 |
Urte-erdiko epean argitaratutako zientzia-albisteak
jaso, eta albiste horien hainbat azterketa egin ditugu. Albisteen
kopurua, erabilitako formatua, albisteen iturriak (Euskal Autonomia
Erkidegokoak edo kanpoko albisteak diren), hizkuntza eta tratatu
diren gaiak aztertu ditugu. Horrekin guztiarekin, zientzia- eta
teknologia-gaiek eguneroko idatzizko komunikabideetan duten presentzia
eta garrantzia neurtu nahi izan dugu.
Epe horretan, 1.252 albiste argitaratu dira
EAEko bost egunkari horietan. Horien artetik, Berria eta
El Correo Español egunkariek argitaratu dituzte zientzia-albiste
gehien, 426 eta 249 artikulu, hurrenez hurren.
Hala ere, albiste-kopurua ez da beti aldagai
adierazgarri bat zientziak hartzen duen garrantzia neurtzeko. Horregatik,
egunkari bakoitzak zientziari eskaintzen dion orrialde-kopurua aztertu
dugu.
Hiru egunkarik eman diote toki gehien zientziari.
Orri-kopuru handienetik txikienera, Berria, El Correo Español
eta Gara dira egunkari horiek, 175, 149,25 eta 147,25 orrialderekin,
hurrenez hurren. Datu horiek kontuan hartuta, datu orokorrak ere
atera ditugu: zientziak berrien % 1 baino ez du hartzen aztertu
diren egunkarietan.
Euskararen presentziari dagokionez, Berria
egunkariak eman dio zientziari leku gehien sei hilabete hauetan.
Eta, horregatik, argitaratu diren zientzia-artikuluen % 38,02 euskaraz
daude.
Berria, Gara eta El Correo Español
egunkarien kasuan, zientzia eta teknologiari buruzko artikulu gehienak
egile jakin batzuek idazten dituzte. Dena dela, egunkariek ez dute
zientzia-formazioa indartzen (kazetari zientifikoaren figura ez
da ohikoa). Joera handia dago sinatu gabeko artikuluak argitaratzeko.
Iritzi-artikulu gutxi izan dira, 18 besterik
ez. Beraz, nahiz eta zientziak geroz eta leku gehiago duen, iritziaren
alorrean zientziak hartzen duen garrantzia txikia da. Horrek adierazten
du egunkariek ez diotela ematen beste esparru batzuei ematen dieten
tratamendua, politikari, administrazioari, ekonomiari eta kirolei
ematen dietena, esaterako. Gainera, iritzi-artikuluetan ikertzaileen
iritziak pisu gutxi du.
Hala ere, ikerketa horren datu-bilketa bukatu
ondoren, zientzia-gaiei buruzko iritzi-zutabe bat jarri du martxan
Berria egunkariak. Zutabe hori urtetan egin zen Egunkaria-n,
eta, orain, berreskuratu egin nahi izan dute argitalpen berrian.
Egunkarietan gaurkotasun handiko gaiak tratatzen
dituzte, baina, gaurkotasun handiko albisteak zientziaren arlo guztietan
izaten diren arren, arlo guztiak ez dira berdin tratatzen egunkarietan.
Komunikabideetan indarra izateko, albisteek salgarriak izan behar
dute hein handi batean. Horregatik, prentsan, oro har, espazioarekin
eta osasunarekin zerikusia duten gaiak argitaratzen dira gehien;
urte-erdiko azterketa honetan ere joera bera ikusi dugu.
Albisteak gaika sailkatu ondoren, argi ikusten
da hori. Sei hilabete horietan nagusi izan dira Espazioa (356 artikulu),
Osasuna (281 artikulu) eta Biziaren Zientziak (194 artikulu). Ingurumenarekin
zerikusia duten albisteek, nahiz eta salgarriak izan, ez dute hainbesteko
presentzia izan (124 artikulu). Bestalde, Fisika, Kimika eta Matematika
ataleko albisteak oso gutxi izan dira, 11 artikulu, hain zuzen ere.
Gehienek Fisikarekin dute zerikusia. Lehenengo hiru hilabeteetan
ez zen artikulu bat ere argitaratu atal horretan.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
Egunkarietan gaurkotasuna izaten
da zientzia neurtzeko irizpide nagusia. (Argazkia: E.
Carton). |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Bestalde, zientzia-albisteak sartu ala ez erabakitzeko,
kanpoan ematen zaien garrantzia hartzen da kontuan, hau da, girotzen
bada komunikabideek erantzun egiten dute. Oro har, egunkarietan
ez dute garrantziaren baloraziorik egiten, ikuspuntu zientifikotik
alegia; aitzitik, balorazio hori kanpotik emanda dator. Lan hori
beste batzuek egiten dute: agentziek, agintariek, aldizkari espezializatuek
eta kongresuetako edota hitzaldietako parte-hartzaileek, besteak
beste. Prentsa-kabineteak eta informazio-zerbitzuak ere horren erantzule
dira, horiek daudenean komunikabideek hobeto erantzuten baitute.
Sei hilabete hauetan egon dira egunkarietan
garrantzi edo oihartzun handia izan duten hainbat ikerketa-lerro,
besteak beste, Marteri buruzko ikerketa eta hegaztien gripea. Oro
har, Marteri buruzko ikerketak oihartzun handia izan du bost egunkarietan.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko albisteei dagokienez, aipatzekoak
dira, besteak beste, Zientziaren Asteak eta Euskadi Ikerketa Sariak
egunkarietan izan duten presentzia.
|