|
Elhuyar-Zubize familiaren
arrastoen bila Parisera joan behar da, han ezkondu baitziren Jean eta
Ursula 1746an. Medikuntza-ikasketak bertan eginak zituen Jeanek hiri hori
izan zen bikote gaztearen bizilekua lan-kontuak zirela medio Bilbora joan
ziren arte. 1753. urtean Jeanek Logroñon plaza lortu zuen eta han
finkatu zen familia. Hiri honetan jaio ziren, beraz, Joan Jose (1754ko
ekainaren 15ean), Fausto Fermin (1755eko urriaren 11n) eta Maria Lorentza
(1757ko abuztuaren 8an). Ursula ama 1758an zendu zen eta Dominika Elizagairekin
ezkondu zen berriro aita.
 |
| Joan
Jose Elhuyar. |
1772an aitak Fausto
eta Joan Jose Parisera bidali zituen ikasketak egitera. Le jardin
du Roi izeneko ikastetxean eman zituzten lehen urratsak; batez ere
kimika eta mineralogia landu zituzten Elhuyar anaiek.
Orduan kimika iraultza
handian murgilduta zegoen. Bismutoa, nikela eta manganesoa, adibidez,
garai horretan aurkitu zituzten eta nomenklatura berria ere orduantxe
ari zen ezartzen. Lavoisier, Berthollet, Guyton de Morveau, Bergman, Scheele,
Werner, eta abarren lanak ezagutzeko parada ezin hobea izan zuten bi anaiek.
1777 eta 1778an Bergarako
Erret Mintegiko laborategian hasi ziren lanean, baina laster joan ziren
berriro bi anaiak Europara (Paris, Strasburg, Mannheim, Freiburg, Leipzig,
eta abarretara) metalurgiari buruzko azken teknikak ikastera.
Austrian eta Hungarian
ibili ondoren, 1781ean Joan Jose Suediara abiatu zen eta Fausto Bergarara
itzuli zen; bertan bere dotazioaren herena erabili behar izan zuen Darcet-ek
esplikatutako teknika Saxoniatik ekarritako mineral bati aplikatu ahal
izateko, Bohemia eta Saxoniaren mugako Zinnwald-eko eztainu-meatzetatik
ekarritakoari, hain zuzen. 1782az gero, anaia Joan Joserekin batera egin
zituen bere saiakuntzak.
Minerala deskonposatu
eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido
nitrikoz tratatuta, hauspeakin zuria lortu zuten. Gero azido klorhidrikoaz
konbinatuz, hauspeakin horia lortzen zen (WO3 edo wolframio(VI)
oxidoa, hain zuzen). Berau erreduzitzeko, xehetu eta ikatz-hautsarekin
nahastuta ordu eta erdiz su bizian eduki zuten. Botoi gris moduko bat
atera zen. Hatzetan hauts bihurtzen zitzaien, alerik handiena orratz-buruaren
tamainakoa zelarik. Wolframio izeneko elementu kimikoa zen, munduan lehen
aldiz Bergaran isolatua.
 |
| Fausto
Elhuyar. |
Aurkikuntza nagusi
horren berri idatzita lehen aldiz Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek
osatutako Herri Lagunen Erret Elkartearen Gasteizko Batzarre Nagusian
eman zen 1783an. Hurrengo urtean eta seguruenik Faustok idatzita, Frantziako
Tolosako Zientzi Akademiak argitaratu zuen aurkikuntza-prozesuaren txostena.
1785ean Ingalaterran argitaratu zen, 1786an Alemanian eta ondoren Suedian.
Fausto eta Joan Jose
Elhuyar anaiak gero urre, platino, zilar, kobre, burdinurtu eta abarrekin
nahastuta wolframioaren aleazioak lortzen saiatu ziren.
Fausto Bergaratik
Alemaniara eta Hungariara joan zen, Born-eko baroiak zilar-mineralak merkurioz
tratatzeko asmatutako teknika ikastearren. Ameriketara teknikariak eramateko
lanean ere ibili zen. Vienan 1787ko urriaren 16an Joana Raab-ekin ezkondu
zen eta urte hartantxe frantsesez Dissertations métarlurgiques
izeneko lana idatzi zuen, baina zoritxarrez ez da guganaino heldu.
Espainiara itzuli
zen Fausto eta 1788. urtera arte meatzetarako injineru eta teknikariak
(alemanak asko) prestatzen aritu zen. Mexikora eraman zituen berekin hango
ustiapenak hobetu eta berritzearren eta bertan 1792an Real Seminario
de Minas izenekoa sortu zuen, hango lehen injineru-eskola, alegia.
Joan Jose ere Ameriketara joan zen, Granada Berriko (gaur egungo Kolonbiako)
meatzetan lan egitera. Mutis-en espedizio botanikoan parte hartzeko aukera
izan zuen bertan lanean ari zela. Bogotan hil zen, 1796ko irailaren 20an.
1821ean Agustin Iturbide
(Mexikoko enperadorea izango zena) Ameriketara heldu zenean, Faustok bere
kargua utzi eta Espainiara itzuli zen. Espainiako Meatzaritzako Zuzendaritza
Nagusia antolatu zuen eta Espainiako mapa geologikoa prestatzeari ekin
zion. Asturiasko meatzeak ere aztertu zituen.
Meatzetako Zuzendari
Nagusi eta Meatzaritza Eskolako zuzendaria zela, Madrilen hil zen 1833ko
urtarrilaren 6an.
|