|
Klima-aldaketa hitzetik
hortzera darabilkigu eztabaidagai maiz, bai lagunen artean, baita komunikabideetan
ere. Askoren iritziz dagoeneko Euskal Herria tropikalizatu
egin zaigu, eta neguak ez dira negu, gaztaroan gure kaleetan elurra maizago
ikusten genuen eta horrelakoak entzuten dira. Antzera esaten da munduko
toki gehienetan, baina hala eta guztiz ere, zenbait zientzilarik zalantzan
jartzen du dagoeneko klima-aldaketa baten aurrean gaudenik. Hori
bai, ikerketa askoren arabera atmosferako zein ozeanoetako tenperaturak
igo egin dira azken urteotan.
Baina klimek berez
fluktuazioak betidanik izan dituztenez tenperatura-igoera hauek normalak
izan zitezkeen. Gure planetako klimak benetan aldatzen ari ote diren jakiteko
oraindik datu eta ikerketa gehiago behar dira. Hala ere, zientzilari askoren
ustetan gizakion eragina atmosferan oso nabarmena da eta horrek ekar ditzakeen
aldaketen artean berotegi-efektua dago. Berotegi-efektuaren ondorioz bestalde,
klimak epeldu egingo lirateke.
Dena den, kausa asko
direla medio, klimek etengabe aldaketak jasan dituzte. Esaterako, azken
bi milioi urteotan, Holozenoan zehar, hainbat glaziazio gertatu da munduan,
azkena duela hamar mila urte inguru amaitu zelarik. Orduan Aralarren,
Aizkorrin, Anboton eta Euskal Herriko beste zenbait menditan glaziarrak
zeuden, Euskal Herriko batezbesteko tenperatura gradu bakan batzuk hotzago
zelarik.
Garai hartan itsas
maila beherago zegoen eta, beraz, kostaldea urrunxeago zegoen. Azken glaziazioaren
ondoren klima epeldu egin zen, eta duela 5.000 urte egungoa baino epelagoa
izatera ere iritsi zen. Dena den, eta azken glaziaziotik hona klima epeldu
egin bada ere, mendetik mendera berezko fluktuazio nabarmenak eman dira.
Horregatik, klima aldatzen ari ote den jakiteko urte askotako datuak behar
dira.
Klima
berotzearen ondorioak
Ikerketa sakonago
eta luzeagoak egin behar badira ere, hainbat eredu matematikok gizakion
eraginez klima berotu, eta berotze-prozesua bizkortu egin dela, ondorioztatzen
du. Berotze honek, klima-aldaketa sakonak sor ditzake, gizakiontzat oso
ondorio kaltegarriak ekar ditzakeelarik. Zientzilarien artean oso maiz
erabiltzen den eredu matematiko batetik hurrengo urteetan udako batezbesteko
tenperaturak 2 eta 4 ºC artean igo daitezkeela ondorioztatzen da.
Klima beroagoek, beste
aldaketa askoren artean, goi-latitude eta mendietako izotzen urtzea ekarriko
lukete eta honekin batera itsas mailaren igoera, itsasoek hainbat hiri
eta populatutako kostalde urperatuko lituzketelarik. Honek populazio-migrazio
handiak eragingo lituzke, arazo politiko eta ekonomiko neurtezinez gain.
Izotz kapeluak eta glaziarrak urtzeak lurrazalaren albedoa jaitsiaraziko
luke, eta ondorioz lurrazala berotuko litzateke.
Klima berotzeak ere
eritasun tropikal askoren barreiaketa ekar lezake, eritasun hauek kutsatzen
dituzten intsektuak beroarekin asko hedatuko bailirateke. Hori horrela
malaria, eskistosomiasia, filariasia, sukar horia eta beste hainbat gaixotasunek
bortizki joko lukete herri tropikaletan eta egun gaixotasun horietatik
libre dauden munduko leku askotara ere zabalduko lirateke. Halaber, gizakion
aktibitateek klima-aldaketa azkarra eragingo balute eredu matematikoek
jende asko hilko lituzketen bero-uhinak eta hotz-uhinak,
tifoi eta urakan izugarriak, lehorte zein eurite bortitzak eta beste hainbat
fenomeno meteorologiko aurrikusten dituzte. Hau guztia gerta liteke, eta
agian jada hasi da gertatzen.
 |
| Klima
beroagoek, beste aldaketa askoren artean, goi-latitude eta mendietako
izotzen urtzea ekarriko lukete eta honekin batera itsas mailaren igoera,
itsasoek hainbat hiri eta populatutako kostalde urperatuko lituzketelarik.
(J. Terés). |
Baina badaude, batzuen
ustez bederen, klima beroagoek ekar lezaketen hobekuntzak ere. Horrela
klima berotzearen ondorioz gaur egun klima arktiko eta subarktiko duten
lurraldeek, Kanadako iparraldeak eta Siberiak esaterako, nekazaritzarako
erabil ahal izango dira. Zoritxarrez, bertako lurzoruek oso garapen txikia
dute eta ez lirateke batere emankorrak izango. Bestalde, eskualde hauetako
permafrosta urtzean metanoa kantitate handitan isuriko litzateke atmosferara,
eta gogoratu metanoa oso berotegi-gas indartsua dela.
Areago oraindik, glaziarreak
agerian utzitako eskualdeak basamortu bihurtuko lirateke, ez baitago bertan
lurzoru biologikorik, eta horren bilakaerarako ehundaka zein milaka urte
beharko lirateke. Klima-aldaketa natural batean, aurretik izotzak estalitako
eskualdeetako lurzoruak eratzea posible izaten da, klima-aldaketa ez baita
oso arin gertatzen, baina gizakiok eragindako klima-aldaketa oso azkarra
izan daiteke, eta ondorioz ez litzaioke moldatzeko astirik emango.
Atmosfera
eta klima-aldaketak
Aldaketa klimatikoen
kausa astronomian zein geologian dago eta betidanik gertatu izan dira
gizakion eraginik gabe. Baina munduko populazioaren hazkundea dela eta,
teknologia berrien bilakaerarekin batera, gizakiok gero eta gehiago isurtzen
dugu ingurura, atmosferara. Aktibitate organiko zein inorganikoen ondorioz
hainbat gas atmosferara jaurtitzen da. Hala ere, orain dela gutxi arte
atmosferak nolabaiteko oreka mantendu ahal izan du eta bertara isuritakoa
atmosferak berak liseritzen zuen, bere osaketa ezer gutxi aldatzen zelarik,
edo poliki-poliki aldaketa txikiak jasaten zituelarik.
Ozeanoek, beste konposatu
askoren artean, karbono(IV) oxidoa kantitate handitan zurgatzen dute karbonatuak
eratzeko, horrela atmosfera garbituz. Finkatutako karbono horren bidez
arrezifeak eraiki izan dira betidanik, eta gero kararri eta dolomia bihurtuko
diren sedimentuak pilatu izan dira. Baina atmosferaren eta ozeanoen ahalmen
garbitzaileak bere mugak ditu eta bertara gehiegi isurtzen bada ahalmen
horrek gainezka egiten du. Horrek ordurarteko oreka bortizki apurtzen
du eta ondorioak aurrikustea zaila izaten da.
Berotegi-gasen
pilaketa atmosferan
 |
| Klima
berotzeak ere eritasun tropikal askoren barreiaketa ekar lezake, eritasun
hauek kutsatzen dituzten intsektuak beroarekin asko hedatuko bailirateke.
|
Beroa mantentzen duten
hainbat gas, berotegi-gas izenekoak, atmosferan berez daude eta hauei
esker da posible Lurreko bizitza, bestela bertako batezbesteko tenperatura
zero azpikoa izango baitzen. Aktibitate orogeniko eta bolkanikoetan, esate
baterako, karbono(IV) oxidoa kantitate handitan askatzen da, eta hauek
klima-aldaketa naturalak eragiten dituzte.
Beraz, gizakiok berotegi-gasen
kontzentrazioa igotzen badugu, eta dagoeneko igo egin dugu, bero gehiago
metatuko da atmosferan, eta ondorioz klima alda dezakegu. Hau horrela,
Iraultza Industrialak errekin organikoen erabilpena berarekin ekarri zuen,
ikatza eta hidrokarburoak errez eta, beste berotegi-gas askoren artean,
karbono(IV) oxidoa atmosferara isuriz. Ordutik hona gas honen kontzentrazioa
atmosferan asko igo da, % 25 azken 50 urteotan, igoera mende honen bukaeran
azkartu egin delarik.
Gizakion eraginez
berotegi-gasen kontzentrazioa atmosferan dagoeneko igo egin dela inork
ez du ukatzen, baina jadanik gas horien eraginez klima aldatzen ari dela
esateko oraindik goiz izan daiteke, lehen esan dugunez klimak berezko
aldaketak izan baititu betidanik. Egungo zientzilari zein agintarien artean
hiru jarrera dira nagusi. Batetik, dagoeneko klima aldatzen ari dela uste
dutenena, bigarrenik, klima benetan aldatzen ari ote den jakiteko itxarotea
eskatzen dutenena, eta azkenik gizakion aktibitateek klima inoiz ez dutela
aldatuko uste dutenena.
Lehenengoek eta bigarrengoko
zenbaitek, jakina, dagoeneko klima-aldaketei aurre egiteko neurriak hartzea
proposatzen dute, baina gainerakoek itxarotea eskatzen dute. Zoritxarrez,
lehenengoek arrazoia baldin badute, eta ez bada ezer egiten, guztiok konbentzituta
egon gintezkeenerako beranduegi izan liteke, ondorio katastrofikoak paira
genitzakeelarik.
Azken
urteotako aldaketak
Azken hogei bat urteotan
airearen tenperatura batezbeste 0,7º igo omen da, itsasoetako tenperatura
ere zertxobait epeldu egin da, eta itsas maila bera ere, urtean gutxienez
milimetro bat gorantz doa. Epe berean ere inoiz baino tifoi, urakan, hotz-uhin,
bero uhin, lehorte eta eurite bortitzagoak ezagutzen ari gara,
eredu klimatikoek aldaketa klimatiko azkar baten bidez gerta litezkeela
aurrikusia dutenen antzekoak. Are gehiago, goi-latitudeetan ere aldaketak
gertatzen ari dira jadanik, eta esaterako, Ipar Poloko urak epeldu egin
omen dira itsas izotza mehetuz.
Bestalde, Antarktikako
izotz plataforma ozeanikoak, milaka urte bertan izoztuta egon ondoren
urtzen eta zatitzen hasiak dira, orain dela gutxi Araba bezain handia
den izeberga bertatik askatu delarik. Baina atmosferara gizakiok isuritako
gasek klima berotzeaz gain badituzte beste ondorio batzuk. Ondorio hauek
ez dira, klima aldaketarekin gertatzen ari den bezala, zalantzan jartzen,
dagoeneko gertatzen eta pairatzen ari baikara. Horien artean euri azidoa
eta ozono zuloa ditugu. Herri industrializatuetan euri azidoak, beste
zenbait ondorioren artean, basoak hil eta uztak gutxiagotu egiten ditu,
kalte ekonomiko eta ekologiko handiak eraginez.
 |
| Iraultza
Industrialak errekin organikoen erabilpena berarekin ekarri zuen,
ikatza eta hidrokarburoak errez eta, beste berotegi-gas askoren artean,
karbono(IV) oxidoa atmosferar isuriz. |
Bestalde, ozono zuloa
Hego Hemisferioko goi-latitudeetan dagoeneko urtero udan agertzen da eta
hasia da Arktikoan ere zabaltzen. Ozono zulotik eguzkiaren izpi ultramoreak
iristen dira lurrazaleraino, minbiziak eta aldaketa genetikoak eraginez.
Dagoeneko Argentinako Patagoniako Usuaia hiria ozono zuloaren parean aurkitzen
da udarero eta, ondorioz, bertako biztanleek oso babes neurri zehatzak
hartu behar izan dituzte osasuna zaintzeko. Antzeko neurriak Australian
eta Zeelanda Berrian hasiak dira hartzen, bertan arriskua gero eta handiagoa
baita.
Hartu
beharreko neurriak
Klima-aldaketa gertatzen
ari ote den seguru egon barik ere, hobe dugu neurriak hartzea, behin gertatuz
gero egoerari buelta ematea oso zaila, ala ezina, izan daiteke eta. Klima
faktore askoren konbinaketaren ondorioa da, eta gure planetako ozeanoen
zein atmosferaren ezaugarrien menpe dago. Klima moldatzen duen sistema
horren handia denez, inertzia handia du eta, beraz, behin aldaketak sortatuz
gero oso zaila da norabidez aldatzea.
Aurtengo ekainean
hiru urte beteko dira klima-aldaketa posible bati aurre egiteko hainbat
gobernu Rio de Janeiron bildu zirela. Bertan zenbait erabaki hartu ziren
ingurua zaintzeko, baina praktikara eramateko unean erabaki horiek zailtasun
handiekin egin dute topo. Aurtengo martxoaren 28ko Berlingo Bilera proposamen
zehatzak aurkezteko helburuarekin ipini zen, bertan hainbat proposamen
eztabaidatu zirelarik. Horrela, klima aldaketa posible baten aurrean,
Danimarka eta Alemaniak beren karbono(IV) oxidoaren isurketak murriztu
egin nahi dituzte energia alternatiboak bultzatuz.
 |
|
Antarktikako izotz plataforma ozeanikoak, milaka urte bertan izoztuta
egon ondoren urtzen eta zatitzen hasiak dira. |
Bestalde, Estatu Batuek,
Britainia Haundiak eta Japoniak isurketa-maila berean mantentzea dute
helburu, eta Espainiak zein Frantziak portzentaia txikietan areagotzea.
Baina herri garatuek isurketak kontrolatzea proposatzen duten bitartean,
garatzeko bidean dauden hainbat herri isurketak ez murrizteko proposamenak
bultzatzen dituzte, beren ekonomiak horrelako neurriak hartuz gero sufri
dezaketela eta.
Dena den, klima-aldaketa
posible baten arazoa guztiona da. Gobernuek, duten erantzukizuna dela
eta, erabakiak hartu behar dituzte zalantzarik gabe. Baina oinezkook ere
ingurua zaintzeko neurri asko har ditzakegu. Gure eguneroko eginkizunek
inguruan eragin zuzena dute eta neurri batean eragin horien norabidea
guk aukera dezakegu. Gure ohiturak kontzienteki alda ditzazkegu inguruarekin
harmonian dauden jokamoldeak hartuz. Eztanda-motoreko garraioak esaterako
asko poluitzen dute, beraz garraio kolektiboa zein bizikletak eta oinak
maizago erabiliko bagenitu ingurua hobeto zainduko genuke.
Bestela, kotxea hartu
behar badugu ekologikoki gida genezake; hau da, abiadura ekologikoa
(90 km/h, erregai-kontsumoa arrazionalizatzeko asmoz) erabili, azelerazio
zein balaztaketa mantsoak egin, ahal denean kotxea lagunez bete (horrela
kotxe gutxiago zirkulatuko lukete), etab. Bestalde gure erosketak ere
inguruarekiko solidarioak izan daitezke eta, beste gauza askoren artean,
ozonoa hondatzen ez duten produktuak eros ditzakegu. Beraz, gure bizimodu
erosoa pittin bat aldatuz guk ere zain dezakegu ingurua eta Lurra, eta
horrela klima-aldaketa eragotzi, azken batez kolokan guztion etorkizuna
baitago.
|