|
Panda erraldoia
munduko animaliarik famatuenetarikoa da gaur egunean. Horretarako arrazoi
nagusiak, beharbada, bi dira: bere itxura onkote zuri beltza eta duen
etorkizun beltz-beltza. Stephen Jay Gould dibulgatzaile puntakoari abiapuntu
ederra opetsi zion Pandaren erpurua liburu zoragarria bilbatzeko. Aldeak
alde, guk ere aitzakia egin dugu, hainbat kontu ekartzeko hona.
Ezpeletako
naturalista handia Zeruko Inperioan barrena
 |
| Zenbatespenen
arabera, ez dago mila panda basati besterik. Panda erraldoia animalia
bakartia da izatez, eta gainera, bizi duen isolamendu geografikoaren
ondorioz, ugalketa-tasaren jaitsiera ez ezik, odolkidetasun-maila
altua ere pairatzen du, espeziea makaldu egin delarik. Horrela izanda,
panda erraldoia gainbehera doan espezietzat jotzen da gaur egun, Armand
Davidek berak egin bezala. Aurrekoa okerrago bihurtzeko, gizakiak
kaltetu egin ditu pandaren ingurune-baldintzak. (A. Elosegi). |
Nonondik hasi behar
dela-eta, abiapuntua 1826ko irailaren 7an ipiniko dugu Lapurdiko Ezpeletan:
Bergara etxean Jean-Pierre-Armand David Halsouet jaio zen, hain
zuzen, Txinako mundu ezezaguna Europako begien aurrean jarri zuen naturalista
handia, edota, Hiriart-Urrutiren modura adierazteko, Eskual-herritik
behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat.
Une batez bada ere,
Armand Daviden urratsak segituko ditugu, eta horrela ezagutu, gure kontakizunarekin
zerikusi zuzena duten hainbat jazokune.
Aita medikua zuen,
eta, antza, berarengandik zetorkion naturarekiko zaletasuna. Ikasketak
Larresoroko Seminario Tipian burutu zituen. Ostean, Baionako Seminario
Handian jarraitu zuen, eta, urte bitan aritu eta gero, 1848an lazaristen
kongregazioan sartu zen, Parisen, eta apaiztu handik urte bira. Gero,
Italiako Savonan irakasle egon zen hamarkada batez, eta tarte horretan
sakon landu zuen natur zientzietarako etxetik zeukan jasa. Harik eta 1861
urtea etorri arte.
Izan ere, urte horretan
Milne-Edwards zoologo handiak gutun bat bidali zion lazaristen fraideburuari
Frantziako Institutuaren eskaria adieraziz: kongregazioko misiolarien
laguntza behar zuten, esploradore gisa zientziaren onerako. Eta lazaristek
Armand David jarri zuten hartu-emanetan Pariseko Natur Historiazko Museoko
irakasleekin, ordurako fraideburuari idatziz luzatuta baitzeukan Txinako
lan ebanjelikoetara joateko gura.
 |
| Aita
Armanda David (1826-1900) bidazti, naturalista eta misiolari lapurtarrak
Txina, Mongolia eta Tibet esploratu zituen ure luzeetan zehar, eta
hango fauna, flora eta geologiazko informazio zabala jasotzeaz gainera,
hainbat lagin bidali zituen Pariseko Museora, bilduma bikaina eratuz.
Frantziako Akademiako kide izendatu zuten 1872an. |
Armand David oso ondo
prestatuta zegoen, eta misio zientifiko baten ardura eman zioten Txinarako.
Horren kariaz, 1862tik 1865era hainbat lagin bidali zituen Parisera, eta,
berorien aberastasuna ikusitakoan, Museokoek Txinakoa pagotxa zientifiko
galanta zela pentsatu zuten. Ondorioz, lazaristen fraideburuari Armand
Davidentzako baimen berezia eskatu zioten, ministerio apostolikoa utzita
esplorazio naturalistikoan buru-belarri aritu zedin. Halaber, Frantziako
gobernuak misio ofizialtzat jo zuen handik aurrerakoa, eta beharrezko
diru-laguntzaz hornitu ere. Gauzak horrela, beste kanpaina bi burutu zituen
bata 1866-1870 bitartean, eta bestea 1872-1874 bitartean.
Hiru tarte horietan
zehar Zeruko Inperioko hainbat lurralde aztertu zituen, Pekin (= Beijing)
eta inguruetatik hasita: Mongoliako hegoaldea, Txinako erdialdea, Tibeteko
sortaldea... Kontua da Armand David baino lehenago Europako zientzialaririk
ez zela handik ibili, eta artean Asiako alde handi itzel hori guztiz ezezaguna
zen. Labur esateko, Marco Polok (1254-1324) deskribaturiko tearen eta
zetarraren herrialdea zen, ia-ia; veneziarraren osteko deskribatzaileen
artean soilik pare bat jakintsuren izena aipa daiteke: Swinhoe zoologoa
eta Jean-Baptiste Duhalde (1674-1743) jesuita, Azkainen jaioa berau.
 |
| Panda
txikia (Ailurus Fulgens) animalia gauekoa edota ilunabarrekoa
da, eguna lotan ematen duena zuhaitzetako adaburuetan. Oso igokari
ona izan arren, batez ere lurrean elikatzen da: banbu-kimuak, belarrak,
sustraiak, fruituak eta ezkurrak jaten ditu, eta lantzean behin zomorroak,
arrautzak, txoritxoak zein karraskari txikiak. (A. Elosegi). |
Ibilaldi horiek guztiak
oinez egiten zituen, mandoen alboan, modu horretara ahalik eta behaketa
zehatzenak burutzeko. Zer esanik ez, datu guztiak idatziz jasotzen zituen
bere egunkarian. Ikusitakoa oro biltzen zuen kaierran, ohar oso zainduen
bidez: dela zeharkaturiko lurraldearen itxura eta topografia, dela geografiaren
gaineko iruzkina, lurzoruaren izaera, fenomeno meteorologikoak, landaredia,
laborantzari buruzko argibideak, etxeko abereak, animalia basatiak, den-dena
da bere jakingura aseezinaren elikagaia. Orrialde horiek guztiak tantaka-tantaka
Pariseko Nouvelles Archives du Muséumean argitaratu ziren,
eta informazio-iturri agortezina osotu zuten. Horiez gainera liburu bi
ere ondu zituen: Journal de mon troisième voyage dans l´empire
chinois (1875) eta Les oiseaux de la Chine (1877).
Emaitza zientifikoak
oparoak izan ziren. Nolanahi, bestelakoak aparte utzi eta zoologia alorreko
ekarpenetan murgilduko gara une batez, izan ere, aurkikunderik deigarrienak
alor horri dagozkionak dira beharbada. Hainbat eta hainbat, ehundaka,
espezie berri bildu zituen intsektu, krustazeo, araknido eta moluskuen
artean. Eta ornodunen multzora pasatuta, Tibeteko silurua azpimarratuko
dugu arrainen artean, hamabost bat anuru eta lau urodelo (famatuena Sieboldia
davidiana arrabio erraldoia) anfibioen artean, eta 50 bat narrasti
(bai dortoka, bai saurio eta bai ofidioak ere). Arestian ikusi dugunez
hegaztiei buruzko liburu oso bat idatzi zuen gure bidaztiak: bada, Txinako
807 espezieetatik 65 Armand Davidek aurkitu zituen, horien artean Tibeteko
faisaiek aipamen berezia merezi dutelarik.
 |
| Desman
pirinarra (Galemys pyrenaicus) satorraren antzeko ugaztun intsektiboroa
da, eta izatez, talde berekoak dira, alegia, Talpidae familiakoak.
Izan ere, leku batzuetan "ur-satorra" esaten zaio euskaraz:
ur iraunkorreko erreka lasterretan bizi da, eta ur hotz oxigenatuetan
murgilduz, krustazeo gamaridoak ehizatzen ditu batez ere, eta bai
trikoptero eta plekopteroen harrak, marraskiloak, zizareak edota uretara
jausitako armiarmak. (A. Elosegi). |
Ugaztunen esparruari
jaramon gehitxoago egingo diogu gure kontakizunaren hariaz duen zerikusiagatik.
Armand David harrituta zegoen ugaztun gorputzuen gabezia zela eta. Izan
ere, Txinako deskribapen zaharrak tapir, errinozero eta elefanteaz mintzo
ziren, baina hauek guztiak jadanik ez zeuden, oihanen desagerpenaren ondorioz.
Beraz, Davidek aurkitutakoa megafauna aberatsago baten hondarra zen. Gainera,
biztanleriaren handia oztopo nabarmena zen tigre eta panterarentzat.
Edozelan ere, hainbat
ugaztun berri aurkitu zituen, denetara 70 espezie inguru, hala nola: antilopeak
(hiru espezie berri), mufloiak (bi), oreinak (15en bat), basurdeak (bat),
marmotak (bi), makina bat jerbo, erbi ipotxa, sator saguak (hiru), saguak
(27), katagorri hegalariak (bi), satorrak (hamar), saguzarrak (bost) eta
tximinoak (bi). Kontuak kontu, osasunez oso makal zebilelarik Europara
itzuli ostean, Aljerian bizi izan zen. Alabaina, artean bidaztiarena ez
zen amaitu, izan ere, 1881ean Tunisia korritu zuen naturalista gisa, eta
1883an Konstantinopla aldetik ibili zen. Armand David 1900. urteko azaroaren
10ean hil zen, Parisen. Askozaz lehenago, eta bere merezimenduen onespen
modura, Akademiako kide izendatu zuten 1872an, alegia, Frantziako ohorerik
behinena jakintza munduan.
Panda
erraldoiaren sailkapena dela-eta
Zalantzarik gabe,
bi izan ziren Armand Davidi ospe gehien eman zioten aurkikundeak. Batetik,
teknikoki Elaphurus davidianus Milne Edwards, 1866 deritzon oreina,
milu izenaz ere ezagutzen dena, edota, liburu batzuetan horrelaxe
ikus daiteke, Daviden oreina. Milu delakoa basatia zen 676.
urtean, Inperioko Analek ziotenez, baina Armand Daviden sasoian enperadorearen
parke pribatuan bizi zen soil-soilik, hau da, egoera erdidomestikoan.
Alabaina, populazio bakar horrek oso historia gorabeheratsua eduki du,
eta zeharo suntsitzeko zorian egon zen 1900. urtean. Gaur egun arriskupeko
kategorian agertzen da IUCNren (International Union for Conservation of
Nature and Natural Resources) zerrenda gorrian.
 |
| Lehoiak
dira antonomasiazko ugaztun karniboroak. Haragiz elikatzen dira, baina,
dieta zabalekoak izanda edozein haragi jan dezakete, hala nola lehoi-taldeak
ehizatutakoa (gazelak, zebrak, ñuak...), nola hiena edote putreei
lapurtutako sarraskia, nahi egokierak horitutakoa (dortokak-eta).
Hamar egunez baraurik egoteko gai diren arren, zer jan ugari baldin
badago kok egin arte beteko dira. (A. Elosegi). |
Bigarren espeziea,
irakurle bizkorrak dagoenekoz igarri duenez, hain famatu bilakatutako
panda dugu, hots, panda erraldoia. Lapurditik abiatu eta Tibeteko ekialderaino
iritsi gara Armand Davidekin batera. Koka gaitezen, bada, 1869. urteko
uda-partean hango baso trinkoetan eta Daviden begi-bistan paratutako lehendabiziko
pandaren agerpena ikusiko dugu, era birtualean baino ez bada ere. Ale
bi eskuratu eta aztertu zituen.
Panda erraldoia pelutxezko
hartz zuribeltza zen itxuraz, eta kanpo-morfologia horretan oinarrituta
Ursus melanoleucus izena jarri zion, Museoko aldizkarian espeziearen
deskribapen formala egin zuenean. Gogora dezagun, Ursus generoan
hartzak batu dira. Izan ere, pandak hartzaren gorpuzkera du, besteak beste,
metro t´erdiko luzera eta 160 kg-ko pisua.
Baina hurrengo urtean,
1870.ean alegia, Alphonse Milne-Edwards-ek panda erraldoiarentzat Ailuropoda
generoa eratu zuen, pandaren datu anatomikoen berezitasunak aintzat hartuz.
Eta hori horrela izanik, Nomenklatura Zoologikorako Nazioarteko Kodearen
arauak betez, pandaren izen formala Ursus melanoleucus David, 1869
izatetik Ailuropoda melanoleuca (David, 1869) izatera pasatu da.
Kontura gaitezen izen binomialaren bigarren elementua ez dela aldatu (soilik
komunztaduraren aldetik egokitu), eta horrez gainera deskribatzailearen
izena eta urtea parentesi barik egotetik parentesi artean egotera igaro
direla. Kontu hauek guztiak txikikeria inozoak direla pentsa badezakegu
ere, garrantzi metodologiko handikoak dira adituentzat: ez ahaztu milioitik
gora espezie izendatu direla honezkero.
Generoari dagokionez,
beraz, oso onartuta dago pandaren kokapen taxonomikoa. Arazoa ez dago
hain klaru familia-kategoriaren kasuan. Autore batzuen ustez panda erraldoia
Ursidae familiakoa litzateke, hau da, hartzekin batera sailkatzen dute.
Beste autore batzuek gurago dute Procyonidae familian kokatzea, mapatxeen
artean. Beste zenbaitzuren iritzirako, Ailuridae familia eratu behar da,
bertan panda erraldoia eta panda txikia (Ailurus fulgens) biltzeko,
biak bakarrik. Azkenik, ez da falta ere panda erraldoiarentzat, berarentzat
soilik, Ailuropodidae familiaren egokitasuna defendatzen duen autore-mordoa.
Zer esanik ez, adskripzio taxonomiko horiek ez dira modu gratuito batez
egiten: datuen interpretazio desberdinetan oinarrituta daude, eta, azken
batean, autore bakoitzak espezieen arteko distantzia ebolutiboari buruz
pentsatzen duena islatzen dute. Hau da, panda erraldoia Ursidae familian
kokatzen duen autoreak onartu egiten du pandak kidetasun estuak dituela
hartzekin; edo mapatxeekin, Procyonidae familian kokatzen duen kasuan.
Esan gabe doa, panda erraldoia bera bakarrik familia batean inkluditzean,
nolabaiteko apartekotasun filogenetikoa duela adierazten da, nahiz eta
hori inplizituki izan.
Horregatik, liburu
batzuetan panda urtsidoa dela irakurriko dugu, eta bestetzuetan prozionidoa
dela. Edo ailuridoa dela, edo ailuropodidoa dela. Segun-eta. Berba tekniko
horiek, kasuan kasu, panda taxon horietako kidea dela dioskute.
Dieta
nomenklaturarekin nahasten denean
 |
| Fokak
mortsak eta itsas lehoiak Pinnipedia taldean sailkatu ohi dira. Ugaztun
hauek itsasoa kolonizatu zuten eboluzioan zehar, eta gorputz-adarrek
hegatsak itxuratu dituzte igeriketarako. Batez ere arrainez elikatzen
dira, eta ugaztun karniboroen hagin zarrastariak diferentziatu gabe
dituzte; arego, iktiofagia dela-eta, letaginak izan ezik, gainontzeko
hagin guztien koroak konikoak dira, hain labankorrak diren arrainak
hobeto ausiki eta geldiarazteko. (A. Elosegi). |
Osterantzean, autore
guztiak bat datoz panda erraldoiaren ordena-kategoriako sailkapenaren
gainean. Panda erraldoia (eta txikia ere) Carnivora Bowdich, 1821
ordenan sartu behar da inolako zalantza barik. Alegia, panda erraldoia
karniboroa dela irakurriko dugu sarritan, eta hortik makina bat nahasketa
eta ekiboko ondorioztatu da, ze, edozein ume mokordok ba dakitzu panda
zuribeltza banbu-hostoez elikatzen dena: telebistako dokumentaletan-eta
ikusi du hori, eta detaile osoz gainera. Arazoaren sorburua karniboro
hitzaren esangura bikoitzean-edo dago. Berba horrek, hortaz, adiera bi
ditu, bata taxonomiaren alorrari dagokiona, eta bestea animaliaren bizimoduari
doakiona, ekologiari azken batean. Hori dela-eta, esangura biak elkarretik
bereizi nahian ingelesez berba oso antzeko bi erabiltzen dira: carnivore,
Carnivora ordenako ugaztuna izendatzen duena, eta carnivorous,
animaliez elikatzen den biziduna (animalia zein landarea) kalifikatzen
duena. Izan ere, esangura biak argiro adieraztea garrantzi handikoa izan
daiteke sarri askotan, esaldi nahasgarriek komunikazio zientifikoa ez
oztopatu aldera.
Alde taxonomikotik
hasita, esan dezagun ugaztun karniboroek, euren ezaugarri orokorrak kontuan
hartuta, taxon homogeneoa eratzen dutela. Ziurrenez, kranioa da karniboroen
egiturarik bereizgarriena, ugaztunen multzoan izaera nabarmena damaiena.
Izan ere, ordena horretako arbasoen elikabidea haragijalea zela-eta, kranioan
baraila gotorrak daude, eta hortzak luze eta zorrotzak dira okela urratzeko,
eta haginak ahaltsuak. Bestalde, hatzetako atzazalek erpeak itxuratu dituzte.
Denetara 230 bat espezie dira, klasikoki zazpi familiatan banatuak: kanidoak
(txakurra, otsoa, azeria), felidoak (katua, lehoia), biberridoak (zibeta,
katajineta), hienidoak (hiena), mustelidoak (erbinudea, igaraba, azkonarra),
prozionidoak (mapatxeak) eta urtsidoak (hartzak).
Elikabideari dagokionez,
haragia da karniboro gehienen hazkurria, baina arau orokor horrek salbuespen
asko ditu. Aldaketak omniborismoranzko joera nabarmen baten barruan kokatu
behar dira; horrela izanik, hartz arrearen edota lukiaren moduko karniboro
omniboro hertsiak aurkituko ditugu, eta baita beste espezie batzuk soilik
noizbehinka fruituez elikatuko direnak, esate baterako lepazuria.
Dena dela, ordena
horretan ugari dira espezie estenofagoak (= oso dieta zorrotzekoak), soil-soilik
haragia jaten dutenak, lehoia kasu. Harrigarriro baina, panda erraldoiaren
estenofagia banbu-hostoetan espezializatu da. Hau da, panda erraldoia
ez da karniboro karniboroa, ez da-eta haragijalea, karniboro herbiboroa
baino, landarejalea baita. Izatez, panda eta hartzen arteko diferentzia
nagusietariko bat, anatomikoez gainera, pandaren dieta da: Sinarundinaria
generoko banbu-hosto eta kimuez elikatzen da ia soilki. Ondorioz, duen
tamainuagatik, janari-kantitate handiak behar ditu, eta egunean hamar
edota hamabi ordu pasatzen ditu jaten. Areago, besteak beste, dieta hain
espezializatu horrek ekarri du pandaren atzerakada nabarmena, espeziea
suntsipen-arriskupean utzi duena.
Puntu honetaraino
ailegatuta, zehaztapen bat egingo dugu, ezpabere, irakurle askok pentsa
dezakete goiko lerroetan azaldu dugun adiera-bikoiztasuna salbuespen deigarri
baina bakarra dela. Eta kontua ez da horrelakoa. Esate baterako, ugaztunen
multzoan segitzen dugularik, badago beste ordena bat Insectivora
Cuvier, 1817 deritzona, kirikinoa, satorra, satitsua eta beste espezie
asko biltzen dituena. Talde horretako kideen arteko homogeneotasun larregirik
ez dago, baina, den-denen kranioek morfologia primitiboa gorde dute, ornogabe
txikerrak jatera moldatutako arbasoaren hortzeria bere horretan segitzen
duelarik. Oraingo honetan ere, aurreko kasuan bezalaxe, intsektiboro berbaren
esangura bikoitzaz mintzatu beharko ginateke. Batetik, intsektiboroa Insectivora
ordenako edozein kide izango da, dieta gorabehera; bestetik, intsektuez
elikatzen den bizidunari aplikatzen zaion adjektiboa da. Eta zer esanik
ez, dietaz intsektiboro asko daude taxonomiaz intsektiboroak ez direnak:
adi hitzen mamiari.
Adibidez, kirikinoa
intsektiboro omniboroa da, lantzean behin kakarraldoren bat jaten duela
gorabehera (bide batez: kirikinoaren euskal izenetariko batek, hots, sagarroiak,
batez ere sagarrez osoturiko dieta iradoki arren, kontua ez da horrelakoa);
satorra batez ere lur-zizareez elikatzen da.
Nozioa
eta denominazioa
Arestian aipatutakoetatik
puntu bat nabarmendu gurako nuke. Horrelako berba teknikoak taxonetako
kideak izendatzeko direnean, besterik gabe bizidun-multzoak identifikatzeko
etiketak izaten dira, nolahalako balio mnemotekniko edota
deskribatzailea eduki dezaketenak, baina gehiagorik gabe: etiketak ezin
du taxonari buruzko informazio guztia laburbildu, eta, areago, batzuetan
kontraesankorra izan daiteke. Esate baterako, etimologikoki kuadrupedo
eta tetrapodo hitzek, biek, lau oindun badioskute ere, Quadrupeda
eta Tetrapoda taldeek ez dute zerikusi handiegirik elkarren artean. Pentsatu
egin ahal da izen zehazgabe horiek ez direla egokiak, baina, kontuak kontu,
polito betetzen dute euren egitekoa: etiketak produktua identifikatzen
du; produktu horren ezaugarriak mugatzea ez dagokio berari.
 |
| Karniboro
edo herbibor edota antzeko beste edozein termino entzutean, modu ia
automatikoan ornodunak etortze zaizkigu burura. Hala ere, ornogabeen
munduan zoogagia zein fitofagiaren adibide berebizikoak daude, sarritan
hain ezagunak suertatzen ez badira era. Nolanahi, armiarma, marisorgina,
txitxiburduntzia edo irudiko ehunzangoa ehiztari beldurgarria dira,
beste magnitude batekoak izan arren. (L. Dantart). |
Produktuaren barrua
aldatuz gero, era berean, etiketa aldatu beharra egoten da: Linnaeus-ek
ugaztun karniboroak bildu zituen Ferae Linnaeus, 1758 zeritzon
taxonaren baitan; gerora, baina, karniboro lurtarrak eta itsastarrak (fokak,
mortsak, itsas lehoiak) talde bitan bereiztea komeni zela pentsatu zen.
Eta produktuaren izaera bestelakotu zelarik, orduan eratu
eta izendatu zen dagoenekoz nahikoa ezagun bihurtu zaigun Carnivora Bowdich,
1821 delakoa.
Bereizteko irizpidetzat
dieta erabiltzean, oso ohizkoa izan da animaliak orokorrean hiru motakoak
direla esatea, alegia, herbiboroak, karniboroak eta omniboroak, hurrenez
hurren, landareez, animaliez, edo landareez eta animaliez elikatzen direnaren
arabera. Aspaldiko sailkapen horren erabilera emendatu egin zen, gainera,
ekologiaren aurrerakadarekin batera, zeren-eta, dietan oinarritutako kategoria
horiek elikakateen mailak ere islatzen baitzituzten hein batean. Horrela,
herbiboroa, bere energia ekoizle primarioez (landare berdeez) elikatuz
lortzen duen heterotrofoa dela esan daiteke, eta, modu berean, karniboroa
kontsumitzaile sekundarioa edo tertziarioa izango da.
Dieta orokorra gehiago
zehaztuz herbiboro/karniboro/omniboro (= fitofago/zoofago/polifago) hirukotea
asko ugaritu zen, latinaren zein grekeraren bitartez hamaika berba eratu
zirelarik, beste horrenbeste kontzeptu izendatzeko: frugiboro, nektariboro,
graniboro, palinofago, xilofago, fungiboro, mizetofago, medusofago, intsektiboro,
entomofago, pisziboro, iktiofago, ornitofago, molusziboro, nekrofago,
oofago, hematofago, koprofago, saprofago, antropofago, kanibal, adelfofago...
Dena dela, dietan
oinarritutako sailkapen hirukoitz horrek desabantaila batzuk dituela eta,
gaur egun janaria lortzeko modua erabiltzen da maizago irizpide gisa.
Horrela eginez, animaliak mota bikoak direla esan ohi da: makrofagoak
eta mikrofagoak. Azkeneko hauetatik azaltzen hasita, mikrofagoek modu
ia automatikoan irensten dute janaria, kizi txikiez osotua eta balio nutritibo
eskasekoa izaten dena, eta sarritan ingurune homogeneoan era jarraituan
hedatua. Makrofagoek, ostera, hautatu egiten dituzte aktiboki, ingurune
zabal eta heterogeneoan era diskretuan bakartutako harrapakinak.
Animalia bat makrofagia
ala mikrofagia barruan kokatu behar den erabakitzeko, elikagaiaren tamainua
baino garrantzitsuago, berba tekniko horien etimologiak iradokitakoaren
kontrara beraz, janaria lortzeko bidea dugu irizpide. Ondoen, adibide
pare batek azalduko digu hori. Balea animalia mikrofagoa da, nahiz eta
5 cm-ko izkirak harrapatu ahoko bahearen iragazkian; amebak eta beste
anitz bizidun unizelular, ostera, makrofagoak dira, janari-kiziak aktiboki
bilatzen dituztenak. Bestalde, makrofagia/mikrofagia bikoteak ez du inolako
korrespondentziarik herbiboria/karniboria bikotearekin.
Zer esanik ez, lehen
hurrenkera horren ostetik, makrofago/mikrofago kategoria horiek gehiago
mugatu daitezke kasuistika osoa kontuan hartuz, eta hortaz lexikoa nahikotxo
konplikatu da. Horrela, animalia mikrofagoen artean ondokoak bereizten
dira: iragazleak (suspentsiboroak), sedimentiboroak (detritofagoak, iliofagoak
eta geofagoak), eta kimukari (= browser) eta larrekariak (= grazer). Makrofagoen
artean, batez ere, ehiztari eta bizkarroiak aipatu ohi dira, eta bai nekrofagoak
ere. Eskema berri horretan gaudela, panda erraldoia animalia mikrofagoa
dela esango dugu, hain zuzen, mikrofago kimukaria.
Beraz, ba, lehenagoko
batean (1) panda karniboro herbiboroa dela esan dugu, eta oraintsuago
(2) panda erraldoia karniboro mikrofago kimukaria dela. Besterik gabe
ikusita, norainoko anabasa! pentsatuko luke edozeinek. Baina,
harildu dugun kontakizunean berben azpiko kontzeptuak banan bana munarritu
ditugu (edo horretan ahalegindu), eta hortaz, pentsatu gura dut kontua
nahikoa argi lotu zaigula, edo ilunegi behintzat ez.
Badago, dena dela,
aurreko hau guztia ilundu, lorrindu eta hondatzeko modu erraza, txarto
ulertutako jatorrismotik-edo abiatua. Horretarako biderik eraginkorrenetariko
bat, kultur erroez osoturiko hitzak (bidenabar, karniboro), itsu-itsuan,
euskal harrobiko elementuez ekoitzitako suzedaneoez (demagun haragijale)
ordeztea da, nire ustez. Horretaz konturatzeko eta adibide gisara, ikusi
aurreko paragrafoko (1) eta (2) esapideak noraino jator eta ganorabako
bilakatu zaizkigun: (1) panda haragijale belarjalea da, eta (2) panda
erraldoia haragijale txikijale kimukaria da.
Ez dago esan beharrik,
azalpen eta eztabaida luzea egin daiteke puntu horren gainean, aurreko
adibide-parean begi-bistan geratu dena teorikoki-edo substantziatuz. Argudiaketa
ildo askotatik eroan daiteke.
 |
| Koala
(Phascolarctos cinereus) da, ziurrenez, Australiako oihan epeletako
ugaztunik ezagunena. Denbora gehiene eukalituetan igonda ematen du,
bertako hostoak karraskatuz. Izan ere, eukalitu-hostoak dira bere
janari nagusia: euren liseriketa nekeza suertatzen da, eta horretarako
ditu 2,5 m-ko heste-dibertikulua eta bakterio-koloniak. Gainera, lantzean
behin koala lurrera jaisten da, eta hartxintxarrak irensten ditu (=
jokamolde litofagoa), hostoak eho eta birrintzeko. (A. Elosegi).
|
Azaldu eta eztabaidatu
egin daiteke euskal harrobiko ordezkoen desegokitasun semantiko nabaria
(are eta onartezintasun erabatekoa ere): adibidez, karniboro etiketa euskarara
itzuli eta panda haragijalea esan. Azaldu eta eztabaidatu egin daiteke
kultur erroez osoturiko terminoen hitzarmenezko esangura; adibidez, mikrobio
diogunean ez dugu bizitza laburrekoa esan gura, etimologiak
egin bezala, edota mikrofago dinogunean ez dugu txikijale
adierazi nahi, arestian aipatu bezala. Halaber, azaldu eta eztabaidatu
egin daiteke gure kontzientzia linguistiko bizia, euskarara
metamorfoseatutako hitzen izaera tautologikoa behin eta berriro gogoraraziko
diguna. Esate baterako, teorian onargarritzat jo ditzakegu haragijale
eta belarjale, baina, guk nahien duguna erabakita ere, ume guztiek badakite
foka egiatan arrainjalea dena (gu haragijalea dela esaten tematu arren),
edota hostojalea koala (eta inola ere ez belarjalea).
Modu berean, luzaro
mintzatu beharko litzateke gure hurreneko testuinguru kulturalaz, bai
geografiari eta bai historiari ere doakiela: zelan jokatu eta jokatzen
dute gure inguruko hizkuntzek, eta nola egokitu diren idazleak, kasurako
Jokin Zaitegi, Federiko Garralda edota Jean Etxepare. Orobat, ezin dira
ahaztu hitzen erabilera-esparru, adiera eta erregistroak; esate erraz
baterako, ez dauzkat ahazteko aspaldian amoltsuki irakatsi zizkidaten
odontólogo/dentista/sacamuelas erreskadako sinonimoak.
Bestalde, haragijale horren moldean gure hiztegietarako ex professo sortutako
munstroen ugalketa ere hor dago: nork erabiliko ditu hauts-zale
(= koniofiloa), harrijale (= litofagoa) eta kidekoak? Eta,
beharbada, hauen guztien gainetik dagoena: haragijale terminoaren saihestezintasuna
eredugarritzat joko balitz, berba-txaparrada barik, dilubio lexikal amaigabea
mugituko litzateke, kultur erroez osoturiko hitzen multzoaren handia kontuan
hartuz.
Hau ez da, ez unea
eta ez gunea aurreko guztia bere luze-sakonean aztertzeko. Zehaztasunaren
gaitzak jota egon naiteke, edo, beharbada, sindrome laktikoren baten eraginpeko
egoera patologikoan, nire dieta dela-eta; baina, edozelan ere, arazoa
ezin da ti-ta garbitu amen batean, oraindik orain egin (nahi) izan denez.
Eztabaida patxadatsua eta ebazpen umotua beharko lituzke.
|