|
Zientziaren arloan
datu gabezia dugu arazo larrienetakoa problema bati aurre egiteko. Daturik
ezean eztabaida teorikoak (sarritan aurreiritzi filosofikoetan oinarrituak)
irtenbiderik gabe luzatu egiten dira, kasu askotan mendetan zehar. Astrofisika
eta Kosmologiaren eremua aberatsenetakoak dira datu-urritasunak jotako
problema horietan.
 |
| (NASA). |
Errenazimentu-garaia
arte Aristotelesek defendatzen zuen unibertsoaren ikuspegi geozentrikoa
nagusitu bazen ere, Aristotelesen garaikide zen Epikuroren ustez unibertsoa
infinitua izan zitekeen, bertan egon zitekeen Lurraren antzerako munduen
kopurua bezala. Eguzki-sistematik kanpoko planeten arazoa, bada, ez da
azken urteetako kontua. Hala ere, azken urteetan gaia modan jarri dela
esan liteke, Lurretik kanpoko bizitzarenarekin batera.
1995eko urrian Eguzki-sistematik
kanpoko lehenengo planeta aurkitzearen berri eman zenetik aurrerapauso
handiak eman dira arlo honetan. Gaia modan izatearen arrazoietako bat
seguraski aurrerapauso horiek dira, eta azken hauena berriz, honako hau:
egungo teknologiak behar adinako bereizmeneko behaketak eta neurketak
egiteko aukera eskaintzen du.
Dagoeneko Eguzki-sistematik
kanpoko 20 planeta ezagutzen dira, 18 izar ezberdinen inguruan. Oraintsu
arte 18 baino ez ziren, bakoitza izar ezberdin baten inguruan (ikus 1.
taula), baina aditzera eman berri denez, Upsilon Andromedae (Ups And)
izarraren inguruan beste bi planeta gehiago ere badira lehendik ezagutzen
zenaz gain. Berriak garrantzi berezia du aurrerantzean guretik kanpoko
planeta-sistemez adiera hertsian hitz egin ahal izango dugulako.
Ondorio bereziak izan
ditzaketen aurkikuntzen aurrean zientzialariek oso ondo neurtzen dituzte
urratsak eta laster entzun ohi dira ikerketaren emaitzekin bat ez datozenen
ahotsak. Oraingo honetan berriz, zientzialariek aurkikuntza oso ondo hartu
dutela esan daiteke. Batetik, erabili den teknika ezaguna eta egiaztatutakoa
delako; bestetik, emaitzak bi ikertzaile-talde ezberdin eta independenteek
lortuak izatearen bermearekin aurkeztu direlako.
Aurkezpen hori apirilaren
15ean eskainitako prentsaurreko batean egin zen, bertan ikertzaile-talde
bien ordezkariak zeudelarik.Batzuk San Francisco State University-koak
ziren eta besteak Harvard-Smithsonian Center for Astrophysics eta National
Center for Atmospheric Research-ekoak. Gainera, Berkeley-ko unibertsitateko
G. Laughlin-ek ordenadore bidez egin duen planeta-sistemaren simulazioak
egonkorra dela iradokitzen du.
Oraindik, hala ere,
ez dugu behar bezala ezagutzen planeta-sistema berria. Azter ditzagun,
bada, datu adierazgarrienak. Gorago ere esan dugunez, izarra Upsilon Andromedae
dugu; izenak adierazten duenez Andromeda konstelazioan dago. Beraz, datorren
ekainetik aurrera izango dugu ikusgai (ez da inolako laguntza optikorik
behar ikusi ahal izateko 4.1 magnitudeko izarra delako). Lurretik
44 argi-urte ingurura dago eta Eguzkiaren antzerakoa da, nahiz eta masa
eta tamaina handixeagoak dituen. Bere argitasun absolutua Eguzkiarena
halako hiru da. Gure izarra baino gazteagoa da, adina 2.600 milioi urtetakoa
izanik, (Eguzkiarenaren erdia baino pixka bat gehiago).
Inguruan biraka dituen
planeten (Ups-And b, Ups-And c eta Ups-And d) datuak 2. taulan ditugu.
Bertan ikus daitekeenez planetak Jupiterren antzekoak dira masa eta tamainari
dagokienez. Orbitak berriz, askoz ere txikiagoak dituzte. 1. irudian ikus
daitezke Eguzki-sistemako barne-planetenekin alderatuta.
Aurreko bi lerroaldeetan
aipatutako datuak iruzkin batzuk iradokitzen dituzte. Ups And izarra Eguzkiaren
antzekoa dela esan dugu eta beste horrenbeste esan daiteke 1. taulako
beste batzuei buruz. Hori ez dugu datu adierazgarria, astronomoek aurrez
eginiko izarren hautapenaren ondorioa baizik. Planeta-sistemak aurkitzeak
izarraren behaketa sistematiko luzea (urtetakoa gehienetan) behar du.
Hortaz, lan horri ekin aurretik ikertzaile-taldeek izar-aukeraketa arretatsua
egiten dute, ehun edo ehunka gutxi batzuetako zerrenda eginez. Eguzkiaren
antzeko izarrek badute aztergai izateko aldeko ezaugarri bat: Eguzkiak
bere planeta-sorta badu inguruan, eta pentsatzekoa da antzeko beste izar
batzuek ere izan dezaketela.
Bigarren iruzkinak
aurkitutako planeten dimentsioekin du zerikusia. Egungo behaketa eta neurketak
egiteko tresneria eta datu-analisirako teknikek ez dute planeta txikiagoak
detektatzeko aukerarik eskaintzen, oso kasu berezietan izan ezik. Jakina,
horrek ez du esan gura Ups And-en inguruan tamainaz Lurraren antzekoa
den planetarik ez dagoenik. Hala ere, baleude, beren orbitak handiagoak
izango lirateke ezagutzen diren hiru planeta erraldoienak baino, azken
hauen inguruneetan sortu izan balira ere beren grabitatearen eraginak
kanpoaldera jaurtikiko lituzkeelako. Beraz, izarretik urrunegi egongo
lirateke, eskualde hotzegian, bertan bizia sortzeko itxaropenik izateko.
Lurretik kanpoko biziaren eremu espekulatiboarekin segituz ez da beste
aukera bat baztertu behar; Jupiterrek eta Saturnok Lurrarekin nolabaiteko
antza duten sateliteak dituzten bezala, Ups-And sistemakoek ere izatea.
Hauetakoren bat egon liteke egoera hain desegokia ez den eskualdean.
Hurrengo urteetan
aurrerapauso nabarmenak emango dira planeta "txikien" detekzioan
Lurrean eraikitzen ari diren teleskopio berriak (Cerro Paranaleko 8,2
metroko laurak, adibidez) nahiz orbitan jartzeko direnak (Space Interferometry
Mission, NASAk 2005erako proiektuan duena) lanean hasten direnean. Tresneria
hobetzeak, hala ere, ez du planetak ikusteko aukera emango, islatzen duten
argiaren intentsitatea ahulegia delako. Detekzio-teknikak zeharkakoak
dira. Emankorrenaren, 1. taulako planeta denen aurkikuntzaren oinarrian
dagoenaren, giltzarria Doppler efektua da.
Urruntasuna dela eta,
izarrak zeruan finko ikusten ditugu, baina gelditasun-itxura horrek oso
abiadura handiak ezkutatzen ditu. Eguzkia adibidetzat hartzen badugu,
kontuan izan behar dugu 250 km egiten dituela segundoko. Izarraren inguruan
planeta bat higitzen denean, azken honen erakarpen grabitatorioa dela
eta izarrak ez du ibilbide zuzena izango, kiribil modukoa baizik. Lurretik
ikara edo dardara modura ikusiko genukeen higiduraren gorabehera hori
oso detektagaitza da distantzia dozenaka argi-urtetakoa denean. Adibidez,
Eguzkia 30 argi-urteko distantziatik ikusiko luken behatzaileak gradu
baten milioirenaren heren bateko diametroko zirkulua eginez ikusiko luke.
Ez dago esan beharrik ezin daitekeela posizio-aldaketa hori zuzenean neurtu.
Aldiz, izarretik jasotzen dugun argia analizatzen badugu, izarraren ikara
hori Doppler efektua neurtuz kalkula daiteke.
 |
| Upsilon
Andromedae izarraren inguruan biraka dabiltzen planetak (Ups-And b,
Ups-And c eta Ups-And d) Jupiterren antzekoak dira masa eta tamainari
dagokionez. (NASA). |
Doppler efektua uhin-higiduratan
azaltzen den fenomenoa dugu. Denok ohartu gara inoiz trena, edo beste
ibilgailuren bat, txistua joz hurbiltzen zaigunean, soinuaren tonua zorrotzagoa
dela trena gugandik urrunduz doanean entzuten badugu baino. Doppler efektua
dugu, hain zuzen, tonu-aldaketa horren erantzulea. Argiaren kasuan aldaketa
kolorean gertatzen da. Izarrak, planetak eragindako ikara dela eta, ibilbide
zirkularra eginez doanean zirkunferentziaren erdi bat ibilita guganantz
hurbilduko da, eta orduan beregandik jasotzen dugun argia pixka bat urdinago
ikusiko dugu. Aitzitik, beste zirkunferentzierdian zehar doanean gugandik
urrundu egingo da eta orduan jasoko dugun argia gorrixkagoa izango da.
Ezberdintasun txiki horiek aukera ematen dute planeta dagoen edo ez iragarri
eta bere masa eta orbita kalkulatzeko.
Planeta-sistema berria
aurkitzeak ikertzaile teorikoak ere lanean jarri ditu. Izan ere, planeta-sistemen
sorrera azaltzeko ereduen arabera Jupiter edo Saturnoren itxurako planeta
gaseosoak izarretik nahikoa distantzia handira eratu behar dira (gutxienez
lau aldiz Eguzkia eta Lurraren arteko distantziara, alegia, 4 unitate
astronomikora). Distantzia horretara tenperatura nahiko baxua da izotz
nukleoak kondentsatzen has daitezen eta apurka-apurka planeta eratuz joan
dadin. Ups And sisteman berriz, hiru planetak aipatutako mugaren barruan
daude. Bertan sortuak al dira? Nola? Agian kanpoalderago sortu ziren,
baina geroago elkarren arteko grabitatearen eragina dela eta, orbitaz
aldatu eta izarrerantz hurbilduko ziren. Zorrotz aztertu beharko dira
aukera guztiak.
Lurretik kanpoko planeten
arazo honen egungo egoeraren ikuspegia ez litzateke osoa izango 1. taulan
ditugunak aurkitu den guztia dela pentsatuko bagenu. Planeta erraldoi
eta izar txikiaren (izar nano marroiaren) arteko ezberdintasuna ez da
oso argia. Eskuarki astroaren masa Jupiterrena halako 13 edo handiagoa
bada, deuterioa erre daitekeela onartzen da, eta beraz, muga horretatik
gorakoak ez lirateke planetak jadanik, nano marroiak baizik. Irizpide
honen arabera 11 nano marroi aurkitu dira beste horrenbeste izarren inguruan.
Baita bi planeta ere, pulsar banaren inguruan. Bestalde, bi izar ezagutzen
dira bere inguruan materia-diskoa dutenak, non planetak eratzen arituko
liratekeen. Azkenik, beste 13 kasu daude zalantzan edo erabat baieztatu
gabe. Ikus daitekeenez, oso ikerketa-eremu biziaz ari gara eta hurrengo
urteetan berri aipagarri asko izango den zalantzarik ez da.
| Izarraren
izena |
Eguzkiraino-
ko distantzia (argi-urte) |
Planetaren
masa (MJUP=1) |
Periodoa
(egun) |
Ardatzerdi
nagusia (AU) |
Eszentri-
kotasuna |
Aurkikuntza-
-data |
| 47
Ursae Maj. |
48.28
|
2.42 |
1093 |
2.08 |
0.10 |
96/12/19 |
| Upsilon
And |
43.94
|
0.63 |
4.621
|
0.053 |
0.03 |
97/01/11 |
| Tau
Bootis |
50.89
|
3.64
|
3.3126 |
0.042 |
0.00
|
97/11/25 |
| Gliese
876 |
15.33 |
2.1 |
60.9 |
0.21 |
0.27 |
98/09/01 |
| Rho
Corona B. |
56.86 |
1.1 |
39.6 |
0.23 |
0.1
|
98/09/02 |
| 55
Cancri |
40.87 |
0.85
|
14.656
|
0.12 |
0.03
|
98/10/27 |
| Gliese
86 |
35.59 |
3.6 |
15.8 |
0.11 |
0.04 |
98/11/24 |
| 70
Virginis |
59.08 |
7.4 |
116.7 |
0.47 |
0.40
|
98/12/04 |
| HD114762
|
132.35 |
11.0 |
84 |
0.41 |
0.33
|
98/12/16 |
| HD187123
|
162.85 |
0.52 |
3.097 |
0.042 |
0.00
|
98/12/17 |
| HD210277
|
69.45 |
1.36 |
437
|
1.15 |
0.45
|
98/12/17 |
| 14
Herculis |
59.21 |
4 |
š2000
|
š3
|
š0.35
|
98/12/17 |
| HD217107
|
64.33
|
1.28
|
7.11 |
0.07 |
0.14
|
99/01/11 |
| HD195019
|
121.87 |
3.43 |
18.3
|
0.14 |
0.05
|
99/01/11 |
|
HD168443
|
123.57 |
5.04 |
58 |
0.28 |
0.54
|
99/01/11 |
| HD75289
|
94.41
|
0.42 |
3.51 |
0.046
|
0.054
|
99/02/01 |
16
Cygni B
|
70.53
|
1.74 |
802.8
|
1.70
|
0.68 |
99/03/15 |
| 51
Pegasi |
50.11
|
0.44
|
4.2308
|
0.051
|
0.01
|
99/04/08 |
| Izena |
UpsAnd
b |
UpsAnd
c |
UpsAnd
d |
| Masa
(MJUP =1) |
0.71 |
2.11
|
4.61
|
| Ardatzerdi
nagusia (AU) |
0.059 |
0.83
|
2.50 |
| Periodoa
(EGUN) |
4.6170 |
241.2
|
1266.6 |
| Eszentrikotasuna
|
0.034 |
0.18 |
0.41 |
|