Elhuyar Fundazioa
Eguneratze-data 2010/7/30
Zientzia-hiztegiak Dibulgazio-liburuak CAF-Elhuyar sariak
Artikuluak
Argazkiak
Sarean
Agenda
Hileko zerua
Dosierrak
Multimedia
Elhuyar aldizkaria
Elhuyar 1974-1996
Zientzia-hiztegiak
Euskara teknikoa
Dibulgazio-liburuak
CAF-Elhuyar sariak
Teknoskopioa
[asteko laburpena]
[gaiak]

 
Erabiltzaileak
Artikuluak
Eboluzioaren teoriaz
2008/05/10 | Galarraga Aiestaran, Ana |
  • artikulua inprimatu
  • Lagun bati bidali
  • Delicious
  • Facebook
  • Zabaldu
  • Aupatu
  • Bildu
 

Badakizue nola desagertu ziren dinosauroak? Uholde nagusian itota; hain handiak zirenez, ez ziren Noeren ontzian sartzen, eta, beraz, denak hil ziren. Azalpen xelebrea, ezta? Bada, ez da txiste bat: Estatu Batuetan iaz irekitako museo batean azaltzen dute hori. Haientzat, alferrikakoak dira paleontologoen eta gainerako zientzialarien ikerketak; Biblia arretaz irakurtzea nahikoa da horrela izan zela frogatzeko.

Eboluzioaren teoriaren arabera, bizidun guztiok jatorri berbera dugu.
(Argazkia: N. Kurzenko/G.W.Rouse)

Ez da txistea, beraz; aitzitik, joera baten adibide garbia da. Estatu Batuetan gero eta indar handiagoa du eboluzioaren teoriaren aurkako pentsaerak, eta, nola ez, Europan ere hedatzen ari da. Zientzialariek, baina, ez dute amore ematen, eta lanean jarraitzen dute Jainkoaren eta Bibliaren jarraitzaileei frogekin eta ebidentziekin erantzuteko.

Esate baterako, sinestunek eboluzioaren teoriaren aurka erabiltzen duten argudioetako bat, hain justu, horixe da: teoria bat besterik ez dela. Haien ustez, teoriak oinarri irmorik gabeko kontuak dira. Alabaina, zientzialarientzat, eboluzioaren ideia ez da iritzi edo hipotesi bat; teoria bat da. Horrez gain, teoria ez ezik, egitate bat ere bada, gertaera bat.

Grabitatea ere teoria eta egitate bat da. Egitateak inguruaren datuak dira; teoriak, berriz, egitateak azaltzen eta interpretatzen dituzten egiturak dira. Teoriak ezeztatzen direnean ere, egitateak ez dira aldatzen. Grabitatearen teorian, Einsteinek landutakoak Newtonena osatu zuen, baina, hala ere, sagarra lehen bezalaxe erori zen lurrera. Hori egiteate bat da.

Egitateak ez dira, dena den, ukaezinak berez. Zientzialariek ez dute ukatzen egunen batean sagarra lurrera erori beharrean gorantz joan daitekeelako aukera. Baina, teoriaren arabera, lurrera eroriko dela aurreikusten dute, eta, oraingoz behintzat, hala gertatzen da.

Izan ere, teoriak ez dira espekulazio hutsak. Zientzian, teoria izateko, ideiek ebidentziatan oinarrituta egon behar dute, arrazonamendu garbiekin garatu behar dira, zorroztasunez eta independenteki probatu behar dira, eta aurreikuspenak egiteko baliagarriak izan behar dute.

Hala, zientzialariek eboluzioaren zuzeneko ebidentzia ugari dituzte, eta naturan zein laborategian ikusi eta frogatu dituzte. Adibidez, era askotara frogatu dute fruta-eulia aldatu egiten dela belaunaldiz belaunaldi, hautespen artifizialaren bitartez. Naturan, berriz, ezaguna da Britainia Handiko sitsen kasua.

Sits-espezie hura zurixka zen, eta, hala, sitsak ez ziren nabarmentzen inguruko zuhaitzen enborretan jarrita zeudenean, zuhaitz haien azala argia baitzen. Industria garatu zenean, baina, tximinietatik ateratzen zen keak enborrak ilundu zituen, eta harrapariek erraz ikusten zituzten sits zuriak. Zoriz, ordea, sits ilunen bat ere jaiotzen zen tartean-tartean. Lehen, enborrak argiak zirenean, sits mutanteek ez zuten irauteko aukera handirik; garai hartan, aitzitik, harraparientzat ikusezinak ziren, eta, beraz, zuriak baino gehaigo ugaldu ziren. Denborarekin, sits denak beltzak ziren.

Kreazionistek edo eboluzioa ukatzen dutenek Jainkoaren eskua ikusiko dute aldaketa horren atzean; zientzialariek, baina, ez dute Jainkoaren beharrik gertatu zena azaltzeko. Ez da mirari bat, eboluzioaren teoria egia dela erakusten duen adibide garbi bat besterik ez.

 

Fosilak eta DNA
Kreazionisten ustez, eboluzioaren teoria "teoria" hutsa da.
(Argazkia: Vatikanoko Museoa)

Beste aldaketa batzuk ezin dira zuzenean ikusi, aldaketa horiek gertatzen diren denbora-tartea handiegia delako. Dauden datuetatik ondorioztatu behar dira, zientziaren beste arlo askotan gertatzen den bezala, hala nola geologian, kosmologian edo giza historian. Eta eboluzioa azaltzeko, fosilek izugarrizko balioa dute. Izan ere, erregistro fosilari esker, une jakin batzuetan espezie berriak sortu direla ikus daiteke, eta, aldaketak aldaketa, aurreko espezieen egiturak gordetzen dituztela.

Adibidez, giza eboluzioan, Australopithecus afarensis antzinako gizakitik hasita Homo sapiens gaurko espeziera arte, erregistro fosilean bilakaera bat dagoela ikus daiteke. Bilakaera horretan, hutsuneak eta jauziak daude, baina argi ikusten da denborarekin ezaugarriak aldatzen doazela, simio-itxurakoak izatetik gaur egungo pertsonen tankerakoak izatera: jarrera gero eta tenteagoa, beso laburragoak, garezur handiagoa, bekain eta masailezur txikiagoak...

Eboluzioaren aurkakoek erabiltzen duten argudio batek horrekin zerikusia du. Hauxe galdetzen dute: gizakia tximinotik badator, zergatik gaur egun oraindik badaude tximinoak? Espezie berriak sortzeak, ordea, ez du ekartzen nahitaez aurrekoak galtzea; ingurura egokitzeko gai ez badira bakarrik galtzen dira. Gainera, zientzialariek ez dute esaten gizakia tximinotik datorrela, baizik eta arbaso bera dutela.

Lurreko geruzetan ez ezik, zelulen bihotzean ere topatu dute zientzialariek eboluzioaren aldeko ebidentzia bat. Hain zuzen ere, bizidun guztiak DNAn oinarrituta daude; bakterio batek, legami sinpleenak, lurrean arrastaka dabilen harrak, ekiloreak, txitxarro batek eta pertsona batek kode genetiko berbera dute. Hortik ondorioztatzen dute bizidun guztiek jatorri bera dutela.

Dena den, sinestunek ez bezala, zientzialariek oraindik ez dituzte erantzun guztiak. Eboluzioa bera ez dute zalantzan jartzen, baina oraindik ez dute erabat garbi nola gertatzen den; horrenbestez, eboluzioaren mekanismoak eta prozesuak ikertzen jarraitzen dute. Erantzunen bila.

 

Gara-n argitaratua


Artikulu berrienak:
Bilatu:

  Hitza:
Bilaketa aurreratua
Copyright © 2004 Elhuyar Fundazioa - Eskubide Guztiak Erreserbatuta.
webmaster@elhuyar.com - Tel.: +34 943 36 30 40
800x600 eta Internet Explorer 5.5-erako egokitutako gunea