 |
Eguneroko prentsan agertzen diren berri guztien
% 2,42 zientzia-gaiei buruzkoak dira. Hori da Elhuyar Fundazioak,
bigarren urtez jarraian, egin duen eguneroko prentsaren azterketaren
ondorio nagusia. Horrela esanda, kopuruak ez dirudi oso handia, baina,
aurreko urteko emaitzekiko aldea nabarmena da: berri-kopurua bikoiztu
baino gehiago egin da.
Ikerketan, Berria, Deia, Gara,
El Diario Vasco, El Correo Español, Diario
de Noticias de Alava eta El Pais egunkariak erabili dira.
Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren guztiak,
gehi El Pais. Espainiako egunkari horrek badu nolabaiteko
erreferentzialtasuna zientziaren dibulgazioan, eta horregatik erabili
da azterketan. Iazko azaroan hasi eta aurtengo apirila arte, egunero
begiratu, irakurri eta fitxatu dira zazpi egunkarietan argitaratu
diren berriak, erreportajeak, elkarrizketak eta abar. Eguneroko
gaiez gain, egunkarietako gehigarriak ere aztertu dira.
Horrelakoetan ohikotzat jo daitezkeen datuez
haratago argitaratze-data, izenburua, kazetaritza-formatua,
izenpetua dagoen ala ez, gaia, iturrien aipamena..., aurreko
urteko azterketarekin alderatuta, bada nabarmendu daitekeen alor
bat: kalitatea. Hau da, datu hotzak jasotzearekin batera, argitaratutako
informazioa balioztatu nahi izan da. Ondorioa? Egunkariek badute
zer hobetu zientziari buruzko informazioa emateko orduan.
Ondorio horretara iristeko, artikuluei hainbat
parametroren araberako puntuazioa eman zaie, zenbateraino zuzen
landuta dauden adierazteko. Edukien zuzentasuna balioztatu da, iturriak
aipatzea, aipatzen diren iturri horiek fidagarriak diren edo ez,
adituen iritzirik jasotzen den, berritik haratagoko informaziorik
eskaintzen duen, azalpen grafikoak egokiak eta onak diren eta idazkera
ere baloratu da, ea okerra, arrunta edo zuzena den. Horiek guztiak
kontuan hartuta, 0 eta 9 artean, kalkulatu da zuzen landutako artikulu
batek gutxienez 5eko puntuazioa
lortu beharko lukeela.
Gutxieneko maila horretara pentsa daitekeen
baino askoz artikulu gutxiago iritsi dira: % 53 doi-doi; hau da,
erdia baino gehixeago zuzenak izan dira, baina erdia baino gutxixeago
txartzat hartu behar dira.
Luzatzeagatik, informazioaren hartzaileengana
ere luza daiteke kritika, nahiz eta modu lausoagoan izan. Izan ere,
egunkarien erosle diren neurrian, erosten dutenek kalitatezko produktuak
kontsumitzeko eskubidea dute, eta, noski, eskubide hori eskatzekoa.
Hausnarketa edo kritika are eta urrunago eramatea
ere badago, nahiz eta ez jakin noraino. Izan ere, gerta daiteke
erosleak ez konturatzea jasotzen ari diren zientzia eta teknologiari
buruzko informazioaren erdia kalitate gutxikoa dela. Kasu horretan,
arazoak larriagoa dirudi, gizarte honen hezkuntza-ereduei begira
jarri beharra egongo litzateke eta.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Zientzia-gaiak albiste gisa
landu direla kasuen ia erdietan. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Kalitate-kontuak eta informazioaren jasotzaileak
alde batera utzita, baina lotura hautsi gabe, informazioaren egileak
ere hartu ditu kontuan azterketak. Horrek zerikusi handia izan dezake
kalitatearen gaiarekin. Zientzia-dibulgatzailearen perfilik bada
egunkarietan? Zientzia eta teknologia gizarteratzen espezializatutako
pertsonarik badago egunkarietan? Galdera horiei erantzun nahi izan
zaie. Azaroa eta apirila artean argitaratu diren 4.489 artikuluen
fitxei erreparatu zaie.
Artikuluak nork sinatu dituen begiratu da, eta,
ogibide hau dugunontzat, emaitza itxaropentsua: zientzia-kazetariaren
figura ez da oraindik guztiz hedatu. Egunkari guztietan daude zientziaz
eta teknologiaz idazten duten pertsonak, baina ez dira iristen egunkariek
gai honi eskaintzen dizkioten orrialde guztiak betetzera. Horregatik,
artikulu asko eta asko espezializaziorik ez duten kazetarien eskuetatik
pasatzen dira.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Egunkari guztiek iaz baino
orrialde-portzentaje handiagoa eskaini diote aurten zientziari. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Zientzia-dibulgazioaren beste atal batzuei ere
erreparatu zaie azterketan. Adibidez, egunkari bakoitzak zientziari
zenbat toki eskaintzen dion jakitea ere badago, eta portzentajeetan
Berria da toki gehien ematen diona; Deia, berriz,
gutxien ematen diona.
Euskararen presentziari ere begiratu zaio, eta,
aurten, iaz baino txikiagoa du; % 20 aurten, % 38 iaz. Berez, euskaraz
idatzitako artikuluen kopuruak gora egin du, baina zientziari eskainitako
berri-kopuruen gorakada handiagoa izan da. Bitxikeria bat ere bai:
egunkari guztiek, El Pais barne, idatzi dute zerbait euskaraz
zientziari buruz. Bat geratu da hutsean, sei hilabetean laburtxo
bat ere ez euskaraz: nagusiki Bizkaian eta Araban saltzen den El
Correo Español.
|