|
Umetan hasi eta
luzaro Yellowstone parke nazionala Yogi eta Boo-boo hartzen barrabaskerien
kokagunea dela sinistuta egon eta gero, halako batean munduko lehendabiziko
parke nazionala izatea suertatu zitzaiola irakurri genuen, izendapen ofiziala
noizkoa eta 1872koa zelarik. Okerreko ideia bat eduki dugu horrekin ere,
kontserbazionismo goiztiarraren eragina ikusi nahi izan dugu-eta Estatu
Batuetako parke nazionalen izendapenaren abiapuntuan. Eta, ez dago horrelakorik.
Bestelakoa izan zen kontua: Estatu Batuetako lehen parkeen bultzatzaile
nagusia nazionalismoa izan da, hurrengo paragrafoetan egiaztatu ahal izango
duzunez.
Nortasun
berriaren bila
 |
| "Estatu
Batuetako lehen parke nazionalak ezarri zirenean, ingurugiroaren babesa
izan zen, seguruenez, preserbazionisten helbururik garrantzi gutxienekoa."
(K. Nuñez-Betelu). |
Estatu Batuetako lehen
parke nazionalak ezarri zirenean, ingurugiroaren babesa izan zen, seguruenez,
preserbazionisten helbururik garrantzi gutxienekoa. Parke nazionalaren
kontzepturako hasiera bateko eragilea, ingurugiroaren babesa barik, aspaldiko
denboretako tradizio mardulen nahia izan zen, nahi ikaragarria, edo hobeto,
nahi horren iraupena. Independentziaren ostean estatubatuarrek lorpen
kultural ospetsurik eza sufritu zuten hamarkada luzeetan zehar. Izan ere,
Europako estatu nagusien jatorria antzinatean sustraituta zegoen, eta,
hori dela-eta, estatu europarrak ondare artistiko eta literario luze eta
oparoaren jabe bilakatu ziren, Estatu Batuak ez bezala.
Nolabait, iraganeko
oroigarrien gabeziak umezurtz utzi zituen intelektual amerikarrak, hau
da, bertako paisajeak gaztelubakoak edota hiriak katedralbakoak izatean
nortasun kultural kanonikorik gabe gelditu ziren. Eta horrelako gabezien
inguruko Mundu Zaharrekoen hamaika ziriei erantzuteko, pentsalari estatubatuarrek
Mendebalde Urruneko, Far Westeko, lurralde miresgarriak aukeratu zituzten,
gizakiak utzitako aztarnen ordezko gisa. Hau da, paisaje harrigarri horren
adinbakotasuna izan zen estatu eratu berriaren iraunkortasun eta egonkortasunaren
ikurra, ez baitzegoen iraganeko inolako lorpen kulturalik erakusteko.
Naturarenganako fedea
independentziarekin batera hasi zen, XVIII. mendeko amaierarekin batera,
handitasun nazionala nola edo hala aldarrikatu guran. Britainia Handitik
askatuta, kultura europarrarekiko loturak ere hautsi ziren, jakina, burujabetasun
politikoaren nahigabeko ondorio modura, eta ordutik aurrera Estatu Batuek
ja ez zeukaten Mendebaldeko zibilizazioko lorpenak erreklamatzerik inperio
britainiarreko kide ziren bezainbatean. Ezin zieten entzungor egin, esate
baterako, Sydney Smith elizgizon ingelesak 1820an popularizatutako adierazpenei:
"Munduko lau kantoietan, nork irakurtzen du liburu amerikar bat?
edo nor doa antzezlan amerikar batera? edo nork begiratzen du margolan
edo estatua amerikar bat?"
 |
| (Tx.
Petuya). |
Ezintasun kezkagarri
hori ikusita, abertzale estatubatuarrak ahalegindu egin ziren euron buruak
konbentzitzeko, Estatu Batuek aginduta zeukaten etorkizun handi-loriosoaz.
Alabaina, zalantza ez zen ezabatu, batik bat pentsalariek gogoan hartzen
zutenean ea kultura amerikarrak bizirik iraun zezakeen Europatik deslai.
Eta bertako artista eta idazleen lanak ezdeusak zirelarik, abertzaleek
naturarenganatz jo zuten, alternatiba bideragarri bakarraren bila.
Esate baterako, dagoeneko
1784 urtean Thomas Jefferson-ek, Estatu Batuetako Independentzi deklarazioaren
egilea eta geroago presidentea (1801-09) paleontologoa izateaz gainera,
paisaje amerikarreko makina bat gune hautatu zituen, ingurune horiek ezin
hobeak zirelakoan etorkizuneko lorpen nazionaletarako; harro-harro zegoen
Virginia estatuko bazter batzuez, kasurako, Potomac ibaiko zintzurrarekin.
Baina, nazionalistarik
adoretsuenak ere ez zeuden nahikoa itsu, begi-bistakoak ziren distortsioak
ez sumatzeko beste. Eta Potomac ibaiaren xarma guztiak nekez ahantzarazi
zitzakeen Rhin edota Danubioren balioak. Zoritxarrez abertzale estatubatuarrentzat,
zirudienez naturak ez zuen biderik eskaini Europa eta Estatu Batuak elkarrengandik
argiro bereizteko.Areago, Mundu Berriko paisajeak historiabakoak ziren,
beren kulturarako arrokez, ur-jauziez edota ibaiez gainera eranskin bihotz-altxagarriak
nahi zituztenentzat.Ildo horretatik, Washington Irving idazleak (The Alhambra,
1832) 1819an maila berean jarri zituen Europa eta Estatu Batuetako paisajeak,
behintzat begi-inpaktuari dagozkiola. Jakina, horrek ez zuen baretu paisaje
amerikarra balio kultural eta izpiritualekin batzeko borrokatzen zirenen
ondoeza.
 |
| (Tx.
Petuya). |
Geroago, 1850. urte
aldera, James Fenimore Cooper idazleak (The Last of the Mohicans, 1826)
paisaje europarraren nagusitasuna aitortu zuen, batez ere "iraganaren
lorratza" zeukala-eta. Cooper-en idazkietan ikus daitekeenez, ez
zuen arrakasta handiegirik erdietsi nortasun kulturalaren oinarri gisa
natura erabiltzeak. Ordurarteko erretolika gorabehera, intelektual amerikarrak
eurak ere ez zeuden oso konbentzituta Estatu Batuetako parajeek merezitako
aparteko ezagutzaz. Eta iraganarekiko loturarik ezean, paisajeak nabarmendu
egiten zuen, neurri batean, nazioaren kultur urritasuna.
Gogoaren aurka nor-eta
geografia temosoa zegoen. Izatez, XIX. mendeko erdialderarte Estatu Batuek
egungo azaleraren herena ukan zuten, eta, Appalache mendiak eta Niagara
ur-jauziak salbu, ez zeukaten bestelako ezer benetan punta-puntakorik.
Horrela ba, 1850. urtea baino lehenago, estatubatuarrek Niagarako jauzien
ikusgarritasuna aldarrikatzen zuten, eta europar askok ere onartu egiten
zuten ez zegoela parekorik Mundu Zaharrean. Niagara oso ospetsua zen Europan.
Esate baterako, Pio Barojak berak, batez ere 1830.eko Uztaritzen kokatu
duen La veleta de Gastizar eleberrian, bertako benta bat deskribatzen
du; ba, ostatu horretako apaingarririk deigarriena, dinoskunez, jangelako
hormetako papera zen, Niagarako ur-jauzia naturalean irudikatuta zeukana.
Baina, gauzak aldatu
egin ziren nabarmenki mendebalderanzko hedapenarekin batera. Kontinenteko
lurralderik miresgarrienak bertan eskuratu zituzten Estatu Batuek 1846
eta 1848 bitartean, besteak beste Mendi Harritsuak eta Isurialde Pazifikoa,
eta horrela ebatzi egin zen nazionalista kulturzaleen dilema. Urruneko
Mendebaldean, Far Westean, ez zegoen arkitektura erakusgarririk eta ez
beste inolako arterik ere, baina horrek ez zituen nazionalista kulturzaleak
gogaitu, Ekialdean egin zuen bezala. Jakina, Urruneko Mendebaldeko basatasuna
erraz barka zitekeen, munduan parekorik gabeko bertako bazterrek ahantzarazita.
Eta, zer esanik ez,
natura bidezko nortasun kulturalerako deiari Urruneko Mendebaldeko bazterrak
gehitu zitzaizkionean, baratza nahikoa ongarriztatuta zegoen parke nazionalaren
ideiarako.
Far
Westeko katedralak
 |
| (Tx.
Petuya). |
Urruneko Mendebaldean
hondatu gabeko natura ederresteko aukera ez ezik, natura hori ikutu barik
preserbatzekoa ere bazegoen. Ekialdeko naturgune ikusgarriak, esaterako
Niagara ur-jauziak, zoritxarrez aspaldian zeuden jabego pribatuaren esku,
eta era guztietako gehiegikeriak nozitu zituzten, berehalako etekinaren
bila. Urruneko Mendebaldean, ostera, jabea artean gobernu federala zen,
eta alde horretatik nazionalismo kulturalak bazeukan non frogatu bere
zintzotasuna. Kontua hezurmamitu egin zen nolabait, hurrenez hurren 1851
eta 1852an Yosemite Valley eta Sierra Redwoods naturgune miresgarriak
idoro zirenean.
Naturgune horien azterketarekin
konfidantza berria lortu zen Estatu Batuetan, ez baitzegoen beste inon
maila horretako bazter miragarririk. Areago, Sierra Redwoods-eko sekuoia
zahar-erraldoiek ekarri zuten kontsolamendua, iragan amerikar luzearen
falta betetzera zetorren, burmuinetan behintzat: Estatu Batuetako antzinakotasuna
Europakoa baino lehenagokoa izan behar zen, zeren, "sekuoiak aro
kristaua baino lehen hasi ziren hazten" eta, izatez, "zuhaitzok
tamaina dezentekoak ziren jadanik Salomonek Jerusalemeko tenplua eraikitzea
agindu zuenerako".
Ekarri ditugun aipamenok
gaur egungo ikuspegitik hutsalak badirudite ere, orduko testuinguruan
munta handiko beharrizan intelektuala bete zuten. Izan ere, ia ehun urtetan
lehen aldia zen, estatubatuarrek konfidantzaz argudiatu ahal zutela bazeukatela
balioko zer-edo-zer munduko kulturari eskaintzeko. Nahiz eta Europako
gaztelu, katedral, abatetxe eta enparauak inoiz ezin izango ziren eklipsatu,
Estatu Batuek bazeuzkaten "earth monuments" eta baso erraldoiak,
eta horrela izanik, naturgune miresgarri horiek konpentsatu zituzten bai
hiri zaharren gabezia, bai tradizio aristokratikoen eskasia, eta bai Mundu
Zaharraren lorpen guztien era horretako oroigarriak.
 |
| (K.
Nuñez-Betelu). |
Hau da, ikusten ari
garenez, parke nazionalen abiapuntuko asmoan monumentalismoa zegoen, alegia,
"txokorik eijerrenak" ganoraz zainduta mantentzeko xedea. Alabaina,
bazter miresgarriez gainera animalia basatiak ere babeserako duinak zirela,
parke nazionalen entusiastek ez zuten oso berandu arte onetsi, dagoeneko
hogeigarren mendea nahikoa aurreratuta egon arte; izan ere, 1934an onartutako
Floridako Everglades National Park izan zen lehena horrelako ardura kontserbazionistarekin
gauzatu zena, 1947an izendatu zelarik.
Floridako Everglades
National Park-eko topografia ez da monumentala. Lehen aldiz parke batek
ez du mendi zorabiagarririk, ez arroila sakonik, ez ur-jauzi lurrintsurik,
baizik eta belar-zingira monotono-aspergarria, non aligatorea baita biztanlerik
ezagunena. Nolanahi, bertako landare eta animalien babesa izan zen parkearen
justifikaziorako arrazoi nagusia.
Monumentalismoaren
bidean, dena dela, aurrerapauso galanta izan zen paisajearen ederrespenetik
paisajearen preserbaziora igarotzea, eta horretan garrantzi berezia eduki
zuten Yosemite-k eta Sierra Redwoods-ek. Izan ere, bazirudien bai batari
eta bai besteari jabe pribatuetara pasatzea fortunatu zitzaiela. Eta horrek
dilema handia zekarren aldean. Baldin eta ustiatzaile partikularrei bidea
libre uzten bazitzaien Yosemite Valley eta Sierra Redwoods bahitzeko,
orduan, berehalakoan zentzubako bilaka zitekeen naturgune horietan funtsaturiko
edozein sinbolismo kultural. Izatez, ordurako Niagara ur-jauziek frogatuta
utzi zuten norainoko burugabekeria zen, nazioaren aterpe kulturala etekin
indibidualaren mesedeetara sakrifikaturiko naturguneetan bilatzea, berorien
singulartasuna eztabaidaezina izanik ere. Hortaz, Estatu Batuek Niagaran
alferrik galdutako aukera zeukaten berriro ere.
Kezka kulturalaren
kristalizazioa parke nazionalaren ideia gauzatuz 1864ko neguan jazo zen.
Yosemite Valley eta Sierra Redwoods-eko aferak akuilatuta, kaliforniar-talde
txiki batek bertako senadoreetariko bat gogatu zuen, legegaia proposa
zezan txoko miresgarri biak abusu pribatuetatik babesteko: naturguneok
"erabilera publikorako, oporleku eta jostaketarako" izan beharko
zuketen, eta, areago, "inalienable forever" ("betirako
besterenezinak").
 |
| (K.
Nuñez-Betelu). |
Indarrean jarri nahi
zen parke nazionalaren helburua, ezarri zitzaizkion mugek argiro adierazi
bezala, zeharo eszenikoa izan zen, soilik txoko ikusgarrienak besarkatuz.
Bakar-bakarrik Yosemite Valley eta inguruko tontorrak sartu ziren, hau
da, denetara berrogei milia karratu. Eta antzeko murrizketa aplikatu zitzaion
parkeko hegoaldeko guneari, non, zenbat-eta lau milia karratu besterik
ez baitziren kontsideratu. Begi-bistakoa denez,ezarritako muga horiek
muzin egin zioten lurraldeko sare ekologikoari, egia bada ere "ekologia"
terminoa artean ezezaguna zela. Nolanahi, ezin argiago ikus daiteke monumentalismoa
izan zela bultzagilea Yosemite Valley parkeko 1864. urteko akta lortzeko,
eta ez ingurugiroarekiko inolako kezka.
Izatez, Yosemite izan
zen lehen parke nazionala, formalki horrela izan ez arren; parke nazionalaren
izaera juridikoa geroago etorriko zitzaion, 1890ean, Kaliforniako estatuak
Yosemite harana eta zuhaitz erraldoiak gobernu federalari laga zizkionean.
Bestalde, parke nazionalarena kontzeptu kulturala zen erabat, izan ere,
urte haietan ez baitzegoen imajinatzerik naturgune horien potentzial turistikoa
norainokoa litzatekeen. Hau da, turismoa benetako posibilitate bilakatu
ez den bitartean parke nazionalek zeregin kulturala bete dute.
Monumentalismoa
behin eta berriro
 |
| (K.
Nuñez-Betelu). |
Ikusi dugunez, Yosemite
izan zen parke nazionalaren ideia garatzeko abagunea opatsi zuen naturgune
monumental ederra. Alabaina, iturri guztietan Wyoming-eko Yellowstone
National Park agertzen da beti munduko lehen parke nazionalaren ohorearekin,
izan ere, bertan, 1872an bateratu baitziren parke nazionalaren ideia eta
zegokion euskarri juridiko federala.
Yosemite-ren tamainarekin
alderatuta, Yellowstone ikaragarri handia zen: 3.300 milia karratu baino
gehiago, eta den-denak gobernu federalaren jurisdikziopekoak hasieratik
bertatik. Baina, zabaltasun horrek kasu honetan ere ez zeukan inolako
zerikusirik parkearen bultzatzaileak ekosistema osoa babestearen abantailez
konbentzituta-edo egotearekin. Zabaltasun itzel hori, artean ezagutu gabeko
monumentu natural miresgarriak aldez aurretik ondo gobernatuta mantentzeko
arduratik etorri zen, eta ez, ostera, espezieak gerizatzeko guraritik.
Hau da, Wyoming-eko bazter urrun eta eder hartako geyser, ur-jauzi, arroila
eta bestelakoek altxor kultural baten erakargarritasuna zeukaten, baina,
izatez, ez zegoen informazio zehatz askorik lurralde hartaz, soilik, tranpero
eta urre-biltzaileen kontakizun txolinak. Eta horrela izanik, barruti
zabal-zabalari ezarri zitzaion parke nazionalaren etiketa, zerbait interesgarri
hortik kanpo uzteko beldurrez. Baina, inguru hari buruzko orduko ezagutza
hobea izan balitz, batik bat fenomeno natural ikusgarrienak batera-edo
zeudela, probabilitate osoz Yellowstone askoz txikiagoa zatekeen, "txokorik
eijerrenak" estu-estu zedarrituta, Yosemite bezalaxe.
Beraz, ba, munduko
lehen parke nazionalaren zabaltasuna eta egungo egunean maiz erabiltzen
diren parke idealaren tamainari buruzko ideiak bat badatoz ere, antz hori
nahi gabekoa izan da erabat. Izan ere, Estatu Batuetako geroagoko parke
nazionalak nekez izango dira hain handiak. Kontuak kontu eta laburbilduz,
Estatu Batuetako parke nazionalak monumentalismoaren ondorio dira, abiapuntuan
nazionalismo kulturala zegoelarik, eta osteko kontserbazionismoa, bera
ere, monumentalismo horren albo-produktutzat jo liteke.
|
Niagara
Falls
Inkesten arabera,
estatubatuarren naturgune gogokoenen zerrendan Niagara Falls hirugarrenak
dira, Grand Canyon eta Yellowstone-ren atzetik. Alabaina, azken
biokin konparatuta, Niagara ur-jauziak guztiz "programatuta"
daude.
 |
| (K.
Nuñez-Betelu). |
Argindarraren
kariaz, ur-emariaren herena turbinetara desbideratzen da eguargiz,
eta gauez (beheko argazkia), bisitari-kopuru minimoa dagoela, emariaren
hiru laurdenak doaz turbinetara, ur-jauziak saihestuz:
ur-jauziak "piztu"
eta "amatatu" egiten dituzte nolabait. Dena dela, luzea
da Niagara ur-jauziek pairatutako gehiegikerien historia, eta dagoenekoz
1830erako, txerpolari, arrakero eta espekulatzaileen eskutik mota
guztietako bidegabekeriak gertatu ziren bertan. Ezin da ahaztu urtean
40.000 bisitari hurbiltzen zirela 1840ko hamarkadan.
|
|
Yosemite
National Park
Gaur eguneko
Yosemite National Park-ek 3.080 km2 azalera du. Yosemite Valley
eta sekuoia erraldoiak (eurotariko zaharrenak 2.700 urte ei ditu)
parkeko hego mendebaldean daude. Gune hori, izatez, orain 10.000
urte glaziar batek itxuratutako harana da; bertan ikus daitezke
parkeko txokorik ezagunenak, kasurako Yosemite ur-jauzia (altueraz
740 m dituena) eta El Capitan deritzon granitozko monolito izugarria,
beheko argazkiko 900 m-ko horma zut hori.
|
|
Sequoia
National Park
 |
| (K.
Nuñez-Betelu). |
Sequoia National
Park (1.628 km2) Yosemite-tik hurbil dago, hegoalderantz. Bertan
aurkitzen da argazkiko General Sherman deritzon sekuoia erraldoia,
munduko bizidunik handiena esan ohi denez: enborrak 11,5 m-ko perimetroa
du lur-mailan (beheko argazkia), eta 1.385 tonako pisua kalkulatu
zaio.
Parkeko sekuoia
erraldoiak Sequoiadendrum giganteum espeziekoak dira; alabaina,
sekuoiarik garaienak, lirainagoak badira ere, Sequoia sempervirens
espeziekoak dira, eta Kaliforniako iparraldean aurki daitezke, itsaso
inguruan.
|
|
Yellowstone
National Park
Gaur eguneko
Yellowstone National Park-ek 8.990 km2 ditu, hau da, Nafarroa baino
pixka bat txikiagoa da, eta Mendi Harritsuen (= Rocky Mountains)
erdigunean dago,
besteak beste berrehun bat geyser eta makina bat fenomeno geotermal
besarkatu dituelarik. Bestalde, basa bizidunen babesleku galanta
da, eta bertan polito bizi dira hartz arrea (Yogi eta Boo-boo adibidez),
hartz beltza, bisontea, uapiti oreina, altzea, etab.
|
|