|
Zientziaren adar
tradizionala bada ere, matematika oso zorrotz epaitu izan du kaleko jendeak.
Diru-kontuak
kontrolpean izateko adina ikastea beharrezkoa da, baina hortik aurrerako
guztiari baliorik ematea zaila dirudi. Hainbat profesionalek, ordea, aplikazioa
oso erraz eransten diote formula-sorta bakoitzari. Haiei esker, ohiko
bizimoduarekin zerikusia duen tresneria garatu da. Baina beste esparru
bat ere goraipatu behar da: aisialdirako matematika.
Aisialdirako matematika...
zergatik ez? Ez al dugu antzeko zerbait egiten hitz-gurutzatuak betetzen
saiatzean? Matematikarien erantzuna baiezkoa da. Letrekin ez ezik, zenbakiekin
ere jolas daiteke. Harrigarria da zenbat problema bitxi aztertu diren
matematikaren munduan eta soluzio jakinik gabeko zenbat buruhauste dauden
ere bai.
Palindromoak
 |
| Arte
aisialdirako geometria pil-pilean dago. |
Era bitxian izanda
ere, jolas horiek estetikaren ildotik bideratzen dira. Aljebraren eta
zenbakien munduan estetika askotan simetriaren eskutik dator. Horregatik,
palindromoek matematikarien arreta aspalditik jaso dute. Eta ez bakarrik
haiena.
Umeen joku sinpleetan
ere palindromoak azaltzen zaizkigu. Zer dira? Erantzuten erraza da. Aurretik
atzera nahiz atzetik aurrera berdin irakurtzen diren zenbakiak dira. Adibidez,
3883 zenbakia palindromoa da. Palindromos hitza grekoa da. 'Atzeraka korrika'
esan nahi du. Gauza bera esateko, katalanetik datorren capicua hitza erabiltzen
da gaztelaniaz palindromo adierazteko. Cap-i-cua hitzaren esanahia 'burua
eta buztana' da. Euskaraz, palindromo adierazteko 'buru-buztana' terminoa
ere jasota dago Plazido Mujikaren hiztegian.
 |
| Eskola
pitagorikoaren 'Aritmetika' liburuaren orrialde bat. |
Zifra bakarreko zenbakiak
baztertuta, palindromorik txikiena 11 da. Zenbaki bitxia da. Bi zifrako
beste zenbakia bider 11 egiteko biderik azkarrena zenbakiaren bi zifren
artean bien batura tartekatzea da. Adibidez, 11 x 53 = 583 (8 delako 5
eta 3ren batura). Batura 10 baino handiagoa denean, kontuan hartu behar
da tartekatu beharrekoaren lehen zifra, noski.
Soluziorik gabeko
problemen bildumetan palindromoekin zerikusia duen kontu bat aurki daiteke.
Ia edozein zenbakitik hasita, honelako iterazioa proposatzen da: zenbakiari
atzetik aurrera irakurrita ateratzen dena batu behar zaio. Matematikarien
arabera, kasu gehienetan iterazio gutxi batzuk eginda palindromoa lortzen
da. Adibidez, 58 zenbakitik hasita, 58 + 85 egiten badugu, 143 lortzen
da. Bigarren iterazioan 143 + 341 egingo genuke eta 484 emaitza lortu,
hau da, palindromoa.
89 zenbakiarekin hasita,
24 iterazio behar dira palindromoa lortzeko. Baina arrazoi ezezagun batengatik,
196 zenbakiarekin hasita, ordea, ez da palindromorik lortzen. Hala uste
dute, behintzat. Ez dago erabat frogatuta. Gainera, inork ez daki inoiz
palindromorik ematen ez duen zenbakirik ote dagoen. 1005499526 zenbakitik
hasita, adibidez, 109 iterazio eginda palindromoa lortzen da. Kalkuluak
egin diren neurrian, behintzat, 1900 zenbaki inguru ezagutzen dira. Lehen
seiak 196, 879, 1997, 7059, 10553 eta 10563 dira.
Ordenagailua
martxan
 |
| Zenbakien
munduak batzuetan magia-kutsu nabarmena du. |
Horretan denbora pasatu
duen jendea badago. P. C. Leyland-ek, esate baterako, programa informatiko
bat idatzi zuen 196 zenbakiaren azterketa egiteko. 50.000 iterazio egin
ondoren, 26.000 zifra baino gehiago dituen zenbaki bat lortu zuen. Ez
zuen zenbaki palindromorik topatu.
P. Anderton-ek 70.928
zifrako zenbaki bateraino iritsi zen emaitza berarekin. John Walker-ek
1.000.000 zifra lortu zituen bere ordenagailuak 2.415.836 iterazio egin
ondoren. Tim Irwin-ek bi hilabete behar izan zituen 2 milioi zifrako zenbakia
lortzeko. Azkenik, 2000ko maiatzean István Bozsik hugariarrak 6
milioikoa lortu zuen, artean palindromorik lortu gabe. Egia esan, zenbakia
zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa da zenbaki palindromoa
lortzen. Merezi al du esfortzuak?
Hitzak
eta esaldiak
Zenbakiak ez ezik,
hitzak ere palindromoak izan daitezke. Esate baterako, 'oso' eta 'irri'
hitzak euskeraz aurki ditzakegun errazenetakoak dira. Deklinabideak ere
aukera ematen du hitz palindromoak sortzeko. 'Zen' aditz-formatik, adibidez,
'zenez' palindromoa sortzen da.
Aisialdirako matematikan,
ordea, esaldi palindromoak dira ospetsuak. Normalean, oso esaldi motzak
eta askotan semantikoki oso koherenteak ez direnak izaten dira, baina
esaldi palindromoak dira. Erdarako palindromoen zerrenda luzeak eskura
daude Interneten, bai gaztelaniaz, frantsesez, katalanez, ingelesez, italieraz,
alemanez, nederlanderaz, txekieraz, suomieraz bai eta latinez ere.
 |
| Palindromoak,
ispiluan islatutako zenbakiak. |
Deklinatu beharrak
euskaraz horrelako esaldiak osatzea bereziki zaila egiten du. Hala eta
guztiz ere esaldi palindromoen zerrendak euskaraz ere badaude. Guk erredakzioan
horietako sinple bat osatu dugu: Iker, ireki!
Jakina, esaldien izaera
palindromoa hitzen arteko espazioak kontuan hartu gabe neurtzen da. Denbora-pasa
bitxia izanda, irakurlea bultzatu nahi dugu horrelako esaldiak osatzera
eta gure erredakziora bidaltzera. Inspirazio gisa, irakur itzazu honako
esaldi palindromoak:
- Euskaraz:
Iker, ireki!.
- Gaztelaniaz:
Nuria, sonría y ate la maleta y a irnos a Irún.
- Frantsesez:
Un soleil de Sud lie l'os nu.
- Katalanez:
A soca, a cops es poca cosa.
- Ingelesez:
Able was I ere I saw Elba.
- Italieraz:
E la turba brutale.
- Alemanez:
Ein neger mit gazelle zagtim regen nie.
- Nedelanderaz:
Dood Sire, die eider is dood.
- Txekieraz:
Bude zarastovat saze dub.
- Suomieraz:
No Turo kenelle nekorut on?
- Latinez:
Meritis servi sinummunis ivres sitirem.
7K-n
argitaratua
|