|
Hegoaldera etorriz
geroztik, bosgarren zuzendaria da, Martin Orbe, Baleren Bakaikoa, Inaki
Irazabalbeitia eta Kepa Altonagaren ondoren. Mikel Aizpururi egokitu zaio,
beraz, 25. urteurreneko jauzian buruan izatea, Udako Euskal Unibertsitatea
etorkizunerako prestatzen laguntzea. Erlojuaren kontrako lasterketa baten
parekoa izan da Mikelekin hitz hauek egin ahal izatea; maiatzaren 24an
egingo den ospakizun nagusiak eta Udako Ikastaroen prestakuntzak zeharo
lanpeturik dute 34 urteko gabiriarra.
Zetiaz-Elhuyar:
Noiztik ari da Mikel Aizpuru Udako Euskal Unibertsitatean lanean?
 |
|
(Egunkaria) |
Mikel Aizpuru:
Lehendik
ezagutzen nuen, noski, baina 1986. urteko udaberriaz geroztik, gutxi gora-behera,
zuzenean hartu dut parte UEUko egituran. Orduan Espainiako Gerra Zibilaren
berrogeita hamargarren urteurrena zela eta, Gasteizko Historia Fakultateko
ikasle-talde bat elkartu ginen horri buruzko ikastaro bat antolatzeko
eta neronek hartu nuen horren ardura. Hantxe ikusi nuen nire burua, 23
urte nituela, UEUko Historia-sailburu.
Z.-E.: Sortu
zenez geroztik, Udako Euskal Unibertsitateak euskara eta unibertsitatea
uztartzea izan du, eta du, helburu nagusi. 25 urte igaro eta gero, gero
eta jende gehiagok hartzen du parte udako ikastaroetan; helburu hori lortze-bidean
zein urratsetan dago UEU?
M. A.:
Ez dut uste harreman zuzena dagoenik gaur egun UEUk duen ikasle-kopuruaren
eta gizartean duen lekuaren artean. Ene aburuz, leku hori euskara eta
unibertsitatearen egoeraren arabera finkatuko da. Udako ikastaroek oraindik
sendotze-lana eskatzen duten arren, saiatu beharko genuke urtean zehar
ere burutuko diren ekintzak prestatzen, jendeak ezagut ditzan.
Z.-E.: Erabat
euskaraz funtzionatuko duen unibertsitaterako bidea lantzea da UEUren
helburu nagusietarikoa; Euskal Herrian, alabaina, badira euskarari nola
edo halako lekua ematen dioten unibertsitateak. Zein harreman duzue gainerako
unibertsitateekin?
M. A.: Egoera
normalizatzen ari da, bakoitzak bere oinarriak mantenduz, noski. EHU eta
NUParekin gero eta harreman hobeak ditugu eta Nafarroako Unibertsitatearekin
ere kontaktuak ditugu. Deustutik irakasle eta ikasle dezente hurbildu
izan zaizkigu, baina erakunde modura hartuta ez dugu harreman askorik.
Agerian dago UEUk antolatzen dituen ikastaroak unibertsitateen onespen
osoa dutela; ikasleen hautaketa libreko kreditu moduan onartu izana, adibidez,
esandakoaren adibide garbia dela iruditzen zait.
 |
|
50. urteurrena ospatzekotan, erabat euskaraz funtzionatuko lukeen
unibertsitatearen baitan egitea gustatuko litzaidake, horren sorrera
azkartzea baita UEUren helburua (Egunkaria) |
Z.-E.:
Iaz onartu zituen EHUk lehen aldiz UEUko zenbait ikastaro hautaketa libreko
kreditu gisa. Ikastaroak Iruñean egiten ari zirela jaso zen horren
berri eta, beraz, ez dirudi horrek zuzenean eragin zionik iazko ikasle-kopuru
handiari. Aurten kredituen arrimura ikasle gehiago hurbilduko ote da?
M. A.: Hala
iruditzen zaigu, EHUk ez ezik, NUPak ere homologatuko dituelako udako
ikastaroak. Nolanahi ere, ikasle horietarik asko tituluaren bila etorriko
dira soilik-soilik eta ez, beste askok bezala, beren jakinmina
asetzeko. Ikusteke dago; ez dakigu horrek zertan eragingo dion ikastaroen
funtzionamenduari.
Z.-E.: 25
urte igaro eta gero, helburuei tinko eusten saiatzen ari da Udako Euskal
Unibertsitatea. Ez al da ezer aldatu denbora horretan guztian?
M. A.: Sortu
zenetik gaur egunera asko aldatu da egoera Udako Euskal Unibertsitatearen
barruan ere. Nolanahi ere, sorrera bultzatu zuten oinarrizko arrazoiek
hortxe diraute: euskararen erabilera ez dago erabat normalizatuta unibertsitatean,
bistakoa den bezala. Baldintza horiek, hala ere, aldatuz joan dira urteen
joan-etorrian eta bilakaera horrek UEUren lanean norabide berriak bilatzera
behartzen gaitu.
Z.-E.:
Eta inoiz egoera hori ikusterik izango bagenu, hots, euskara erabat normalizatuko
balitz unibertsitatean, desagertzera joko al luke UEUk?
M. A.:
Ez, UEUren funtzioa ez delako bakarrik euskararen normalizazioa unibertsitatean;
erakunde horretatik kanpo zientzia alorrean ari diren euskaldun askoren
topagune ere bada UEU. Zein da bere lekua? UEUk ezin ditu errepikatu bere
ikastaroetan urtean zehar eskola normaletan ikusi diren gaiak, are gutxiago,
gai horiek zenbait kasutan euskaraz ere ematen direla jakinda. Gai berriak
jorratu edota urtean zehar egin daitezkeen gradu-ondoko ikastaroak antolatzera
jo beharko genuke.
 |
| UEUko
zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita:
Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa. |
Z.-E.:
Bilakaera horretan, aurrerako urratsak egiteko unean dagoelarik, UEUren
ibilbidea ezagutu duten askok pentsatuko ote luke erabat aldatu dela hasierako
giro hori?
M. A.:
Kontuan izan datu hau: 1973an ikastaro bakarra egin zen, filosofia, historia,
fisika edota linguistika zeharo nahasturik. Aurten Iruñea eta Baiona
artean 30en bat ikastaro izango ditugu, gehienak zientziaren arlo jakin
baten inguruan. Horrek zera ekarri du, ikastaroak antolatzeko orduan burokrazia
asko hazi dela eta, beraz, gero eta jende eta diru gehiago behar dugula
hori guztia prestatzeko. Bestetik, hasierako urteetako lankidetza, disziplinarteko
nahasketa eta anaitasun-giroa, hein batean, galdu egin da, nahiz eta bestelako
udako ikastaroekin konparatuz gero askoz ere handiagoa izan.
Z.-E.:
Nola gustatuko litzaizuke 50. urteurrena ospatzea?
M. A.: Azken
Batzar Nagusian bazkide batek aipatu zuen seinale txarra izango litzatekeela
50. urteurrena ospatu behar izatea, horrek UEUren helburuak oraindik bete
gabe zeudela adieraziko lukeelakoan. Ospakizunik ederrena erabat euskaraz
funtzionatuko lukeen unibertsitatearen baitan burutuko litzateke, horren
sorrera azkartzen laguntzea baita UEUren helburu nagusia.
|