|
Joan den azaroaren
20an Proton-K jaurtigailu errusiarrak Zaria ("egunsentia" errusieraz)
kontrol-modulua (FGB) espazioratu zuen; abenduaren 4an Endeavour transbordadore
estatubatuarrak Unity izeneko atala, moduluen arteko lotunea izango dena,
eraman zuen Zaria-ren ondora. Abenduaren 7an elkartu zituzten bi zati
horiek dira Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS ingelesezko siglaz ere ezaguna)
izango denaren lehen oinarriak.
 |
| (NASA). |
Nazioarteko Espazio
Estazioa inoiz elkarlanean prestatu izan den programa zientifikorik handiena
da. Hamasei estatuk (EEBB, Kanada, Japonia, Errusia, Italia, Danimarka,
Norvegia, Belgika, Herbehereak, Frantzia, Espainia, Alemania, Suedia,
Suitza, Erresuma Batua eta Brasil) parte hartzen dute eta xedea 2004-2005
urterako, lurretik 335-460 kilometrora, 108 m luze, 74 m zabal eta 460
tona izango dituen espazio-estazioa prest izatea da. Bertan, une berean,
6-7 pertsona bizi ahal izango dira presurizatutako 1.300 m3-etan, 6 laborategiak
barne. 28.000 km/h-ko abiaduran 90 minutuz behin Lurraren inguruan itzulia
osatuko duen estazioa zientzia eta ikerketarako zentro garrantzitsua izango
da. Ehun bat mila pertsonak parte hartuko dute estazioa eraikitzeko lanetan,
dela espazio-agentzietan, dela laborategietan, dela kontratatutako enpresetan.
Sorrera
Historian atzera joaz,
estazioa 1984an Ronald Reagan Estatu Batuetako (EEBB) presidenteak bertan
bizitzeko modukoa izango litzatekeen espazio-estazio bat eraikitzeari
bultzada ofiziala eman zionean jaio zela esan daiteke. Orduan, Askatasuna
Espazio Estazioa (Space Station Freedom) izenez bataiatu zuten. 1988.eko
irailean Europako Espazio Agentziak (ESA) eta Kanadako Espazio Agentziak
(CSA) batetik eta, 1989ko martxoan Japoniako gobernuak bestetik, proiektuarekin
bat egin zuten EEBBek luzatutako gonbidapenari erantzunez.
 |
| (NASA). |
Ondoren, aurrekontu-arrazoiak
zirela medio, egitasmoa berraztertu eta azken helburuak murriztu egin
zituzten, horretarako aurkeztutako hiru aukeren artean Alfa izenekoa onetsiz.
Aurrerantzean Alfa Nazioarteko Espazio Estazioa zeritzon proiektuak aurrekoaren
egitura eta sistemen % 75 inguru mantendu zituen, nazioarteko partaidetzari
ere eutsi zion eta diseinua aurrekontu-murrizketei egokitu zitzaion.Bestalde,
1992ko urrian Errusiako Errepublika ere proiektuan sartu zen; harrezkero,
izena aldatu eta Nazioarteko Espazio Estazioa izena eman zioten. Proiektuak,
denera, gutxienez 40.000 milioi dolarreko (5,8 bilioi pezeta/232.000 libera)
aurrekontua du, baina, batzuek diotenez, benetakoa askoz handiagoa izango
da.
Nazioartekoa
Hasierako proiektuari
aldaketa horiek guztiak egitea eta, batez ere nazioarteko partaidetza,
oso garrantzitsuak izan dira, estatu bakoitzak proiektuan bere zeregina
izango duen neurrian. Estatu Batuek dute ardura eta pisu nagusia, baina
gainerako kideek lan garrantzitsuak egingo dituzte. ESAk Columbus izeneko
laborategi presurizatua (COF) eta espazio-estaziora hornigaiak bidaltzeko
gidaririk behar ez duen ibilgailu automatiko bat, Transferentziako Ibilgailu
Automatikoa izenekoa (ATV), egingo ditu; ibilgailu hori Ariane 5 jaurtigailuan
bidaliko da espaziora; ESAk guztira 2.705 milioi euro bideratuko ditu
proiektu horietara.
Kanadak urrutiko
kontrol bidezko beso mekanikoa eraikiko du, estazioa osatzeko gehitu beharreko
atalak txertatzeko erabiliko dena; 720 milioi dolarreko proiektua da.
Japoniakesperimentu zientifikoetarako erabiliko diren sei modulu presurizatuetariko
bat egingo du. Azkenik, Errusiak parte hartze handia izango du. Espazioan
iraupen luzeko egonaldietan duen esperientzia eta bere estazioetan erabilitako
teknologia eskainiko ditu. Bere jaurtigailuak erabiliko dira estazioaren
atalak espazioratzeko eta, bere laborategiaz gainera, zerbitzu-modulua
ere eraikiko du.
Proiektuaren
urratsak
 |
| (NASA). |
Proiektua erabat diseinatu
eta aurrera eramatea erabaki zenean, hiru fase bereizi ziren. Lehen fasea
1994ko otsailean hasi zen eta 1988ko ekaina arte iraun du: estatubatuar
astronautek Mir espazio-estazioan egonaldiak egin zituzten, errusiar astronautek
EEBBetako transbordadorean bidaiatu zuten eta, behin eta berriz, estatubatuarren
transbordadorearen eta Mir-en arteko akoplatzea burutu zuten esperientzia
lortzeko eta Nazioarteko Espazio Estazioaren atalen arteko elkartzeetan
arriskuak gutxitzearren.
Bigarren fasean estazioa
eraikitzeari ekin zaio 1998ko azaroan eta abenduan bidalitako bi atalekin.
Fase honetan egitura nagusia izango dena prestatu eta orbita egokian jarri
da.Aurtengo uztailean errusiarrek eraikitako Zerbitzu-modulua bidaliko
da, estazioan bizi ahal izateko behar diren egongela, logela, komuna,
sukaldea eta bestelako zerbitzuak dituena, eta 2000. urteko urtarrilean
iritsiko da estaziora lehen tripulazioa.Azken fasean, eraikina gizakiak
etengabe bizi ahal izateko behar den azpiegituraz hornituko dute eta gainerako
tresneria eta laborategiak erantsiko dira.Modu horretan, 2004 urtean,
gutxienez hamar urtez erabili ahal izateko prestatuta geratuko da estazioa
eta batera 7 pertsona bizi ahal izango dira bertan. Hau guztia burutu
ahal izateko Lurretik espaziorako 45 bidaia egin eta 91 irtenalditan banandutako
550 ordutik gora beharko dituzte astronautek espazio-ontzitik kanpora
lanean.
Helburuak
Proiektu honen helburu
orokorrak hainbat dira:
- Ia grabitaterik
gabeko ingurunean (Lurrean baino 10.000 bider gutxiago) material berrien
inguruan eta biologiako hainbat arlotan ikerketak egiteko laborategiak
eskaintzea.
- Medikuntza-arloko
ikerketak egitea espazioan.
- Material eta prozesu
berriak garatzea industriarekin elkarlanean.
- Lurrean epe laburrean
eragina izango duten eta lanpostu eta aukera ekonomiko berriak eskainiko
dituzten teknologia- eta injinerutza-aurrerapenak azkarragotzea.
- Munduko estatuen
arteko lankidetza areagotzea.
Helburu orokor horiez
gainera, garbi dago ISSaren sustatzaile eta ordaintzaile nagusiek,
Estatu Batuek, programa horren bidez, "Lurrean bezala zeruan ere"
beren lidergoari eustea dutela helburu, bai eta beren industri sektore
esportatzaile nagusia den teknologia aeroespazialari laguntzea eta hobetzea
ere.
Horrez gain, epe ertain
eta luzeko helburu ekonomikoa ere badela esan daiteke. Espazioko programetan
inbertitutako dolar bakoitzak bi dolarreko etekina sortzen omen du, zuzenean
edo zeharka.
Lan-programak
Aurreko helburu orokor
horien baitan, NASAk hainbat programa eta egitasmo zehaztu ditu ISSan
egiteko. Batetik, biologiaren inguruko egitasmoa prestatu dute, Giza Ikerketarako
eta Espazioaren Garapenerako (HEDS) Egitasmoa izenekoa. Honen xede nagusiak:
1) ingurune espaziala erabiliz, prozesu naturalez dugun ezagutza gehitzea;
2) eguzki-sistema ikertzea eta 3) espaziorako bidaiak ohikoak izatea lortzea
dira. Egitasmoa burutzeko, bestalde, bi programa jarriko dituzte martxan.
Lehena, Biomedikuntza-ikerketarako eta -sendabideetarako Programa deritzona,
giza ikerketara bideratuko da.
 |
| (NASA). |
Batetik, espaziorako
hegaldietan gizakiengan aldaketa biologikoen eragileak diren erantzun
fisiologikoen eta portaerazkoen arteko loturak ezagutu nahi dira; bestetik,
gizakia espazioan urtebetetik gora bizitzen eta lanean eduki nahi da,
baina Lurrera itzultzean berregokitzea gogorra izan ez dadin lortuz eta
tripulazioen ongizate eta segurtasuna emendatzeko babes-neurriak garatu
nahi dira. Bigarrenari Grabitatepeko Biologia eta Ekologiarako Programa
deritzo eta grabitate-maila desberdinak erabili nahi ditu biologia-zientzien
oinarrizko ezagutzan sakontzeko. Horretarako, grabitateak eboluzioan,
garapenean, morfologian eta hainbat funtziotan izan duen eragina ikertuko
dute.
Bestetik, Lur Planetara
Zuzendutako Eginkizunak deritzon programaren bidez, Lurreko atmosferaren
kalitatea, ura, klima-aldaketa, landaredia eta lurraren erabilera, baliabide
mineral eta elikadurazkoak eta ur gezaren eta itsasoen osasunaren egoera
aztertu nahi dira, honek guztiak biziaren kalitatean izan dezakeen eragina
nabarmena baita.
Hirugarrenez, Espazioko
Zientzietarako Programak unibertsoko misterioak argitzea, eguzki-sistema
aztertzea, beste izarren inguruan planetak aurkitzea eta Lurretik kanpora
bizia aurkitzea ditu helburu. Hori lortze aldera lau ardatz nagusiren
inguruan lan egingo dute: 1) unibertsoaren egitura eta eboluzioa; 2) eguzki-sistemaren
azterketa; 3) Eguzkia/ /Lurra lotura; eta 4) planeta-sistemaren eta honen
jatorriari buruzko astronomia-ikerketa.
Laugarren ikerketa-multzoa
mikrograbitateari lotutakoa da. Estazioak jasango duen grabitate-indarra
Lurrean dugunaren milioirena izango da eta, beraz, Lurrean grabitateak
eragozten dituen saiakerak egin ahal izango dira, besteak beste, bioteknologiaz,
errekuntzaz, fluidoen fisikaz, oinarrizko fisikaz eta materialen zientziaz.
Bioteknologian, proteina-kristalen hazkuntza, proteinen egitura eta funtzioak
ulertzeko ezinbestekoa dena, batetik, eta, bestetik, zelula eta ehunen
hazkuntza, txerto eta ebakuntzetan erabili ahal izateko dituztenak, ikertuko
dituzte nagusiki. Errekuntzari dagokionez, argi dago egungo gizartean
duen garrantzia, baina hala ere, errekuntzaz dugu informazioa mugatua
da oso. Espazioan egin asmo dituzten esperimentuek hutsune hori bete nahi
dute.
 |
| Espazio-estazioa
orain dagoen bezala, hau da, bi atalekin. (NASA). |
Fluidoen fisikaren
inguruan egingo dituzten ikerketak, batez ere, eraikinen segurtasunean,
energia transformatzeko instalazioetan eta materialek Ilargian izango
duten portaera aurresateko ere erabili ahal izango dituzte. Oinarrizko
fisikaren arloan, Lurrean frogatu ez daitezkeen teoriekin lan egingo dute.
Azkenik, materialen zientzien esparruan, materialen egitura (atomo- edota
molekula-mailan), propietateak (termiko, magnetiko, kimiko, etab.) eta
sorrera (sorreran nola jokatzen duten) aztertuko dituzte emaitzak Lurrean
aplikatu ahal izateko.
Bosgarrena, Injinerutzako
Ikerketak eta Teknologia (ERT) egitasmoa deritzona, teknologia garatu
eta saiatzera bideratua dago, ondoren, ibilgailuen sistemak eta garraio-ahalmenak
hobetu, mantenimentu- eta konponketa-kostuak murriztu eta espazioan erregaiak
eta tripulazioa murriztu ahal izateko erabiliko dena. Beraz, espazioan
zein Lurrean erabiliko den teknologia garatuko litzateke.
Azkenik, NASAren Office
of Life and Microgravity Sciences and Applications (OLMSA) programak Comertial
Space Centers (CSC´s) deritzona antolatu zuen industria pribatuak
espazioan iker dezan sustatzeko asmoz. Orain arte parte hartu duten enpresa
eta bestelako elkarteek arlo guztietako ikerketak egin dituzte (biologia,
bioteknologia, errekuntza, elektronika, komunikazioak, materialak, nekazaritza,
robotika, medikuntza, elikagaiak...) eta orain ISSan parte hartzeko prestatzen
ari da.
Erabiltzeko
eskubidea eta aukera
 |
| Astronauten
bizitetxea: 1. solairuan egongela eta sukaldea; 2.ean logelak; 3.ean
komunak eta ariketa fisikorako gela (NASA). |
Programa hauek guztiak
NASAk berak sortutakoak dira eta, beraz, EEBBko ikerketa-moduluetan egingo
dira nagusiki. Dena den, Nazioarteko Espazio Estazioan Europak (ESAren
bidez) eta Japoniak ere izango dituzte euren ikerketa-moduluak eta guztien
artean erabiltzeko banaketa adostuta dute. EEBBek euren laborategien %
97 eta europarren COF laborategiaren eta japoniarren JEM laborategiaren
% 46 erabili ahal izango dute. Kanadarrek, ordea, ikerketarako azpiegitura
guztiaren % 2,3 erabili ahal izango dute kanpo-robota eraikitzearen truke
eta errusiarrak euren kasa ibiliko dira. ESAren COF moduluan, besteak
beste, zelulen hazkuntza, landareen ekoizpena eta erradiazioek giza ehunetan
duten eragina ikertuko dituzte. Eguzkia, hondo kosmikoa, Lurreko sute
eta sumendien jarduera eta hainbat materialek espazio irekian duten portaera
ere aztertuko dituzte.
Enpresa pribatuek
ere ikerketak egiteko aukera izango dute, zehazki europarren azpiegituraren
% 20-30 eta estatubatuarren % 30-40, nahiz eta NASAko arduradunek portzentaia
hau % 60ra igotzea nahiko luketen.
Dena
ez da arrosa kolorekoa
Proiektuaren bultzatzaileek
nabarmentzen dituzten sortutako itxaropenak eta ikerketarako aukerak ukaezinak
izanda ere, bada desadostasunik zientzialarien artean. Kritikoak direnek
erabiltzen duten arrazoi nagusia proiektuaren garestitasuna da. Haien
ustetan, NASA beste proiektuen bizkarretik ari da lortzen estaziorako
behar duen dirutza eta astronautak orbitan edukiz lortu nahi diren helburuetako
asko, batetik, robotak erabiliz eta, beraz, diru gutxiago xahututa, lor
daitezke eta, bestetik, ikerketa horietako zenbait Lurrean ere egin daitezke.
Kostuez gain, espazioan egingo diren ikerketetako asko Lurrean erabiltzeko
baino gehiago aurrerantzean gizakia espazioan erosoago moldatzeko izango
direla ere salatu eta horren baliagarritasuna zalantzan jartzen dute.
Gainera, badirudi espazio-estazioaren bibrazioek hainbat ikerketatan eragina
izan dezaketela; egindako probetan dardarak moteltzeko sistemek ez zuten
behar bezala lan egin eta, dirudienez, ez dira berriz probatuko espazioan
erabili arte.
Horrez gain, NASAko
arduradunek onartu dutenez, istripu larriren bat gertatzeko arriskua nabarmena
da (muntaketa-lanetan arazo larriak sortzeko aukera % 73an finkatu dute),
baita heriotza-istripuren bat gertatzekoa ere.
 |
| Kanadak
egingo duen beso mekanikoa. (NASA). |
Izan ere, Mir-ekin
lortutako esperientzia oso garrantzitsua izan arren, ISSan erabiltzen
ari diren hainbat tresna eta programa informatiko berriak dira eta, gainera,
Lurrean ez dituzte estazioko osagai guztiak frogatu.
Badirudi proiektuaren
sustatzaileak batez ere Marte eta Ilargira begira ari direla eta espazio-estazioa
hauetara jauzia egiteko tarteko pausotzat ikusten dutela, estazioak espazioan
denbora luzez nola bizi, elikagaiak nola ekoitzi eta ura eta airea nola
birziklatu ikasteko balioko baitu.
|
Euskal
enpresa baten partaidetza
Donostian kokatuta
dagoen Inasmet teknologi zentroa, Teknika Aeroespazialen Institutu
Nazionalaren (INTAren) laguntzarekin, ISSan egingo diren esperimentuetako
bat prestatzen ari da. "Tribolab" deritzan esperimentuaren
baitan 2001. urtean ISSaren kanpoaldean errodamendu-sistema sofistikatu
bat jarriko dute lubrifikatzaileek espazioko baldintzetan duten
jokaera aztertzeko. Honez gain, beste hainbat egoeratan nola erantzuten
duten ere aztertuko da, hala nola, erradiaziopean, hutsean eta oxigeno
atomikopean.
Ezagunak ditugun
autoen lubrifikatzaileak lurrundu egiten dira espazioan, egunean
birritan tenperatura 100 eta -100 °C artean aldatzen baita,
eta, beraz, espazio-ontzi eta -estazioetan lubrifikatzaile solidoak
soilik erabil daitezke. Helburua orain arte erabilitako produktuak
hobetzea da. Bestalde, INASMETek Europako Espazio Agentziak espazio-estazioan
izango duen laborategiko hozkailuetarako material bereziak ere egingo
ditu. Hozkailu hauetan ISSan egindako biologia-ikerketak gordeko
dituzte eta hamabi urtez iraun beharko dute, denbora horretan guztian
ez baitituzte ordezkatuko.
|
|