaranak ez du eguzki-izpien erredurarekiko babesik ematen;
beraz, nahiz eta beltzaran egon, berdin-berdin erabili behar da krema
babeslea.
Solariuma,
etxe-barruko eguzkia
Solariumek
izpi ultramoreak igortzen dituzte; beraz, belzte-prozesua eguzkitan jarritakoan
bezalatsu gertatzen da. Batez ere UVA izpikoak izaten dira, UVB-ak oso
kaltegarriak direlakoan. Alabaina, UVA izpiak UVB-ak bezain kartzinogenikoak
ez izan arren, ezin esan ez dutela inolako kalterik sortzen. Horregatik,
eguzkipean jartzean adina kontu eduki behar da solariumetan.
Larruazala
ahotik zaintzen
Larruazala elastikoa
eta ondo hidratatuta edukitzeko, dieta egokiak asko laguntzen du. Esate
baterako, behar-beharrezkoa da nahiko ur edatea, pare bat litro inguru
egunean. Barazkiek eta frutek ere ur asko dute eta, oliba olioak bezala,
antioxidatzaileak ere badituzte; hortaz, larruazala garaia baino lehen
zahartzearen aurkako borrokan laguntzen dute. Alderantziz jokatzen dute,
berriz, tabakoak, alkoholak eta beste toxina batzuk.
 |
| Eguzkiak
ere baditu bere onurak. |
Zenbait fruta eta
barazki bereziki aproposak dira larruazala zaintzeko eta kolore polita
edukitzeko: azenarioak, melokotoiak, tomateak, piperrak espinakak, albarikokeak...
Izan ere, beta karoteno asko dute, larruazalarentzat hain mesedegarria
den A bitaminaren forma bat.
Itzalaren
metodoa
 |
| Melanina-kantitatearen
arabera, sei fototipo (azal mota) bereizten dira. |
Noiz da kaltegarriagoa
eguzkia? Erraza da; erreparatu itzalari:
- Itzala norberaren
garaiera baino laburragoa bada, erretzeko arrisku handia dago.
- Itzala norbera
adinakoa bada, zailagoa da erretzea, baina kontuz ibili behar da hala
ere.
- Itzala norberaren
garaiera baino bi aldiz luzeagoa denean, eguzkiak ez du ia batere kalterik
egiten.
Eguzkiaren
onena, itzala
 |
| Udarekin
batera modan jartzen da azal beltzarana. |
Halaxe dio esaera
zahar batek, eta ez zaio arrazoirik falta. Hala ere, eguzkitan egotea
plazer hutsa da askorentzat, eta beste askok nahitaezkoa dute eguzkipean
egotea, gustatzen zaizkien jarduerak kanpoan egiten direlako edo kanpoan
egiten dutelako lan. Eguzkitik babesteko kremei esker, ordea, lasaiago
egon daitezke, ez erretzeko ezinbesteko laguntza ematen baitute. Dendetako
apaletan produktu ugari daude eguzkiaren aurrean larruazala babestu eta
goxatzeko. Krema horien osagai nagusia eguzki-iragazkiak dira.
Horien eginkizuna
eguzki-erradiazioa islatzea edo xurgatzea da, eta bi motatakoak dira:
kimikoak eta fisikoak. Kimikoek izpi ultramoreak xurgatzen dituzte; energia
ultramorea jasotzen dute eta eraldatu egiten dira; horrela, larruazaleko
egitura kaltetzea eragozten dute. Iragazki fisikoak, aldiz, erradiazioa
islatzeko gai diren mineralez daude osatuak.
Iragazkiaren ezaugarrien
eta kantitatearen arabera, babes gehiagoko edo gutxiagoko kremak daude.
Iragazkiaren eraginkortasun-faktorea (FPS) etiketan agertzen da, eta eguzkitan
kalterik jaso gabe zenbat denbora egon daitekeen adierazten du. Esaterako,
larruazal arrunta duen edozeinek erre gabe ordu-laurdena egin badezake
eguzkitan, FPS-15 duen kremari esker, 15 aldiz denbora gehiago egon daiteke,
hau da, ia lau ordu. Kontuz baina! Izerditzean, arropa edo toallarekin
kontaktuan jartzean edo bainatzean krema galtzen da; beraz, sarri-sarri
berritu beharra dago. Gainera, eguzkia hartu baino ordu-erdi lehenago
eman behar da krema, eta azalera guztia estaltzen duela ziurtatu.
Iragazkiez
gain, eguzkitarako kremek larruazalarentzat mesedegarriak diren osagaiak
dituzte. Batzuek, adibidez E bitaminak, larruazala zaintzeko eta berritzeko
eginkizuna betetzen dute. Bitamina hori antioxidatzailea da eta erradikal
askeak harrapatzen dituenez, larruazala garaia baino lehen zahartzea eragozten
du. Antzeko eginkizuna dute hainbat oliok eta aloe vera landareak. Azido
hialuronikoak, glizerinak eta beste eragile batzuek atmosferaren ura jaso
eta zeluletara sartzen dute, eta beste hainbat oliok, berriz, hezetasuna
galtzea galarazten duen geruza osatzen dute. Azkenik, kontserbatzaileak
eta lurrinak ere gehitzen zaizkie eguzkitarako kremei.
Deia-ren
D2 atalean argitaratua.
|