|
Zientzialariek
oraindik ez dakite zehatz-mehatz nola erabiltzen, prozesatzen eta gordetzen
den hizkuntza, eta zalantzak areagotu egiten dira eleaniztasunaren kasuan.
Esate baterako: elebidunek berdin prozesatzen dituzte bi hizkuntzetako
esaldiak? Eta prozesua elebakarrek erabiltzen dutenaren modukoa da?
Galdera horiei eta
beste batzuei erantzun nahian, ikerketa ugari egin da. Horien artean,
aipatzekoa da Singapurreko Ospitale Orokorrean egindako lana, duela hiru
urte Neuron aldizkarian argitaratu zena. Ikerketa horren arabera,
elebidunek, hizkuntza
edozein delarik ere, garunaren atal bera erabiltzen dute irakurritakoa
ulertzeko. Ikerketa egiteko, ingelesa eta mandarinera menperatzen zuten
pertsona batzuen garunak aztertu zituzten, garun-aktibitatearen berri
denbora errealean ematen duen erresonantzia magnetiko funtzionalaren irudiak
(fMRI) erabiliz.
Emaitza ordura arte
uste zenaren aurka zihoan, elebidunen garunean hizkuntza bakoitzak bere
gunea duela adierazten baitzuten ikerketa askok eta askok. Adibidez, ongi
frogatuta dago garunean kalteak izan dituzten pertsona batzuek hizkuntzetako
bat ulertzeko eta hitz egiteko gaitasuna galdu arren, bestea gordetzen
dutela.
Argi dago, beraz,
hizkuntza ulertzeko, hitz egiteko eta gordetzeko prozesuen inguruan zalantza
asko daudela oraindik, batez ere elebidunen kasuan.
Hizkuntza
batean lan egitean, bestearen bidea ixten da. Nola baina?
Alemaniako Otto von
Guericke Unibertsitateko neurofisiologoek prozesu horiek ulertzeko pauso
bat eman dute. Ikerketaren emaitza Nature aldizkariaren bidez eman
dute jakitera, eta horren arabera, elebidunek mekanismo bereziak dituzte
hizkuntza batean ari direnean besteak oztopatzea eragozteko. Gainera,
hitzen esanahia jakin aurretik ixten zaio bidea erabiltzen ari ez den
hizkuntzari.
Ikerketa soilik gaztelania
eta gaztelaniaz gain katalana ere menperatzen duten pertsonekin egin dute.
Bi taldeetako pertsonen garun-aktibitatea ikusteko, fMRIa eta gertakariekin
erlazionatutako potentzialaren (ERP) neurketak erabili dituzte. Esperimentuan,
bi hizkuntzetako hitzak entzunarazi zizkieten nahasian, eta tartean baziren
esanahirik gabeko hitz faltsuak ere. Gaztelaniazko hitza entzun orduko,
botoi bat sakatu behar zuten.
 |
|
Elebiduna ala elebakarra izan, desberdina da garunak hitzen aurrean
duen aktibitatea. |
Gaztelania besterik
ez zekitenen erantzunak zertxobait azkarragoak izan ziren; hala ere, aldea
txikiegia da adierazgarria izateko. Gainera, bi taldeek berdin erantzuten
zuten katalaneko hitzen aurrean. Horren arabera, elebidunek katalaneko
hitzak ezagutzen badituzte ere, esanahiaz jabetu baino lehen alboratzen
dituzte.
Dirudienez, hitzek
bi bide jarraitzen dituzte garunean: batek ortografiatik zuzenean esanahira
eramaten du, eta besteak esanahira iritsi baino lehen, fonologiara eramaten
du. Bigarren bide horri esker, elebidunak gai dira erabiltzen ari ez diren
hizkuntzako hitzak haien esanahia jakin baino lehen baztertzeko. Hau da,
nahikoa da hitzen doinua entzutea hizkuntza bati dagokion ala ez jakiteko,
eta erabiltzen ari denarekin bat ez badator baztertzeko. Horren adierazle
da, egindako esperientzian, elebidunen garuneko gune zehatzetan aktibitate
gehiago azaltzea. Horretaz gain, bigarren bide hori erabiltzeak pentsarazten
du lehenengoa inhibitu egiten dela. Horrela lortzen da, beraz, bi hizkuntzen
arteko interferentziak ekiditea.
|