|
Gaur
egun ideia berriak behar omen dira aurrera egiteko, berriak, orijinalak
eta, jakina, onak. Ideia berririk egon ezean, zaharrei erreparatu, bat
hautatu eta egunean jarri. Zamudioko ITP enpresan horixe egin dute. Hegazkineko
motorraren bultzada hegaldia kontrolatzeko erabiltzea ideia zaharra da,
baina ITPn berraztertu egin dute eta egungo teknologia eta materialak
erabilita egokitu egin dute. Ondorioz, tobera bektorialaren proiektua
errealitate bidean da
EF-2000 ehiza-hegazkina
egiteko programa gaur arte Europan abian jarri eta ia amaitu den elkarlanerako
proiektu militar handiena da. Alemania, Erresuma Batua, Italia eta Espainiako
400 enpresak baino gehiagok zuzen-zuzenean lanean dihardute hegazkina
egiten ari den Eurofighter partzuergoan -British Aerospace (Erresuma Batua),
DASA (Alemania), Alenia (Italia), eta CASA (Espainia)-. EF-2000 serieko
lehen hegazkinak -148 eta 363 motorrak- 2001. urtean egingo dira eta 2002.
urtean hegan jarriko dituzte.
EJ-200 motorrak bultzatuko
du EF-2000 ehiza-hegazkina, eta motor hori garatzea Eurojet partzuergoaren
-Rolls Royce (Erresuma Batua), MTU (Alemania), Fiat Avio (Italia), eta
Zamudioko Industria de Turbo Propulsores (ITP)- zeregina da. Motorra osatzeko
lanak banatuta daude eta Zamudioko enpresa tobera konbergente-dibergentea,
turbinaren ihes-difusorea, desbideratze-hodiko karkasa, osteko erregailuaren
karkasa eta motorraren kanpoaldeko tutuak eta kableak egiten ari da.
Europan hegazkingintzan
ari diren enpresa indartsuenek elkarlanaren bidetik jotzea erabaki dutela
argi dago. Izan ere, konpetentziari aurre egiteko beste erremediorik ez
dute izan. Europako enpresek Estatu Batuetako enpresekin lehiatu beharra
dute eta, horretarako, ingurugiroan eragin txikia eta akatsik ez duten
prezio oneko motorrak egin beharko dituzte.EJ-200 motorrak lehia horretan
zer esana badu.
Ondorengo hogei urteetan
hegazkingintzaren sektorea hazi egingo dela aurreikusten dute adituek
eta kontinenteen arteko gaur egungo konpetentzia, kontinenteen -Asiak
barne- arteko elkarlanak ordezkatuko duela antzematen da. Etorkizun horri
begira, ITP munduko motor-ekoizle nagusiekin lanean aritu da, eta ari
da: EJ-200 (Rolls Royce, MTU, Fiat Avio); Trent (Rolls Royce); 501K eta
601K (Allison); Atar 9K50 Plus (Snecma); BR710 eta BR715 (BMW-RR); TF50
(Allied Signal); LM2500 (General Electric, Fiat Avio)...
Esperientzia horri
guztiari eta, batez ere, EJ-200 motorreko toberaren proiektua garatzean
egindako bideari esker, ITPk proiektu berri bati ekin eta ia bukaera eman
dio: EJ-200 motorrerako tobera bektoriala. Proiektu hau I+Gko lantzat
hartu dute eta ez dago EJ-200 motorraren gaur egungo programaren barruan.
Tobera
berria 
Tobera hegazkinetako
erreakzio-motorraren azken atala da. Ohiko toberetan, turbinatik datorren
gasa toberan zabaldu egiten da; ondorioz, presioa jaitsi ahala ihes-gasen
abiadura handitu egiten da. Beraz, airea sartu den baino abiadura handiagoaz
ateratzen da. Horrela sortzen da hegazkina aurrerantz mugiarazten duen
bultzada. Tobera bektorialek ere zeregin bera dute: turbinatik ateratzen
den gasaren abiadura handitzea motorraren bultzada handitzeko, baina,
gainera, gasaren norabidea bidera dezakete.
Beraz, hegazkinak
bultzada bera hegaldia kontrolatzeko eta maniobratzeko erabil dezake.
Bultzada hegaldia kontrolatzeko erabiltzea ez da ideia berria, baina orain
arte ezin izan
da behar bezala gauzatu ez zegoelako, ez teknologiarik, ez eta material
egokirik ere. Gaur egun Europan ez da tobera bektoriala erabiltzen duen
hegazkinik, beste toki batzuetan, berriz, badira. Mugimenduaren arabera
bi tobera bektorial mota bereizten dira: 1) 2Dko tobera bektorialak: mugimendua
ezker-eskuin egiteko gai direnak. 2) 3Dko tobera bektorialak: mugimendua
ezker-eskuin eta goitik behera edo behetik gora egin dezaketenak. Oro
har, tobera bektorialen teknologia edozein turboerreaktore edo turbofanekin
erabil daiteke. Hala ere, gaur egun dauden tobera bektorialak osteko errekuntza
egiten duten erreakzio-hegazkin militarretan erabiltzen dira. Etorkizunean
teknologia hau bestelako erreakzio-motorra duten hegazkinetan ere erabiliko
delakoan daude.
Orain arte diseinatu
diren tobera bektorialen arazorik larrienetakoa, toberaren alde konbergentea
eta dibergentea zabaltzeko eta ixteko eta, aldi berean, tobera norabide
desberdinetara zuzentzeko gauza den eragingailua aurkitzea izan da. Horregatik,
dauden tobera bektorial guztiek funtzio bakoitzerako eragingailu-sistema
bat erabiltzen dute; bi, hortaz. Aurkitzea ez ezik, tobera bektorialak
duen zeregina bete ahal izateko pisu, prezio eta tamaina egokiko sistema
izatea ere orain arte arazo handia izan da. ITPn diseinatutako toberaren
berrikuntza teknologikorik handiena eragingailu-sisteman dago. Hain zuzen
ere, tobera bektorialaren zeregin guztiak egiteko eragingailu-sistema
bakarra baitu, hidraulikoa kasu honetan. Eragingailu berarekin toberaren
sekzio konbergentea -zenbat gas sartu erabakitzen den tokia da- zein dibergentea
-gasa norantz bidali erabakitzen den gunea da- kontrolatzen da. Horrek
motorraren pisuan, kostuan eta eraginkortasunean, oro har, eragin handia
izan dezakeela argi dago. Ikerkuntzaren alde hori hobetzeko, une honetan
ITPn material berriekin ari dira lanean; horrez gain, hegaldi-probetan
eta tobera merkaturatu ahal izateko zereginetan dihardute.
10
urteko ibilbidea
Esandakoaren arabera,
tobera bektorialaren proiektua bukatuta dagoela pentsa daiteke, baina
ez da horrela; bide luzea egin duen arren, oraindik badago zer eginik.
Proiektua bera 1990. urtean hasi zen. Proiektuaren lehen bost urteetan
ideia patentatu, diseinu kontzeptuala egin eta maketa eraiki zen. ITPk
urte haietan aholkularitza-mailan Alemaniako DASA enpresaren laguntza
izan zuen, enpresa hau tobera bektorialari dagokion teknologiaren aldeko
sustatzaile sutsua baita.
Hori egin eta gero,
diseinu aerodinamikoari heldu zitzaion. Aldi berean, egokiena aurkitu
arte, tobera bektorialaren proiektua errealita te
bihurtzeko ezinbesteko diren material arinak hautatzeari ekin zioten.
Oro har, toberako zatirik gehienak titaniozko eta nikelezko aleazioez
eginda daude.
1997ko lehen hilabeteetan
entseguetan erabiltzeko tobera bektorialaren prototipoaren diseinua jarri
zen abian. Izan ere, hurrengo urtean probak egiten hasi nahi zuten.
Probak egiten hasi
baino lehen, ordea, bazegoen zer eginik. Tobera bektorialaren osagaiak
egiteko zeuden, baita toberari mugimendua emango zioten eragingailuak
ere. ITPren agindupean, Madrilgo CESA enpresak egin zituen. Ez hori bakarrik,
osagaiak eta eragingailuak egiteaz gain, behar bezala erantzungo zutela
ere hantxe egiaztatu zen, hainbat proba egin baitziren.
1998. urtea garrantzitsua
izan zen tobera bektorialaren proiektuarentzat, urte hartan lehendik hasita
zeuden hainbat lan bukatu egin baitziren. Hasteko, tobera bektorialaren
kontrol-sistema elektronikoa garatu zen. Gero EJ-200 motorrean tobera
bektorialaren integrazioa egin zen. Azkenik, kontrol-sistemak hegaldi-simulatzaile
birtual batean probatu ziren. Lanak Alemaniako MTU enpresak ITPk proiektu
honetan duen bazkide bakarrak, egin zituen. Jatorrizko EJ-200 motorra
gauzatzeko Eurojet partzuergoan ere MTU enpresak motorraren kontrol elektronikoaren
ardura du. Osagaiak, eragingailuak eta kontrol-sistema garatu ondoren,
toberaren muntaia eta instrumentazioa egin zen.
Simulatzaileetan ez
ezik, merkatura atera baino lehen hegaldietan egiten diren proben aurretik,
lantegian lurreko probak egin behar dira. Proba horiek aldez aurretik
prest egoten diren entsegu-bankuetan egiten diren arren, tobera bektorialaren
proiektua berezia denez, entsegu-bankua egokitu egin behar izan zen. Entsegu-bankua
prestatu eta gero, lurrean egin beharreko testak egin ziren, tobera benetako
hegaldi batean izango lituzkeen hainbat egoeratan jarrita. Proba horietan
toberaren funtzionamendu egokia egiaztatzen zuten datuak lortu ziren.
Lurreko test-ak egin
zirenetik urtebete baino gehiago igaro da, eta hurrengo urratsa probak
benetako hegaldietan egitea izango da; izan ere, produkzioarekin hasi
baino lehen behar-beharrezkoa baita teknologia hegan probatzea. Azkenik,
jakina, produktua merkaturatu beharko litzateke. Oraingoz badirudi merkatua
bakarra izango dela, militarrena alegia. Hegazkin militarretan behar bezala
erantzuten badu, ez dago dudarik etorkizunean teknologia hau gizarte zibilean
ere erabili ahal izango dela.
Proiektuari ekitean,
ITPren helburu nagusia, jakina da, negozioa egitea zen, baina ez zen bakarra.
Orain arte osatu diren urratsei esker, ITPn tobera bektorialen teknologiak
etorkizuna izan dezakeela frogatu ahal izan da eta etorkizuneko balizko
bezeroek ere ikusi ahal izan dute hori. Alde teknikoari erreparatuta,
egindako lanari esker ITPk tobera bektorialei buruz zuen jakintza handitu
ahal izan du, bere kalkulu-sistemak kalibratu ahal izan ditu eta eragingailuendako
sistema hidraulikoekin lan egiteko aukera izan du -Jatorrizko EJ-200 proiektuan
tobera ITPren ardura da, baina sistema hidraulikoa eta eragingailuak Fiat
Avio-ren ardurakoak dira; tobera bektorialaren proiektuan, berriz, sistema
hidraulikoa eta eragingailuak ere ITPren ardura dira-.
Iragarpenak egitea
beharbada arriskutsuegia da, baina tobera bektorialen bidean aurrera eginez
gero, baliteke etorkizuneko hegazkinen kontrolak eta maniobratzeko gaitasunak
gaur egungoekin zer ikusi gutxi izatea.
|