|
Oreinak
San Benito belarra (Geum sp.) erabiltzen du zauriak sendatzeko
eta apioa (Apium graveolens) erditzerakoan laguntzeko. Erbinudeak,
suge gorriak ziztatzen duenean, txori-karduarekin (Eryngium campestre)
igurtzitzen du bere burua bizitza salbatzeko. Gizakiak gizaki denetik,
bere bizimodua hobetzeko inguruan dagoenaz baliatu izan da. Hori dela
eta, betidanik erabili izan ditu landareak; hasiera batean elikatzeko
bazen ere, gerora, esperientzia bereganatu ahala, gaixotasunak sendatzeko
eta baita gozatzeko ere erabili izan ditu.
Gure arbasoek berehala
ikasi zuten landare-espezieak bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko
gaitzak sendatzeko onak zirenak. Ezagumendu hori ez zen egun batetik bestera
lortu. Hasiera batean, landareen erabilera senezkoa izan zen eta ondorioz,
esperientziak erakutsi zien sendabelar bakoitzaren eragina. Bestalde,
animaliekiko zuten jakinmina zela eta (jakinmin hori gerora elikagai gisa
baliatzeko eta menperatze-nahi bihurtu zen), horiek zer eta zertarako
jaten zuten behatu ohi zuten eta horien esperientzia bereganatuz joan
ziren. Beraz, hasierako senezko ezagutza hori, gerora, esperientzian eta
behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasatu zen, nahiz eta artean
sendabelarren eragina azaltzen jakin ez.
Landareak,
botika naturalak
Sendabelarren inguruko
ezagutza mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da; hasiera
batean ahoz (horrek dituen ondorioekin) eta gero idatziz. Ahozko komunikazioa
zela eta, hainbat akats sortu ziren eta idazteak akatsak saihesten lagundu
zuen. Beraz, idazkera asmatu zenean, landareen deskribapenak eta horiek
erabiltzeko moduak idatziz agertu ziren eta horrela iraun dute gaur egun
arte.
 |
|
Crocus
nudiflorus azafraia oso erabilia da sukaldaritzan. Sendabelar
bezala, ordea, ez da hain ezaguna. Infusioan hartuta, hilekoak sortzen
duen mina arintzen du eta zikloa behar bezala finkatzeko ere lagungarria
da.
|
Hala ere, hasierako
idazki horietan akats asko dago; garai haietan, belarrak sailkatzeko ezaugarri
morfologikoak baino ez ziren kontuan hartzen, gaur egun ezagutzen den
sistematika oraindik garatu gabe baitzegoen. Gainera, belar asko izen
herrikoia erabiliz sailkatzen zen eta horrek, askotan lagungarri bazen
ere, nahastea sortzen zuen. Adibidez, espezie berari bi izendapen eman
izan zaizkio (Laurus nobilisari erramu eta ereinotz deitu izan
zaio) edota izen bera bi espezie desberdin izendatzeko erabili izan da
(adibidez, Digitalis purpurea eta Aquilejia vulgaris espezieei
kukupraka deitu izan zaie).
Nolanahi ere, sendabelarren
sailkapen eta erabilera askok gaur arte iraun dute eraginkorrak direlako,
nahiz eta orduko metodoak, esan bezala, garatu gabekoak izan. Gaur egun
ere, arazo franko dugu landareak sailkatzeko eta ezagutzen ez ditugun
landare-espezieak ere asko dira oraindik.
Bestalde, landareak
sailkatu ondoren, kimikoki analizatu ziren, beren osagaiak eta konposatu
aktiboak zeintzuk ziren jakiteko. Sendabelarren eragina ez dago hostoetan
edo enborretan, landareak berak ekoiztutako konposatu kimikoetan baizik
(hala nola, alkaloide, glukosido, saponina, terpeno, tanino, etab.etan).
Gizakia, horretaz konturatu zenean, konposatu horien analogoak kimikoki
ekoizten saiatu zen; horrela sendabelarren erremedioak eskurago izango
zituen (leku txikiagotan gorde ahal izateaz gain, dosifikazioa ere asko
erraztu zen) eta aldi berean, tratamendu desberdinak homologatzea lortuko
zuen, nahiz eta askotan ondorio desberdinak izan.
 |
| Trifolium
arvense babosa larreetako belar tipikoa da eta haziendarako
oso preziatua. Loreen infusioak hortzoiak indartu eta piorrea ekiditen
du. |
Hala ere, kontutan
hartu behar dugu sendabelarretatik lortutako hainbat substantziak eta
bere analogo sintetikoek efektu desberdinak izan ditzaketela; hori esperimentalki
frogatuta dago eta esate baterako, produktu biek absortzio desberdina
izan dezakete. Gainera, landare bakoitzak sortutako osagai-kopurua oso
zabala da eta, askotan, ezin dira kimikoki sintetizatu. Beraz, gaixotasun
jakin bat tratatzerakoan, sintetikoki ekoiztutako konposatu bakar bat
edo batzuk erabili ordez, komenigarriagoa da sendabelarra bere osotasunean
hartzea, bere baitan dituen konposatu guztiak erabiliz.
Horrek ez du gaur
egungo medikamentuak baliagarriak ez direnik esan nahi; askotan guztiz
beharrezkoak dira gaixotasun bat sendatzeko, baina neurrian hartuta. Errezeta
fitoterapeutikoak guztiz naturalak izateaz gain, oso egokiak dira makina
bat gaitz sendatzeko, baina ez ditugu botika sintetikoak baztertu behar.
Produktu sintetikoak izan arren, ikerketa askoren ondorio dira eta gero
eta espezifikoagoak diren gaitzak sendatzeko diseinatuta daude eta bere
eragina oso azkarra izaten da. Beraz, medikuntzaren arlo bi hauen funtzioa
bera da, hots, gaixotasunak sendatzea, eta biak dira beharrezkoak. Tamalez,
gaur egungo gizarteak kimikaren esku utzi omen du bere osasuna, naturak
eman dion guztia arbuiatuz eta mesprezatuz.
Baina ez dago guztia
galduta! Azkenaldi honetan fitoterapia berriro ari da indartzen eta gainera,
gure gizarte zoro honetan, balore naturalei merezi duten garrantzia ematen
diotenak gero eta gehiago dira. Sendabelarren erabilerari dagokionez,
garai berri batean aurkitzen garela pentsa daiteke; izan ere, gaur egun
ditugun bitartekoak erabiliz (laborategiak, berotegiak
), fitoterapia
zientzia moderno izatera heldu da, aspaldiko kondaira eta sorginkerietatik
aldenduz.
Basoko
uzta
Ezer baino lehen,
gure ingurua ezagutu behar dugu; batetik, landareak non dauden jakiteko
eta bestetik, belarrak poluitu gabeko lekuetan hartu beharko ditugulako.
Izan ere, industriaren eta autoen poluzioarekin kontaktuan egon ez diren
landareak erabiliko ditugu, baita nekazaritzan erabiltzen diren ongarri
eta produktu kimikoetatik at geratu direnak ere.
 |
| Taraxacum
officinalis gardabea oso arrunta da gure artean. Bere propietateak
oso preziatuak dira eta arlo askotako eragina duela jakina da. Esate
baterako, entsaladan gordinik jaten dira bere hostoak gorputza garbitzeko
eta beratua azala indartzeko. Diabeteari aurre egiteko, berriz, kardaberaren
sustraiak ardo zurian beratuta har daitezke. |
Sendabelarren efektu
onuragarria lortzeko, landarea batzeaz gain, manipulatu eta eraldatu egin
behar dugu. Hasteko, erabili nahi dugun landarea ondo ezagutu behar dugu,
hori biltzean okerrik ez egiteko; era berean, gure gaixotasuna sendatzeko
landarearen zein zati erabiliko dugun jakitea komeni da, horren arabera,
garai batean ala bestean bildu beharko baitugu. Adibidez, loreak zabaltzeko
daudenean edo ihartu baino lehen batu behar dira; sustraiak, aldiz, udaberrian
edo udazkenean hartuko ditugu, landarearen gordekin edo printzipio guztiak
bertan metatzen diren garaian, hain zuzen ere.
Hostoak behar direnean,
landarea garatzen ari denean, loratzen hasi baino lehen batzea da egokiena,
konposatu aktibo gehienak loreetan metatuko baitira. Haziak udazkenean
bilduko ditugu, landarea guztiz helduta dagoenean, eta azalak landarea
garatuta egonez gero, urteko edozein momentutan batu daitezke. Azaldutako
guztia batu nahi dugun landarearen arabera alda daitekeenez, kasu bakoitzerako
modurik egokiena zein den aukeratu beharko dugu. Eta esan beharrik ere
ez dago: babestuta dauden landareak ezin dira hartu; beraz, kontu handia
izan!
Landareak bildu ondoren,
lehenbailehen sikatu beharko ditugu; hau da, daukaten ura poliki-poliki
kendu bere propietate guztiak ez hondatzeko eta ondo kontserbatzeko. Prozesu
hori leku aireztatu eta lehorretan egingo dugu, eguzki, hauts eta hezetasunetik
babesturik. Ahal dugun neurrian behintzat, landareak urte osoan zehar
batzea (gure baratzean landa ditzakegu) eta jaso ahala erabiltzea da onena;
baina hori ezinezkoa denean, ez larritu, lehortutako landareek urte osoan
mantentzen baitituzte beren propietateak.
Sendabelarrak
kontsumitzeko errezetak
Baina, zelan prestatu
behar ditugu sendabelar hauek gure gaitzak sendatzeko edota arintzeko?
Etxean
edonork presta ditzakeen errezetak emango ditugu hemen batez ere. Landarea
(edo beren atal jakin bat) prozesatu egin behar dugu nahi ditugun substantziak
eskuratzeko. Hainbat eraldaketa oso sinpleak izango dira; beste zenbait,
ordea, oso konplexuak eta guk ezin izango ditugu burutu, farmazeutiko
edo bestelako espezialistaren batek baizik. Goazen bada, aipaturiko eraldaketa
batzuk azaltzera.
Eraldaketa hauek modu
askotara egin ditzakegu, baina beti lortu nahi dugun efektuari begira.
Adibidez, makina bat aplikazio gorputzaren kanpoaldean egin beharko dira.
Batzuk larruazalean emateko izango dira: pomadak, hautsak, xaboiak, etab.
Beste zenbait inhalatu egingo ditugu. Barruko aplikazioa dutenen artean,
batzuk irensteko soluzioak izango dira eta beste batzuk injektatzeko prestatuko
dira. Azken horien kasuan esterilizazioa guztiz beharrezkoa izango da.
Sendabelarrak erabiltzeko,
ondoko lau bide nagusiak azalduko ditugu:
-
 |
| Mundu
guztian da ezaguna Cichorium intybus txikoria. Gota,
anemia, paludismoa, anorexia eta abar luze bat sendatzen laguntzeko
erabili izan da. Manipulatu behar dugunean, kontutan hartu behar
dira bere berezitasunak; esate baterako, hostoak udazkenean garatzen
ditu eta landarea loratzerakoan, zimeldu egiten dira; bestalde,
loreak fotosentikorrak dira eta beraz, argiarekin itxi egiten
dira. |
Eraldaketa-prozesu
errazenetako bat infusioak prestatzea da. Metodo honek
sendabelarraren alde bigunetan (loreetan, hostoetan eta kimuetan) dauden
printzipioak eta lurruntzen diren konposatuak eskuratzeko aukera emango
digu.
Infusioa egiteko, irakiten ari den ura nahi dugun landareari gainera
bota behar diogu eta gero beratzen utzi. Lehortuta dauden belarrak erabili
behar dira, urik ezean printzipioak kontzentratuago egongo baitira.
Infusioak estaltzea komeni izaten da, printzipio sendagarriak ez lurruntzeko;
gainera, lurrunean kontzentratzen direnak kondentsatzea lortuko dugu
eta horrela, infusioan berrerantsi egingo dira. Hori egin ondoren, iragaztea
baino ez zaigu geratzen. On egin!
Adibidez zaingorriaren (Geranium robertianum) infusioak beherakoa
desagertzen laguntzen eta diabetearen kontrako eragina ere badu. Huntzaren
(Hedera helix) infusioa hartuz gero bestalde, hilekoak ez dira
horren mingarriak izango. Zirkulazio-arazoen kontra, elorri zuriaren
(Crataegus monogyna) hosto eta loreekin egindako infusioa primeran
dator; gure arbasoek txikoriaren (Cichorium intybus) infusioaz
igurtziten zituzten abereak eulien ziztadak saihesteko.
- Enborretan
dauden printzipioak eskuratzea zaila gertatzen denean edota soluziora
pasatzeko denbora luzean beroa behar dutenean, egosketa erabiltzen da.
Kasu hauetan landarearen zatiak (sustraiak, azalak, fruituak eta hosto
gogorrak) uretan jarri eta denbora batez irakiten edukiko ditugu. Hoztu
eta gero, iragazi baino lehen, lortutako soluzioa dekantatzen utziko
dugu. Metodo hau erabiltzeak lurruntzen diren printzipio aktiboak galtzea
ekarriko du eta lortutako egoskian ez dira sekula landarean zeuden printzipio
guztiak agertuko. Izan ere, egosketa eraldaketa-prozesu bortitza da
eta ondorioz, belarraren konposatu batzuk galdu edo eraldatu egin daitezke.
Beraz, lortu nahi dugunaren arabera, metodo hau edo lehenago aipatutako
metodo leunagoa erabiliko dugu. Bestalde, autore batzuek diotenez, landarearen
zatiak irakiten jarri baino lehen beratzen jarriz gero, atal horiek
bigundu egingo dira eta printzipioak eskuratzea errazagoa izango omen
da.
Azeribuztanaren (Equisetum telmateia) egosketa konjuntibitisaren
kontra erabiliko dugu eta uztaroaren sustraiena (Rumex acetosella)
hepatitisari aurre egin behar zaionean. Ilea galtzen ari zarela ikusten
duzunean, irakurle, urkiaren (Betula pendula) egoskiarekin burua
garbi dezakezu eta zauriak ondo ixteko, azkenik, urkiaren azal eta hostoekin
egindakoa erabili.
-
 |
| Argazkian
ageri den Urica dioca asuna gaixotasun ia guztientzat
gomendatzen da. Euskal Herrian tradizio handia du eta garai batean,
ukendu modura erabiltzen zen erreuma eta bronkitisaren kontra.
Sistema eraginkorra izango da noski, baina ez da batere atsegina. |
Beste metodo bat
beratzea da eta landareen substantzia aktiboak ur hotzetan solugarriak
diren kasuetan erabiltzen da. Sendabelarra ur hotzetan ordu batzuk utziz
gero, printzipio guztiak soluzioan geratuko dira. Erabilitako landare-zatiaren
arabera, ordu gehiago edo gutxiago eduki beharko dugu uretan; adibidez,
hostoen eta loreen kasuan, nahikoa da 6tik 12 ordura edukitzea; sustraiak
eta azalak, ordea, 24 ordu inguru egon beharko dute uretan. Edonola
ere, prozesua ez da gehiegi luzatu behar, hartzitzea gertatu edo onddoak
ager baitaitezke. Sendabelarrak alkoholetan, oliotan edota ardotan ere
bera daitezke. Udaberri-lorea (Primula veris) beratuz eta 30
egunetan oliba-oliotan edukita, erreumak eta erredurak azkarrago pasatuko
zaizkigu. Azala leundu nahi badugu, astalarrosaren (Rosa canina)
petaloak beratuz lortuko dugun soluzioa erabiliko dugu eguneroko garbiketan.
- Zukuen erauzketa
ere eraldaketa erabilia da. Horretarako ur-proportzio altuko landare
freskoa erabiliko dugu. Zukua lortzeko nahikoa da landarea ur apur batez
mortairuan jartzea edota zuku-makina erabiltzea; horrela, belarraren
gatz mineralak eta bitamina guztiak eskuratuko ditugu. Hala ere, metodo
hau erabiliz ez ditugu landarearen printzipio guztiak lortuko, baina
substantzien erauzketa hotzean egiten denez, ez da beren egitura eraldatuko;
berotuz gero, ordea, bestelakoa izaten da emaitza. Txikoriaren (Cichorium
intybus) zukua eztiarekin nahastuta, heste-zizareak kentzea lortuko
dugu. Arazoa belarrietako mina bada, artzain-zakuaren (Capsella bursa-pastoris)
zukuaren tanta batzuk botako ditugu belarrira.
Lau metodo hauez gain,
beste batzuk ere badaude; hala nola, aiutak, lozioak, ukenduak, xarabeak,
tinturak, olioak, inhalazioak, esentziak, etab. Gehienetan gainera, arestian
aipatu ditugun prozesuak zertxobait aldatuz lortzen dira.
 |
| Crataegus
monogyna elorri zuriaren eragin sendagarriak oso ezagunak dira,
tentsioa eta bihotz-aktibitatea erregulatu egiten baitu. Horrez gain,
insomnioaren eta burukominen kontra ere erabiltzen da. Sastraka apaingarri
bezala ere, ezaguna da hiri askotan. |
Metodo hauen bidez
lortutako produktuek ere bere mugak dituzte. Lortutako soluzioetan konposatu
biologiko batzuk agertzen dira eta hauek, oxidazio- eta hartzidura-prozesuetan
parte hartzen dutenez, aldaketak eragin ditzakete lortutako substantzia
sendagarrietan. Hori saihesteko kontserbatzaileak gehi daitezke, baina
horrela substantzia kimikoak gehituko genizkioke. Kontuan izan lortutako
emaitza ez dela jadanik erabat naturala izango, hau da, eraldaketa kimikoen
bidez lortutakoa izango dela. Beraz, hobe da lortutako soluzioan azukre
edo alkohol apur bat gehitzea gehixeago iraunarazteko.
Ikusi dugunez, asko
da sendabelarrek eskaintzen digutena eta oso erraza da horiekin liluratzea.
Aipatu dugunez, landare bakoitzak ekoiz dezakeen konposatu aktiboen kopurua
izugarria da. Beraz, natura gaixotasunak sendatzeko biltegi itzela izan
daiteke eta gainera, erremedio guzti horiek guztiak dohainik eskaintzen
dizkigu lore, hazi, hosto, sustrai eta fruitu modura. Gaitz asko landare-espezieak
hobeto aztertuz eta ezagutuz senda daitezke. Penagarria litzateke, beraz,
aukera horiek galtzea eta halabeharrez medikamentu sintetikoen munduan
jaustea.
|