|
Telebista etxeetan
kirola sartzen hasi zenetik, kirolarekiko interesa gero eta handiagoa
izan da, eta egunetik egunera kirola egiten dutenen kopurua gero eta handiagoa
da. Horregatik, kirola -kirola izateaz gain- kultur eta gizarte-jarduera
garrantzitsua bihurtu da, milioika lagun biltzen dituena, bai kirolari
modura eta bai kirolaren inguruan sortu diren egituren partaide gisara.
Lesioak izango ditugu hizpide, lesioak eta kirolak osasunean du en
garrantzia.
Kirolaria Afizioz
edo ofizioz kirola egiten duena. Bere osasunaren lehen erantzulea kirolaria
bera da. Esaldiak sinplea badirudi ere, sakonean garrantzia du: kirolariak
berak kirola seguru egiten saiatu behar du lehenik, kirola egiten ari
denean eta ari ez denean ahal dela arrisku-faktoreak alde batera utziz.
Kirola egunero eta
seguru egitea aukeratzen bada, gutxieneko segurtasun-neurriak hartu beharra
dago: ohitura toxikoak baztertzea -alkohola eta tabakoa, alegia-, atseden-orduak
zorrotz betetzea, eta elikadura zaintzea.
Materiala
eta babesa
Kirola eginez bazter
daitezkeen lesioei aurre egiteko neurrietan, material egokiek eta babes-neurriek
garrantzi handia dute. Egokiena kirol guztiak banan-banan hartu eta errepasoa
egitea izango litzateke, baina orrialde hauek horrenbesterako lekurik
ez dutenez, materiala aukeratzean kontuan hartu beharreko oinarrizko gauza
batzuk aipa ditzakegu. Jantziei dagokienez, izerdia ondo xurgatzen duten
ehunetara eta marruskaduraz erredurarik sortuko ez dutenetara jo behar
da. Oinetakoek zoruan ondo itsasten direnak eta kolpeekiko babesa eskaintzen
dutenak izan behar dute, aldi berean artikulazioen malgutasuna eta gorputzaren
egonkortasuna segurtatuz.
Babes-materialak kirol-lesioen
prebentzioan ezin dira ahaztu. Kirol bakoitzerako badaude babes-materialak,
bereziki diseinatuak, homologatuak eta arautuak. Lehiaketa batzuetan horiek
erabiltzea legez ezartzen da, baina entrenamendu-saioetarako ez dago araututa.
Hala ez bada ere, kirolariak entrenamenduetan erabiltzea derrigorrezkoa
balitz bezala jokatu beharko luke, beharrezko neurriak hartuz.
Entrenamendua
Kirol-medikuntzaren
ikuspegitik, emaitza onenak lortzeko eta kirolarien osasun ona bermatzeko,
entrenamenduan oinarrizko hainbat jokabide izan behar da:
- Karga progresiboak,
gorputzak egiten duen lana poliki-poliki onar dezan. Horrela gehiegizko
entrenamendu-arazorik ez da sortuko eta ez da -nekearen eraginez- lesiorik
eragingo.
- Aldizkakotasun
egokia; hau da, atseden aktiboa egitea, gorputzak berriro energia hartzeko
aukera izan dezan.
- Entrenamendu berezitua,
pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitutakoa, denok ez baikara lan-karga
berdinei aurre egiteko gai. Baita taldean entrenatzeko ohitura dagoenean
ere.
- Kirolariaren osasun
ona bermatzeko, entrenamendu orokorra zaindu behar izaten da, kirolariaren
gaitasun fisiko orokorrak garatu ahal izateko. Horrez gain, kirolari
bakoitzak, egiten duen kirolera egokitutako entrenamendu berezia egin
beharko du.
- Teknika egoki
lantzea -batez ere gazteekin- gorputza mugimendu jakin batzuetara ohitu
dadin.
- Berotze-ariketak
kirol-saioei ekin aurretik, gihar guztiak garatzea ziurtatzeko eta ez
kirol jakin batean lan egiten dutenena bakarrik.
- Arlo psikologikoa
lantzea, entrenamendua lehiaketari begira egiten dena izan ez dadin,
baizik eta eguneroko bizimoduan lagundu dezakeen tresnatzat har dadin.
Kirola
eta osasuna
Esandakoez gain, lesioen
eta osasunaren prebentziorako kontuan har daitezkeen alde gehiago ere
badaude, kirol-instalazioak, sendagile-taldea eta abar, baina kirola egin
nahi duenari zuzenean dagozkionak aurrekoak lirateke. Beraz, badakigu
kirola egin aurretik segurtasun-neurriak hartu behar direla. Baina zergatik
kirola? Ona al da osasunarentzat?
Dudarik gabe, bai.
Horretaz ohartzeko gizakiaren eboluzioari begiratzea nahikoa izan daiteke.
Milaka urtetan zehar gizakiak nomada eta ehiztari izan ziren, baita geroago
nekazari ere, eta eguneroko jarduera bera gorputza lanean aritzeko nahikoa
izaten zuten. Azkenaldian, berriz, eguneroko bizimoduan jarduera fisikoa
murriztea nabarmena izan da. Izan ere, gizakiaren zerbitzura jarri diren
makinak eta garraio modernoak iritsi dira.
Gizarte industrialetan
bizi garenon forma fisikoa gero eta kaskarragoa da, eguneroko lanetik
jarduera fisikoa ia desagertu egin baita. Bizimodu berriaren ondoriorik
zuzenetarikoa -osasunari dagokionez- bihotzeko gaixotasunen gorakada itzela
izan da. Egoerak garbi adierazten du bizimodu sedentarioa norbanakoentzat
kaltegarria izan daitekeela, eta gizartearentzat -gainera- oso garestia.
Hala ere, egin diren
ikerketek ez dute zuzeneko harremanik adierazten jarduera fisikoaren eta
bihotzeko gaixotasunen artean; datu epidemiologiak, ordea, garbi erakusten
dute jarduera fisikoak onurak besterik ez dituela, bai buruko gaitzik
ez izateko eta bai gizakien egoera orokorrarentzat. Kirolak, besteak beste,
odolaren jarioa hobetzen du, arterietako presioa egokitzen du, arnasketa
hobetzen du, pisuaren kontrola egitea erraz dezake, eta beste zenbait
arrisku saihesten laguntzen du.
Forma fisiko ona
izateko, kirola erregularki egitea ezinbestekoa da. Ez du balio noizbehinka
kirol-betekada handia hartzea, eta gero denboraldi batean ezer egin gabe
egotea. Forma fisiko onean dagoen edonork eguneroko bizimoduan sor daitezkeen
erronka fisikoei ondo egingo die aurre; forma fisiko eskasa duena, berriz,
-nekea medio- ez da eguneroko lanei aurre egiteko gai izango, eta, ondorioz,
jarduera eten beharrean izan daiteke.
Dena den, forma fisikoa
eta osasun ona ez dira gauza bera. Bateragarriak izan daitezke, baina
ez gauza bera. Osasun ona definitu beharko balitz, gaixotasunik eza esatea
nahikoa izango litzateke. Forma fisikoa -osasun onarekin baino gehiago-
energiarekin lotu daiteke, bizitzan ager daitezkeen zailtasun fisikoei
aurre egiteko erronkarekin, eta fisikoki gainerakoen menpekotasunik ez
izateko erronkarekin.
Forma fisiko, terapia,
eta antzeko hitzak entzundakoan, gehienok entrenamendu-saioekin, izerdiarekin
eta ohitura osasuntsuekin zuzenean lotzen ditugu. Lotura horrela egiteak
badu zentzua, askok eta askok horrela ulertzen baitute kirola egitea,
eguneroko entrenamendu-saio bortitzekin. Medikuntzaren ikuspegitik hitz
egiten denean -behintzat horrela ikusten du Kirol Medikuntzaren Nazioarteko
Federazioak- plana biguna izan daiteke. Aipatu erakundearen arabera, forma
fisiko egokia lortzeko astero 3-5 aldiz, gutxienez ordu erdiz eta gehienez
ordu betez, jarduera aerobikoren bat burutzea nahikoa litzateke: oinez
ibiltzea, korrika egitea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, arraunean
ibiltzea, patinatzea edo eskiatzea gomendatzen du. Taldean egiten diren
kirolak ere ez ditu baztertzen, baina beti ere intentsitate txikiaz eta
motel samar eginez. Beraz, anima zaitez, ez dizu kalterik egingo!
7kn
argitaratua
|