|
Urtero 15 milioi
hektarea baso galtzen dira munduan, futbolzelai baten azalera adinako
galera bi segundoro. Planetako basoen erdia desagertu egin da jada eta
geratzen den erditik portzentaia handi bat soiltzebidean dago. Basoen
% 6 ere ez dago babesturik. WWF/Adenak eginiko txostenaren arabera, Europako
basoen % 98 dago arriskuan.
Duela 10.000 urte
Lurraren azaleraren erdia basoz estalita zegoen. Geroztik hona, gizakiak
asko ugaritu gara eta basoak, berriz, asko murriztu dira: gaur egun, orduko
azaleraren % 33 bakarrik da basoa. Erdialdeko Amerikako oihan tropikalen
% 90 desagertu egin da eta Amazoniako oihanean, Europa bestekoa den azalera
suntsitu da azken urteetan.
Baina ez dira oihan tropikalak arriskuan dauden bakarrak, Ipar Amerikako
baso gehienak ere galdu egin dira: Estatu Batuetako basoen % 90 eta Kanadako
basoen % 60 soilduta daude. Europari dagokionez, Europako ekialdeko eta
erdialdeko berezko basoen % 80 desagertuta zegoen Erdi Aroaren amaierarako.
Egun, Europak duen basoazaleraren % 2 soilik da berezkoa; hau da, ditugun
basoen % 2k bakarrik ez du gizakiaren eraginik jaso. Beste % 98 eraldatutako
basoa da eta, gainera, soiltzeko arriskuan dago.
Euskal Herrian, isurialde
atlantikoan bereziki, etengabeko degradazioa jasan dute basoek azken 250
urteetan. Nekazaritza eta abeltzaintzarako teknika desegokiek eta basoen
gehiegizko ustiaketa industrialak, Bizkaia eta Gipuzkoako ia baso guztiak
suntsitu zituzten XIX. mendeamaieran.
Gaur egun % 56 eta
% 59 dira Bizkaia eta Gipuzkoako basoen azalerak hurrenez hurren, baina
horietatik % 65,5 pinudi landatuak dira. Araba eta Nafarroan, berriz,
basoen azalera txikiagoa bada ere -% 47 eta % 33 hurrenez hurren-, berezko
baso gehiago dago probintzia horietan. Hariztiak, pagadiak, ameztiak,
artadiak, erkameztiak eta haltzadiak dira Euskal Herriko berezko basoak.
Basoek
lurzorua higaduratik babesten dute, euria zurgatuz eta haizearen indarra
motelduz.Zuhaitzen sustraiek, bestalde, trinkotasuna ematen diote zoruari.
Zuhaitzek eta landare
berdeek fotosintesia egiten dute bizi ahal izateko, eta prozesuan atmosferako
karbono dioxidoa -negutegiefektuaren eragileetako bat- zurgatzen dute,
oxigenoa sortuz aldi berean. Horri esker, atmosfera osatzen duten gasen
arteko oreka mantentzen da. Basoetan, gainera, Lurraren ekoizpen primarioaren
ehuneko handi bat gertatzen da: planetan sortzen den materia organiko
lehorraren % 45 basoetan ekoizten da. Basoak animalia eta landareespezie
askoren bizileku dira eta, ekosistema guztietan bezala, basoaren eta bertako
biztanleen arteko harremana estua da oso. Basoei esker udazkenean onddo
eta gaztainak bildu eta jan ditzakegu, kolore gorri bizietako paisaiaz
goza dezakegu eta zuhaitz eder baten gerizpean udako eguzki latzetik babes
gaitezke. Basoek funtzio biologiko, ekologiko eta, zergatik ez, sozial
garrantzitsuak betetzen dituzte eta, horregatik, zaindu egin behar ditugu.
Europako herrialdeek
Rio de Janeiroko Ingurugiro Gailurrean 1992an eta, urtebete geroago Helsinkin,
basoak zaintzeko konpromisoa hartu zuten.
Basoak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eta zaintzeko erabakia hartu
zen eta basoen eta bertako aberastasunaren kudeaketa jasangarrirako bideak
ireki ziren. Ordutik hona basoen egoera hobetu egin da eta Europa berdeagoa
dago. Baina baso gehiago izateak ez du esan nahi baso horiek egokiak direnik,
kantitatea baino garrantzitsuagoa baita kalitatea. Askotan naturak behar
duena baino ordena eta garbitasun gehiagorekin tratatzen dira basoak;
hau da, hildako edo hustutako zuhaitzak kendu egiten dira eta eroritako
adarrak jaso.
Beste batzuetan espezie
bakarreko zuhaitzez osaturiko basoak landatu izan dira, zuhaitzak bata
bestearen atzetik lerro zuzenean ipiniz. Gehiegizko garbiketa eta ordenak
basoetako animalia eta landare asko etxerik gabe uzten ditu, ordea.
WWW/Adena erakundeak
Helsinkiko akordioa sinatu zuten 19 herrialderen basozaintzapolitika aztertu
du eta emaitzak joan den abenduan argitaratu zituen. Txostena egiteko
Helsinkin adostutako helburuak hartu dituzte abiapuntutzat, eta helburu
horiekin batetik ehunera bitarteko puntuaziosistema osatu dituzte.
Txostenaren ondorioa honakoa da: aztertutako herrialdeetatik batek berak
ere ez ditu basoak behar bezala zaintzen. Azterketako notarik altuena
Suitzak jaso du 62 punturekin eta baxuena, berriz, Estoniak 38 punturekin.
Herrialde guztien batez bestekoa 51 puntukoa da; hau da, nahiko bat herrialdeok
eskolan baleude, baina emaitza oso eskasa basoen ikuspuntutik.
Herrialdez herrialde
99 elementu ezberdin aztertu eta elementu horiek 5 irizpidetan bildu dituzte:
basogintza eta ekoizpena, ingurugiroa, basoen funtzio sozio kulturala
nola kudeatu den, babestutako guneak eta poluzioa. Irizpideak banakabanaka
aztertuta gorabehera handiak daude herrialde bakoitzean eta herrialde
batetik bestera. Herrialde batek ongi egiten duena besteak gaizki egiten
du eta alderantziz, baina emaitza orokorra lehen aipatutakoa da: Europako
herrialdeek ez dituzte basoak behar bezala zaintzen eta egiteko asko dago
oraindik.
Gure basoek dituzten
arazoen artean poluzioa, baso natural eta erdinaturalen eskasia nabaria,
babestutako basoen kopuru txikia, pestizida eta herbiziden gehiegizko
erabilera eta hildako zuraren falta dira aipagarrienak. Basogintza eta
egurraren ekoizpena oker egiten da herrialde guztietan: kalitatea baino
gehiago kantitatea bilatzen da egurra ustiatzeko orduan, eta egurrezko
produktuak egurrezkoak ez direnak baino gehiago bultzatzen dira. Leku
askotan zuhaitzespezie bakarreko basoak landatu eta zaintzen dira, eta
horrek biodibertsitatean eragin izugarria dauka. Hildako zura ere, basoetako
espezie askoren habitata, oso urria da Europako herrialde guztietan. Europako
herrialdeek duten beste arazo komuna informaziofalta da; hau da, nahiz
eta guztiek basoei buruzko datuak biltzeko konpromisoa hartu zuten, konpromisoa
neurri txikian bihurtu da ekintza eta herrialde gehienek ez dute behar
adina informazio jaso. Ondorioz, basoen zainketa eta berreskuratzeplanak
osatu gabeko datuetan oinarrituak daude eta osatu gabeko datuekin osatu
gabeko lana egiten da.
Txostenak
kontzientzia ekologiko handia izatea eta lan txukuna egitea batzuetan
bat ez datozela ere argi utzi du. Holanda eta Britainia Handia, ustez
kontzientzia ekologiko handia duten herrialdeak, 16 eta 17.en daude zerrendan
hurrenez hurren. Bestalde, Europako iparraldeko herrien lana ez da hegoaldeko
herriena baino hobea eta Europako mendebaldekoena ere ez da ekialdekoena
baino egokiagoa. Baina WWFk adierazi duen bezala, txostenaren helburua
ez da sailkapena egitea eta Europako herriak lehian jartzea, arazoak identifikatzea
eta konponbideak bilatzea eta aurkitzea baizik. Guk ongi egin duguna esportatu
eta haiek ongi egin dutena gurera ekarri, hori da bidea, eta ez zuk nik
baino okerrago egin duzu esatea eta lasailasai geratzea.
Gara-ko
Natura gehigarrian argitaratua
|