|
Maurice Ward jaun
britainiarrak lortu duena bitxia eta harrigarria da benetan: 10.000 (hamar
mila) ēC-ko tenperatura jasateko gai den plastikoa. Polimeroekin
ikerketan ari diren adituak txundituta utzi ditu, material berri hau plastiko
termoegonkorrenaren muga baino hamar aldiz tenperatura handiagoetan hondatzen
ez delako.
Hirurogei urteko jaun
hau hunkituta geratu zen 1985.ean, Manchester-ko aireportuan hegazkin
batean sutea zela eta 54 pertsona hilda ikusita. Ezaguna da suteetan plastikoak
erreta sortzen den kea arnastuta jende asko hil dela toxikazioaren bidez.
Aipatutako 54 pertsonak ere horrelaxe hil ziren. Horregatik, Manchesterko
hondamenaz gero plastiko erregaitza lortu nahian aritu da eta 1989. urtean
prest zuen sopletearen garra kerik atera gabe jasaten zuen materiala.
Ward jaunak bere lorpenaren
berri eman zuen, hau da, berak Starlite (izar-argia) deitzen duten
materialaren berri, baina hasieran jendea ez zen asko aztoratu. Izan ere,
ez zen sinestekoa munduko kimikaririk ospetsuenek inoiz lortu ez zutena
jaun batek hiru hilabetean (Ward jaunak hori zioen) prest edukitzea.
 |
| Ward
ileapaintzailea bere Starlite misteriotsua sopletez probatzen. |
Bestetik, nekez gerta
zitekeen lorpen hura inongo laborategitatik kopiatua izatea; Ward jauna
lanbidez ileapaintzaile baitzen. Horregatik berak dioen orok mesfidantza
besterik ez du sortzen zientzilariengan. Gainera Ward jaunak oso argibide
gutxi ematen du. Produktu berria plastiko, zeramika eta gehigarri batzuez
osatua dela besterik ez du esaten. Patenterik ere ez du eskatu, horretarako
materialaren konposizioa eman beharko lukeelako. Patenteen txostenak gainera,
edozeinek irakur ditzake eta aski litzateke materialari osagai bat edo
beste aldatzea antzeko berria egin eta kopiatzeko. Ward jaunak materialaren
lagina beti bera aurrean dela erabiltzen du. Saiakuntza egiten uzten du,
baina bukatu bezain laster berak jasotzen du.
Dena den, sua hain
ongi jasaten duen materiala ezin zen betirako baztertuta eduki; saiakuntza-probak
egitea hain erraza izanik batez ere. Militarrak oso interesaturik zeuden
laserrez jotako materialen erresistentziaz eta Bretainia Haundiko Weapons
Establishment erakundeak Starlite materialaren ezaugarri harrigarriak
telebistaz aditzera eman ditu. Laser-izpia puntu batean fokalizatu eta
bi minutuan eduki dute 10.000 ēC-ko tenperaturan. Materiala ez da hondatu.
Beste saiakuntza batzuk
ere egin dira. Starlitezko pantaila baten atzean arrautza ipini eta azetilenozko
soplete batez berotu zuten. Arrautzarik ez zen egosi. Are gehiago, arrautza
berotu ere ez zen egin.
Harez gero proba ugari
egin da material berriaren ezaugarriak neurtu nahian. Laborategi batean,
normalean zentimetrotako lodiera duten altzairuzko plakak ebakitzeko erabiltzen
duten plasma-zorrotada jaurti diote. Beste 75 proba ere egin dituzte eztanda
atomikoa simulatuz, eta 0,25 mm lodiko orri batek eutsi egin dio 2 cm
lodiko altzairua lurrintzen duen beroari. Beraz, material hau erabat erregaitza
da; isolatzaile termiko harrigarria.
Ward jauna azkenean
onartu egin dute argitaletxe zientifikoetan eta goi-mailako teknologiako
material gisa aipamena egin dio Janes International Defense Review
aldizkariak. Gobernuetako eta industria pribatuetako jendea ere ondoren
dabilki orain Ward jaunak. Badirudi material berria aplikazio militarretan
erabili nahi dutela (sateliteetan, adibidez), baina aplikazio zibilak
ere ugari izan ditzake: lineako hegazkinetan suteen kontrako babesa, etxeetako
isolamendu termikoa, petrolio-putzuetan eta biltegietan suaren kontrako
babesa, etab. Starlite materialak izan ere, suteetan ez du beste plastikoetan
bezala ke toxikorik ateratzen.
Hala ere, zenbait
puntu oraindik argitu gabe dago. Ez dakigu Starlite materialak tenperatura
handienak zenbat minututan jasan ditzekeen. Ezta tenperatura txikiagoak
baina altu samarrak denbora luzez jasaten dituenik ere. Bestetik, tenperatura
handi horietan plastiko honen erresistentzia mekanikoa zenbatekoa den
ere ez dakigu.
Starliteren arazoa
ez litzateke urtze-tenperatura; gar baten tenperatura handiarekiko erresistentzia
baizik. Eta horiek bi kontzeptu dira. Espaziuntziek, adibidez, orbitan
ibili ondoren berriz Lurrera itzultzen direnean atmosferako marruskaduraz
1500 ēC inguruko tenperatura izaten dute azalean. Horregatik babes gisa
ezkutu bat ipintzen diote, baina ezkutu hori ez da egoten nekez berotzen
diren materialez egina; bere urtze-puntua 150 ēC ingurukoa besterik ez
duen erretxina organiko (fenoliko edo epoxi) batez baizik. Horrela atmosferako
marruskadurarekin erretxina bapatean lurrindu egiten da eta gas horrek
espaziuntziko azala babestu egiten du atmosferako airearen eta fuselajearen
tartean kokatuta.
Starlite materialari
sopletearen garra hurbiltzen zaionean gasik ez du ateratzen. Beraz, material
hau batez ere mineralez osatua dago, plastikoa lotura gisa erabiliko duelarik.
Dena den, oraindik
azkarregi da material honek teknologi iraultza eragingo duela baieztatzeko.
Industria kimikoan diharduten konpainia garrantzitsuak izan ere, ezaugarri
termiko interesgarriak dituzten plastikoak ikertzeari utzi egin zioten
duela hamar bat urte. Lantzeko dauden zailtasunak eta prezioa dira oztopo
nagusiak. Plastiko horien urtze-puntua 350ē C-koa besterik ez izanik produkziorako
zailtasunak badaude, estrusioz edo moldeaketaz nola landuko da 10.000
ēC-ko Starlitea? Badirudi lantzeko era bakarra lamina meheak erabiltzea
izango dela, baina Ward jaunak bere materiala lantzeko ba omen du sistema
berria.
Bitartean Ward jauna
zain dago, eta bere asmakuntza inori uztekotan, enpresako akzio gehienak
bere esku edukitzea derrigorrezkoa dela dio. Horrela ez bada, ez du traturik
egin nahi.
|