|

Familia honen barruan
4 genero eta 400 bat espezie inguru ezagutzen dira; gehienak Ilex
generokoak. Aztergai dugun gorostia, zuhaiska edo zuhaitz txikia izaten
da; 10 m rainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaska
izaten da gaztetan, ondoren arre bihurtzen delarik. Adarrak tente ditu
bortizki; berde distiratsu tipikoak. Hostoak, iraunkorrak eta oso koriazeoak,
obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, hortz zorrotzez hornituak dira,
nahiz eta zenbaitetan ertza leuna izan.
Hostoak berde ilunak
dira gainaldetik eta oso distiratsuak. Azpialdea berriz, kolore nahiz
distira aldetik motelagoa du. Gorostia landare diakoa da. Loreak oso txikiak,
txuri edo arrosak, izaten dira. Fruitua baia txiki bat da; kolore gorri
bizikoa eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena
sortzen duena. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da eta fruituak
udazkenean heltzen dira, askotan hurrengo udaberrira arte zuhaitzean geratzen
direlarik.
 |
| (J.
Terés) |
Banaketari dagokionez,
ia Europa osoan zehar dago, Asiako alde gehienetan eta Afrikako Iparraldean
ere bai. Euskal Herrian, hegoaldean eta Pirinioetako mendi gailurretan
izan ezik, gainerako lurraldeetan bananduta dago, lurzoru azidoak begikoak
dituelarik. Normalean, baso desberdinetan (pagadietan, hariztietan,...)
eta horien ordezko komunitateetan zabaltzen da.
Bere zura oso gogorra
eta astuna izaten da, tornularitzan eta zurgintzan estimatua eta erabilia,
nahiz eta lantzen zaila izan. Bere azaletik biska lortzeko eta Eguberrietako
apaingarriak lortzeko etengabe jasandako adar-mozketek espezie honetan
sarraski handia eragin dute. Horregatik, eta animalia desberdinentzat
neguko jana lortu edo babesa aurkitzeko oso zuhaitz garrantzitsua denez,
legez babestuta dago eta ezin da inola ere moztu edo suntsitu.
Sendabelartzat ere
erabili ohi da gorostia; toniko, sudorifiko eta sukarraren kontrako modura.
Dituen substantziak taninoak eta gai mikatzak dira. Espezie hau garrantzi
ekologiko handikoak izanik eta babestuta dagoela kontsideratuz, lerro
hauetatik kontserbatzera eta zabalkuntza naturala bultzatzera animatzen
zaituztegu; bera izan baitaiteke gure natura eta ekologia zigortuaren
ikur eta itxaropena.
|
FITXA
TEKNIKOA
Gorostia
Familia:
akifoliazeoak
Espeziea: Ilex aquifolium
Banaketa: banatua
Habitata: basoa
Sendabelarra: bai
|
|