|
Umetan, gehienok
kirola jolas-orduetako denbora-pasa gisa hartzen dugu, eta, indarra hartzeko,
nahikoa izaten da ogitarteko on bat jatea. Jolasa afizio izatetik ofizio
izatera igarotzen denean, ostera, urdaiazpikoak ezer gutxirako balio du.
Maila horretan, ez da nahikoa ona izatea. Onena izan behar duzu. Gorputzak,
ordea, bere mugak ditu. Muga horiek gainditu eta behar besteko indarra
hartzeko, kirolari askok substantzia kimikoak hartzea erabakitzen du,
hormonak, alegia. Baina podiumeko urrezko dominak, domina guztiek bezala,
alde bi ditu. Alde batean garaipena dago; bestean, ordea, kirolariaren
osasuna.
Bestela badirudi ere,
dopinga ez da XX. mendeko asmakizuna, ezta gutxiago ere. Dopingaren lehenengo
arrastoak aurkitzeko, K.a. IV. urtera egin behar dugu salto, garai hartan
hasi baitzen kirola Greziako gizartean garrantzi handia hartzen. Kirol-saioen
inguruan makina bat jende biltzen zen, eta irabazleek jasotzen zituzten
sariak ere ez ziren nolanahikoak. Diruaz gain, beste pribilegio batzuk
ere lor zitzaketen kirolariek, hala nola janaria edota etxebizitza. Baina
hori ez zen guztia; hurrengo sari hauek, ziurrenik, askoz erakargarriagoak
ziren: zergak ordaintzetik eta soldadutza egitetik libratzea.
Sariei begiratuta,
ez da harritzekoa kirolari askok tranpa egin eta berezko ahalmenei bultzadatxo
bat eman nahi izatea. Egungo hormona sofistikaturik ez bazegoen ere, greziarrek
ongi zekiten jakin zenbait perretxiko eta landare-estraktuk faltan zuten
indarra ematen ziela. Azkenean, substantzia horien erabilera horrenbeste
zabaldu zen, ezen antzinako Joko Olinpikoak desagertzearen arrazoi nagusietako
bat substantzia estimulatzaileen neurrigabeko erabilera izan zen.
Greziarren ostean,
erromatarren garaia iritsi zen. Orduko joko nagusiak zaldi-lasterketak
eta gladiadoreen borrokak ziren, eta bietan drogen erabilera oso hedatua
zegoen. Zaldiei
azkarrago ibiltzeko indarra ematen zieten substantziak ematen zizkieten.
Gladiadoreei, ostera, lehoien aurrean gogor eta gogoz borrokatzeko indarra
izateko drogak ematen zizkieten agintariek, ikuslearen odol-gosea ase
eta ikuskizuna ziurtatzeko.
Greziarren eta erromatarren
ostean, ordea, kristautasunaren garaia etorri zen, eta kirolari historiako
urterik ilunenak bizitzeko ordua iritsi zitzaion. Alde batetik, kristauek
ez zituzten erromatarren joko bortitz eta odoltsuak ezta greziarren joko
olinpiko paganoak onartzen. Bestetik, prestakuntza fisikoak garapen intelektuala
oztopatzen zuela uste zuten.
Horregatik guztiagatik,
kirola erabat baztertua egon zen mende luzeetan. XIX. mendean, baserri-giroko
hainbat lan parte-hartzaileen indarra eta trebezia erakusteko lehia bilakatzen
hasi zen eta, horrela, apurka-apurka, kirola garrantzia hartzen hasi zen.
Urteak joan urteak
etorri, kirolaren fama ona hazi egin da etengabe, eta afizio izatetik
negozio izatera pasatu da. Gainera, gizarte-mailan ere garrantzi handia
hartu du. Kirolean lortutako arrakastak oso begi onez ikusten ditugu guztiok.
Presio horren aurrean, kirolariak onak baino onenak izateko prestatzen
dira. Hori, noski, ez da egun batetik bestera lortzen. Maiz, asko saiatuta
ere ezinezkoa izaten da onenetan onena izatea. Horrelakoetan, kanpoko
laguntza eskertzekoa izaten da. Hormonena, adibidez.
Zertan
lagun dezakete hormonek?
Kirolariek hormonak
erabiltzearen arrazoia argitzen saia gaitezen. Berez, hormonak gorputzaren
hainbat funtzio erregulatzen dituzten mezulari kimikoak dira. Guruinetan
sortzen dira eta odolaren bidez gorputz osoan banatzen dira. Oso kontzentrazio
txikitan egoten diren arren, nahikoa izaten da gorputzean ematen diren
prozesu gehienak zuzentzeko. Organo eta ehunen hazkuntza eta garapena
kontrolatzen dute neurri handi batean, eta horrek kirolari askoren helburu
bihurtu ditu. Gainera, gaur egun, ADN birkonbinatuaren teknologia erabilita
hormona asko sintetiza daitezke, eta horrek arazo handirik gabe kopuru
handitan lortzea erraztu du.
 |
| Esteroide
anabolikoak hartzeak osasun-arazoak eragin ditzake kirolariengan. |
Hainbat dira kirolariek
erabiltzen dituzten hormonak, baina kulturisten artean, adibidez, esteroide
anabolikoak dira erabilienak. Horiek testosteronaren antzekoak
dira. Berau gizonezkoen barrabiletan ekoizten da eta, neurri askoz ere
txikiagoan, bai emakumezkoen obulutegietan ere. Pubertaroan eta adoleszentzian,
garapenean gertatzen diren aldaketen arduraduna da hein handi batean.
Testosteronak muskuluaren
hazkuntzan eragiten duenez, odoleko testosterona-kantitatea handituz,
kirolariek beren muskuluen tamaina, sendotasuna eta indarra handitu egin
ditzakete, eta kirolariek, era berean, lesioen ondorengo indarberritzea
azkartzen duela argudiatzen dute. Baina horrek baditu bestelako ondorioak
ere, hala nola, gorputzeko ile-kopuruaren emendioa eta ahotsa loditzea,
batez ere emakumeen kasuan desiragarri ez direnak. Hori dela eta, zientzialariek
efektu anabolikoak badituzten baina efektu androgeniko gutxiagoko esteroideak
garatzen ahalegin handia egin dute (esate baterako, androstenediona eta
nandrolona).
Hazkuntzaren hormonak, somatotropina ere deituak, garapen fisikoa
sustatzen du adoleszentzian, batez ere hezurren hazkuntza. Kolagenoaren
sintesia eragiten du, eta hori kartilago, hezur, tendoi eta lotailuak
sendotzeko behar izaten da. Masa muskularraren garapena bultzatzen duen
bitartean, gantzaren degradazioa estimulatzen du, energia-iturri modura
erabili ahal izateko.
Bestalde, pertsona
helduengan odol-zelula gorrien kopurua emendatzen du eta bihotzaren funtzioak
suspertzen ditu. Hortaz, ulerterraza da zergatik den interesgarria kirolarientzat.
Gizakiengan, hormona hori berez ekoiztea estimulatzen duten faktoreak
loa, ariketa fisikoa eta estresa dira.
Alabaina, beste kirol-mota
batzuek beste behar batzuk dituzte. Horietan ez da muskuluen handitzea
eskatzen, energia-iturri azkarra eta oxigeno-ahalmen handiagoa baizik.
Eragin hori dutenetatik, seguruenik, eritropoietina eta intsulina dira
erabilienak.
Eritropoietina
(EPO) batez
ere 1998an eman zen ezagutzera, Frantziako Tourrean Festina txirrindulari-taldeko
kideak eritropoietina eta debekatutako beste substantzia batzuk zituztela
harrapatu eta kanporatu zituztenean. Berez giltzurrunak sortzen du eritropoietina,
eta odol-zelula gorriak ekoiztea estimulatzen du hezur-muinean. Zelula
gorriek hemoglobinaren laguntzaz oxigenoa gainerako zeluletara garraiatzen
dute, baita muskulu-zeluletara ere. Beraz, odoleko zelula gorrien ekoizpena
handitzean, muskuluetara iristen den oxigeno-kantitatea handituko da,
modu aerobikoan egitea ahalbidetuz. Hori dela eta, kirolari askok erabiltzen
du. Medikuntzan giltzurruneko gaitzei lotutako anemiak tratatzeko erabiltzen
da; kirolariek, aldiz, EPO injektatuz beren ahalmen aerobikoa handitzea
lortzen dute.
 |
| Kirol
bakoitzak bere beharrizanak ditu. Atletismoan, oro har, ez da muskulu
oso garaturik behar izaten, energia-fluxu handia eta jarraia baizik. |
Aipatu bezala, begi-bistan
da kirol askotan energia-iturri azkarra behar izaten dela: glukosa. Baina
glukosak, zelularen mintza zeharkatu eta barruan erabilia izan dadin,
garraio-sistema espezifiko baten beharra du. Askotan horixe izaten da
faktore mugatzailea. Baldintza normaletan, zelularen arnasketa arazorik
gabe gertatzeko behar den glukosa-kantitate hori ziurtatuko duen adina
garraiatzaile dago mintz zelularrean, eta glukosaren sarrera zelularen
kanpoaldean eta barrualdean dagoen glukosa-gradientearen menpe egoten
da.
Muskuluaren kasuan,
ordea, horiez gain Glut-4 deritzon garraiatzaile berezia azaltzen da.
Glukosaren garraiatzaile induzigarria da, eta soilik intsulina eta muskulu-uzkurdurari
erantzunez azaltzen da mintzean. Intsulinak Glut-4 glukosa-garraiatzailearen
translokazioa eragiten du: muskulu-ehunaren zitoplasmatik mintz plasmatikora
garraiatzen du. Horrek glukosaren barneraketa-tasa handitzen du.
Dena dela, glukosa
energia-iturri garrantzitsua den arren, odolean glukosa-kontzentrazio
handiegia izatea oso arriskutsua izan daiteke. Zeluletara arnasketarako
behar dena baino glukosa gehiagoren sarrera detektatzen duenean, intsulinak
glukogenoa sorraraziko du. Jakina da distantzia ertaineko korrikalarien
errendimendua muskuluetako glukogeno-hornidurak baldintzatzen duela neurri
handi batean. Horien muskuluak glukogeno erregaiz betetzeko, aurretik
glukosa- eta intsulina-dosi handiak hartzen dituzte zenbaitek. Teknika
horri hyperinsulinaemic clamp deitu zaio, eta hartutako
glukosa hori guztia glukogeno bihurtzea eragingo du intsulinak. Horri
esker, kirolariek muskuluetako zeluletan glukogeno-maila oso altua izango
dute, kirola egiten hasten direnerako prest. Hori glukosa bihurtzen joango
da kirola egiten hasi bezain azkar, hasieratik odolean glukosa-kontzentrazio
handiegia izateko beharrik gabe. Harrigarria den arren, teknika horrek
glukosaren metabolismoa 12 aldiz handi dezake.
Nola
detekta daiteke hormonak hartu izana?
Joko Olinpikoen historian
behin baino gehiagotan deskalifikatu dute kirolariren bat debekatutako
substantziak hartzeagatik. Ben Johnsonek berak, Joko Olinpikoetan esteroide
anabolikoen testak positibo emateagatik urrezko domina kendu ziotenean,
urte luzez esteroideak eta hazkuntzaren hormona batera hartzen ibili izana
aitortu zuen.
 |
| Dopingaren
auzian, txirrindularitza da azken urteetan hizpide gehien eman duen
kiroletako bat. |
Baina kirolari batek
hormonak hartu dituela detektatzeko zailtasunik handiena hau da: gizakiak
berak naturalki ere sortzen dituela hormonak. Nola bereizi zein den berezkoa
eta zein exogenoa? Askotan gehiegizko kontzentrazioa da detekta daitekeena,
baina zaila izaten da normaltzat jotzen den kontzentrazioa zehaztea, pertsona
guztiok ez baitugu hormona-kontzentrazio bera izaten. Gainera, hormonak
detektatzeko proba erabilgarri izan dadin, egiten erraza, azkarra eta
merkea izan behar du, eta testik eraginkorrenak oso garestiak izaten dira.
Normalean gernu- zein odol-analisiak egiten dituzte.
Maiz masa-espektroskopia
deritzon teknika erabiltzen da hormona naturalak eta sintetikoak bereizteko.
Teknika horrek karbono-isotopo desberdinak dituzten konposatuak bereiz
ditzake, hala nola testosterona naturala eta sintetikoa, bien artean tamaina-desberdintasun
txiki bat baitago. Bestetan, molekula biren arteko karga-desberdintasunak
dira detektatutako hormonak exogenoak diren jakiten lagunduko digutenak.
Isoelektroenfokea deritzon teknika erabiltzen da horretarako.
Bestetik, oro har,
hormonak oso azkar deusezten dira gorputzean. Hori dela eta, kirolariek
kirol-proba handiak egin aurretik uzten diote hormonak hartzeari horien
detekzioa zaildu nahian, eta detekziorako bide bezala degradazio horren
ondorioz sortzen diren metabolitoen kontzentrazioa neurtzen duten teknikak
garatu behar izan dira.
Hormona bakoitzak
zailtasun desberdinak sortzen ditu antzemateko unean, baina ildo beretik
doaz denak. Hazkuntzaren hormonaren kasuan, adibidez, azkenotan GH-2000
deritzon proiektuan buru-belarri sartuta dabiltza europako endokrinologo
eta zientzialariak sentikortasun eta fidagarritasun handiko teknika baten
bila, kirolari batek hazkuntzaren hormona hartu izana ziurtasun osoz egiaztatu
ahal izateko.
|
Zein
arrisku ditu hormonak hartzeak?
Medikuntzan oso erabiliak diren arren, gehiegizko kontsumoak eta,
batez ere, mediku-koltrol zorrotzik gabeko kontsumoak kalte handiak
eragin ditzake gorputzean. Edonola ere, gorputza indartzearren hartzen
dituztenek zein arrisku duten jakin beharko lukete, heriotza horien
artean baitago.
Esteroide
anabolikoak luzaroan hartzeak, adibidez, odol-presioa handi
dezake, aknea sorrarazi eta gibelean funtzionamendu-arazoak eragin.
Horretaz gain, hilekoan aldaketak sorraraz ditzake emakumezkoengan,
espermatozoide-ekoizpena gutxitu eta inpotentzia eragin gizonezkoengan,
eta giltzurruneko eta bihotzeko gaixotasunak izateko aukera emenda
dezake. Gainera, jokabide oldarkorra sortu ohi du.
Hazkuntzaren
hormona hartzen dutenen artean, hainbat gaixotasun ikusi izan
dira. Horietako bat akromegalia da, buru, oin eta eskuen gehiegizko
hazkuntza eragin ohi duena. Ezpain, sudur, mingain, baraila eta
bekokiaren hazkuntza erraz sumatzen da horien aurpegian. Digestio-aparatua
ere tamainaz handitzen da eta askotan bihotzaren funtzionamenduan
akatsak sortzen ditu. Hori dela eta, akromegalia dutenak normalean
40 urte bete aurretik hiltzen dira.
Eritropoietinaren
kontzentrazioa handiegia denean, gehiegizko odol-zelula gorriak
ekoizten dira, eta horrek odolaren koagulazioa eragin dezake. Kirolari
askoren heriotzaren eragile izan da.
Intsulina
gehiegi hartzeak ere arazo larriak sor ditzake kirolarien osasunean.
Odoletik glukosa gehiegi jasotzeagatik garuna behar adina energia
eta oxigenorik gabe geratzeak koma itzulezinera bidal dezake intsulina-hartzailea.
|
|
2004.
urteko Joko Olinpikoetarako, debekatutako substantziak detektatzeko
txipa helburu!
Datozen Joko
Olinpikoetarako prest egon daiteke debekatutako hainbat substantziaren
gehiegizko kontsumoa detektatuko duen txipa. Horrela ehunka proba
batera daitezke ordu gutxian, eta kirolari guztiei proba egiteko
aukera emango du erabiltzea erabakiz gero.
Orain arte,
hainbat kirolari aukeratu eta horiei egiten zitzaien proba, ez baitzegoen
proba denei egiteko behar adina denbora, ez dirurik. Aurrerantzean,
ordea, ez litzateke kirolaririk libratuko; denek egin beharko dute
proba. Horrek gehiegizko hormonak hartzeko asmoa burutik ken diezaioke
askori, eta maila berean jarriko ditu kirolari guztiak.
Randox Laborategietan
garatu den txipak zentimetro bateko zabalera izango du eta 25 substantzia
antzemango ditu. Antigorputzen bidezko detekzio-sistema erabiliko
dute horretarako; antigorputzek hormonak eta hauen degradazioaz
gorputzean sortzen diren metabolito espezifikoak ezagutuko dituzte.
Horren metodo azkarra izanik, edozein mementotan egin ahal izango
dira testak. Hala ere, lehen analisi bat egiteko balioko duela aipatu
du Randox Laborategiko Roisin Molloy-k, gero, debekatutako substantziak
hartzeaz susmagarri diren laginen emaitzak berretsi egin beharko
baitira.
Oraingoz, esteroide
anabolikoen probak sartu dituzte Evidence deitu duten txip
horretan, baina aurrerantzean gehiago sartzeko asmoa azaldu dute.
Gainera, une honetan gernua aztertzen duten arren, Joko Olinpikoetan
listuaren bidez egin ahal izateak asko erraztuko lukeela aipatu
dute probak egiteko arduradunek, zenbaitetan, kirolarien urduritasuna
dela eta, zaila gertatzen baita gernu-laginak jasotzea.
|
|