 |
Paradoxa badirudi ere, aspalditik ari dira
zientzialariak iragartzen Europako klima hoztea izan daitekeela
berotze globalaren ondorio bat. Orain, 2004ko neurketen emaitzak
plazaratu dituzte zientzialari estatubatuarrek, eta berriz azpimarratu
dute ideia bera.
Gakoa ur-lasterretan dago. Golkoko ur-lasterrak Karibe itsasotik
ur beroa bidaltzen du Europara eta Afrikara, eta Europako kostaldetik
iparralderantz doan lasterra pixkanaka hozten da. Islandia aldean
asko hozten da laster hori, eta hondoratu egiten da, eta hegoaldera
egiten du Ipar Amerikako kostaldetik. Ondorioz, Florida inguruan
ur beroa dago itsasoaren goialdean eta ur hotza sakonean. Baina
berotze globala apurtzen ari da ziklo hori.
Uste bezala Artikoko izotza urtzen ari bada, horrek hainbat ondorio
izango ditu: ur geza asko isuriko da ozeanora, eta gazitasuna aldatu
egingo da. Gero eta gatz gutxiago egongo da ozeanoan. Gazitasuna
txikiagoa izateak uraren dentsitatea txikiagoa egiten du, eta zailtasun
gehiago ditu ur hotz horrek hondoratzeko. Azkenean, litekeena da
zikloa ahultzea, eta Europara ur-lasterra hotzagoa iristea.
Ez dago erabat argi hori gertatuko den, ezta horrelako fenomeno
batek nola eragingo duen ere Europako kliman, baina, zientzialarien
ustez, lau eta sei gradu bitartean jaits daiteke batez besteko tenperatura
Europan. Batezbestekoa izateko, zenbaki handia da.
|