|
Populazioaren
Erreferentzia Bulegoak urteko azterketan aditzera eman duenez, XXI. mendean
munduko giza populazioan aldaketa handiak gertatuko dira.
Aste honetan argitaratu
den txostenaren arabera, herrialde garatuen populazio-hazkundea ia guztiz
gelditu da eta hazkunde demografikoa Asia, Afrika eta Latinoamerikako
herrialdeei zor zaie.
Urtean, jaiotakoen
eta hildakoen arteko aldea neurtuta, munduko populazioari 83 milioi gizaki
gehitzen zaizkio, eta horietatik, milioi bat soilik dagokie herrialde
garatuei. Hain zuzen ere, herrialde garatuetan ugalkortasun-tasa ordezkapen-tasa
(2,1 ume emakume bakoitzeko) baino altuagoa duen herrialde bakarra Estatu
Batuak da.
1950. urtean, garapen-bidean
dauden herrialdeetako populazioak herrialde garatuenena bikoizten zuen;
2050. urterako, ordea, alde hori 6 aldiz handiagoa izan daiteke. Horrela,
garapen-bidean dauden herrialdeen populazioari 2,9 mila milioi gehituko
zaizkio eta herrialde garatuei 49 milioi besterik ez. Izan ere, garapen-bidean
dauden herrialdeetako batezbestekoa emakumeko 3,6 haur izaten da eta herrialde
garatuena, berriz, 1,6koa. Salbuespena Txina da, han oraindik bikoteko
ume bakarra politika dutelako.
Aldea nabarmena da
eta herrialde berean ere eremu industrializatuen eta txiroen artean ezberdintasuna
antzematen da. Adibidez, Indiako hego-ekialdeko hirietan jaiotza-data
asko jaitsi da. Bestalde, Bangladeshen eta Egipton, lehen ikusitako jaiotza-tasaren
jaitsiera moteldu egin da.
Europako
egoera bestelakoa da oso. Jaiotzen diren ume-kopurua hildakoena baino
txikiagoa da eta, gainera, bizi-iraupena gero eta handiagoa denez, adinekoen
kopurua hazten ari da. Beraz, immigrazioagatik ez bada, populazioa jaitsi
egingo da.
Populazioari dagokion
gertaera deigarrienetako bat HIESaren hedapena izan da, batez ere Saharatik
hegoalderako Afrikan. Horren ondorioz, Botswuanako, Hegoafrikar Errepublikako
eta Zimbabweko populazioa hurrengo 50 urtetan jaitsi egingo dela iragarri
du Populazioaren Erreferentzia Bulegoak. Orain dela urte batzuk ezin zen
izurritearen eragina aurreikusi eta, izurriteak herrialde horietako populazioari
buruzko kalkulu guztiak aldarazi ditu.
Dena dela, HIESa kontuan
hartuta ere, munduko populazioa gehien bat Afrikari esker haziko da, 2050.
urtean mila milioi gizaki gehiago izango baitira kontinente horretan,
hau da, Europa (Errusia barne) osoko populazioa baino gehiago gehituko
zaio.
Errusian eta Ukrainan
bai jaiotza-tasa bai bizi-iraupena jaitsi egin dira. Bi herrialde horiek
Aro Modernoan gertatu den jaitsiera natural nabarmenena izaten ari dira
(urtean % -0,7ko hazkundea dute).
Gaur egungo herrialde
populatuena Txina da, 1,27 mila milioi biztanle baititu. 2025. urtean
ere herrialde bera izango omen da populazio handiena duena eta 1,43 mila
milioi txinatar izango omen dira. Txinaren ondoren, bigarren herrialde
populatuena India da, 1,03 mila milioirekin, eta 2025. urtean 1,36 mila
milioi izango direla aurreikusi dute. Eta hirugarren herrialde populatuena
Estatu Batuak da, 285 milioi biztanle baititu. 2025. urtean ere hirugarren
tokian egongo omen da, 346 milioirekin.
|