 |
Jean-Pierre-Armand
David Halsouet Ezpeletan jaio zen, Lapurdin, 1826ko irailaren zazpian,
Bergara etxean. Aita, Fructueux-Dominique-Génie David,
bertako medikua zen, eta auzapeza ere sasoi batean. Berorrek sortu
zion naturzaletasuna eta, izan ere, hainbat eta hainbat kontu irakatsi
zizkion. Ama, Rosalie Halsouet, Baionakoa zen, eta familia onekoa,
antza.
Armand
David 1850. urtean apaiztu egin zen Parisen (24 urte) lazarista
modura. Italiako Savonan egon zen irakasle 1861 arte, eta 1862an
ailegatu zen Pekinera (36 urte), misionista gisa. Dena dela, Txinara
Pariseko Natur Historiako Museoko irakasle askoren enkarguekin iritsi
zen, bertako fauna eta florako aleak bildu eta Frantziara bidal
zitzan.
Hasiera
batean hizkuntza eta bertako ekanduak ikasten aritu zen, batez ere
Pekinen eta inguruetan joan-etorri txikiak eginez. Ibilaldi horietan
bilduma zoologiko eta botaniko oso interesgarriak osotu zituen,
eta Parisera bidali. Museoko adituak txundituta geratu ziren: batetik
Txina ezezaguna zen garai horretan, eta beraz, jasotako guztia ezinago
interesgarria begitandu zitzaien. Baina, bestetik, Armand Davidengan
biltzaile adoretsu, trebe eta jantzia ikusi zuten. Sekulako pagotxa,
beraz.
Urte
horietako aurkikunderik garrantzitsuena esamesa bati zor dio Armand
Davidek. Pekinen oso zabalduta zegoen txineraz sseu-pou-siang
zeritzonaren ospea, baina animalia hori inork ez zuen ezagutzen,
enperadorearen parkean bizi baitzen soil-soilik, eta bertara sartzea
heriotza-zigorraz punituta zegoen. Nolanahi, parkeko soldadu tartariarrak
diruz polito koipatu zituen, eta sseu-pou-siang misteriotsu
horren aldra ikusi zuen parke barruan, ehunen bat ale. Orein-espezie
ezezagun batekoak zirela konturatu zen, eta parke inperialetik kanpo
ez ziren beste inon bizi.
Diru
gehiagoz orein biren eskeletoak eta larruak eskuratu zituen. Parisera
bidalita, hango Alphonse Milne-Edwards-ek oso espezie interesgarritzat
jo zuen: Elaphurus davidianus izen taxonomikoa ezarri zion.
Harrezkero, Pekineko enbaxadak hainbat ahalegin egin zituen aita
Daviden oreinaren banako biziak lortzeko, eta izan ere, gorabehera
batzuren ostean, bikote ugaltzaile bat erdietsi zuen. Eta, geroago,
baita Britainia Handiak eta Alemaniak ere, den-denek Armand Daviden
laguntzari esker. Horrela, bikote gutxi batzuk Europako zooetara
iritsi ziren, eta bai bertan nahikoa erraz ugaldu ere. Areago, bertoko
oreinarekin ere hibridatu zuten aita Daviden oreina. Alabaina, ardura
faltaz edo, konturatu orduko Europako aita Daviden orein guztiak
hil egin ziren.
Dena
dela, aita Daviden oreinaren etorkizunari buruzko benetako kezka
ez zen etorri harik-eta Pekineko parke inperialeko orein-aldra suntsitu
zen arte. Izan ere, 1900. urtean, Armand Daviden heriotzaren urte
berean, boxerren matxinada gertatu zen, eta, 55 days at Pekin
filmean ikusi genuenez, nazioarteko indar "bakegilea" (zelanbait
esateko) bidali zuten mendebaldeko potentziek, Charlton Heston-en
agindupean. Filmeak filme, zorioneko indar bakegileak jan
egin zituen parke inperialeko aita Daviden orein guzti-guztiak,
eta beraz, espezie zientziarako aurkitu berria, beste askoren
patu triste berberagaz suntsitu berria bilakatu zen, mende-laurden
batean.
Filmea
ikusi eta gogoratzen duzuenok nahikoa erraz bisualizatuko duzue
Armand Davidek Txinan aurkitu zuen kontrako giroa, etsai eta xenofobikoa.
Kasurako, ezin dugu ahaztu, urte batzuk lehenago Europako potentzia
kolonialek Txina "opioaren gerlan" garaitu zutenik, etab., etab.
Kanpotarrekiko gorroto horrek sustrai luzeak zeuzkan, eta, besteak
beste, kanpotarrek eurek ereindakoa zen. Ikusi Eusebio Bengoa Akordagoitia
misionista bizkaitarrak zelan kontatu zigun 1913an: ...oin irurogei
urte inguru, ingelesak eta prantzesak sartu jakeesan emen gure
nai gureez, tirotiroka. Elaphurus davidianus, esan
dugunez, suntsitu egin zen bai Europako zooetan eta bai Pekineko
parke inperialean ere. Nolanahi, hori gertatu aurretik, zorionez
Bedford Dukeak dozena luze bat ale batu eta askatu zituen bere soroetan,
eta bertan, nahikoa ondo ugaldu ziren, oztopoak oztopo. Egun, espeziea
osasuntsu dabilela dirudi, eta Txinan berriro sarrarazi da Xangai
inguruetan.
Esan
bezala, Parisera bidali zuen material biologikoaren kalitate apartak
liluratuta utzi zituen Natur Historiako Museoko adituak, eta berorien
eraginez Armand David liberatu egin zuten hortik aurrera Txinan
barrena laginak eta datuak batzeko. Lazaristen fraideburuari aita
David lan ebanjelikoetatik askatzea eskatu zioten, lan naturalistikoetan
buru-belarri murgil zedin. Eta halaxe, 1866tik aurrera, Armand David
bidazti bilakatu zen Zeruko Inperioan barrena, Pariseko Natur Historiako
Museoaren kontura. Hiru espedizio nagusi egin zituen, Pekinetik
abiatuta: bata Mongoliarantz, bigarrena Tibeterantz, eta azkena
Txina zeharkatuz, iparretik hegorantz.
Kilometrotan
ez ezik, era askotara neur daiteke ibilaldi horien ahalegina. Manex
Hiriart-Urrutiren hitzetan esateko: Nork daki, hiru aldi hoitan
zenbat neke, izerdi, gose eta egarri, zenbat barneko goihendura
jasan duken han, jendaki arrotz eta askotan etsai heien artean?
Bidelapurrak, matxinoak eta horrelakoak aparte utzita ere, edota
erreumatismoa, tifusa, disenteria eta malariaz gaixotu zen aldiez
gain, adi!, hiru biderrez pozoitu ei zioten tea: horrelaxe dinosku
Armand Davidek berak idatzitako bidaia-egunkarietan. Izan ere, azken
bidaiaren atzeneko partean hain larriki gaixotu zen, oleazio santua
eman behar izan baitzioten, hilzorian. Denetarik pairatu zuen, beraz.
Inolako
zalantza barik, Tibeteranzko bidaia da ospe gehien eskuratu ziona,
berorretan egin zituen-eta aurkikunderik aipagarrienak, panda famatua,
besteak beste. Nolanahi, Armand David ez zen Tibeteraino iritsi:
Moupin printzerriraino ailegatu zen, eta izatez, printzerri hori
lur promestua izan zen Armand Davidentzat, han aurkitu baitzituen
animalia eta landarerik interesgarrienak. Bederatzi hilabete igaro
zituen bertan (1869ko martxotik azaro arte), eta eurotariko batzuk
nahikoa kili-kolo ibili zen osasunez.
Moupinera
ailegatu aurretik, jadanik Sichuan probintziako hiriburuan, Chengdu-n
alegia, hartz zuri bat aurkituko zuela esan zioten, besteak beste,
bertako gotzainak. Dena dela, Armand David ez zen guztiz komentzituta
gelditu, eta delako hartz zuria, benetakoa izatekotan, Ursus
thibetanus Himalaiako hartz beltzaren barietate albinoren bat
izango zela pentsatu zuen. Alabaina, handik laburrera, Moupineko
etxagun baten ezkaratzeko horman eskegita ikusi zuen aldez aurretik
aipatu zioten hartz zuri (eta bai beltz) haren larrua.
Hori
dela-eta, ale bat eskuratzeko gura bizia sartu zitzaion, eta izan
ere, horixe agindu zien bere ehiztariei: hartz zuri-beltza nahi
zuen ahalik eta lasterren! Armand Daviden bidaia-egunkariak dinoskunez,
1869ko martxoaren 23an itzuli ziren ehiztariak, hamar egunez aldendu
eta gero, eta besteak beste "hartz zuri" gazte bat ekarri zioten.
Harrapatu, bizirik harrapatu zuten pataria, baina, tamalez, hil
egin zuten errazago garraiatzearren. Oso-oso karu saldu zioten delako
hartz zuria.
Izatez
zuria zen ia osorik, salbu-eta lau soin-adarrak, belarriak eta begi-inguruak,
beltzak zirenak. Armand Davidek espezie berritzat jo zuen ikusi
eta atoan, eta areago, urtsidoen taldekotzat jo zuen, hau da, hartzen
kidetzat.
Geroago,
apirilaren batean beste panda handi heldu bat saldu zioten ehiztariek,
eta apirilaren 15ean beste bat. Gainera, Ursus thibetanus
hartz beltza baino errazago harrapa zitekeela esan zioten, eta bai
askoz urriagoa zela ere, eta harrigarriena begitandu zitzaiona:
berak animalia zarrastaria zela uste bazuen ere, banbu-hostoez elikatzen
zen, kontatu ziotenaren arabera. Dagoenekoz aipatu dugunez, Armand
David atoan jabetu zen egindako aurkikundearen garrantziaz, eta
luzaro barik espezie berriaren behin-behineko deskribapena bidali
zuen Parisera, albait arinen argitaratzeko. Horrela izanik, berea
izan zen panda handiaren lehen aurkezpen zientifikoa, eta hori dela-eta,
aita David da espeziearen deskribatzailea, naturan aurkitu zuen
lehen mendebaldetarra izateaz gain. Espezie aurkitu berriari Ursus
melanoleucus izen binomiala ezarri zion, hartz zuri-beltza zelakoan;
gaur egun Ailuropoda melanoleuca erabiltzen da.
Munduko
animalien artean panda handia da bakanenetarikoa: mila panda baino
gutxiago daude denetara, eta, dirudienez, iraganeko animalia bilakatuko
da etorkizun hurbilean. Baina, animaliarik urrienetarikoa izatez
gainera, ospetsuenetarikoa ere bada. Horretarako arrazoi nagusiak,
beharbada, bi dira, alegia, bere itxura onkote zuri-beltza eta duen
etorkizun beltz-beltza. Peluxezko hartz koitadu eta laztanbera dirudiena,
animalia karismatikoa da gaur egun: World Wildlife Fund erakunde
kontserbazionistak ikur modura hautatu zuen, eta nahikoa famatu
bihurtu da. Bestalde, Britainia Handiko jostailu-denden kate batek
30.000 pandatik gora saltzen ditu urtean; jostailuzko panden salmenta
osoa 1.640.000 $-etakoa da munduan.
Badirudi
pandak gaineratiko guztia eklipsatuko duela Armand Daviden bizitzan,
baina ez da horrela. Esate baterako, panda handia aurkitu zuen egun
berean ehiztari berberek Pteromys alborufus katagorri hegalaria
eroan zioten, besteak beste. Aipatu dugunez, Moupin lur promestua
izan zen Armand Davidentzat. Macacus thibetanus tximinoa
ere Moupinen topatu zuen. Bidaia-egunkarian dinoskunez, zirraragarria
gertatu zitzaion, agure-itxurako tximino hori odolusten eta azken
hatsa ematen hurbil-hurbiletik ikustea, elur zurian tiro batez botata.
1869ko
maiatzaren 4an ehiztariek sei tximino ekarri zizkioten, espezie
ordurarte ezezagun batekoak zirenak. Tximino horiek, urre-tximino
sudurmotzak, 3.000 m-ko mendietako zuhaiztietan bizi ziren, artean
elurrez zuritutako lekuetan.
Pariseko
Museoan Alphonse Milne-Edwards-ek harrituta begiratu zuen animalia:
aurpegia berde-urdinxka edota turkesa-kolorekoa zeukan, eta sudurra
motz-motza; buru-aldea laranja-kolore bizikoa. Bizkarra zetazko
ilaje urrekaraz estalia. Elurretako tximino horren koloreak ikustean,
Milne-Edwards-ek XVI. mendeko koadro bat gogoratu zuen, kortesana
ospetsu bat irudikatuta zeukana. Delako kortesana hark, hots, Roxellana
gazte errusiarrak, adats gorri eta orkatiletarainokoa zeukan, eta
sudurra motz eta erakargarria. Roxellana bahitu egin zuten pirata
turkoek Europako ekialdeko Galitzian, eta geroago saldu, esklabo
modura Suleiman Handia sultanaren harenerako. Roxellanaren begitartea
harro eta bizia ei zen, kolore urdin argiko begi handiduna, eta
aho txiki eta ezpain gurikoa. Milne-Edwards-i urre-tximinoaren eta
sultanaren begikoaren sudur motzak antz-antzekoak begitandu zitzaizkion,
eta kilikagarria iritzi zion antz horri. Eta horrela, zientziarako
Rhinopithecus roxellana izendatu zuen.
Urre-tximinoaren
beste kontu batzuk bazterrera utzita, nahikoa deigarria den datu
bat ekarriko dugu hona. Eta zein da, ba, datu hori? Ba, inoiz Rhinopithecus
roxellana urre-tximinoa yetiaren mitoaren azalpen modura erabili
izan dela. Izan ere, yetiaren mitoarentzat azalpen arrazionalen
bat aurkitu guran, izandako begi-ukaldiak eta elurretan topatutako
oinatzak tximino-espezieren batenak izan zitezkeela plazaratu zen
1937an, eta ideia horrek eztabaida zientifiko luzea sortarazi zuen.
Hari horretan, British Museum-eko Guy Dollman-ek Himalaia inguruan
tximino-espezie bi daudela ohartarazi zuen, eta biak oinatz-egile
posibleak izan zitezkeenak, bata Semnopithecus entellus langure
sakratua, eta bestea aita Daviden Rhinopithecus roxellana
urre-tximinoa.
Sinesgogortasun
osoz izan arren, eta zeharka izanda ere, Armand Davidek yetiaren
aipamena-edo egin zuen bere egunkarian, txinatarren izakera zientziaz-apartekoa
erakusteko. Zera dinosku: Denek esango dizute orangutana hemen
bizi dela, mendietan; jen-sioung, giza hartza, deitzen dute.
Esan gabe doa, jen-sioung gizon bilotsu hori yetia bide da,
eta ez orangutana.
Orain
arteko joan-etorrikoaz 1870. urtera iritsi gara. Moupinetik itzultzean,
osasunez oso eskas dagoela-eta, eta Tientsin-eko misio lazarista
erabat masakratuta aurkitzearen ondorioz, Armand Davidek Europara
itzuli behar du sendatzera. Eta hori hain justu, gerla frankoprusiarraren
egunetan. Hori dela-eta, Italian gelditu zen, aspaldiko ikasle baten
etxean, hots, Giacomo Doria markesarenean. Eta bertan, Charles Darwin-en
Espezieen jatorriaz irakurri zuen,1859ko liburua.
1872an
berriro Txinan dago hirugarren esplorazio-bidaiari ekiteko prest.
Txinan barrena zebilela liluratuta gelditu zen hango faisaiekin.
Egiatan ikusgarriak begitandu zitzaizkion hasieratik bertatik. Hirugarren
bidaiaren egunkarian dinoskunez, ia 40 espezie dira denetara, batez
ere Tibet inguruan banatuta; endemikoak dira, hau da, soilik han
bizi dira eta beste inon ez.
Gertaera
horretan oinarrituta, Armand Davidek dinoskunez, elkarren ondoko,
aldameneko, espezie horiek, banan bana kreatu eta bertan kokatuak
izan direla pentsa daiteke. Alabaina, honela segitzen du, ez litzateke
arrazionalagoa izango pentsatzea, behin-eta Jaungoikoak oinarrizko
faisaia lur gainean kokatu eta gero, oinarrizko faisai horrek hainbat
eraldaketa jasan dituela, eta, ondorioz, arrazatan eta barietatetan
bereiztu dela, hau da, espezie berriak eta genero berriak sortu
direla, eta jatorrizko gunearen inguruan banatu direla?
Parraplada
luzea daroat honezkero, eta ez dakit noraino nekatu zaitudan, baina,
konturatu al zara arestian aipatu dudanaren transzendentziaz? Armand
David, 1875ean argitaratutako liburuan eboluzionista gisa agertzen
da, eboluzionismo indargetu batez nahi badugu, baina, Darwin-en
ildoan edonola ere. Harrigarria deritzot horri arrazoi birengatik.
Batetik, ez dezagun ahaztu, Armand David XIX. mendeko abadea da.
Bigarrenik, arrazoi historiko korapilotsuak direla-eta, zientzialari
frantsesek berandu samar onetsi zuten eboluzionismoa. Armand David
aitzindaria izan zen.
Hauxe
da, nolabait, Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun
handienetarik bat, Armand David, pandaren aita, 1900. urteko
azaroaren 10ean Parisen hil zen naturalista ezpeletar handia.
|