Elhuyar Fundazioa
Eguneratze-data 2010/9/2
Zientzia-hiztegiak Dibulgazio-liburuak CAF-Elhuyar sariak
Artikuluak
Argazkiak
Sarean
Agenda
Hileko zerua
Dosierrak
Multimedia
Elhuyar aldizkaria
Elhuyar 1974-1996
Zientzia-hiztegiak
Euskara teknikoa
Dibulgazio-liburuak
CAF-Elhuyar sariak
Teknoskopioa
[asteko laburpena]
[gaiak]

 
Erabiltzaileak
Artikuluak
Aro robotikoa: heldu da makinen garaia
2009/10/04 | Korta Hernandez, Nerea |
  • artikulua inprimatu
  • Lagun bati bidali
  • Delicious
  • Facebook
  • Zabaldu
  • Aupatu
  • Bildu
Kutxa beltzak autoetan
 

Robotikaren ideia ez da gaurkoa. K.a. III. mendean jada, Aristotelesek makinak sortzea proposatu zuen, zenbait lan egiteko. Urte gutxi beranduago, Tarentoko Arkitas matematikariak lurrun bidez mugitzen zen hegazti-itxurako makina bat sortu zuen. Ordutik aurrera, gizakia etengabe saiatu da berak egin ezin dituen, edo egin nahi ez dituen, lanak egiteko makinak sortzen.

Opportunity, NASAk Martera bidalitako robotetako bat. Bost urte daramatza laginak jasotzen eta argazkiak ateratzen.(Argazkia: ASA/JPL/Cornell University )

1946an lehen robot industriala patentatu zuten AEBn. Adimen artifizialeko programak eta adimen artifizial horrekin funtzionatzen zuten robotak sortu ziren 60ko hamarkadan. 1990erako posible zen robot batek gizaki bati aldaka-transplantea egitea. 1997an, NASAk bidalitako robot bat Martera iritsi zen, eta ingurua aztertu zuen. Orain, XXI. mendean, giza itxurako robotak heldu dira, eta Spirit eta Oportunity espazio-zundak Martera iritsi dira.

Azken hamarkadetako aurrerapen teknologikoarekin, automatak gizarteko arlo askotara zabaldu dira. Industrian, eraikuntzan eta etxeetan presentzia handia dute. Baina batzuek polemika sortu dute: giza itxura perfektuko robotek eta gerrarako automatek

.

AEBko armadak erabiltzen dituen robot gerlariak . (Argazkia: Foster-Miller)

Humanoideak eta gerra

Gizakien espazio-misio bateko ordenagailu zentralak, espazio-ontzia gidatzeaz gain, ahoz komunikatzeko gaitasuna zuen. Baina bere akats bat agerian ez gelditzeko, tripulazio guztia akabatzen saiatu zen. Hal 900 zen, 1968an 2001: espazioko odisea filmak famatu egin zuen robota.

Giza itxurako robot gerlari bat; adimen artifizialeko motor boteretsu bat zuen, eta gizakiaren aurka borrokatzeko egina zegoen. Terminator T800 humanoidea zen, eta 1984an egin zen ezaguna, Terminator filmari esker.

Gizakiek ingeniaritza genetiko bidez sortutako humanoideak erabiltzen zituzten lan arriskutsuetarako eta esklabo gisa. Fisikoki gizakiak bezalakoak ziren, baina ez zuten erantzun emozionalik. Azkenean, erreplikante deituriko androideak matxinatu egin ziren. Blade Runner, 1982.

Zientzia-fikzioak eragindakoa ote da aurrerapen teknologikoekiko beldurra?

Ezkerrean, Actroid androidea —Kokoro enpresak alokatu egiten ditu—. Eskuinean, Albert Hubo, Hubo robotaren gorputzarekin eta Hanson Roboticsek egindako buruarekin. (Argazkia: Kokoro Company Ltd/ Hanson Robotics)

Zinemaren industriatik urrun, errealitateko robotak ez dira hain aurreratuak. Espazio-zundetako ordenagailuak, adibidez, ez dira ahoz komunikatzen. NASAk Martera bidalitako Spirit eta Oportunity zundek nolabaiteko autonomia badute lurreko nabigazioari dagokionez, baina ez Hal 900ek zuen askatasuna. Argazkiak ateratzea eta laginak hartzea dira haien eginbeharrak.

Gerrako robotak ere badaude, baina ez dira T 800 gisako humanoideak. SWORDS eta MAARS robot gerlariak dira horren adibide. Tanke-itxurako urrutitik gidatutako makinak dira. Ez dute autonomia handirik, baina bai armak tirokatzeko gaitasuna, eta AEBko armadak jadanik erabili ditu Bagdad hegoaldean. Ezin ahaztu pilotatu gabeko hegazkinak, autonomia osoa izan dezaketenak, baita tirokatzeko ere.

Giza itxurako robotek oso itxura errealista dute, baina ez dira ingeniaritza genetiko bidez sortzen. Actroid eta Ever androideak, adibidez, neska gazte itxurako makinak dira. Silikonazko gel batez egindako azala dute, eta dozenaka motor dituzte, giza mugimenduak simulatzeko. Actroid modeloak alokatzeko aukera badago jada. Aurpegi-imintzio perfektuenak Albert Hubo robotak ditu. Haren burua, Einsteinen antza duena, Hanson Robotics enpresak fabrikatu du, eta keinu errealistak egiteko gai da, aurpegiko 33 motorrak erabiliz. Eta harrigarriena: pertsonei begiratuz, keinuak ikasteko gaitasuna du.

Genetikaren auziarekin gertatu zen bezala, eta toki berean gainera, joan den otsailean zientzialariak bildu, eta robotikaren arriskuak eta ezarri beharreko mugak eztabaidatu zituzten. Hainbestekoa ote da arriskua? Abenduan esango dute.


7K-n argitaratua.


Artikulu berrienak:
Bilatu:

  Hitza:
Bilaketa aurreratua
Copyright © 2004 Elhuyar Fundazioa - Eskubide Guztiak Erreserbatuta.
webmaster@elhuyar.com - Tel.: +34 943 36 30 40
800x600 eta Internet Explorer 5.5-erako egokitutako gunea