|
Azkenaldian buru-belarri
aritu gara arrain urdinaren berezitasunak goraipatzen, arrain zuriaren
propietateei jaramonik egin gabe, bat bera ez balu bezala. Bazterretik
atera eta ondorengo lerroetara ekarriko ditugu arrain zuriak elikaduran
dituen onurak.
Gainerako arrain guztiak
bezala, haragi zuriko arrainek proteina baliotsuak eskaintzen dizkigute,
baina garrantzizko ezberdintasun batekin: proteina-kopuru berean askoz
ere koipe gutxiago dute, % 5etik behera hain zuzen ere.
Mota guztietako arrainetan
dauden proteinak digeritzen errazak izaten dira, kolageno-motako proteina
gutxi dutelako. Horregatik samurrak suertatzen dira jateko, eta ezin egokiagoak
adinean aurrera doazenentzat edo hortzerian arazoak dituztenentzat. Arraina
digeritzea haragia digeritzea baino errazagoa da, bi arrazoigatik: koipe
gutxi duelako eta kolageno gabeko proteinak dituelako. Arrain zuriak ez
du asetasun-sentsaziorik eragiten eta tripa-zorrien zaratak lehenago hasten
dira; horregatik arrain zuria primerakoa da afaltzeko.
Aipatu bezala, arrain
zuriak proteina ugari du, koipe gutxi, eta karbohidratorik ez. Bitaminei
dagokienez, B taldeko B6 bitamina-mota eta E bitamina eskaintzen dizkigute.
Mineraletan, itsas produktu guztiak bezala iodoan ditugu aberatsak, selenioarekin
batera. Bitxia ere bada arrain zuria, bere proteinek xurgatzen zaila den
burdin-mota xurgatzen laguntzen dutelako.
Arrain zuriak zeintzuk
diren? Ezagunetarikoak: zapoa, lengoradoa, bakailaoa, oilarra, legatza,
amuarraina, faneka, meroa, erreboiloa eta barbarina. Eta amaitzeko aholku
xume batzuk, arraindegira joaten zaretenean erosten ari zareten arrain
hori benetan freskoa dela jakin dezazuen:
- Begiak: argi,
distiratsu eta garden, norberari begira egongo balira bezala.
- Larruazala: distira
irisatua.
- Usaia: arina.
- Gorputza: gogorra
eta sendoa.
- Zakatzak: hezeak
eta gorri distiratsuak.
Arrain urdinaren antzera,
hau ere, astean bitan hartzea gomendatzen da eta lehen aipatu dugun bezala,
gauean hobe.
|