|
Kirolariek maiz
erabili duten hazkuntzaren hormonaren eraginkortasunik ez da ikusi azken
ikerketetan
Ehun
metro hamar segundo baino gutxiagotan korritzeko gai diren kirolariak
ikusi ditugu egun hauetan. Bizikletaren gainean hirurogei kilometro orduko
baino azkarrago doazenak, uretan berrehun metro bi minutu baino gutxiagotan
igeri egiten dutenak edota berrogei kilometro korrika egin ondoren hiltzen
ez direnak ere. Eta ez hori bakarrik. Sydneyko Olinpiar Jokoak direla
eta, telebistak mota guztietako munstroak aurkeztu dizkigu. Nola lortzen
dute horrela egotea?
Noski, entrenatu egiten
dira. Baina Joko batzuetara joateko beste mota bateko metodoez baliatzea
ia ezinbestekoa da, metodo kimikoez alegia. Kirolaren alderdi iluna da.
Dopinak kirolaren araudiaren etengabeko eguneratzea eskatzen du. Hala
ere, kimikak ezusteko bitxiak ere tarteka ekartzen ditu.
Azken
ikerketak
Kirolari askok maiz
erabiltzen dituzten debekatutako substantzien artean hazkuntzaren hormona
dago. Epe motzean izan ditzakeen ondorioak, ordea, ez dira oso ezagunak.
Goteborgeko (Suedia) ikertzaile batzuk hormona horrek ariketa fisikoa
egiteko ahalmena ez duela handitzen aurkitu dute. Emaitza hori Portland
hirian (Estatu Batuak) izandako biologia eta kirolari buruzko kongresuan
aurkeztu dituzte.
Ikerketarako ikertzaile
suediarrek hogeita hamar boluntario erabili dituzte, 19 eta 35 urte bitarteko
hamabost mutil eta hamabost neska. Azterketa aleatorioki emandako plazeboen
bitartez kontrolatu zen. Kirolari guztiei ekokardiografiak egin zitzaizkien
tratamendua jaso baino 28 egun lehenagotik eta bukatu baino 28 egun geroago
arte. Hormona eman zitzaien, dosi handietan zein txikietan. Gainera, Doppler
ekokardiografiaren teknika ere erabili zen ikerketan.
Kenneth Caidahl doktoreak,
proiektuaren buruak, esaten duenaren arabera, ez da emaitzetan ariketa
fisikoa egiteko ahalmenaren hobekuntzarik igartzen. Ez hormonaren dosi
handiekin, ezta txikiekin ere. Gainera, ez zen aldaketarik ikusten kirolarien
etekinetan (erresistentzian, adibidez), ezta kontsumitutako oxigeno kantitatean
ere.
Hala eta guztiz ere,
kirolariak ez dira zientzialarien kezka bakarra. Hazkuntzaren hormonak
umeen garapen normalean ere garrantzi handia du. Izan ere, detektatzeko
proba azkarra eta fidagarria izatea ezinbestekoa da. Hormonek duten arazoa
da oso kantitate txikietan sor dezaketela efektua. Beraz, probari sentikortasun
handia eskatzen zaio. Wyoming-eko unibertsitateko Roberta Sulk kimikariak
500.000 dolarreko beka jaso zuen esparru horretan ikertzeko. Raman espektroskopian
oinarritutako proba garatu berri du.
Proba garatzeko aspaldidanik
izan den arazo larria laginak lortzea izan da. Hormona kantitate handia
behar da laborategiko proba asmatzeko. Duela hamabost bat urte arte, molekularen
iturri bakarra hildako baten guruin pituitarioa zen. Lan astuna zen. Gorputik
guruin osasuntsua atera eta proteinaren isolatze kimikoari ekin behar
izaten zioten zientzialariek. Orain metodologia asko aldatu da. Izan ere,
ingeniaritza genetikoaren bitartez, substantzia horien kantitate handiagoak
erraz lor daitezke. Gorpuen beharrik ez dago. Laborategiko lan soila da.
Metodologia
gogorretik iheska
Orain arte, intsulinako
gaindosia erabili ohi da hazkuntzaren hormonaren ekoizpena sustatzeko.
Ume batzuentzat metodo hori oso kaltegarria suertatzen da. Gainera, analisia
burutzeko egunak behar ziren. Oraingo probak hogei minutu besterik ez
ditu behar emaitzak lortzeko. Sistemaren eraginkortasuna baieztatu eta
Detection Limit enpresari eman zaio dirua proba egiteko tresnaren prototipoa
diseinatu dezaten.
Kirolariek hormona
asko erabiltzen dute, gorputzaren ohizko substantzia delako. Oro har,
detektatzen zaila dela uste dute. Baina Sulk-ek garatutako probak naturalak
ez diren kantitateak detektatzen ditu. Gainera, hormonaren efektua espero
litekeena ez denez, dopin mota horren etorkizuna kolokan geldi daiteke
hurrengo urteotan.
|