|
Akupuntura terapia
zaharra da eta gero eta jende gehiagok egiten ditu akupuntura-saioak erretzeari
utzi edo soberako kiloak galtzeko itxaropenarekin. Batzuentzat eraginkorra
izaten da eta besteentzat ez hainbeste. Hala ere, zientifikoki frogatuta
dago akupunturak nola eragiten duen, eta inork ezin dezake esan akupunturak
ezertarako balio ez duenik.
Ez da ikerketa zentro
batek akupunturaren aldeko jarrera agertzen duen lehen aldia, baina bai
azalak akupuntura egitean nola erantzuten duen, era zientifikoan, frogatzen
duen lehenengoa. Orain arteko ikerketek akupunturaren eragin terapeutikoa
ikertu izan dute. Oraingoan, azalaren erantzuna aztertu da.
Vermont-eko medikuntza-unibertsitatean
eraman dute aurrera 60 gaixorekin egin den eta bi urte iraun duen ikerketa.
Ikerketa horri esker, ekialdeko
medikuntzari, eguneroko bizitzan medikuntza alternatiboa deritzogunari,
sinesgarritasun handiagoa emango zaiola espero dute ikertzaileek.
Sinesgarritasun ezaren
arrazoi nagusia orratzen erabilera da. Izan ere, ekialdeko medikuntzan
orratzak sartzea ohikoa da, eta ez da beti helburu terapeutikoekin egiten.
Horregatik, orain arte ez zaio sinesgarritasun handirik eman akupunturari.
Ikerketa berrian parte hartu duen Helene Langevin ikertzaileak eztabaidarako
elementu berria plazaratu du eta, neurri batean, akupunturak batere eraginik
ez duela diotenak isilarazi ditu.
Helene Langevinen
arabera, akupunturan, orratzak berak baino garrantzi handiagoa du egiten
den manipulazioak. Ziztada egin eta orratza mugitzen ez bada, akupunturaren
eragina murritza dela ikusi dute. Aldiz, orratza errotazioan mugituz gero
eraginkortasun handigoa lortzen da.
Zertan
datza akupuntura?
Akupuntura
duela 2.500 urte sortu zen Txinan. Orratzen bidez akupuntura-puntuak ziztatzea
da terapia horren muina. Txinako medikuntza tradizionalaren teorien arabera,
giza gorputzak 2.000 akupuntura-puntu inguru ditu. Puntu horiek elkarrekin
lotuta daude, eta gorputzeko neurotransmisoreetan eragina duten ezaugarri
elektrikoak dituzte.
Akupuntura-puntuak
lotzen dituzten bideek gorputzak behar duen energia-fluxua sortzen dute.
Energia-fluxu horretan etenak gertatzen badira, gaixotasunak sor daitezke,
eta orratzen bidez ziztatuz gero, desoreka horiek konpondu eta energia-fluxua
hobetzen omen da.
Gainera, mina sendatzeko
ez da beharrezkoa zuzenean mina dagoen lekuan eragitea. Izan ere, minaren
bulkadak transmititzen dituzten nerbio-zuntz batzuk estimulatuz, beste
nerbio-zuntz batzuetan mina blokeatu egiten da. Sare bateko hari bat mugituz
beste hari batzuk ere mugitzen diren gisan, nerbio batzuk ziztatuz beste
batzuetan ere eragiten da.
Tradiziozko terapia
horren oinarrian zera dago: gizaki orok gorputzean Qi izeneko bizi indarra
daramala. Energiari loturiko kontzeptua da eta bizitzeko ezinbestekoak
diren hainbat jarduera gauzatzen ditu, hala nola, termorregulazioa, defentsa
sistema, gorputza haztea...
 |
| Gorputzak
2.000 akupuntura puntu ditu, horietako asko belarrietan. |
Desorekaren bat gertatzen
denean, bizi-indar hori eraldatu egin daiteke eta, ondorioz, gaixotasunak
eta minak sor daitezke. Desoreka bizi-indarra osatzen duten indar desberdin
eta aldi berean osagarrien artean zerbait gertatzen denean sortzen da,
Ying eta Yang indarren artean alegia. Oreka berreskuratzeko, Txinako medikuntza
tradizionalak dio gorputzaren barnealdeko organoen eta kanpoko elementuen
lurra, sua, ura, egurra eta metala egoera parekatu egin behar
dela. Akupunturaren bidez ere saiatzen dira Qi erantzuna lortzen. Erantzun
hori orratza ateratzean nabaritzen da, eta arrainak amuari tiratzearekin
parekatzen dute. Ongi eginez gero, pazienteak, kirol asko egin izan balu
bezala, giharreko mina sentitzen du.
Txinako medikuntza
tradizionala asko hedatu da mendebaldeko herrialdeetan ere. Hainbat ikerketak
erakutsi dutenez, akupuntura eraginkorra suerta daiteke adikzioei aurre
egiteko, buruko eta lepoko minak sendatzeko, haginetako mina kentzeko,
anestesiak edo kimioterapiak eragiten duten goragalea arintzeko, gehiegizko
pisua galtzeko eta enboliaren errehabilitazioan laguntzeko.
Ikerketaren
muina
Akupunturaren oinarri
zientifikoa frogatzeko, Vermonteko ikertzaileek, ordenagailu bidez, orratza
ateratzeko zenbat indar egin behar den neurtu dute. Ikusi dutenez, orratza
sartu eta errotazioan mugituz gero, azalaren eta orratzaren arteko lotura
finkatu egiten da eta orratza ateratzeko indar handia egin behar da. Horrek
lotura handia dagoela erakusten du. Aldiz, orratza alde batera eta bestera
mugituz gero, orratza ateratzean egin behar den indarra % 53 soilik emendatzen
da.
Horrela,
argi gelditu da orratzarekin manipulazioak egiteak efektu biomekanikoa
duela. Eragin hori kontrol-puntuetan eta akupuntura-puntuetan ageri da,
baina zertxobait nabarmenagoa da bigarren puntuetan.
Orain arte, akupunturak
muskulu-kontrakzioak sortzen zituela uste zen, baina Langevin ek dioenez,
azalak eta/edo azal azpiko ehun konektiboek ere parte hartzen dute gorputzaren
erantzunean. Izan ere, orratza ateratzean argi ikusten da azal azpiko
ehunak nola atxikitzen duen orratza.
Horrenbestez, orratzen
ziztadek baino gehiago egiten diren manipulazioek nola eragiten duten
frogatuta gelditu da. Baina, bestondoa kentzeko eraginkorra ote da? Froga
egin nahi duenarentzat ez dira garai txarrak.
7k-n
argitaratua.
|