 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
1. Irudia. Lurraren barne-egitura.
Kanpo-geruzak 10 eta 70 kilometro bitarteko lodiera du.
Gero goi- eta behe-mantua daude (silikato solidoz osaturik).
1900 metrotik zentrurantz burdina dago: egoera likidoan
lehendabizi eta solidoan zentruan. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Guztiok dakigunez, Lurra biribila da, edo hobeto
esan, ia biribila eta ia biribila izate horrek kilikatzen ditu hain
zuzen zientzilariak. Izan ere guk zapaltzen dugun zoruaren azpian
bolkanak, kontinenteen desplazamenduak, lurrikarak, eremu magnetikoak
eta abar eragiten dituzten fenomenoak gertatzen bait dira. Fenomeno
eta higidura hauen ondorioz, Lurraren barne-egitura aldatu egiten
da eta gainazalean mendi nahiz bailarak sorterazten dituzte. Lurrazpian
berriz, sakoneko geruzetan irregulartasunak agertzen dira.
Lurraren barneko egitura eta bertako irregulartasunak
adierazi nahi izatea, harrigarria da; sagar baten barruan zer dagoen
ebaki gabe jakin nahi izatea, bestela esanda.
Kontutan hartu behar den datu bat, hau da: orain
arte gizakiak egin duen zulorik sakonena Soviet Batasunean (Murmansk-en)
dagoela eta hamabi kilometro dituela (Lurraren gainazala berriz,
zentrutik 6.380 kilometrora dago). 2.000. urte inguruan, 14.000
metroko beste zulo bat egina egongo omen da Alemaniako Bavaria-n.
Egingo den zulaketan, 6.000 metroraino erreminta konbentzionalak
erabiliko omen dituzte; petrolioa ateratzeko modukoak.
Hortik aurrera, motore berezi bat estreinatuko
dute; bereziki diseinatutakoa alegia. Motorea bera zuloaren sakontasunean
egongo da diamantedun buruari eraginez, eta aldi berean zuloaren
ardatzetik dituen desbiderapenak etengabe zuzenduko zaizkio. Material
horrek gainera 300°C-ko tenperatura eta 4.000 atmosferako presioa
jasan beharko ditu; horiek bait dira 14 km-ra dauden baldintzak.
Eta 14 kilometro sakontzeko zailtasun horiek
badaude, Lurraren zentrura iristea zer den atera kontu. Baina Lurraren
bihotza bertara joan gabe aztertzea, posible da gaur egun. Horretarako
sismografia erabiltzen dute zientzilariek, medikuek gorputzaren
barrena aztertzeko erradiografia eta ekografia bezalaxe. Lurrikara
dagoenean izan ere, uhin mekanikoak sortzen dira; soinu-uhinen antzekoak
eta sismografo izeneko aparatutan urrutira erregistra daitezkeenak.
Uhin hauek sismografora noiz iritsi diren aztertuta, Lurrazpiko
egituren berri izan dezakegu. Horrela jakin da Lurrazpian geruza
desberdinak daudela.
Lurraren zentruan, nukleo solidoa dago eta bere
inguruan nukleo likidoa (ikus irudia). Gero mantua dator, bi zatitan
banaturik: behe-mantu eta goi-mantuetan hain zuzen. Konposizio kimikoa
edo kristal-egoera dute desberdina bi zati hauek, nahiz eta oraindik
zehatz-mehatz hori jakin ez. Azken-azkenean, kanpo-geruza edo azala
dago.
Lurrazpiko geruza hauek, urtetan zehar aurkitu
izan dira. Nukleo likidoa zegoela adibidez, 1906. urtean jakin zen,
eta barrurago nukleo solidoa zegoela 1936. urtean deskubritu zuen
Inge Lehmann danimarkarrak.
Lurra espazioan geldirik balego eta bere oreka-egoerara
iritsi balitz, barruko geruza horiek erabat esferikoak izango lirateke,
materialik astunenak barnean eta arinenak kanpoan leudekeelarik.
Lurrak ordea, bere ipar-hego ardatzaren inguruan
birak ematen ditu eta horregatik zertxobait zapalagoa da poloetan
eta gizenagoa ekuatorean. Hori ordea, ez da kanpo-geruzan bakarrik
gertatzen; mantuan eta nukleoan ere horixe gertatzen bait da. Lurra
gainera, espazioan desplazatu egiten da eta ez du bere orekarik
lortzen. Horregatik, barne-higidurak irregulartasunak sortzen ditu.
Barne-irregulartasun hauek, Lurraren "bizia" adierazten
dute eta duela gutxi neurtu dituzte. Planetaren neurriak kontutan
hartzen badira, barneko irregulartasunak ez dira handiak; 10-12
kilometrokoak altueraz. Nukleoak adibidez, Atlantikoaren hegoaldean
irregulartasuna du (ez da esferikoa) eta sateliteak pare horretan
pasatzen direnean zergatik jaisten diren orain dela gutxi jakin
da.
1984. urtean bestetik, sismologoek mantuaren
forma erabat ezagutzea lortu zuten eta gaur egun nukleoaren forma
nolakoa den erabaki berria dute.
Aurkikuntzak horrela gertatu izana erabat normala
da. Lehen ikerkuntzatan Lurrazaletik hurbil hedatzen ziren uhinak
erabili zituzten. Gero sakonera handiagotan hedatutako uhinez baliatu
dira mantu eta nukleoaren berri jasotzearren. Horri esker, mantuan
materia solidoa higitu egiten dela ikusi dute. Izan ere, solido
perfektua bakarrik da deformaezina eta lurrazpian solido perfekturik
ez dago. Likidoen antzera, baina askoz ere abiadura txikiagoan,
solidoak ere isuri edo jariatu egiten dira, glaziareen antzera.
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
|
 |
2. Irudia. Lurrikarak soinu-uhinen
antzekoak sortzen ditu eta Lurrazpian zehar hedatuz gero
urrutiko estazioan jasotzen dira. Uhin batzuk mantua zeharkatu
eta nukleoan isladatzen dira. Besteak mantuan hedatzen
dira eta besteak kanpo-geruzan. |
 |
|
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
 |
Lurrazpiko mantuan, materia solidoak konbekziozko
higidurak ditu abiadura txikian, urak ontzi batean irakin baino
lehen dituen bezalaxe. Ur beroa (mantu-zati beroa gure kasuan) gora
joaten da eta hotza (mantu hotza alegia) behera. Mantu beroa, bolkanak
dauden lurraldeen parean gora etortzen dira eta ozeanoen erdi aldeko
pareko plakak konprimatu egiten dituzte, kontinenteak aldarazteko
indar eginez. Kontinente arteko zonetan berriz, mantua hotzagoa
da eta behera doa.
Sismologiak eskainitako datuei esker, kontinenteen
desplazamenduei buruzko teoriak ziurtatu egin dira. Kontinenteak,
mantuaren gainean daude eta hauen konbekzio-higiduren (askotan zeiharrak
dira eta ez bertikalak) eragina jasaten dute.
Nukleoa, 2.900 kilometro inguruko sakoneran
hasten da eta presio nahiz tenperaturaren eraginez, materialaren
konposizioa eta egoera desberdina da. Burdina likidoa hasten bait
da puntu horretan. Mantu eta nukleo likidoaren arteko muga ordea,
ez da erabat esferikoa. Hamar-hamabi kilometroko irregulartasunak
daude bertan.
Nukleo likidoan gainera, zurrunbilo handiak
sortzen dira eta horiek omen dute Lurraren eremu magnetikoarekin
zerikusia.
Burdinazko nukleo solidoa azkenik, askoz ere
deformatuagoa da. Polo aldetara ekuatore aldera baino 100 kilometro
handiagoa da erradioa, eta hori asko da, noski, nukleo solidoaren
batezbesteko erradioa 500 kilometrokoa izanik. Rugby-ko baloiaren
itxura du beraz Lurraren bihotzak.
Zientzilari batzuk ordea, dudatan daude. Forma
hori izan ere, nola izan daiteke egonkor? Nukleoko kristalak anisotropoak
direlako ez ote dute sismologoek forma hori erregistratu? (Kristal
anisotropotan uhinak norabide batean azkarrago hedatzen bait dira).
Hauek eta antzeko galdera asko daude oraindik
erantzuteko, Lurraren bihotza nolakoa den zehatz-mehatz ezagutu
dezagun. Dena dela, Lurraren bihotza ez da Jules Verne-k bere nobelan
deskribatu bezala laku, itsaso, onddo erraldoi eta dinosaurio ikaragarriz
betetakoa; orekarik gabeko eta higiduraz betetako materia biziduna
baizik.
|