|
Gaixotasun konplexuak
dira, oro har nerabeari dagozkionak; % 5eko eragina, edo handiagoa, dute
eta azken urteetan nabarmen igo da portzentaia hau. Gehiago gertatzen
da andrezkoetan, gizonezkoetan baino 10 bat aldiz gehiago eta haien hirugarren
gaixotasun kronikoa bihurtu da gaur egun. Berba gutxitan, anorexia nerbiosoaren
berezitasun garrantzitsuena autoeragindako pisu-galera nabaria da, hilabete
gutxitan % 15 edo gehiagoko galera.
Bulimia nerbiosoa,
aldiz, gehiegizko irenste izkutua, arina eta handia, bete-bete eta errudun
sentiarazi artekoa; betekadaren atzetik portaera konpentsatzailea erakusten
du gaixoak, eta libragarrien bidez (gomitoak, purgatiboak, diuretikoak,
etab.) edo ariketa fisiko intentsiboa eginez. Oro
har, mota nagusi bi hauek eta beste batzuk antzekoak izan arren eta Elikadura
Portaeraren Eragozpenen barnean egon arren, gaixo anoresiko asko bulimiko
bihurtzeko beldur da, eta bulimiko askok anorexiko bihurtu nahiko luke.
Gaixotasun hauen ondorioak
asko eta garrantzitsuak dira: fisikoen artean metabolikoak, bihotz-basoetakoak
eta gihar-hezurretakoak, besteak beste, eta depresioa,suizidioaren intentzioa
(% 70 anorexiko eta % 90 bulimikoetan) eta sintomatologia obsesiboa (%
50etan) psikologia-mailan. Esan dugun moduan gaixotasun konplexuak dira
eta faktore askok hartzen dute parte, baina laburbilduz, eta nutrizioari
dagokionez honako hau interesatzen zaigu: neska anorexikoen % 45ek pisu-sobera
arina dute pubertaroaren hasieran, eta gainera ez dituzte gustuko bere
gorpuzkera, batez ere ipurmasailak eta iztarrak; gainera, % 10ak obetsitatea
izan du aurretik, portzentaia hau % 40ra eta % 30era igotzen delarik mutiletan
eta bulimikoetan.
Elikadura Portaeraren
Eragozpenen (E.P.E.-en) kausen artean aldez aurretiko faktoreak (berezko
predisposizio biologikoa, bere eta familiaren pertsonalitatea, etab.),
faktore amiltzaileak (bizitzako gertaerak, pisua galtzeko arriskuzko jarrera,...)
eta faktore mantentzaileak (menpekotasun handiko ohiturak, harrotasuna
baraualdiaren aurrean, etab.) bereiz ditzakegu. Hiru multzo hauetan koka
dezakegun kausa garrantzitsua, garrantzitsuena behar bada, E.P.E.-en hazkunde
dramatikoa adieraziko ligukeena, MODA da.
Modak argaltzeko gogoa,
zergatia eta obsesioa sortarazten eta bideratzen ditu, argaltzeko industria
atzetik dagoelarik. Edozein gizarte-aldizkariri gainbegirada ematea nahikoa
da modaren eta industria honen asmoa eta indarraz ohartzeko. Behin gaixotasuna
sortuta, neska-mutilak berak izaten dira argaltze-moda honen bektoreak
edo transmisoreak, batzuetan oso proselitistak, bere koadrilan, institutuko
ikasgelan, etab. Oro har, propagandista hauek ez dute gaixotasuna bere
osotasunean pairatzen, eragozpen ezosoa daukate, ez dira guztiz gaixotzen
baina beste ahulagoak nahasten dituzte.
Arlo honetan, anorexiko
murriztaileak ez ei dira oso kutsagarriak ez baitute popularitate eta
eragin nahikorik; arriskutsuagoak dira bulimiko bilakatzen direnak eta,
esan dugun moduan, eragozpen ezosoa pairatzen duten neskak. Arestikoaz
ohartuz gero kontura gaitezke zer-nolako garrantzia duen obesitatearen
kontrol goiztiarrak, behin hamar urte betez gero (adin honetan hazten
da obesitate eta gehiegizko pisuaren prebalentzia), oso zaila izateaz
aparte, oso kontu handiarekin jokatu behar dugu gehiegizko pisua dutenekin,
ez diezaiegun eman beste bultzadatxo bat E.P.E. batean erortzeko.
|