|
Gaur egun, lehen
ez bezala, oso eskura dugu janaria munduko zati honetan. Ugaritasun honek
obesitatea bihurtu du elikaduraren arazo nagusia mundu garatuan. Gure
betiko janariak ordezkatzen ari diren jakiak (industrialak, sasoiz kanpokoak
,
etab.) eta orduz kanpo jandakoak, arteriosklerosia eta kardiopatia iskemikoa
errazte dituzte, jadanik haurtzaroan hasita. Pubertaro eta nerabetasunera
heltzean, ume batzuk (oro har gero eta lodiagoak direnak) modan dagoen
gorpuzkera ezin hobea edukitzeko beharrean aurkituko dira, ez dira gustura
sentituko bere itxurarekin, eta beste elikadura-eragozpen batzuk pairatzeko
arriskuan egongo dira.
Gizakiak, beste animaliek
bezala, elikagaien eskasia jasan behar izan du mendeetan zehar. Pairamendu
horren erakusgarri nabarienetakoa herrien migrazioak dira; esate baterako,
Asiako estepetatik Europaranzko migraketak antzina, Europatik Ameriketara
izan direnak oraintsu (Irlandako populazioaren ia erdia aurreko mendean),
eta gaur egun hirugarren mundutik mundu garatura gertatzen ari diren migrazioak,
goseak bultzatuta izan direla esan genezake. Iraultza industriala, eta
batez ere, II. Mundu Gerraz geroztik, erraztu egin da elikagaiak eskuratzeko
posibilitatea mundu garatuan, hirugarren munduan okerrera egin duen arren.
Esan genezake, gu bizi garen inguruan, eta gaur egun, jende gehienak eskura
ditzakeela organismorako beharrezko dituen elikagaiak, eta, gaixotasunakin
ezean, ez lukeela nutrizioari buruzko arazorik (eskasirik ez, bederen)
izan behar.
Agian, mendeetan jasandako
jaki-eskasiak eraginda, edo gizakiak berezkoa duelako, gosearen aurkako
sena dugu gure baitan; sen honek lagun gaitzake, elikagaiak eskura izan
arren, jende askok gaur egun janariari eta bere ingurukoari ematen dion
garrantzia zein handia den ulertzen, jatekoaren kantitateari dagokionean
batik bat. Batez ere, haurtzaroan kezkagarria da kaleko solasaldietan
zein pediatria-kontsultan somatzen den ardura hori. Askotan, familiakoak
gehiago arduratzen dira jangurarik ezaz berau eragiten duen oinarrizko
gaixotasunaz baino.
Kalitateari buruz,
kontura gaitezke bertokoak ez diren elikagaiak kontsumitzeko joera hartzen
ari garela. Haurtzaroa ez da salbuespena; honela, umeek lehen baino gehiago
kontsumitzen dituzte industrialki ekoiztutako janariak (haragia, gozogintza
industriala,... etab.) eta gutxiago gure betiko janariak. Edoskitze naturala
da beste adierazle bat, 1900-1970 urte bitartean (guda uneetan izan ezik)
esne artifizialak baztertu duena. (Ez dugu ahaztu behar, gezurra badirudi
ere, biberoizko elikadura berria dela, mende honetakoa, eta ez betidanikoa).
 |
| Gernikako
ume populazioaren azpipisua eta gainpisua adierazten digu taula honek
(P10 kurbatik behera eta P90ekotik gora daudenak). Estatistikoki,
prebalentzia biak berdinak izan beharko lukete, % 10aren inguruan,
baina ikusten dugunez gainpisukoenak handiagoak dira, ez modu nabarian
lehenengo urteetan, bai ordea 10 urtetik aurrera, eta batez ere adin
horretan. |
Umeen jan-ohiturek
ere aldaketak jasan dituzte: ordutegian, maiztasunean, eskaeran, etab.
Umeak otordua nola egiten duen da askotan familiaren ongizatearen erakuslea.
Umeak zerbait gogoko duenean, ahaleginak egiten ditu lortzeko, eta askotan
lortu egiten du. Amorraldiak dira, ahalegin normal horiek
eragin izan ezean, beste bide bat gogokoa dena eskuratzeko, batez ere
bere gurasoek ezin dutela negarrik edo garrasirik jasan, konturatzen denean
eta amore eman ohi dutela. Honela, umea sarritan egoeraren jabe egiten
da umearentzat onena modutzat hartzen duguna begira zertan
geratzen den sarritan (gehienetan?): umeari nahi duen moduan eta nahi
duenean ematen diogu, bere gogoaren arabera eta ordutegia kontuan hartu
gabe (2 ordu eta gehiago, gainera ahora emanez, ...bestela hil egingo
da gosez eta). Hau guztia, logikoki jokatzeko astirik edota pazientziarik
ez dugulako gertatzen da. Batez ere lehenengo urteetan ume txikiari arau
malgu batzuk jarraitzen erakutsiz gero, arazoen probabilitatea gutxitu
egingo da erabat.
Arestian aipatutakoaren
eredu tamalgarriena gozoki edo litxarreria izenarekin ezagutzen
dugun, nutrizio arloan Snack izen generikoarekin ezaguna,
taldeari dagokio. Gaur egun ume askok egunero jaten du gozokiren bat,
eta batzuk asko. Duela 30-40 urte igandetan baino ez zena gertatzen, eta
oso salbuespenekoa zena lehenago, eguneroko bihurtu da gure gizartean.
Era askotakoak dira ume eta gazteek litxarreriak (gozogintza industriala
ere barnean sar dezakegu) kontsumitzeko aitzakiak: urtebetetzeak, saria,
amorraldia, pakean uztearen truke, maitasuna erosteko umeari emandako
oparia, etab. Umea hain umea ez denean, dirua du sakelean edo lortu egiten
du txikitatik kontsumitzen ikasi duena erosteko, edo haren ondorengoa
kontsumoaren azokan. Honela, ez da harritzekoa gozoki-dendak hainbeste
ugaritzea azken urteetan.
Jarraian ikusiko ditugu
elikagaiak eta jateko moduak sor ditzaketen eragozpen batzuk eta, bidenabar,
saiatuko gara aipatutako aldaketek eragozpen hauen maiztasun eta larritasunaren
gehitzean zer ikusirik duten aztertzen.
Obesitatea
Obesitatearen ia kausa
bakarra energiaren desoreka da; hau da, organismoan sartzen den energia
kontsumitzen edo gastatzen dena baino gehiago denean gertatzen da. Gure
organismoan, energia jakien bidez barneratzen dugu, eta hauen gehiegikeria
da, ia beti, obesitatearen sortzailea.
Neska-mutil obesoen
ezaugarriak dira: ariketa fisiko gutxi egitea (kirolean ezezik, bizitzako
arlo guztietan ere berdin gertatzen zaie; adibidez, eskolara joateko autoa
gehiago erabiltzen dute oro har), eguerditik aurrera jaki gehiago hartzea
eta telebistaren aurrean denbora asko ematea. Ezaugarri hauek obesitatearen
sortzaile zein ondorio dira; ohar gaitezke bestalde, ariketa fisiko gutxi
egiteak obesitatera bultzatzen duela, energia gutxi erretzen delako; baina,
bidenabar, obesitateak ariketa fisikorik ez egitera bideratzen du, gurpil-zoro
honen bidez obesitatea errazten delarik.
 |
| Elikadura
garbiak zure osasuna iraunarazi eta hobetzen du. Beharrezkoa da era
orekatu eta anitzean elikatzea, jan denetatik, baina inoiz ez gehiegi. |
Lodi egotea osasunaren
adierazlea ezezik, estetikarena ere izan da ia oraintsu arte. Baina obesitateak
ondorio fisiko zein psikikoak ditu, bereziki, haurtzaroan. Hala ere, bere
ondorio nagusia, helduaroan irauteko joera izatea da, adin honetan ondorio
oso kaltegarriak sor ditzakeelarik: diabetesa, hipertentsioa, kardiopatia,
etab. Frogatuta dago nazioarteko ikerketetan, baita Euskal Herrian azken
urteetan egindakoetan ere, ume eta nerabe obesoek besteek baino odol-tentsio
eta kolesterol-neurri handiagoak dituztela; honi ariketa fisiko gutxi
egitea gehitzen badiogu, ume obesoak arteriopatia-mota bat (bihotzeko
infartoa, burmuineko baso-gaixotasuna, etab.) izateko 3 elementu garrantzitsuenetarikoz
jabetzen ari direla ohartzen gara. Baina, bestalde, frogatuta dago, obesitatea
bera, berez dela arteriopatiaren sortzaile bat eta ez duela aipatutako
ondoriorik behar arrisku-faktore izateko.
Euskal Herriko hegoaldean,
Espainiako obeso-indize handiena dugu Penintsulako Iparraldeko beste herrialdeekin
batera, 1984an burututako ikerketa baten arabera. Orbegozo Fundazioak
Bilbon eginiko ikerketa baten ondorio diren grafikoetan: kurba eta tauletan,
ikus dezakegu obesitatea neurtzen duen batezbesteko parametro eta desbideraketak,
beste kurbatakoak (anglosaxoiak gehienetan) baino handiagoak direla; gure
umeak obesoagoak direla, alegia. Fundazio honetan lanean diharduen pediatra
baten ustez, zenbat eta lehenago hasi gorantz gantz-ehunaren proportzioa
umetan (berpizte adiposoaren adina) hainbat eta lodiagoa izango da ume-populazioa.
Bilboko kurbatan, 4-5 urte bitartean nesketan eta 5-6 urte bitartean mutiletan
dago adin hori. Ingalaterra, Frantzia eta Txekiar Errepublikan beranduago
gertatzen den bitartean. Bere ustez, aipatutakoak berdin balio du, umeari
indibidualki dagokionean ere; zenbat eta lehenago gertatu berpizte adiposoa
probabilitate handiagoa izango du ume batek obesoa izateko, alegia.
Bizkaiko Udal batean
egindako azterketan, adin bakoitzean gaurko umeek lehengoek baino gantz-ehun
gehiago dutela, hau da, oro har lodiagoak direla somatzen da; hots, gaurko
6 urteko umeek duela 5 urte adin berekoek baino gantz-ehunaren proportzio
handiagoa dute, eta hori adin guztietan gertatzen da. Gainera, adin desberdinen
obesitatearen portzentaien erlazioa handitzen doa urteak aurrera egin
ahala, aipatutako azterketak eta Nafarroan burututako beste azterketa
prospektibo batek erakusten duten moduan. Honek esan nahi du, urteak aurrera
egin heinean zailago duela ume lodi batek pisua egokitzea; honela, 12
urteko obeso batek helduaroan pisu egokia lortzeko % 25 probabilitate
besterik ez badu, proportzio hau handiagoa da gazteagoetan eta eskasagoa
zaharragoetan; suposatzen da nerabe obesoen artean % 80-85ek jarraituko
duela obeso izaten helduaroan.
Hiperkolesterolemia
Aterogenesi-lesioak,
arteriosklerosiaren eta gaixotasun kardiobaskularren erantzule direnak,
30 urtetik hona hainbat eta hainbat ikerlanek frogatu duten bezala, haurtzaroan
hasi eta bilakatzen dira behin-betiko bihurtuz. Erantzule garrantzitsuenetarikoa
aterogenesiaren dieta da, hiperkolesterolemira bideratzen duen dieta,
alegia. Honen adibide nabariena, estatu garatuen erara bere dieta aldatzen
ari diren estatuetan, Txina eta Nigerian kasu, gertatzen ari diren gaixotasun
kardiobaskularren maiztasunaren gorakada da. Aterogenesian, faktore genetikoak
(dislipemia familiarrak, batez ere, hipertentsioak, diabeteak) eta ingurugiroak
(dieta aterogenikoak, obesitateak eta bere ondorioak, sedentarismoak,
tabakismoak) hartzen dute parte, batak besteak eragiten dituelarik.
Haurtzaroan, odol-sueroko
kolesterola 200 mg/dl-tik gora dagoenean zehazten da hiperkolesterolemia
(kolesterol altua eta potentzialki kaltegarria). Kolesterola zifra honetatik
behera eta LDL-kolesterolaren (kolesterolaren frakzio kaltegarria moduan
ezagutzen dena) zifrak 135 mg/dl-tik behera mantentzeak izan beharko luke
osasunerako helburu bat.
Kolesterol altua askoz
ere maizago ikusten da gehiegizko pisua duten umeengan besteengan baino.
Gainera, ume obesoetan kolesterolaren osagarri kaltegarriak dira triglizeridoekin
batera altu daudenak, osagarri babesleak (HDL-kolesterola hauen artean)
askoz ere neurri txikiagoan dauden bitartean.
 |
| Piramide
itxurazko irudiek nutrizio-oreka egokia mantentzeko gorde behar diren
proportzioak erakusten dute. EEBBetako Nekazaritza Sailak proposatutakoa
duzu hau. |
Gaixotasun kardiobaskularren
gorakadan badu zerikusirik, zalantzarik gabe, dieta-ohituren aldaketak.
Gure dieta ondoko elikagai hauen kont
sumoa handitzean omen
dago aterogenesiaren aurreko babesa, dieta mediterraneoaren osagarri nagusiak
direnetan, alegia: landare-olioa (oliba, batik bat), egoskariak eta arraina.
Elikagai hauek kontsumitzen dira gaur ere, baina astiro-astiro hauek ordezkatzen
hasiak diren beste elikagai eta ohitura arrotzak sartzen ari dira.
Oso kontuan hartzekoa
da, gainera, otordu artean umeak jaten duena: otartekoak eta snackak
(gozokiak barne),
gaur egun, umeen dietako gantz eta energiaren parte handiaren erantzule
bihurtu baitira. Gantz hauek oso aterogenikoak dira, gantz-azido saturatuen
kantitate handiaz eta oso kalitate txarreko energiaz hornitzen baitute.
Elikagai hauen artean talde bat (boileria, gozoki industriala, paketa/sobreak)
bestea baino (fruitu lehorrak, karameloak) aterogenikoagoa da. Dieta-ohituren
aldaketekin eta aipatutako aparteko elikagai hauen kontsumoarekin ume
askok, gomendagarri den energiaren % 30 baino askoz ere gehiago koipetan
eta % 8 baino gehiago gantz-azido saturatuetan kontsumitzen duela pentsatzea
ez zaigu oso zaila egiten eta, beraz, dieta aterogenikoa egiten ari dela.
Idorreria
Badaude gaurko elikadurak
bultzatzen dituen beste gaixotasun fisiko batzuk ere, idorreria esate
baterako. Gaur eguneko alimentuek zuntz-eskasia dute, eta hondakin-masa
lehorragoa izaten da idorreria eraginez. Gainera, energia askoz hornitutako
otorduz kanpoko jaki asko barneratzen da (energia txarra), zuntzik gabekoa
gainera; hartutako energiak gosea kentzen du eta, beraz, ez dugu hartzen
ia zuntzik ere.
Idorreriaren ondorio
bat uzkiko fisura da. Arazo hau gurpil-zoro tipikoa da: idorreriak fisura
sortzen du, eta hau sortuz gero, idorreria larriagotu egiten da hondakin
lehorrak libratzerakoan mina areagotzen duelako; areagotze honek fisura
handituko du edo, gutxienez, ez du sendatzen utziko.
Ondorioak
Janariaren bidez sor
daitezkeen eragozpenak oso garrantzitsuak dira. Eragozpen hauetatik, gaixotasun
kardiobaskularrek (asteriosklerosia, bihotzeko infartua) bildurtzen gaituzte
gehien. Honek elikagaiekin zenbaterainoko lotura duen adierazteko gertakizun
argienetarikoa hauxe da: dieta-ohiturak mendebaldeko erara bihurtzen ari
diren herrietan gaixotasun kardiobaskularren gehitze ikusgarria ari da
gertatzen. Arazoa hain larria izanda, harritzekoa da Osasun Administrazioek
bere aurrean eman ohi duten erantzuna, noizbehinkakoa, ahula eta gaizki
bideratua izan delako. Noizbehinkakoa da, behin betikoa eta etengabea
izan beharrean, gizartearen edo kazetarien kezkei baino erantzuten ez
dielako. Ahula da, arazoaren garrantziaren eta arrisku-faktore nabarmenen
aurrean inkesta eta ikerketa epidemiologiko apurrak besterik ez dituztelako
bultzatu. Gaizki bideratua, ahalegin urri horiek helduarenganako prebentzioan
burutu direlako, arazoa, batez ere pediatrikoa denean (umetan hazten dira
ateroma plakak esan dugun bezala, janari aterojenikoak eta jateko ohitura
kaltegarriak diren bezalaxe).
Nere ustez, ondoko
puntu hauek onartu beharko lirateke agente guztien artean (gurasoak, irakasleak,
osasun-alorreko langileak, administrazioa...) umeen nutrizioa ezezik dieta,
ohiturak ere oro har, modu logiko batean planteatzeko.
- Heziketa sakona
behar da janari eta elikagaiei buruz jendeak ikas dezan zein diren gure
organismorako aproposak eta zeintzuk kaltegarriak eta alboragarriak.
Heziketa hau hizkera simple batekin bete beharko litzateke. Laburbilduz,
honelako aholkuak eman daitezke:
- ekidin: gozogintza
industriala, haragi oso koipetsuak,
- mugatu: txerrikiak,
enbutidoak, arrautzak, esne eta esnekiak,
- derrigorrez kontsumitu:
fruta, barazkiak, arraina, oliba-olioa,
- ez ahaztu jan
orduetatik aparte umeek jaten dituzten snacks-ak.
- Elikagaiaz gain,
ezinbestekoa da gurasoen haurren jokabidea kontrolatzea haiek transmitituko
baitizkiete seme-alabei, ohiturak; honela, umeari gustatzen zaiona,
baina elikagai-talde guztietakoa, eskaini behar zaio, jarritako orduetan
eta denbora logiko batean (ordu erdi, 3 ordu laurden), jatera behartu
gabe eta ezer jaten ez badu hurrengo jan-ordura arte ezer eskaini gabe.
- Ezinbestekoa da
edoskitze naturala bultzatzea, nutriente egokiekin hornituz eta gaixotasun
batzuk ekidituz gainera, modu naturalean elikatzeko eredu delako, eta
gerorako ohitura osasungarriak bideratuko dituelako.
- Ariketa fisikoa
bultzatu behar da, batez ere kaleko jokoen bidez; etxeko denbora-pasa
nagusia eta ia bakarra telebista ikustea bihurtu da eta aipatu ditugu
arestian ekintza honen ondorioak.
- Gizartean hainbeste
indar duen publizitatean (iragarkiak eraginkorrak dira mezua transmititzerakoan
eta gutxi edo gehiago jende guztiarengan du eragina), erakunde publikoek
tinko jokatu beharko lukete dietari buruzko osasun-ohiturak bultzatzeko.
Bidenabar, dieta eta, beraz, osasunari buruzko publizitatea mugatu egin
behar litzateke, iragarki batzuren mezu faltsua galaraziz edo aldatuz,
are gehiago elikagai txarrak eta desegokiak kontsumitzera bideratzen
duten iragarkiak asko direnean (nork ez ditu ezagutzen eman ezaiozu
... 3 hilabetetik aurrera luzeran eta ez zabaleran hazteko, edo,
har ezazu... txapeldunen elikagaia, edo, bidean aiba,...
ahaztu zaizkit).
Edo, bestalde gaur
egun dagoen argala izateko moda. Honi buruz esan dezakegu elikagai desegokiak
kontsumitzera bideratzen duela argaltzearen aldeko propaganda ezegokiak
(yogourt izen bateko gorpuzkera, aktore edo aktoresaren baten eredua...;
argaltzeko kremak, argaltzeko janari lightak, etab.). Zer esanik ez, honek
ere kontrol zehatza beharko luke.
|