|
Aramaion irastua
ikusten duten unean, Anbotoren beste aldean, Abadiño inguruan,
oineztua ikusten ari dira. Bermeon juzturia esaten diote; Urruñan,
ostera, ihurtzuria. Baina arratiarrak inizituei begira egoten dira eta
ataundarrak, berriz, tximistei so. Eta oinaztarriak, inisistuak, iistoak,
oinazturak, oinazkarrak eta gehiago ere badira. Baina, nolanahi esaten
diotelarik ere, ateratzen dituen argiak eta osteko trumoi, ostots edo
astrapalak berdin ikaratzen ditu Aguraingo umeak zein Lesakako atso-agureak.
Eta, jakina denez, etxeko txoko iluneneko armairuari beldurra galtzeko
modu bakarra atea ireki eta bertako trapu zaharren artean miatzea denez,
gu ere hodeiekin antzera egiten saiatuko gara.
 |
| Zuhaitzak
babesleku txarra dira, tximistak erakartzen dituztelako. |
Ekaitz elektrikoak
dauden egunetan, hodeiek kondentsadore erraldoi gisa jokatzen dutela esan
genezake. Kondentsadoreak bi xafla eroalez osatutako tresnak dira. Xafla
horien artean dielektriko bat dago, hau da, isolatzaile elektriko bat.
Tentsioa aplikatuz gero, karga negatiboak xafla batean metatzen dira eta
positiboak bestean. Hartara, bi xaflen artean eremu elektrikoa sortzen
da eta, bertan, elektrizitatea meta daiteke. Esan bezala, hodeiek ere
antzera jokatzen dute. Aurrerago azalduko ditugun arrazoiengatik, hodeien
goiko aldea positibo bilakatzen da eta behekoa, aldiz, negatibo.
Baina hodeien barnean
gertatzen diren prozesuak hobeto ulertzeko, ekar ditzagun gogora udako
egun sargoriak. Horrelakoetan, aireko hezetasuna nabarmena izaten da eta
lurraren azala bero-bero egoten da. Horregatik, lurretik hurbil dagoen
airea erraz berotu eta hedatu egiten da eta, dentsitatea txikitu egiten
denez, airea gorantz mugitzen da. Gorako bidean, bi fenomeno gertatzen
dira elkarrekin. Alde batetik, airea hoztu egiten da, lurreko berotasunetik
urruntzen ari delako. Beste alde batetik, altitudea handitzearekin batera
atmosferaren presioa txikiagoa denez, airea gehiago hedatzen da, eta horrek
ere airea hozten laguntzen du.
Hozte-prozesu horretako
une batean, airea jada ez da gai horrenbesteko hezetasunari eusteko eta,
beraz, ura kondentsatu egiten da eta lainoa sortzen da. Lurrunaren kondentsazio-prozesu
horretan, beroa askatzen da eta, ondorioz, hodeia oraindik azkarrago igotzen
da eta asko handitzen da. Gainera, hodeia zenbat eta altuago izan, tenperatura
txikiagoa izango da hodeiaren goialdean. 10 eta 20 C ingurura
heltzen denean, hodeiko ur-lurruna sublimatu egiten da eta izotz-kristalak
eratzen dira. Horrela, bada, une horretan, hodeiaren behealdean ur-tantak
eta goialdean izotz-zatiak ditugu.
Baina sortutako ur-tantak
oso txikiak izaten dira eta ez dira berez prezipitatzen. Airean izaten
diren turbulentzien ondorioz, ur-tantek eta izotz-kristalek elkar jotzen
dute. Apurka-apurka, izotz-kristalak handitu egiten dira eta erortzen
hasten dira. Erortzean, kristalen tenperatura igo egiten da. 0 C ingurura
heltzean, kristalak urtu egiten dira eta, orduan bai, orduan euritakoa
atera edota arrapaladan aterpe bila hasteko ordua iritsi da. Dena dela,
baliteke kristalak urtzean sortutako ur-tantak beste turbulentziaren batek
harrapatu eta berriro goiko aldera joatea. Goialde horretan nahiko izotz-kristal
handiak sortuz gero, txingor gisa prezipitatuko dira.
Baina, gertaera horietatik abiatuta, nola sortzen dira tximistak? Nola
gertatzen da hasieran aipatu dugun energia-transferentzia? Egon, fenomeno
hori azaltzen saiatzen diren hainbat teoria daude. Guk, hemen, hedatuen
eta onartuen dagoena azalduko dugu.
Lehen esan dugun bezala,
turbulentzien eraginez, izotz-kristalek eta ur-tantek elkar jo eta bat
egiten dute. Baina hori ez da beti horrela izaten eta badira elkar jo
arren bat egiten ez duten baten batzuk ere. Horren ordez, elektroi batzuk
askatzen dira gorantz doan hezetasunetik. Askatutako elektroiak hodeiaren
beheko aldean metatzen dira eta, beraz, hodeiaren alde hori negatiboki
kargatuta geratzen da. Gorantz doan hezetasunak, berriz, elektroiak galdu
dituenez, karga positiboa dauka. Horregatik, hodeiaren goialdea positiboki
kargatzen da. Goialdean tenperatura baxuagoa denez, hodeiaren goiko aldea
izoztu egiten da, eta positiboki kargatutako izotz-zatiak eratzen dira.
 |
| Txinpartek
erresistentzia gutxieneko eskualdeak zeharkatzen dituzte airean. |
Talkak eta izoztea
etengabe gertatzen dira eta, beraz, hodeiaren behealdean gero eta karga
negatibo gehiago daude eta eremu elektrikoaren intentsitatea gero eta
handiagoa da. Azkenean, hodeien behealdeko karga negatiboa hain da handia,
ezen lurraren azaleko karga negatiboak aldaratu egiten baititu. Ondorioz,
lurraren azala positiboki kargatuta geratzen da. Orain, energia-transferentzia
gerta dadin behar den bakarra lainoaren eta lurraren artean zubi-lana
egingo duen bidea da. Paper hori jokatzen duena hodeiaren inguruko airea
da. Baina, horretarako, airea ionizatu egin behar da. Eta nola gertatzen
da hori?
Lehenengo, negatiboki
kargatuta dagoen hodeiaren alde eroalea lurrera hurbiltzen da eta lurreko
karga positiboak erakartzen ditu. Lurrean, karga positiboak milaka lekutan
daude. Esaterako, pinu-orratzetan edota belar-hosto zorrotzetan. Karga
positibo horiek guztiak eroalearen muturrean elkartzen dira, hau da, lurreko
objektua ere ionizatu egiten da. Azkenean, hodeiaren eta lurraren arteko
potentzial-diferentzia hain da handia, ezen hodeiaren inguruko airea apurtu
egiten baita nolabait, ionizatu. Orduan, korrontea airean zehar hedatzen
da, kargen banaketa neutralizatu ahal izateko. Zelanbait esateko, airearen
apurketa horrek hodeiaren eta lurraren artean zirkuitulaburra egiten du,
bien artean metalezko kable bat egongo balitz legez.
Baina deskarga bortitz
hori gertatu aurretik, askoz energia gutxiagoko hainbat deskarga gertatzen
dira, eta horiek dira tximista nagusiak ibilitako bidea markatzen dutenak.
Fenomenoa, beraz, txinparta txiki batekin hasten da. Txinparta horrek
jauzi ez jarraituak egiten ditu airean, erresistentzia gutxieneko eskualdeen
bila betiere. Puntu batean erresistentzia gutxiko eskualde bi edo gehiagorekin
topo eginez gero, hasierako txinparta adarkatu egiten da, eta bere adarrek
ahalik eta bide errazenetik hedatzen jarraitzen dute. Gehienetan,
txinparta horiek lurrera heldu aurretik, inguruko tontorren batetik (eraikinetatik,
zuhaitzetatik, etab.) beste txinparta batzuk ateratzen dira eta hodeietatik
datozenekin bat egiten dute. Une horretan gertatzen da deskargarik handiena.
Eta, izan, deskarga hori ere segundo-hamarren batez banatutako deskarga-serie
bat da eta deskarga horien kopurua 40 arterainokoa izan daiteke.
Airean, deskargaren
hedatze-abiadura 30.000 eta 160.000 km/s bitartekoa izan daiteke. Gertatzen
denean, airea horrenbeste berotzen da ezen, azkenean, argitasun handia
ematen baitu. Eta, hara!, tximista!, ikusi al duzu? Baina tximista ez
da inoiz isil-isilik etortzen. Airea hain bortizki hedatzen denez, presio-uhin
bat sortzen da, eta uhin horrek trumoia sorrarazten du. Guri, entzuten
dugunean, burrunba egiten duela eta errepikatu egiten dela iruditzen zaigu,
hodeiaren oinarrian hasi eta gero eta hurbilago entzuten dugun zarata
sumatzen dugulako. Gainera, hots hori oztopo natural eta artifizialengatik
gertatzen den oihartzunarekin nahasten da. Baina, lasai, 150 milioi volt
inguruko deskarga elektrikoa baino ez da!
|
Ez
al zaitu tximistak harrapatuko!
Tximista karga
positibo edo negatiboaren transferentzia gertatzen denean ikusten
da. Transferentzia hori hodeiaren alde batetik bestera, hodeien
artekoa edota hodeiaren eta lurraren artekoa izan daiteke. Hala
ere, tximistarik kaltegarrienak hodeien eta lurraren artean gertatzen
direnak izaten dira. Ohikoenak karga negatiboa dutenak dira, % 90
inguru hain zuzen.
Karga positiboko
tximistak, aldiz, oso gutxitan gertatzen dira eta, batez ere, ekaitzaren
amaiera aldera sortzen dira. Hala ere, karga negatibokoak baino
arriskutsuagoak dira. Izan ere, sortzen diren aire-lasterrak bikoitzak
dira eta, horregatik, denbora gehiago irauten dute. Hartara, erredurak
eragiten dituzte eta tximistak jotako objektuen tenperatura asko
igotzen da.
Oro har, airea
ionizatu eta tximista gertatzeko behar den tentsioa metroko 300.000
volt ingurukoa da. Hau da, hodeia lurretik 500 metrora badago, tximista
gertatzeko potentzial-diferentziak 150 milioi volt ingurukoa izan
behar du. Bestalde, korronte labur horren intentsitatea 10.000 eta
500.000 anpere bitartekoa izan daiteke.
 |
| Hodeietatik
datozen txinpartek inguruko eraikin, zuhaitz eta abarretatik
ateratzen diren txinpartekin bat egiten dute. |
Tximistaren
argia, adi egonez gero, sortu eta berehala ikusten dugu, 300.000
km/s inguruko abiadurarekin hedatzen delako. Trumoiaren hedapen-abiadura,
ordea, nahiko txikia da, 340 m/s ingurukoa. Tximista ikusi dugunetik
trumoia entzun dugunera igarotako denbora neurtuz gero, tximista
erori den lekura dagoen gutxi gorabeherako distantzia kalkula dezakegu.
Horretarako,
igarotako segundoak 340 aldiz biderkatzea besterik ez dugu egin
behar. Baina, kontuz!, ez zaitzala euri-zaparradak kalkuluak egiten
harrapa! Badaezpada ere, jakin ezazu deskarga elektrikoa gertatu
ondoren mela-mela eginda utziko zaituzten euri-tantak 6-7 m/s abiadurarekin
eroriko direla.
Gainera, ahal
dela, egokiena etxean edo auto barruan sartu eta tximisten edertasuna
kristalez bestaldetik behatzea da. Nolanahi ere, ez saiatu zuhaizpean
babesten, zuhaitzek tximistak erakartzen baitituzte. Garrantzitsuena
lurrarekin kontaktua ahalik eta txikiena izatea eta gorputza ahalik
eta beheren izatea da; hartara, tximistaren batek zugandik hurbil
jotzen badu, korronte elektrikoari kosta egingo zaio zure gorputzetik
zehar igarotzea.
|
Gara-ko
Natura gehigarrian argitaratua
|