|
'Zientzia-ikerkuntzaren
mugak XXI mendearen hastapenetan' titulupean sei hitzaldi antolatu ditu
EHUko Miguel-Sánchez Mazas Katedrak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Atzo, martxoaren 12an, hasi eta hiru egunez luzatuko dira. Jesus Ugalde
eta Alberto Galindo Kimikaz eta Unibertsoaz aritu ziren.
Alberto Galindo Tixaire
'Unibertsoa eta materia: mugak eta erronkak' izenburuko hitzaldiarekin
aritu zen atzo. Galindo Tixaire Zaidinen (Huescan) jaio zen 1934an; nahiz
eta matematikaria den, Zaragozako Fisika Matematikoko Katedraduna da eta
baita Madrileko Fisika Teorikoko Katedraduna ere. Madrileko Unibertsitate
Konplutensean, Fisika Teorikoaren Unibertsitatearteko Taldearen sortzailea
eta lehen zuzendaria izan da, eta hainbat sari irabazi ditu.
Atzoko
bere hitzaldian oso garbi azaldu zuenez, "zer datorren iragartzeak badu
bere arriskua". Izan ere, 1900ean Unibertsoan gure galaxia baino ez zegoela
uste zen, eta 2000n badakigu unibertsoa ehun mila milioi galaxiak osatzen
dutela. 1900ean izarren argia euren grabitazio-uzkurketak sorrarazten
zuela uste zen, eta 2000n badakigu horien barnean gertatzen den fusio
termonuklearraren ondorio dela. Izan ere, bere garaian atera zen ondorioa
egia izan balitz, Eguzkia 70 m/urte-ko abiaduran txikituko zen eta, hala
balitz, duela 10 milioi urte bere erradioa Lurretik Eguzkirako distantzia
bestekoa izango zen. Ezinezkoa, ordurako bizia baitzegoen Lurrean. 1900ean
unibertsoa aldaezina, periodikoa eta ziklikoa zela uste zen, eta 2000n
badakigu Unibertsoa modu azeleratuan ari dela hedatzen. Eta 1900ean orduko
taula periodikoko 92 elementuek bakarrik osatzen zuten materia; aldiz,
2000n uste da Unibertsoan % 65 hutseko energia dela eta % 35 besterik
ez dela materia. Gainera, materia horretatik % 5 baino ez da ohiko materia;
beste guztia materia iluna da.
Alberto Galindok,
fisikaren mugei buruz ere hitz egin zuen; eta baita Fisikak aurrerantzean
izango dituen erronkei buruz ere. Ba ote zegoen zerbait Big Bang-a baino
lehen? Zerez osatuta dago materia iluna? Zer da energia iluna? Ez ote
da izango gure Unibertsoa beste 'Multibertso' anitzago baten barneko zerbait?
Zerk sorrarazi zuen Big Bang-a? Galdera horiek ez dute erantzunik oraingoz,
beraz, oraindik ere badute zer ikertu fisikariek.
Kimikaren
erronkak, Jesus Ugalderen eskutik
Lehenago EHUko Jesus
Ugalde irakasleak kimikak gaur egun zer erronka dituen aztertu zuen. Besteak
beste, molekulen konplexutasuna gutxi ikertutako esparrua dela adierazi
zuen, baina ez da hori etorkizunean tratatu beharreko gai bakarra.
Kimikariak
molekulen dinamika ulertzen hasi besterik ez dira egin, nahiz eta jada
atosegundutan (10-15 segundotan) gertatzen diren prozesuak aztertzeko
bidean dauden. Bestalde, sintesia, molekulen egitura elektronikoa eta
analisi-metodo ez-suntsitzaileak ez dira guztiz menderatu. Horrez guztiaz
gain, gizarteak zientziaren komunikazioa indartzeko duen beharra azpimarratu
zuen Ugaldek. Erronka ugari oraindik, urteetan garatutako zientzia-adar
batentzat.
Koldo Mitxelena Kulturuneko
Areto Nagusian badago hitzaldirik oraindik entzuteko. Jardunaldiek gaur
eta bihar jarraituko dute. Programaren berri, hemen.
|