|
Gizakiok tantak kontrolatu eta mugatu nahi izan arren, naturan ikusten
duguna ere miresten dugu. Tanta bakar batek ezin du gauza handirik egin,
baina milaka milioi tantek indar handia dute. Indar horren artelanak aipagarriak
dira. Nork ez du ezagutzen Colorado ibaiko Kanoi Handia edo, Euskal Herrira
begira, Arbaiungo arroila?
Agian, tanta bakunen
ekarpenik politena kobazuloetan eratzen diren eraikinak dira.
Gure inguruan ugari dagoen kareharria oso egokia da horrelako artelanak
osatzeko. Karst izeneko egitura politak sortzen dira.
 |
| Ur
tantek irudi ikusgarriak eskaintzen dituzte. |
Euriak atmosferatik
harrapatzen du karbono dioxido entzuna eta, sortzen den azido baten bitartez,
kareharria pixkanaka jaten du. Mineral hori, ur-tantetan disolbaturik,
zuloetatik sartzen da eta, lurpeko zabalgune handi batean azaltzen denean,
hantxe metatu eta egitura liluragarriak sortzen ditu.
Egiturarik ospetsuenak
estalaktitak eta estalagmitak dira, sabai naturaletik zintzilik eta zorutik
gora ateratzen diren harrizko orratzak, hurrenez hurren. Normalean ur-tantak
bi egiturak hornitzeko materia disolbatu nahikoa izaten du eta, horregatik,
binaka sortzen dira, hau da, estalaktita baten azpian dagokion estalagmita
bat. Metro askoko luzera izan dezakete. Izan ere, denboraren poderioz
bi egiturak elkar daitezke eta zutabe bat osatu. Ikusgarria da urteen
buruan tanta sinple batzuk egindako lana.
Lurpeko
ura
Naturak bide asko
ditu irekita. Jarrai diezaiegun ur-tantei. Kareharriak zirrikitu asko
uzten ditu eta ura erraz sartzen da horietatik. Zirrikitu horien zabalguneak
kobazulo bihurtzen direnean, askotan, tantak elkartu egiten dira eta pixkanaka
lurpeko putzuak eta lakuak eratzen dira.
 |
| Kobazulo
barruko putzua. |
Putzuen gaineko estalaktitek,
noski, ez dute azpiko estalagmitarik. Baina zorua lehorra den guztietan
ere ez dira aurkitu. Ur-tanten kontua da. Disolbatutako materia-kantitatea
txikia baldin bada edo jarioa oso mantsoa bada, tanten zama
osoa estalaktitan geratzen da eta ez dago estalagmita egiterik.
Baina kobazuloetako
artelana ez da itoginen ondorio soila. Tanta batzuek beste bide-mota asko
jorratzen dituzte eta beste egitura batzuk zizelatzen ematen dute denbora.
Esate baterako, pareta batetik irristatzean, disolbatutako minerala apurka
hauspeatzen da. Horrela, itogin baterako bidea markatuta gera daiteke
harrizko xafla bat eratuz. Eta bidearen bukaeran itoginik ez badago, paretan
zutabe-itxurako eskulturak utz ditzakete tantek.
Putzuen ur-maila oso
aldakorra izaten da kobazuloetan. Eurite handiak daudenean edo elurraren
urtzearen ondorioz, maila igo egiten da eta lehorraldietan, berriz, jaitsi.
Baina iragazten diren tantak ia etengabe iristen dira putzura.
Tanta bakoitzak bere
harri-zatitxoa uzten duenez, irteerarik gabeko putzuetan egoera jasangaitz
batera iristea gerta daiteke. Kareharri gehiegi badago disolbatua, nahiz
eta urpean izan, hauspeatzen hasten da. Urak duen karbono dioxidoa galtzen
badu edo tenperatura jaisten baldin bada, prozesua erraztu egiten da.
Minerala urpeko egitura bitxiak eratuz metatzen da.
Diseinu
harrigarriak
 |
| Ur
tantek eskaintzen duten irudietako bat. |
Horrela, adibidez,
putzuaren urpeko paretetan koral-itxurako formak agertzen dira. Batzuetan
koralaren edo krispeten tankera hartzen dute; beste batzuetan loreena
edo mahatsena (irudimena norberaren baitan dago). Ur-maila jaisten bada,
agerian geratzen dira harrizko egitura bitxi horiek. Beraz, espeleologo
batek paretak koralez uniformeki estalita topatzen dituenean,
badaki toki hori inoiz urez estalita egon dela.
Hala ere, koral
horiek agertzeko ez dute beti putzua behar. Geologoek irrika handiz aztertu
dituzte prozesu horiek; esaten dutenaren arabera, bost bide daude horrelako
egiturak ur-azaletik gora sortzeko. Lehenengoan, urak paretatik irristatzen
denean uzten duen materia forma horrekin kristalizatzen da. Bigarrenean,
paretaren irregulartasunek eraginda era daitezke. Hirugarrenean, formak
ondoko putzu batean erortzen den itoginaren zipriztinen ondorioa dira.
Laugarrenean, ura paretatik gora mugitzen da kapilaritatez. Eta bosgarrenean,
hezetasunaren kondentsazioak eratzen du korala.
 |
| Estalaktitek
efektu optikoak. |
Azalpen horiek guztiak
asmatzeak ez dizkie, ordea, geologoei buruhauste askorik ekarri. Baina
kobazuloetan grabitatearekin bat ez datozen estalaktita eroak
ere aurkitu dituzte. Egitura horiei heliktita deritze. Zintzilikari harrigarri
horiek nola sortzen diren azaltzea zailagoa da. Zertan dabiltza heliktitak
sortzen dituzten tantak? Lasai. Erantzuna badago. Kapilaritatez edo, besterik
gabe, aire-lasterrek goraka bultzatuta igotzen direla esaten da. Auskalo.
Edozein modutan, ikusgarriak dira oso.
Tapa, tapa, tapa
ur-tantak erortzen direlako lo hartu ezinik dabilenarentzat kontsolagarria
izango ez den arren, tanta horiek artelan ederrak sortzen dituzte. Milioika
urte batzuk besterik ez dute behar mendien barrunbe ikusgarriak zizelatzeko.
Dena dela, gizakiak minutu gutxi behar ditu lan hori suntsitzeko. Batzuetan
hala gertatzen da kobazuloa guztiontzat ikusgai jartzeko ahaleginetan
ere. Horregatik, mendiak berak gorde ditzala naturaren zirrikituak.
|
Ur-tanten
dinamika
Zientzia ahaltsua oso gauza konplexu eta korapilatsuez arduratzen
da. Baina
eguneroko arazo sinpleak ere ikerketaren jatorri eta aitzakia bihurtu
dira betidanik
Eta lo zaudela putzu batean tantaka erortzen
den ur zaratatsua azken aldian ikertutako arazo horietako bat da.
Prozesua zintzilikatutako
urak eratutako konkortxo batekin hasten da. Konkorra handitzen da,
eta udare-itxura hartzen du.Une batetik aurrera, konkorrak likido
asko jaso duenez, tanta bere lotunetik nabarmentzen hasten da. Azkenik,
lotura osatzen duen gunea estutu eta apurtu egiten da. Ur-tanta
erori egiten da.
Denok dakigu
hori. Hala eta guztiz ere, inork ez daki zergatik batzuetan tanta
bakarra erortzen den eta beste batzuetan ur-zorrotada eratzen den.
Gainera, itxuraz, batzuetan ur asko izaten da eta bestetan, aldiz,
likido-kantitate gutxi behar da tanta erortzea eragiteko. Benetan
horrela al da, ala ez? Zergatik ote da? Lo hartu ezinik daudenentzat
gai polita da, pentsatu, aspertu eta lokartzen saiatzeko.
Beste batzuek
gehiegi pentsatu zuten, eta tantari beldurrezko erabilera eman zioten.
Adibidez, ur hotzeko tantak torturatzeko erabili dira zibilizazio
askotan. Biktimaren buru gainera poliki-poliki tanta erorrarazi
eta sekulako mina eragiten zuen (hil baino lehen erotzeko modukoa).
Nondik sortuko zen tortura horretarako ideia? Agian, ingurukoa behatuta,
eguneroko bizitzan milaka tanta topatzen baitira gogaitzeko toki
aproposetan erortzeko prest.
Bestalde, zorrotadak
kontrolatzea hainbat teknologiatan ezinbestekoa da. Inprimagailu
askok tinta-zorrotadaz inprimatzen dute; makina horiek noizean behineko
orbanak uzten badituzte, makinaren diseinua aldatu behar izaten
da. Prozedura
industrial askoren arrakasta tanten baitan dago; ADN-txipak egiten
dituztenek eta txokolate likidoa erabili behar dutenek ere dirutzak
gal ditzakete tantak behar bezala kontrolatzen ez badira. Horregatik,
hainbat zientzialarik buru-belarri ari dira tanten jarioaren formulak
idazteko ahaleginak egiten.
Arazoa, dirudienez,
tantaren azal-tentsioan, biskositatean, tenperaturan eta jarioaren
abiaduran datza. Milaka formula ebatzi ondoren, Texasko Unibertsitatean
itoginaren inguruko airea berotuta tanta gutxiago eratzen direla
ondorioztatu zuten. Noski, bada (pentsa daiteke). Zer uste zuten
aurkituko zutela?
Purdue Unibertsitatean
egindako ikerketa batean, zientzialariek iragar zitekeen horrelako
beste emaitza bat lortu zuten; ur-jario txikiek ez dute tanta-erortze
erregularrik sortzen eta handiek, aldiz, bai. Jario-mota bakoitzak
berezko arrisku-mota bat du. Jario txikiak tanta sateliteak
sortzen ditu, txikiak eta kontrolatzeko zailak. Jarioa gehiegi handitzen
bada, ordea, tanten kaosa eta noizean behineko ur-zorrotadaren bat
sor ditzake.
|
Gara-ko
Natura gehigarrian argitaratua.
|